129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19/2023 EBAZPENA, maiatzaren 17koa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira oinarriak Nafarroan finantza entitate laguntzaileak hautatzeko, Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan, eta haiekin sinatu beharreko hitzarmenaren testua.

European Youth Card Association (EYCA) bere kideez osatutako elkarte bat da, eta helburua du Europako Gazte Txartela herrialdeetan eta eskualdeetan sustatzea, gazteen behar eta nahiei erantzun ahal izateko; gaztetzat jotzen dira 14 urtetik 30 urtera bitarteko pertsonak, biak barne, eta txartelaren bidez garraioa, informazioa, ostatua, aisia jarduerak, kultura eta kirolak eskuragarriago izan ditzakete, bai eta beren garapena bultzatzeko, mugigarritasuna handitzeko eta eguneroko bizitza hobetzeko lagungarri diren edonolako abantailak eta zerbitzuak ere.

Irabazi asmorik ez izatea da Europako Gazte Txartela zuzentzen duten printzipioetako bat, eta, horren ondorioz, programan berean lortutako diru-sarrerak berriz inbertitu behar dira, Lisboako Protokoloaren arabera.

Espainiako Gazteriaren Institutua (INJUVE) EYCAko eskubide osoko kidea da eta, beraz, Europako Gazte Txartela emateko eskubidea eta betebeharra du, dagozkion logotipoak eta ikurrak erabiliz, bai eta jarduerak sustatu eta zuzentzekoa ere (eskubideak, azpilizentziak eta marka bateratuak ematea edo kideetako bazkideei eragiketak lagatzea barne).

Espainiako Konstituzioaren eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren bidez egindako eskumen banaketa kontuan harturik, INJUVEk Europako Gazte Txartelaren logotipoa eta ikurra erabiltzeko eskubideak Nafarroako Gazteriaren Institutuari laga zizkion, Nafarroako Foru Komunitatean ezartzeko.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren egungo estatutuek, zeinak azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuaren bidez onetsi baitziren, erakunde autonomo horri eskumenak ematen dizkiote gazteen arloko politika publikoak planifikatu, sustatu eta ebaluatzeko, ikuspegi bikoitza erabiliz: berariazko ekintzak garatzea eta zeharkakotasuna aplikatzea gazteriaren gaineko arloetan.

Hartara, aipatutako foru dekretuaren 19. artikuluko e) apartatuak Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalari esleitzen dio Europako Gazte Txartelaren programaren kudeaketa.

Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atalak txosten bat aurkeztu du. Hor azaltzen denez, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen urriaren 27ko 105/2022 Ebazpenaren bitartez onetsi zen Nafarroako Rural Kutxa Kreditu-Kooperatiba Elkartea entitatearekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren laugarren (eta azken) luzapena, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen abenduaren 9ko 113/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen CAIXABANK SA entitatearekin sinatutako lankidetza hitzarmenaren laugarren (eta azken) luzapena, Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan.

Azaltzen da, halaber, Nafarroako Gazteriaren Institutuak horrelako hitzarmen gehiago sinatu nahi dituela finantza entitateekin, Europako Gazte Txartelaren esparruan. Horretarako, oinarri berriak onetsi behar dira, Nafarroako Foru Komunitatean diharduten finantza entitate gehiagok sinatu ahal dezaten lankidetza hitzarmena. Sinatu beharreko hitzarmenaren xede nagusia da Europako Gazte Txartela marka eta logotipoa erabiltzea hura sinatzen duten finantza entitateen txarteletan eta berariaz gazteentzat diren programetan. Ordainetan, programara sartzen den finantza entitate bakoitzak urtean 93.000 euroko ekarpen finkoa eginen du urtero, baldin entitate bat edo bi sartzen badira. (Entitateko 83.000 euro izanen dira baldin hiru finantza entitate sartzen badira; edo 73.000 euro entitateko baldin lau entitate edo gehiago sartzen badira).

Ebazpen honi gehitutako oinarri arautzaileen II. eranskineko eduki zehatzarekin izenpetuko dira hitzarmen horiek.

Azaldutakoa dela-eta, Nafarroako Gazteriaren Institutua sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan finantza entitateak edo entitate talde laguntzaileak hautatzeko oinarriak onestea, baita eranskinak ere.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Administrazio eta Kudeaketa Atalera igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Ebazpen honen eta berau aplikatzeko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

FINANTZA ENTITATEAK HAUTATZEKO ETA GERO HAIEKIN LANKIDETZA HITZARMENAK IZENPETZEKO OINARRIAK, EUROPAKO GAZTE TXARTELAREN LOGOTIPOA ERABILTZEKO

Lehendabizikoa.–Izenpetu beharreko lankidetza hitzarmenen xedea.

