129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

43E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 29koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, Nafarroako Unibertsitate Publikoan titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoengatik eta gainerako eskubideengatik 2023-2024 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak finkatzen dituena.

Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren (LOSU) 57.4.b) artikuluan ezarritakoaren arabera, proposatzen dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2023-2024 ikasturtean indarrean egonen diren prezio akademikoak.

Testuinguru horretan, Unibertsitateko zuzendari nagusiak txosten bat aurkeztu du, eta haren bidez justifikatu Nafarroako Unibertsitate Publikoko prezioen proposamena graduko eta graduondoko ikasketetarako eta gainerako zerbitzuetarako.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea titulu ofizialak eskuratzeko zerbitzu akademikoen eta gainerako eskubideen truke Nafarroako Unibertsitate Publikoan 2023-2024 ikasturtean ordaindu beharreko prezio publikoak. Foru agindu honen eranskinean jasotzen dira.

2. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Argitaratzen diren egunetik beretik izanen ditu ondorioak.

3. Foru agindu hau eta eranskina igortzea Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira eta Unibertsitateko Zerbitzura.

4. Foru agindu hau eta eranskina jakinaraztea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia, Plangintza eta Estrategia Errektoreordetzari, Irakaskuntzen Errektoreordetzari eta kudeatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Sarrigurenen, 2023ko maiatzaren 29an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

FORU AGINDUAREN ERANSKINA.–NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO PREZIO PUBLIKOAK 2023-2024 IKASTURTERAKO

I.–Prezioak zehazteko irizpideak.

I.1. Nafarroako Unibertsitate Publikoan unibertsitate-titulu ofizialak eskuratzeko irakaskuntzen prezioak eranskin hauetan jasotakoak izanen dira 2023-2024 ikasturtean:

I. ERANSKINA

Graduko ikasketak.

II. ERANSKINA

Graduondoko ikasketak.

III. ERANSKINA

Beste prezio batzuk: ebaluazioak, probak, tituluak ematea eta kudeaketa administratiboen prezioak.

I.2. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gizarte Kontseiluaren bidez, edozein ikasketa mailatan kredituen prezioa igotzen ahalko die atzerriko ikasle ez-egoiliarrei, baldin Europar Batasuneko estatuetako herritarrak ez badira, eta Europar Batasuneko araubidea aplikatu behar zaienei, elkarrekikotasun printzipioa galarazi gabe, kasuan kasuko ikasketaren kostuen %100eraino.

I.3. Ikasle bisitariek foru agindu honetan kredituetarako ezarritako prezioak ordainduko dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gizarte Kontseiluaren bidez, kredituen prezioa handitzen ahalko du ikasle horientzat, edozein ikasketa mailatan, kasuan kasuko irakaskuntzaren kostuen %100eraino.

I.4. Ikasle agregatuek foru agindu honetan ezartzen diren prezioak ordainduko dituzte. Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gizarte Kontseiluaren bidez, kredituen prezioa handitzen ahalko du ikasle horientzat, edozein ikasketa mailatan, kasuan kasuko irakaskuntzaren kostuen %100eraino.

II.–Prezioen araubidea.

II.1. Matrikula egin eta tituluak edo ziurtagiriak eman aurretik edo beste edozein administrazio kudeaketa egin baino lehen, unibertsitateak aurreko ikasturteetako matrikulengatik edo beste edozein kontzepturengatik kobratzeke dauden kopuruak pagatu daitezela eskatuko du.

II.2. Matrikularen prezioa edo haren zatikiren batena ez bada pagatzen unibertsitateak ezartzen dituen baldintzetan, ikasleen eskubideak bertan behera uzten ahalko dira aldi baterako eta, hala bada, matrikula eta horrek sorturiko ondorioak baliogabetzen ahalko dira, dirurik itzultzeko eskubiderik gabe. Unibertsitatearen eskumena izanen da horri buruz egoki jotzen dituen neurriak hartzea.

II.3. Unibertsitatearteko doktoretzaren esparruan, doktoretzako prezio publikoen ordainketa kasuan kasuko hitzarmenari egokituko zaio.

II.4. Doktoretzaren kotutoretzaren esparruan, doktoretzako prezio publikoen ordainketa kasuan kasuko hitzarmenari egokituko zaio, elkarrekikotasunaren eta benetako kargaren irizpideen arabera.

III.–Matrikulatzeko eta ordaintzeko moduak.

