129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko ekainaren 17an hartua, Ablitasko gaztelua (Ablitas, Nafarroa) izeneko monumentuaren babes ingurunearen behin betiko mugaketa onesten duena.

Ablitasko udalerrian dagoen Ablitasko gaztelua izeneko monumentuak monumentu historiko-artistikoaren izaera du, Espainiako gazteluak babesten dituen 1949ko apirilaren 22ko Dekretuaren arabera. Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen bigarren xedapen gehigarriak kultur interesekotzat jotzen ditu 1949ko apirilaren 22ko Dekretuak bere baitan hartzen dituen ondasunak.

Gaztelua babesteko ingurunea ekainaren 16ko 163/1997 Foru Dekretuaren bidez mugatu zen, Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen aurreikuspenarekin bat etorriz.

Jatorrian, gazteluak maila gehiago zituen beherago. Mugaketan ez ziren sartu inguruko beste lurzati batzuk, garai hartan zeuden eraikinek galarazten zutelako hango aztarnak ikustea. Ipar-ekialdean eta ipar-mendebaldean gazteluaren mugakide den 171. lurzati zabalean zeuden eraikinak berriki eraitsi direnez, agerian geratu dira gazteluaren beste aztarna batzuk. 170. lurzatiaren aldameneko beste lurzati txiki batzuetan ere gauza bera gertatu da, neurri txikiagoan. Horri gehitu behar zaio gazteluaren dorrea berriki zaharberritu dela eta beste hobekuntza-jarduketa batzuk egin direla aztarnak dauden lurzatietan. Arrazoi horiek direla eta, Ablitasko Udalak eskatu du Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Ondare Historikoaren Zerbitzuak berrikus eta zabal dezala Ablitasko gaztelua kultur intereseko ondasunaren ingurunearen mugaketa.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen arabera, espedienteak tramite hauek behar ditu: behin-behineko mugaketa, jendaurreko informazio fasea eta behin betiko onespena, Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez.

Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiaren martxoaren 28ko 59/2023 Ebazpenaren bidez, behin-behinekoz mugatu zen Ablitasko udalerrian (Nafarroa) dagoen Ablitasko gaztelua izeneko monumentuaren babes ingurunea, eta espedientea jendaurrean egoteko epea ireki zen. Ebazpen hori 2023ko 81. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 20koan. Ez da espedientearen aurkako alegaziorik jaso.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak, 2023ko maiatzaren 24an, mugaketaren aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak, Kultura eta Kiroleko kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Ablitasko gaztelua (Ablitas, Nafarroa) izeneko monumentuaren babes ingurunearen mugaketa onestea.

2. Ablitasko gazteluaren babes ingurunea honakoek definitzen dute: Ablitasko udalerriko 2. poligonoko 170., 150., 151., 154., 155., 156., 157., 159., 160., 161., 162., 163., 164., 165., 166., 167., 168., 169. eta 171. lurzatiak, Subida Graneros kalearen tarte bat –169., 170. eta 171. lurzatien artean dagoena–, Castillo kalearen tarte bat –160. lurzatitik 150. lurzatira bitartekoa–, Subida al castillo kaleko lurzatietako atzealdeen eta 170. lurzatiaren mendebaldeko ertzaren arteko bide-lurzatia, eta Castillo kalearen ezponda, 170. eta 171. lurzatien aldamenekoa, 149., 123. eta 969. lurzatietaraino.

Eremu horretarako proposatzen diren babes neurriak Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 36. artikuluan ezarritakoak dira, hots: beharrezkoa izanen da kultura arloko departamentu eskudunak baimena ematea edozein esku-hartzetarako.

3. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Erabaki honek administrazio bidea amaitzen du, eta horren aurka, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean edo, bestela, zuzenean, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan aurkaratzen ahal da, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1988 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2023ko ekainaren 7an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308984