1. Oinarri hauen bidez irizpide eta baldintza orokorrak ezartzen dira finantza entitateak edo entitate taldeak hautatzeko eta gero haiekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeko, Europako Gazte Txartelaren logotipoa erabiltzeko.

Izenpetuko diren lankidetza hitzarmenen xedea izanen da Nafarroako Gazteriaren Institutuak (NGI) Europako Gazte Txartelaren logotipoaren erabilera lagatzea oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten finantza entitate interesdunei edo finantza talde interesdunei, bai zuzenean bai krediturako finantza establezimenduen bidez, ordainketa entitateen bidez edo haiek partaide dituzten diru elektronikoaren entitateen bidez, entitate horiek logotipoa txerta diezaieten Nafarroan ematen diren finantza txartelei; horrela, aipatu logotipoa izatearen balio erantsia izanen dute txartel horiek.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak zer finantza entitaterekin izenpetzen dituen hitzarmenak, haien eskura jarriko du Europako Gazte Txartelaren logotipoa, eta txartela erabiltzeko arauak ere emanen dizkie.

2. Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokio finantza txartelaren diseinua homologatzea European Youth Card Association (EYCA) elkarteak xedatutakoaren arabera, diseinuaren homogeneotasunari dagokionez. Orobat, egokituko zaio finantza entitateek, Europako Gazte Txartelaren esparruaren barnean, beren baliabideekin egiten dituzten jarduerak baimentzea, honako irizpideekin bat:

a) Unibertsaltasuna: finantza entitate laguntzaileek egiten dituzten ekintzak Europako Gazte Txartelaren titular guztiei zuzenduko zaizkie.

b) Helburua: egiten diren jarduera edo ekintza guztiek bat etorri beharko dute Europako Gazte Txartelaren programaren filosofiarekin.

3. Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Foru Komunitatean Europako Gazte Txartelaren programaren erakunde arduraduna den aldetik, hitzarmena duten finantza entitateek logotipoak nola erabiltzen dituzten begiratuko du, eta zilegi izanen du jarraibideak ematea oker erabiltzen direla ikusten badu, baita erantzukizunak eskatzea ere erabilera okerraren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari kalte egiten bazaio, dela zuzenean dela zeharka.

Bigarrena.–Lankidetza eskatzeko bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuarekin Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan lankidetza hitzarmena izenpetu nahi duten finantza entitateek adierazi beharko dute ondoko baldintzak betetzen dituztela, bai zuzenean bai krediturako finantza establezimenduekin, ordainketa entitateekin edo haiek partaide dituzten diru elektronikoaren entitateekin elkarlanean:

1. Zinpeko aitorpena, adierazten duena finantza entitate gisa eraturik dagoela eta, gutxienez hamar sukurtsal irekirik dituela, Nafarroako Foru Komunitateko bost udalerritan gutxienez.

2. Zinpeko aitorpena, adierazten duena badituela enpresa-antolakuntza eta/edo giza baliabide eta baliabide material nahikoak Europako Gazte Txartela emateko.

Aurreko zinpeko aitorpenak aurkeztuta ulertuko da baldintzak bete direla, galarazi gabe Foru Administrazioak egiaztatzeko eta gainbegiratzeko dituen ahalmenak.

Hirugarrena.–Eskaeren aurkezpena.

Lankidetza hitzarmena izenpetu nahi duten finantza entitateek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez.

Eskaera Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen (APAPEL) 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoaren arabera, eskaerak ez dira aurkeztutzat hartuko ez badira egokitzen oinarri hauen I. eranskineko eredura eta ez badira telematikoki aurkezten Nafarroako Foru Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bitartez. Horrenbestez, ez aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

Eskaera aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaerarekin batera, bigarren oinarrian aipatzen diren zinpeko aitorpenak aurkeztuko dira. Adierazpen horiek eskaneatuta aurkeztuko dira dokumentu banatan, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela.

Eskaerak behar diren baldintza guztiak betetzen ez baditu, finantza entitate interesdunari eskatuko zaio hutsegitea zuzen dezala edo agintzen diren agiriak aurkez ditzala hamar eguneko epean, eta, adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela ulertuko dela. Horretarako, ebazpen bat eman beharko da, APAPELen 21. artikuluan aurreikusi bezala.

