2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
LIZARRA
Ordenantza, etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duena. Behin betiko onespena
Lizarrako Udalak, 2023ko martxoaren 30ean egin bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen udal ordenantza.
Onespenaren erabakia 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 18an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza horretan egin aldaketa behin betiko onetsi, eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan. Hori guztia, bat etorriz 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Lizarran, 2023ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Koldo Leoz Garciandia.
ORDENANTZA FISKALA, OKUPATU GABEKO ETXEBIZITZEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA
2. ORDENANTZA
Oinarria edo xedapen orokorra
1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen II. tituluko VIII. kapituluan –184.etik 191.era bitarteko artikuluak, biak barne– xedatutakoaren babesean (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea).
Zerga-egitatea
2. artikulua. Zerga-egitatea da udalerrian dauden etxebizitzen titulartasuna. Baldin eta horiek Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda badaude.
Subjektu pasiboak
3. artikulua. Zergaren subjektu pasiboak dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, eta nortasun juridikorik izan ez arren, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta:
a) Etxebizitza hutsen gaineko jabetza-eskubidearen titular badira, etxebizitza horien gainean bestelako gozamen- edo xedapen-eskubide errealik ez denean.
b) Etxebizitza hutsen gaineko gozamen- edo xedapen-eskubide erreal baten titular baldin badira, eskubide hori jabeari ez dagokionean.
Salbuespenak
4. artikulua. Zergaren aplikaziotik salbuetsita daude:
a) Etxebizitzen titularrak funtzionario publikoak badira, eta haiek etxebizitza dagoen herritik kanpora betetzen badituzte beren eginkizunak, aplikatzen ahal zaien legediari jarraikiz.
b) Etxebizitzen titularrak beren ohiko bizileku den herritik aldi baterako kanpora joan behar izan duten langileak badira, hori gertatu denean arrazoi teknikoengatik, antolamendukoengatik nahiz ekoizpenekoengatik, edo enpresa-jarduerari lotutako kontratazioengatik, edo langile horiek mugigarritasun geografikora beharturik egoteagatik.
c) Administrazio Publikoaren esku jarri diren etxebizitzak (Nasuvinsa edo kasuan kasuko entitatearen esku), gizarte-alokairurako erabiltzeko.
Betiere exentzioa etxebizitza bakar batek izanen du.
Zerga-oinarria
5. artikulua. Zerga-oinarria izanen da indarrean dagoena hiri-lurraren gaineko kontribuzioaren ordainarazpenerako.
Zerga-kuota
6. artikulua. Zerga honen kuota izanen da zerga-oinarriari karga-tasa aplikatzetik ateratzen dena.
Karga-tasa
7. artikulua. Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.
Zergaren sortzapena
8. artikulua. 1. Zerga lehen aldiz sortuko da etxebizitza hutsik dagoela deklaratzen duen kasuko ebazpena ematen denean.
2. Gero, zerga urte bakoitzeko lehen egunean sortuko da, etxebizitza Etxebizitza Hutsen Erregistroan alta emanda dagoen bitartean.
3. Kuotak seihilekoak izanen dira, seihileko naturalekoak, eta horien barnean, zatiezinak eta ezin murriztuak.
4. Subjektu pasiboek, dagokion espedientea izapidetuz, eskatzen ahalko dute itzul dakiela zergaren sortzapen-aldiari dagozkion kuoten zati proportzionala, etxebizitzak okupatzen diren unetik aurrerakoa.
Zergaren kudeaketa
9. artikulua. Zergaren ordainarazpena eginen da Etxebizitza Hutsen Udal Erroldan oinarriturik.
2. Aurreko zenbakian xedatutakoaren ondorioetarako, departamentu eskudunak ofizioz jakinaraziko dizkio udal bakoitzari Etxebizitza Hutsen Erregistroan gertatzen diren altak eta bajak, kasuko udalerriari dagozkionak.
3. Erregistroan alta emanda, udalak titularrari jakinaraziko dio alta hori, eta adieraziko dizkio zerga-oinarria eta indarrean den karga-tasa.
10. artikulua. Zerga kudeatzeko, lur-ondasunen gaineko kontribuzioa kudeatzeko erabiltzen diren arau berak erabiliko dira, eta batera eginen dira kasuko likidazioak eta kobrantza-dokumentuen igorpenak.
Arau-hausteak eta zehapenak
11. artikulua. Arau-hauste eta zehapenei dagozkien afera guztietarako, Ordenantza fiskal orokorrean xedatutakoari eginen zaio men.
LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA
Ordenantza honen aldaketak indarrean jarriko dira eta aplikatuko dira behin betiko onesten direnetik aurrera.
TARIFEN ERANSKINA
Karga-tasa
Lehen urtea: %0,5.
Bigarren urtea: %1.
Hirugarren urtea eta hurrengoak: %1,50.
Iragarkiaren kodea: L2308840