Bi modu ezarri dira ordaintzeko: ordainketa bakarra eta ordainketa zatikatua.

Matrikularen ordainketa-gutunean adierazitako epean eginen da ordainketa bakarra.

Graduko eta masterreko ikasketa planen kasuan, ordainketa zatikatua lau alditan eginen da, diru-sarrera hauek eginez epe hauetan:

–Lehendabizikoa, prezio osoaren %40, matrikularen ordainketa-gutunean adierazten den epean.

–Bigarrena, prezio osoaren %20, 2023ko urriaren 13tik azaroaren 3ra arte.

–Hirugarrena, prezio osoaren %20, 2024ko urtarrilaren 2tik otsailaren 2ra arte.

–Eta laugarrena, prezio osoaren %20, 2024ko apirilaren 15etik maiatzaren 3ra arte.

Zatikako ordainketa egiten bada, lehenbiziko ordainketaren kalkuluan, osorik sartu beharko dira ikasketen arloko zerbitzu administratiboen prezio publikoak eta eskola asegurua.

Ordainketa zatitua ez da aplikatzekoa izanen baldin ordaindu beharreko prezioen zenbatekoa 350 eurotik beherakoa bada, graduko eta masterreko ikasketan kasuan.

Aparteko matrikula-aldietan, matrikula zabaltzekoetan edo beken ebazpenaren ondorioz egindako kalkulu berria egitean, kasuan kasuko zenbatekoa ordainketa bakarrean pagatuko da, matrikularen ordainketa-gutunean adierazitako epean.

IV.–Zenbatekoak.

IV.1. Graduko eta masterreko unibertsitate-titulu ofizialak eskuratzeko irakaskuntzetan, matrikularen zenbatekoa batura hau izanen da: arlo, irakasgai edo diziplina bakoitzerako ezarritako kreditu matrikulatuak, graduko ikasketa planaren esperimentaltasun mailaren arabera, edo lanbidean aritzeko gaitasuna ematen duen edo ez kontuan hartuta, masterren ikasketetan, gehi ordaindu beharreko administrazio tasak, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan eta gainerako arauetan ageri diren prezioei jarraituz. Kontuan hartuko da, betiere, lehenbiziko matrikula den, edo bigarrena, hirugarrena edo hurrengo bat.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du foru agindu honetan aurreikusitako prezioez bestelakoak ezartzea Espainiako unibertsitateekin edo atzerriko unibertsitateekin unibertsitateen arteko masterrak egiten dituzten ikasleentzat, prezio komuna ezartzen bada Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 57.4.b) artikuluan ezarritako eremu orokorraren barruan.

IV.2. Eskuratu nahi den titulazioko kredituetarako ezarritako prezioaren arabera ordainduko dira ikasleari jarduera akademikoengatik aitortu zaizkion kredituak, kontuan hartu gabe kreditu horiek zer departamentu edo zentrotan egiten edo aitortzen diren.

IV.3. Doktoretzako unibertsitate-titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzetan, matrikularen zenbatekoa izanen da tutoretza akademikoari dagokiona gehi ordaindu beharreko administrazio tasei dagokiena, III. eranskineko prezioen eta foru agindu honetan jasotako gainerako arauen arabera.

Unibertsitate master batean edo doktoretza programa batean matrikulatutako ikasleek beren prestakuntza osagarri gisa kredituak egin behar izanez gero, osagarri horren titulu ofizialari dagozkion prezioak aplikatuko dira.

V.–Salbuespenak eta hobariak.

V.1. Prezioetan salbuespenak eta hobariak izateko eskubidea ematen duten baldintzak matrikula eskaeraren egunean bete behar dira.

V.2. Behin ere ezin izanen da salbuespenik edo hobaririk aplikatu baldin foru agindu honetan ezarririk ez badaude edo indarra duen araudiak ezartzen ez badu.

a) Bekak.

Indarra duen legeriarekin bat beka eskatzen duen ikaslea, baldin bekaren deialdian ezarrita badago ikasleak eskubidea duela irakaskuntza zerbitzuaren prezioak ez ordaintzeko harik eta beka eskaera ebatzi arte, eskubide horretaz baliatzen ahalko da; baina beka ukatuz gero, ordainketa bakar batean pagatu beharko du matrikularen gainerakoa.

