2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Jarduera lizentzia eta obra-lizentzia ematea.
Iwer-Matesan adinekoen egoitza
Iruñeko Udaleko Hirigintza, Etxebizitza eta Osasuneko zinegotzitza delegatuak ebazpen hau eman zuen, 2023ko martxoaren 9an:
RUS 09-MAY-23 (1/US).
«Marcos Escartin Miguelek, Obras Especiales Edificación e Infraestructuras SAUren ordezkari gisa, sustatutako LIO/2022/2567 espedientea aztertu da. Espediente horretan, eskatzen da jarduera sailkaturako eta obretarako lizentzia, Iwer-Matesan adinekoen egoitza izateko eraikinaren zati bat birgaitzeko (Marcelo Celayeta etorbidea 75), eta udal-txosten teknikoak ikusi ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. Ezestea Julián Ignacio Cañas Labairuk 2022ko azaroaren 10ean, Kelna SL sozietatearen izenean eta hura ordezkatuz, aurkeztutako alegazioa (2022/9360 erregistro zenbakia). Izan ere, hala 4/2006 Foru Legea nola 93/2006 Foru Dekretua eta 448/2014 Foru Agindua indargabetu zituzten 17/2020 Foru Legearen xedapen indargabetzaile bakarrak eta 26/2022 Foru Dekretuaren xedapen indargabetzaile bakarrak, eta Hirigintza Gerentziaren 2022ko abenduaren 12ko txosten baten arabera (ebazpen honi erantsi zaio), zilegi da lizentzia ematea jarraikiz ezarritakoari Plan Partzialaren Aldaketaren 31. artikuluan eta plan horretan aipatzen den gainerako araudian.
2. Eskatutako lizentzia ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:
a) Hirigintza prozedurari buruzko baldintzak:
Lizentzia oinarrizko proiektuarekin ematen da, Nafarroako Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 191.6 artikuluan xedatutakoaren arabera. Hirigintza-lizentzia eraginkorra izateko, Eraikuntzaren Kode Teknikoan zehaztutako Eraikuntza Proiektua aurkeztu beharko da.
b) Eraikuntzari buruzko baldintzak:
Lanak eskatutakoaren araberakoak izanen dira, eta obra osagarriren bat egiten bada, beste lizentzia bat beharko da.
Kontraesanik baldin badago, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoko eta Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialeko teknikariek 2022-11-21 eta 25, 2022-12-09, 2023-01-25 eta 2023-03-06 erregistro datekin aurkeztutako eranskinak lehenetsiko dira aurreko dokumentazioaren gainetik.
Lizentziaren xede den establezimendua 3. mailako eraikin batean dago, Iruñeko Udal Planaren Katalogoaren arabera. Esku-hartze guztiek eraikinaren balioak errespetatuko dituzte, fatxadak elementu interesgarritzat hartuko dira; hala ere, babes-araubideak eraikin osoari eragiten dio.
Panel fotovoltaikoak ezarriko dira Eraikuntzako Ordenantza Orokorraren 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, bertan ezarritako baldintzetara hertsiki egokituko dira, eta eraikinean dauden estalki-planoetan instalatuko dira, malda mantenduz, koplanatu motakoa.
Une oro instalatu eta mantenduko dira Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak 2022-10-29an sinatutako oinarrizko proiektuaren, Nafarroako Industria Ingeniarien Elkargo Ofizialak 2022-09-22an bisatutako jarduera sailkatuaren eta PCI instalazioen proiektuaren eta eranskinen erabilerarako segurtasun neurriak eta suteen aurkako prebentzio-neurriak.
Eragiten dioten xedapenetan, DB SUA erabileraren segurtasunean eta irisgarritasunean ezarritakoa beteko da, bai eta Nafarroan desgaitasuna dutenei arreta emateari eta beren eskubideak bermatzeari buruzko azaroaren 28ko 31/2022 Foru Legean ezarritakoa ere.
DB SUAren araberako komun irisgarriak, erabilera-segurtasuna eta irisgarritasuna (irisgarritasunari buruzko SUA 9 sekzioa) ibilbide irisgarri batekin komunikatuta egonen dira, eta Ø 1,50 m-ko diametroko biraketa-espazio bat izanen dute, oztoporik, berme-barrarik, mekanismo eta osagarri bereizirik, kanporantz eraisgarriak diren aterik edo ate lerragarririk gabekoa.
Eraikinaren estalkia zuzenean irisgarria izanen da, mantentze- eta garbiketa-lanetarako, eraikineko eremu komunetatik.