Eskaera aurkezteak berarekin dakar ebazpen honetako oinarriak onartzea.

Jakinarazpen administratiboak ere telematikoki eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoen (GHE) bidez.

Laugarrena.–Entitateak hautatzea.

Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala arduratuko da aurkeztutako eskaerak aztertu eta baloratzeaz, baita Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari proposamena igortzeaz ere, zeinak ebazpen bidez onetsiko baitu lankidetza hitzarmenen sinadura. Baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten finantza entitate guztiak, 2. oinarrian aurreikusitako zinpeko aitorpenen bidez frogatu ere, hautatuko dira behar den lankidetza hitzarmena izenpetzeko.

Bosgarrena.–Ordain ekonomikoa.

Hitzarmena izenpetzen duten finantza entitateak bat edo bi baldin badira, urtean 93.000 euroko kopuru finko bat ordaindu beharko diote (entitateko) Nafarroako Gazteriaren Institutuari, aipatu logotipoen lagapenarengatik. Diru hori hitzarmena sinatzean emanen da.

Entitateko 83.000 euro izanen dira urtean baldin hiru finantza entitatek izenpetzen badute hitzarmena, eta 73.000 euro entitateko, urtean, baldin lau finantza entitatek edo gehiagok izenpetzen badute.

Kopuru horri, hitzarmena luzatuz gero, Estatuko kontsumoko prezioen indizea gehituko zaio. Luzapenari dagokion diru kopurua ordainketa-gutuna jaso eta hamabost eguneko epean ordaindu beharko da.

Seigarrena.–Izenpetutako hitzarmenen jarraipena.

Izenpetu beharreko hitzarmenak betearazteko jarraipena, baita sinatzaileek onartutako baldintzak betetzearen gainekoa ere, jarraipen batzorde batek eginen du. Batzorde hori hitzarmena izenpetu ondoren izendatuko da, eta alde guztietako ordezkariak izanen ditu. Hitzarmenean zehaztuko da, halaber, funtzionamendurako araubidea.

Zazpigarrena.–Hitzarmenaren iraupena eta amaiera.

Lankidetza hitzarmenak urtebeteko indarraldia izanen du hasiera batean, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte. Urtero luzatzen ahalko da (behar den urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte), eta gehienez ere lau aldiz luzatuko da. Luzapena edo luzapenak berariaz erabakiko dira eta, hala balegokio, urte batekoak izanen dira (12 hilabete). Luzatzeko eskaera hitzarmenaren hasierako indarraldia edo haren luzapenarena amaitu baino hilabete bat lehenago egin beharko da.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzaren ebazpen baten bidez onetsiko da luzapena.

Zortzigarrena.–Ez-betetzeak.

Oinarri hauetan edo dagokion hitzarmenean xedatutakoa betetzen ez bada, hura amaitu eginen da, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak hala erabakita, finantza entitateari entzun ondoren.

Bederatzigarrena.–Hitzarmenen izaera, eta araubide juridikoa.

Izenpetzen diren hitzarmenek izaera juridiko-administratiboa izanen dute, eta oinarri hauetan, hitzarmenetan beretan eta administrazio araudian ezarritakoa izanen dituzte arau, eta, osagarri gisa soilik, araudi zibilean ezarritakoa.

Hitzarmena interpretatu, aplikatu eta betetzearen gainean desadostasunik sortzen bada aldeen artean, jarraipen batzordeak emanen du, lehenik, horri buruzko ebazpena. Aldeek adierazi dute batzorde horren erabakiak onartuko dituztela. Adostasunik ez badago, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak modu exekutiboan emanen du horri buruzko ebazpena. Zilegi izanen da ebazpen horien kontrako administrazio errekurtsoa eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDU NORMALIZATUA

Izenpetzen duen honek (izena eta bi deiturak) .........................................................................................., NAN zenbakia: ..................................., egun honetan jaioa: .............(e)ko (urtea) ..............................aren (hilabetea) ...............(e)(a)n (eguna), helbidea (herria): ................................., kalea: ........................................................................, zenbakia: ..........., pisua: .........., PK: ....................., telefonoa .................................., honako entitate honen ordezkari gisa: .............................................................., IFZ: ............................, egoitza soziala: ................................................., eta helbide elektronikoa, komunikazioaren ondorioetarako: .................................................................

ZINPEKO AITORPENA:

–Aitortzen dut nik ordezkatzen dudan entitatea finantza entitate gisa eraturik dagoela Nafarroan.

