129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 7an hartua, Magnesitas Navarras SAk Artesiaga inguruan (Esteribar-Baztan) magnesita ustiatzeko sustatutako proiektua foru intereseko inbertsio deklaratzen duena.

Magnesitas Navarras SAk eskatu du foru intereseko inbertsio deklaratzea Artesiaga inguruan (Esteribar-Baztan) magnesita ustiatzeko proiektua.

Inbertsio-proiektu hau Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak ebaluatu dute, eta, proiektuaren ezaugarriak kontuan hartuta, proposatzen dute foru-intereseko inbertsio deklaratzea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko sinplifikazio administratiborako neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan jasotako ondorioetarako, arrazoi hauengatik: proiektuak ekarpena egiten die funtsezko hornigaiak edukitzeko autonomia eta segurtasunari, bat dator Nafarroako Gobernuaren plan eta politika publikoekin eta laguntzen du ingurunean biztanleria eta enplegua mantentzen, bai eta enpresa-proiektua Nafarroan bideragarria eta jarraitua izaten ere. Aipatutako guztiak ez du galarazten proiektuak behar dituen baimenak lortzea, Meatzeei buruzko uztailaren 21eko 22/1973 Legeari, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari eta Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari jarraikiz.

Proposatzen den bezala, foru intereseko inbertsio deklaratzen bada, proiektua garatzeko behar diren tramite administratiboei lehentasunezko eta presako bultzada emanen zaie Nafarroako administrazio publiko guztietan, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazio bideak errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuak, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Magnesitas Navarras SAk Artesiaga inguruan (Esteribar-Baztan) magnesita ustiatzeko sustatutako proiektua foru intereseko inbertsio deklaratzea, Enpresa edo lanbide jarduerak abian jartzeko xedearekin administrazio bideak errazteko neurriei buruzko abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Deklarazio honek inbertsio proiektua bukatu arte izanen ditu ondorioak.

2. Erabaki hau Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordera igortzea, abenduaren 9ko 15/2009 Foru Legearen 4. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta Magnesitas Navarra SAri jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko ekainaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308987