129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

470E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten baita Anueko Udalak sustatutako Anueko Udal Plan Orokorrari buruz. Plan horretan, ingurumen azterketan identifikatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak txertatu beharko dira.

Anueko Udal Plan Orokorrak 1997az geroztik indarrean egon den plangintza ordezten du, eta udal eremu osoari eragiten dio, 61,4 km²-ri guztira.

Hirigintza planak ibarraren lurralde ereduari jarraipena ematen dio. Olagueko herriguneak eta zenbait landagune txikik (Aritzu, Egozkue, Leazkue, Etulain, Burutain eta Etsain) osatzen dute, guztiak ere sakabanatuak eta Mediano ibaiaren ibai sistemaren eta bide sare nagusiaren inguruan egituratuak.

Anueko Plan Orokorraren funtsezko helburuak dira egun dauden hiri-ehunak bermatu eta mantentzea eta hedatze eremu berriekin egoki lotzea, baina alde batera utzi gabe gaur egungo guneetako paisaia mantentzea, bizitegietarako eta zuzkiduretako lurzoru beharrei erantzutea, kultur ondarea babestea eta herritarrei zerbitzu emateko behar diren sistema orokorrak aurreikustea.

Plan Orokorra tramitatzeko prozesuan zehar, zenbait aldaketa erantsi dira, helburu dutenak landaguneen antolamendua eta hiri-lurzoruen mugaketa egokitzea herritarren eta ibarraren eskakizun eta beharretara, lurralde ereduari eutsiz, betiere. Landagune guztien inguruan lurzoru urbanizaezineko erreserbak ezarri dira, garapen eredua zaintzeko lurzoru izendatuta, eta gune bakoitzaren inguruan paisaia aldetik balioa duten esparruak nabarmendu dira, betiere haien irudia eta herrigunetik eta herrigunerantz dagoen paisaiaren pertzepzioa babestearren.

Jarduera ekonomikoetarako eremuen aurreikuspenari dagokionez, Oianaundi parajean egindako lurzoru erreserba mantentzen da, garapen eredua zaintzeko lurzoru gisa.

Ingurumenaren ikuspegitik, bizitegietarako proposamenak ez du ingurumen ukipen nabarmenik eragiten, herriguneekin muga egiten duten lurretan egitea proposatzen baita, non ez baita identifikatzen ingurumenaren aldetik garrantzi berezia duen elementu edo lekunerik.

Landa lurzoruaren antolamendua abiatu da udalerrian dauden balio ekologiko handieneko lekune eta elementuak aitortzetik, hala nola Belate Kontserbazio Bereziko Eremua (Belate KBE) eta Mediano ibaiaren inguruan egituratzen den ibai sarea. Lurralde konektagarritasunerako eremu horietan pagadi azidofiloak, hariztiak, larreak eta txilardiak daude, intereseko zohikaztegiekin batera, eta haien ondoan paisaia kulturalak, non bat egiten duten nekazaritzako eta abeltzaintzako erabilerek eta zuhaixka-heskaien, zuhaiztien eta belardien kontserbazioak. Intereseko elementu kultural gisa, Donejakue bide baztandarra eta ibarrean barna sakabanatutako aztarnategi arkeologikoak sartu dira.

Behin-behineko onespeneko dokumentazio osoa aztertuta, Biodibertsitatearen Zerbitzuak aldeko txostena eman du.

Horrenbestez, espedientean dauden txostenak ikusirik, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura egoki egin dela iritzita, eta honako hauek ematen dizkidaten eskumenak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak,

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen adierazpen estrategikoa egiten da Anueko Udalak sustatutako Anueko Udal Plan Orokorrari buruz. Plan horretan, ingurumen azterketan identifikatutako prebentzio eta zuzenketa neurriak txertatu beharko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Anueko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2308412