–Aitortzen dut nik ordezkatzen dudan entitateak datako egunean ...... (zenbat) bulego dituela zabalik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean, komunitateko ..... (zenbat) herritan.

–Aitortzen dut ezen ordezkatzen dudan entitateak baduela, bai zuzenean bai krediturako finantza establezimenduekin, ordainketa entitateekin edo haiek partaide dituzten diru elektronikoaren entitateekin elkarlanean, giza baliabide eta baliabide material aski dituen antolakuntza, Nafarroako Foru Komunitatean Europako Gazte Txartela emateko.

ESKATZEN DUT:

Ordezkatzen dudan ........................................... entitatea hautatua izan dadila Europako Gazte Txartelaren programaren esparruko finantza entitate laguntzaile gisa, eskaera honetan eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuei jarraikiz.

...................................(e)n, 2023ko .............aren ....(e)(a)n.

(Sinatua eta zigilatua)

NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

II. ERANSKINA.–EUROPAKO GAZTE TXARTELAREN PROGRAMARI

BURUZKO LANKIDETZA HITZARMENA

Iruñean, 2023ko .....................................aren ...........(e)(a)n.

PARTE HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Carlos Amatriain Busto, Nafarroako Gazteriaren Institutuko (NGI) zuzendari kudeatzailea, hitzarmen honen ondorioetarako Yanguas y Miranda kalea 27, behea, 31003 Iruña helbidea duena, honako hauek esleitzen dizkioten eskumenak erabiliz: 11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa, eta azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretua, zeinaren bidez sortzen baita Nafarroako Gazteriaren Institutua eta onesten baitira haren estatutuak.

Bestetik, ........................................................................ (NANa:..........................................), honako hau ordezkatuz:...................................................................................... (IFZ:.................................), hitzarmen honen ondorioetarako helbide hau duela:........................................................................., Iruña.

AURREKARIAK:

1. Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ...........................................aren (hilabetea) ..............(e)ko (eguna) ................./2023 Ebazpenaren bidez, finantza entitateekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak eta eranskinak onetsi ziren Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan (2023ko .................. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofiziala, .............................................aren ...............(e)koa).

Ebazpen horretan aipatzen den bezala, Nafarroako Gazteriaren Institutuak, antolamendu juridikoak gazteria arloan esleitutako eskumenak erabiliz eta Gazteriaren Institutuak (INJUVE) egindako lagapenaren ondorioz, Europako Gazte Txartela emateko eskubidea eta betebeharra ditu, horretarako haren logotipo eta ikurrak erabiliz eta bere jarduerak sustatu eta zuzenduz. Ahalmen horretan sartzen da eskubideak, azpilizentziak eta marka bateratuak emateko aukera, baita zenbait lagapen egitea ere European Youth Card Association (EYCA) elkarteko kideetako bazkideei.

Aipatu helburuarekin, Nafarroako Foru Komunitatean diren finantza entitateekin lankidetza hitzarmenak izenpetzeko asmoa adierazten du Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Europako Gazte Txartelaren logotipoaren erabilera lagatzearren, haien finantza txarteletan erants dezaten, oinarrietako xedapenei eta izenpetzen diren hitzarmenetan direnei jarraituz.

2. ............................................................... entitateak, 2023ko ....................................aren (hilabetea) ...........(e)an (eguna), Europako Gazte Txartelaren programan parte hartzeko asmoa adierazi du, oinarrietan eskatutako baldintzak beterik; horregatik, bidezkoa da horretarako hitzarmena izenpetzea.

3. Lankidetza hitzarmen honen bitartez, Nafarroako Gazteriaren Institutuak .........................................................ri bere finantza txarteletan Europako Gazte Txartelaren logotipoa eransteko eskubidea lagatzen dio, .......................................aren (hilabetea) .................(e)ko ................./2023 Ebazpenari erantsitako oinarrietan eta klausula hauetan xedatutakoari jarraituz, EYCA eta Europako Gazte Txartela bera erregulatzen dituen araudia betez.

Aurreko horretan oinarrituta,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehendabizikoa.–Hitzarmenaren xedea eta helburua.

Lankidetza-hitzarmen honen xedea da Nafarroako Gazteriaren Institutuak ................................................................ finantza entitateari Europako Gazte Txartelaren logotipoaren erabilera lagatzea, Nafarroako lurraldean ateratzen dituen finantza txarteletan txerta dezan, hots, berak zuzenean ateratzen dituen txarteletan edo berak izendatzen duen enpresak (finantza entitatea hartan partaide dela) ateratzen dituen txarteletan; horrela, aipatu logotipoa izatearen balio erantsia izanen dute txartel horiek.