Matrikularen ondoriozko gastuak finantzatzeko ikasketa beken eta laguntzen banakako osagaiaren kostua Estatuko Administrazioak eta Nafarroako Foru Komunitateak finantzatuko dute, otsailaren 21eko 117/2023 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz (dekretu horrek familiaren errenta eta ondarearen atalaseak eta ikasketetako beken eta laguntzen zenbatekoak zehazten ditu, 2023-2024 ikasturterako).

b) Familia ugariak.

Familia ugariak babesteko azaroaren 18ko 40/2003 Legearen 12. artikuluan eta hura garatzen duen abenduaren 30eko 1621/2005 Errege Dekretuaren bidez onetsiriko Erregelamenduan xedaturikoarekin bat:

–Kategoria bereziko familia ugarietako kide diren ikasleek erabateko salbuespenerako eskubidea dute, araudi honetan ezarritako prezio publikoei dagokienez.

–Kategoria orokorreko familia ugarietako kide diren ikasleek %50eko murrizketarako eskubidea dute, araudi honetan ezarritako prezio publikoei dagokienez.

Familia ugariaren titulu indarduna aurkeztuz frogatuko da familia ugariko kidea dela, edo, matrikula eskatzen den egunean titulua tramitatzen ari baldin bada, indarra duen araudiak baimentzen dituen agiriak aurkeztuz.

c) Guraso bakarreko familiak.

Nafarroako Foru Komunitatean familia gurasobakarrak egiaztatzeari buruzko otsailaren 7ko 5/2019 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritakoaren arabera:

–Kategoria bereziko familia gurasobakarreko kide edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia bateko kide diren ikasleek erabateko salbuespenerako eskubidea dute, araudi honetan ezarritako prezio publikoei dagokienez.

–Kategoria orokorreko familia gurasobakarreko kide edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia bateko kide diren ikasleek %50eko murrizketarako eskubidea dute, araudi honetan ezarritako prezio publikoei dagokienez.

Familia gurasobakarraren edo gurasobakartasun egoeran dagoen familiaren titulu indarduna aurkeztuz frogatuko da familia gurasobakarreko kidea dela edo gurasobakartasun egoeran dagoen familia bateko kidea dela, edo, matrikula eskatzen den egunean titulua tramitatzen ari baldin bada, indarra duen araudiak baimentzen dituen agiriak aurkeztuz.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoari ordainduko dizkio goian aipatu salbuespen eta murrizketen onuradunentzat araudi honetan ezarritako prezio publikoen zenbatekoak.

d) Desgaitasuna duten pertsonak.

% 33ko desgaitasun maila edo handiagoa duten ikasleek eskubidea dute araudi honetan finkatutako prezio publikoak ordaintzetik guztiz salbuesteko, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 32.6 artikuluan eta 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginaren 19. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Desgaitasuna duen pertsona dela frogatzeko, indarra duen legerian aurreikusitako edozein dokumentu aurkeztuko da.

e) Terrorismoaren biktimak.

Ekintza terroristen biktimek, baita haien ezkontide eta seme-alabek ere, eskubidea dute zerbitzu akademikoen prezio publikoen salbuespen osoa izateko, Terrorismoaren biktimekiko elkartasunari buruzko urriaren 8ko 32/1999 Legearen 7. artikuluan ezarritakoari jarraikiz. Beraz, zerbitzu administratiboen prezio publikoak bakarrik ordaindu beharko dituzte.

Ondorio horietarako, ekintza terroristen biktimek izaera hori aitortzen dien ebazpen administratiboa aurkeztu beharko dute, eta, haien ezkontideak edo seme-alabak izanez gero, familia liburua.

f) Genero indarkeriaren biktimak.

Genero-indarkeriaren biktimek eta haien seme-alabek eskubidea izanen dute zerbitzu akademikoen prezio publikoak ordaintzetik salbuetsiak izateko, Unibertsitate Sistemari buruzko martxoaren 22ko 2/2023 Lege Organikoaren 32.6 artikuluan eta Genero-indarkeriaren aurka Oso-osoko Babesa Emateko Neurriei buruzko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoan xedaturikoarekin bat. Beraz, zerbitzu administratiboen prezio publikoak bakarrik ordaindu beharko dituzte.

Indarra duen araudiak aurreikusten duen edozein agiri eta, haien seme-alaben kasuan, familia liburua aurkeztuz frogatuko da genero-indarkeriaren biktima dela.

g) Nazioarteko babesaren, aldi baterako babesaren eta aberrigabeziaren eskatzaileak eta onuradunak.