Tximiniek behar adinako estankotasuna bermatuko dute materialetan eta eraikuntzan, eta EITEa eta MINP Ordenantzaren 10. artikuluan ezarritako altuerak beteko dituzte.
Jardueraren eta hari lotutako instalazioen benetako funtzionamenduan sortzen den zarata-mailak bete behar ditu urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan (Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez) eta aplikatu beharreko beste araudi batzuetan ezarritako muga-balioak.
Igogailu, berokuntza, elektrizitate, gas eta abarren instalazioek Nafarroako Gobernuko Industria Zuzendaritzaren edo kasuan kasuko erakundeen nahitaezko baimenak beharko dituzte.
Iruñeko Hirigintza Gerentziaren baldintzak:
Beheko solairuan, egoitza komunitarioaren erabilera lagungarriak eta osagarriak baino ez dira prestatuko, hala nola eremu komunak, harrera, administrazioa, osasuna eta zerbitzuak.
Osasuna:
Exekuzio proiektuan, justifikatu beharko da indarrean dagoen osasun-araudia betetzen dela honako puntu hauei dagokienez:
–Sukaldeak lehengaiak garbitzeko harraska izanen du, bai eta behar adina konketa ere, lehengaiak prestatzeko, kozinatzeko eta platerean jartzeko eremuetatik hurbil, ur hotz eta beroarekin. Eskuak garbitzeko konketek eskuzkoa ez den eragintza-txorrota izanen dute (ukondoarekin eragiteko txorrotak ez dira onartuko), baita erabilera higienikorako osagarriak ere (xaboi dosifikagarria eta eskuak modu higienikoan lehortzeko sistema).
–Gela hotzak ezaugarri bereko konketa nahikoak izanen ditu.
–Berme-eremuak edo elementu neutroak izanen dituzte kozinatzeko ekipoen artean (labeak, suzko sukaldea, paella-ontzia, frijigailuak, fry topak...).
–Hondakin solidoak biltzeko ontziak hermetikoki ixtekoak eta pedalez irekitzekoak izanen dira.
–Kanpoaldearekin zuzenean komunikatzen duten ate, leiho edo bao irekigarriak itxita egonen dira edo intsektuen aurkako sareak izanen dituzte, intsektuak, araknidoak, karraskariak eta beste animalia batzuk, etxekoak izan edo ez, sartzea eta egotea saihesteko.
–Solairuetako garbiketa-biltegiak hondakin-uren zabortegia edo harraska izanen du, garbitzeko ura hartzeko eta hondakin-ura isurtzeko.
–Sukalde oso bat hartzeko espazio nahikoa duten solairuko officeek eskuzkoa ez den eragintza-txorrota izanen dute zoru-garbigailuan, ukondoarekin eragiteko txorrotak ez dira onartuko, eta erabilera higienikorako osagarriak izanen dituzte (xaboi dosifikagarria eta eskuak higienikoki lehortzeko sistema).
–Sukaldeko, gela hotzeko, garbiketa-biltegiko eta solairuko officeko ekipamendua eta altzariak jasotzen dituen planoa aurkeztuko dute.
Honekin batera eransten dira Barne Departamentuaren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuaren, Udaleko Osasun Arloaren eta Iruñerriko Mankomunitatearen txostenak, lizentziaren titularrak haietan jasotako baldintzak bete ditzan.
Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egiteko, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak dituen eraikitzaile bat kontratatu beharko da. Eraikitzaileak inskribatuta egon behar du Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren dagokion erregistroan.
Lanak hasteko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak hasi eta gehienez ere 18 hilabeteko epean amaitu beharko dira. Lizentzia hauek iraungitzat joko dira baldin epe horietan obrak hasi ez badira edo amaitu ez badira.
Langileen, eraikineko erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko neurri egokiak hartuko dira, indarrean dagoen legeriak horretarako xedatzen duenaren arabera. Segurtasun eta osasun koordinatzailearen eskakizunak beteko dira.
Auzoen atsedena babesteko, lanak egunez bakarrik eginen dira. Modu berean, hauts-emisioak erabat kontrolatuta egonen dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.
Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira, aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.
Obrak amaitu ondoren, honako hauek egin beharko dira: erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia Armada etorbidea 2-5 helbideko gure bulegoetan duzu eskura edo www.pamplona.es web-orrian), inprimakian ezarritako dokumentazioarekin batera, obra amaierako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera.»
Ebazpen honen aurka, hautara, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:
–Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita; edo bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita.
Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, jarraikiz xedatutakoari martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan (foru dekretu horren bidez onesten da Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.
Iruñean, 2023ko ekainaren 1ean.–Alkatea, Enrique Maya Miranda.
Iragarkiaren kodea: L2308785