Bigarrena.–Lagapen akordioaren edukia.

Hitzarmen honetako Europako Gazte Txartelaren logotipoa erabiltzeko lagapenak gaitasuna emanen dio ....................................................... entitateari edo berak izendatzen duen enpresari (finantza entitatea hartan partaide dela) honako honetarako:

1. Bere finantza txarteletan Europako Gazte Txartelaren logotipoa eramatea.

2. Europako Gazte Txartelaren programa sustatuz, egokitzat eta, oro har, gazteentzat eta, bereziki, Europako Gazte Txartelaren titularrentzat onuragarritzat jotzen dituen jarduera edo zerbitzuak egitea bere baliabideekin, Nafarroako Gazteriaren Institutuak homologatu ondoren.

Hitzarmen hau sinatzen duten finantza entitateek, edo haiek izendatzen dituzten enpresek, edo finantza entitate horiek partaide dituzten enpresek, datu-base bat eginen dute Europako Gazte Txartelaren titularren datuekin. Hartan dauden datu batzuk (izena, deiturak, NANa, jaioteguna, helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa, eta Europako Gazte Txartela noiz egin zen eta noiz iraungiko den) Nafarroako Gazteriaren Institutuari eta EYCAri lagako zaizkio, titular guztiei bermatze aldera Europako Gazte Txartela produktuaren funtzionamendu eta informazio hobeak.

Nafarroako Gazteriaren Institutua da Europako Gazte Txartela Fitxategiaren titularra; han jasotzen dira txartelaren titularren datu pertsonalak.

Entitate adjudikaziodunak eginen ditu datuak biltzeko lan horiek Nafarroako Gazteriaren Institutuaren izenean, tratamendu-eragile gisa, eta betiere Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra (DBEO) betez.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak eta entitate adjudikaziodunak isilpekotasunez tratatuko dute hitzarmen hau betetzearen bidez lortzen duten edozein datu pertsonal. Hala, honako printzipio hauek betetzeko konpromisoa eta betebeharra hartzen dute: datuen kalitatea, sekretuaren betebeharra, datuen segurtasuna eta kontratuaren edo negozioaren xede ez den beste baterako interesdunaren onespena lortzea. Eta, orobat, konpromisoa eta betebeharra hartzen dute egoki eta une oro betetzeko DBEOn jasotako xedapenak.

Hirugarrena.–Europako Gazte Txartela ematea.

Programa erregulatzen duen araudiari, EYCArenari eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak egiten dituen oharrei jarraituz emanen da Europako Gazte Txartela. Hitzarmen hau sinatu ondoren, ................................................(r)en eskura jarriko dira logotipoak, baita haien erabilera arautzen duten xedapenen kopia bat ere.

...............................(r)en kargura emanen da Europako Gazte Txartelaren logoa daraman finantza txartela eta, zein den kasua, haren titularraren kargura, bien artean ezartzen diren baldintzen arabera; alabaina, baldintza horiek ez dira garestiagoak izanen titularrarentzat logotipoa eramategatik.

Diseinuaren homogeneotasunaren irizpidea aplikatuz, Nafarroako Gazteriaren Institutuak aldez aurretik onetsi beharko du Europako Gazte Txartelaren logotipoa daramaten finantza txartelen diseinua; horretarako, European Youth Card Association (EYCA) elkarteak Bruselan duen bulegoaren adostasuna beharko da.

Titularrak 31 urte egin arte balioko dute txartelek, edo finantza txartela iraungi arte.

Laugarrena.–Jardueren homologazioa.

Nafarroako Gazteriaren Institutuari dagokio ................................................. entitateak egin beharreko jarduerak homologatzea Europako Gazte Txartelaren programaren esparruan, irizpide hauei jarraituz:

a) Unibertsaltasuna: egiten diren ekintzak Europako Gazte Txartelaren titular guztiei zuzenduko zaizkie.

b) Helburua: egiten diren jarduera edo ekintza guztiek bat etorri beharko dute Europako Gazte Txartelaren programaren filosofiarekin.

Bosgarrena.–Logotipoen erabileraren jarraipena.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak, Nafarroako Foru Komunitatean Europako Gazte Txartelaren programaren erakunde arduraduna den aldetik, ....................................................................(e)k logotipoa nola erabiltzen duten begiratuko du, eta zilegi izanen du jarraibideak ematea oker erabiltzen direla ikusten badu, baita erantzukizunak eskatzea ere erabilera okerraren ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari kalte egiten bazaio, dela zuzenean dela zeharka.