Nazioarteko babesaren, aldi baterako babesaren eta aberrigabeziaren eskatzaileek eta onuradunek agindu honetan araututako prezio publikoen salbuespena lortzen ahalko dute, baldin eta maila bereko beste unibertsitate-titulurik ez badute.

Aurkeztu beharreko dokumentuak:

–Beren jatorrizko herrialdeko nortasuna identifikatzeko agiriak (indarrean egon edo ez), nortasuna egiaztatzeko.

–Salbuespena eskatzen duen pertsonaren administrazio egoera egiaztatzen duen agiria. Eskaera egiten den unean indarrean dagoen dokumentua aurkeztuko da. Hauetako bat izan daiteke:

  • Nazioarteko babesa, aldi baterako babesa edo aberrigabezia eskatu izanaren gordekina.
  • Nazioarteko babesaren eskatzailearen txartel gorria eta aberrigabeziaren eskatzailearen txartel berdea.
  • Nazioarteko babeserako, aldi baterako babeserako edo aberrigabeziarako eskubidea ematearen aldeko ebazpena.
  • Nazioarteko babesaren, aldi baterako babesaren eta aberrigabeziaren onuradunen atzerritarren identifikazio txartelak.

Eskatzaileak alegatuz gero ezinezkoa dela eskatutako dokumenturen bat aurkeztea, Nafarroako Unibertsitate Publikoak zilegi izanen du Migrazio Politiketako Zuzendaritza Nagusiari eta/edo Nafarroan errefuxiatuak hartzeko baimendutako entitateei kontsultatzea eskatzailearen egoerari buruz, eskaeraren balorazio indibidualizatua egiteko.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak Nafarroako Unibertsitate Publikoari ordainduko dizkio goian aipatu salbuespen eta murrizketen onuradunentzat araudi honetan ezarritako prezio publikoen zenbatekoak.

h) Merezimendu akademikoak.

Ikasleak Nafarroako Unibertsitate Publikoan "Ohorezko matrikula" bat edo gehiago lortu baditu, matrikularen zenbatekoan hobari bat izateko eskubidea izanen du. Hobariaren zenbatekoa "Ohorezko matrikula" lortu den ikasgaiari edo ikasgaiei dagokien kredituetako lehen matrikularen prezioaren baliokidea izanen da.

Batxilergoko kalifikazio globalean ohorezko matrikula lortzen duten ikasleak, bai eta Lanbide Heziketako goi mailako heziketa ziklo batean edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako ziklo batean ohorezko matrikula lortzen dutenak ere, salbuetsirik daude matrikularen prezio publikoak ordaintzetik beren unibertsitate ikasketen lehen urtean.

Nafarroako Foru Komunitatean 2022-2023 ikasturtean Batxilergoko, Lanbide Heziketako edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetako Sari Berezia lortzen duten ikasleak matrikularen prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita egonen dira beren unibertsitate ikasketen lehen urtean. Saria tasak ordaindu ondoren ematen bazaie, sarituek eskabidea aurkeztuko diote unibertsitateari sariaren ziurtagiri batekin, tasak itzultzeko eskatuz.

i) Prezioen salbuespena, unibertsitate arteko titulu bikoitzen programetan.

Matrikularen prezioetan ezarritako prezio publikoak ordaintzetik salbuetsita geratuko dira Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatzen diren ikasleak, atzerriko unibertsitate batekin egindako mugikortasun akademikoko akordio baten ondorioz, unibertsitate arteko titulu bikoitza lortzeko helburuarekin eta elkarrekikotasuna badago ordaintzetik salbuesteko orduan.

VI.–Ikasketak aitortzeko prezioak.

VI.1. Ikasketak aitortzeko prozesuek III. eranskinean ezarritako prezio administratiboa ordaintzera behartuko dute.

VI.2. Graduko edo gradu ondoko ikasketetan (masterrean edo doktoretzan) matrikulaturiko kredituak aitortzeko, 822/2021 Errege Dekretuan xedaturikoarekin bat, ikasleek kasuan kasuko eranskinetan aipatzen diren prezioen %25 pagatuko diote Nafarroako Unibertsitate Publikoari. %10erainoko beherapena izanen da baldin aitortu beharreko kredituak Nafarroako Unibertsitate Publikoan egindako ikasketei badagozkie.

VII.–Eskolarik gabeko ikasgaiak.

Iraungitzeko dauden ikasketa planetako kredituetan matrikulatzeko, ikasleak kredituak osorik ordainduko ditu; baldin eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakaskuntza alternatiboa eskaintzen badu. Unibertsitateak irakaskuntza alternatiboa eskaintzen ez badu, unibertsitateari prezioaren %25 ordainduko zaio.

I. ERANSKINA.–GRADUKO IKASKETAK

GRADUKO TITULUAK

PREZIOA KREDITU BAKOITZEKO

1. MATRIKULA

2. MATRIKULA

3. MATRIKULA

4. MATRIKULA

1.–ESPERIMENTALTASUN GRADUA

Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza

15,10 euro

32,50 euro

70,50 euro

97,65 euro

Ekonomia

Zuzenbidea

Historia eta Ondarea

Haur Hezkuntzako Irakasletza

Lehen Hezkuntzako Irakasletza

Lan Harremanak eta Giza Baliabideak

Soziologia Aplikatua

Gizarte Lana

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Maisu-maistren gradu bikoitza

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Zuzenbideko gradu bikoitza

Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako eta Ekonomiako gradu bikoitzeko Nazioarteko Programa

2.–ESPERIMENTALTASUN GRADUA

Bioteknologia

21,38 euro

46,10 euro

99,95 euro

138,25 euro

Zientziak

Datuen zientzia

Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak

Erizaintza

Fisioterapia

Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritza

Ingeniaritza Biomedikoa

Ingeniaritza Elektrikoa eta Elektronikoa

Diseinu Mekanikoaren Ingeniaritza

Telekomunikazioetako Teknologietako Ingeniaritza

Industria Teknologien Ingeniaritza

Ingeniaritza Informatikoa

Ingeniaritza Mekanikoa

Ingeniaritza Termikoa

Elikagaien Prozesu eta Produktuen Berrikuntza

Medikuntza

Psikologia

Telekomunikazioetako Teknologietako Ingeniaritzako eta Ingeniaritza Biomedikoko gradu bikoitza

Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako eta Elikagai Prozesu eta Produktuen Berrikuntzako gradu bikoitza

Datu Zientzietako eta Bioteknologiako gradu bikoitza

Fisioterapiako eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradu bikoitza

ESPERIMENTALTASUN MISTOA

Datu Zientzietako eta Enpresen Administrazioko eta Zuzendaritzako gradu bikoitza

Lehenbiziko, bigarren, hirugarren edo hurrengo matrikulen prezioa izanen da matrikulatutako irakasgaiaren ikasketa planari dagokion esperimentaltasun mailaren araberakoa

II. ERANSKINA–MASTERREKO IKASKETAK

MASTERREKO TITULUAK

PREZIOA KREDITU BAKOITZEKO

1. MATRIKULA

2. MATRIKULA

3. MATRIKULA

4. MATRIKULA

LANBIDE ARAUTUETARAKO GAITZEN DUTEN UNIBERTSITATE MASTERRAK

Abokatutzarako eta Prokuradoretzarako Sarbidea

21,38 euro

34,00 euro

73,65 euro

102,00 euro

Ingeniaritza Agronomikoa

Telekomunikazioetako Ingeniaritza

Industria Ingeniaritza

Ingeniaritza Informatikoa

Bigarren Hezkuntzako irakasletza

Osasunaren arloko Psikologia Orokorra

LANBIDE ARAUTUETARAKO GAITZEN EZ DUTEN UNIBERTSITATE MASTERRAK

Ingurumen Agrobiologia

28,35 euro

73,65 euro

73,65 euro

73,65 euro

Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitza

Zibersegurtasuna

Komunikazio Aurreratuak eta Ikusmen Artifiziala

Enpresen Zuzendaritza

Proiektuen Zuzendaritza

Energia Berriztagarriak: Sorkuntza Elektrikoa

Enologia Berritzailea

Genero, Emakume eta Berdintasun gaiak

Informazio Sistema Integratuen bidezko Prozesuen Kudeaketa (ISI)

Historia eta Memoria

Ingeniaritza Biomedikoa

Materialen Ingeniaritza eta Fabrikazioa

Ingeniaritza Mekaniko Aplikatua eta Konputazionala

International Business

Gizabanako, Familia eta Taldeekiko Esku-hartze Soziala

Osasun Zientzietako Ikerketa

Modelizazioa eta Ikerketa Matematikoa, Estatistika eta Konputazioa

Laneko Arriskuen Prebentzioa

Kimika Sintetikoa eta Industriala

Osasun publikoa

Informazio Geografikoko sistemak eta Teledetekzioa

Elikagaien Industriako Teknologia eta Jasangarritasuna

Gaitzen ez duten gainerako unibertsitate masterrak, desagertzera bidean daudenak

MASTER BIKOITZAK

Abokatutzan Sartzeko eta Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako unibertsitate master bikoitza

Lehen, bigarren, hirugarren edo ondorengo matrikulen prezioa zehazteko, kontuan hartuko da irakasgaia gaitzen duen edo ez duen unibertsitate master batekoa den.