Seigarrena.–Ekarpena, logotipoaren erabilera lagatzeagatik.

(entitatea) ... ... ... ... ..... entitateak, hitzarmen hau sinatutakoan, 93.000 euro jarriko ditu Europako Gazte Txartelaren logotipoa lagatzeagatik. (Entitateko 83.000 euro izanen dira baldin hiru finantza entitatek izenpetzen badute hitzarmena, eta 73.000 euro entitateko baldin lau entitatek edo gehiagok izenpetzen badute).

Hitzarmena luzatuz gero, ekarpen hori urtero igoko da, besterik gabe, Estatuko kontsumorako prezioen indizearen arabera.

Zazpigarrena.–Hitzarmenaren jarraipena.

Hitzarmen hau sinatu ondoren, haren jarraipen batzordea eratuko da, honako hauek osatuko dutena: Nafarroako Gazteriaren Institutuaren bi ordezkari eta hitzarmena izenpetzen duten finantza entitate bakoitzeko beste bi.

Batzorde hori Nafarroako Gazteriaren Institutuak eskatuta bilduko da, urtean behin, gutxienez, edo aldeetako batek eskatuta. Zainduko du izenpetutako hitzarmena betetzen dela eta aldeek beren gain hartutako eginbeharrak betetzen dituztela, eta topagune egokia izanen da gauzatu beharreko ekintzak eta estrategiak planteatzeko eta hitzarmenaren indarraldian hura interpretatu, aplikatu eta betetzeaz sortzen diren desadostasunak ebazteko. Aldeek bete beharko dituzte batzordeak hartzen dituen erabakiak.

Nafarroako Gazteriaren Institutuaren ordezkarietako batek jarraipen batzordearen bileretan hartzen diren erabakien akta eginen du, eta batzordeko kide guztiek sinatuko dute, edukiarekin ados daudela erakusteko.

Zortzigarrena.–Hitzarmenaren iraupena eta amaiera.

Hitzarmenak urtebeteko indarraldia izanen du hasiera batean, 2024ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte, eta urtero luzatzen ahalko da, urte oso baterako (behar den urteko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte), betiere aldeek espresuki komunikatuta. Hitzarmena edo bere luzapenetako edozein bukatu baino hilabete lehenago, gutxienez ere, egin beharko da komunikazio hori.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketa Zuzendaritzak emandako ebazpenaren bidez onetsiko da luzapena, bertan ekarpen eguneratua finkatuta.

Gehienez ere lau luzapen izan daitezke.

Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ..................................aren (hilabetea) ...................(e)ko (eguna) ............./2023 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarri orokorretan xedatutakoa edo hitzarmen honetan jasotakoa betetzen ez bada, hura suntsiaraziko da, hala erabakiko baitu aipatu erakunde autonomoko kudeaketa-zuzendaritzak.

Nolanahi ere, hitzarmena iraungiz gero, .............................. entitatea behartua egonen da Europako Gazte Txartelaren logoarekin zirkulazioan ezarriak dituen finantza txartelak eta txartel klasikoak kentzera, jarraipen batzordeak horretarako ezartzen duen epean.

Bederatzigarrena.–Hitzarmenaren izaera juridikoa eta araubide juridikoa.

Lankidetza hitzarmen hau juridiko-administratiboa da, eta Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak .......................................aren (hilabetea) .............(e)an (eguna) emandako ......................../2023 Ebazpenaren bidez onetsitako oinarriak, hitzarmenean berean ezarritakoak eta araudi administratiboak izanen ditu arau eta, horien ezean bakarrik, araudi zibila.

Hitzarmena interpretatu, aplikatu eta betetzearen gainean desadostasunik sortzen bada aldeen artean, jarraipen batzordeak emanen du, lehenik, horri buruzko ebazpena. Bi aldeek adierazi dute batzorde horren erabakiak onartuko dituztela. Adostasunik ez badago, Nafarroako Gazteriaren Institutuko Kudeaketako Zuzendaritzak ebatziko du. Zilegi izanen da haren ebazpenen kontrako administrazio errekurtsoa eta administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea.

Eta ados daudela erakusteko, agiri hau sinatu dute, goian adierazitako tokian eta egunean.

NAFARROAKO GAZTERIAREN INSTITUTUA

FINANTZA ENTITATEA

Carlos Amatriain Busto

Iragarkiaren kodea: F2307717