Informatikako eta Zibersegurtasuneko unibertsitate master bikoitza

Industriako Ingeniaritzako eta Enpresen Zuzendaritzako unibertsitate master bikoitza

Unibertsitate master bikoitza: Bigarren Hezkuntzako Irakasleak eta Historia eta Memoria

Unibertsitate master bikoitza: Informatika eta Zibersegurtasuna

Unibertsitate master bikoitza: Telekomunikazio eta Komunikazio Aurreratu eta Ikusmen Artifiziala

III. ERANSKINA.–BESTE PREZIO BATZUK: EBALUAZIOAK, PROBAK, TITULUAK LUZATZEA ETA KUDEAKETA ADMINISTRATIBOEN PREZIOAK

Ebaluazioak eta probak

Unibertsitatean sartzeko gaitasun probak

93,25 euro

25, 40 eta 45 urtetik gorakoendako sarrera probak

130,90 euro

Doktoretza tesiaren defentsa

171,40 euro

Hizkuntza gaitasuneko proba

35,80 euro

Goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluen homologazioa

–Gradu ondoko edo doktore tituluak

152,20 euro

–Lehen eta bigarren zikloko tituluak edo baliokideak:

1. Gaitasun proba

2. Praktikaldia

3. Proiektua edo lana

4. Tutoretzapeko ikasturtea: titulu ofizial bat lortzeko ikasketa planean baliokideak diren irakasgaien kredituak haren prezioarekin biderkatuko dira

171,40 euro

171,40 euro

171,40 euro

171,40 euro

Tutoretzak

Doktoretza tesiaren tutoretza akademikoa

81,75 euro

Karrera bukaerako proiektuetarako tutoretza

40,90 euro

Tutoretza akademikoa (99/2011 ED) (kurtso osoa)

323,35 euro

Tutoretza akademikoa (99/2011 ED) (doktoretza bigarren seihilekoan hasten duten lehen urteko ikasleentzat)

161,65 euro

Tituluak eta egiaztagiriak luzatzea

Diploma, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa (Tituluaren Europako Osagarriarekin)

191,55 euro

Lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza (TEOarekin)

191,55 euro

Gradua (TEOarekin)

191,55 euro

Ikasketa aurreratuen diploma

171,42 euro

Doktorea (TEOarekin)

287,25 euro

Unibertsitate masterra (TEOarekin)

191,55 euro

Tituluaren Europako osagarria (TEO)

65,60 euro

Tituluak bikoiztea

Diploma, arkitektura teknikoa edo ingeniaritza teknikoa

95,75 euro

Lizentzia, arkitektura edo ingeniaritza

95,75 euro

Gradua

95,75 euro

Ikasketa aurreratuen diploma

85,70 euro

Unibertsitate masterra

95,75 euro

Doktorea

143,65 euro

Tituluaren Europako Osagarria

32,30 euro

Zerbitzu administratibo akademikoak

Ikasketak egiten hasteko espediente akademikoa irekitzea

31,25 euro

Unibertsitateko txartelaren kopia

6,70 euro

Kudeaketa administratiboa

41,15 euro

Agirien konpultsa

12,20 euro

Ikasketen ziurtagiria

31,20 euro

Dokumentuak eta titulu ofizialak postaz bidaltzea lurralde nazionalaren barruan

7,20 euro

Dokumentuak eta titulu ofizialak postaz bidaltzea Europara

10,00 euro

Postaz bidaltzea munduko gainerako lekuetara

25,00 euro

Titulu ofizialak postaz bidaltzea Estatu Batuetara eta Kanadara

49,00 euro

Munduko gainerako lekuetara titulu ofizialak postaz bidaltzea

69,00 euro

Espedientearen lekualdatzea

31,20 euro

Kredituak aitortzeko eskaera (graduko eta masterreko ikasketak)

41,15 euro

Iragarkiaren kodea: F2308453