129. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

171E/2023 EBAZPENA, ekainaren 12koa, Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honen deialdia onesten duena: "Eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzak". DDBN identifikazioa: 702365.

2030erako Nafarroako Energia Planak helburu du, besteak beste, energiaren kontsumo efizientea sustatzea, energia berriztagarriek energiaren azken kontsumoan egiten duten ekarpena handitzea, erregai fosilen erabilera murriztea, garraioan energia berriztagarrien erabilera handitzea eta komunitate energetikoak sustatzea, eta horrela, berotegi-efektuko gasen isuria murriztea.

Bizitegien eta merkataritzaren sektoreetan berotegi-efektuko gasen isuriak nabarmenak dira, eta hor aukera handiak daude isuri horiek murrizteko edo konpentsatzeko.

Hori dela eta, 2023an eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzen deialdi honen helburua da 2030erako Nafarroako Energia Planean eta Klima-aldaketari eta Energia-trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean deskribatutako helburuak lortzen laguntzea.

Era berean, dirulaguntza hau Nafarroako Dirulaguntzen 2023ko Plan Estrategikoan sartuta dago.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak,

EBAZTEN DUT:

1. "Eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko laguntzak" emateko 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. Deialdi honetako konpromisoak betetzeko, honako gastu hauek baimentzea:

Aurrekontu-partida: 820001 82500 4809 425210 Eraikinetako ziurtapenak egiteko laguntzak.

Ekitaldia: 2023.

Zenbatekoa: 200.000 euro.

4. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko ekainaren 12an.–Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Uxue Itoiz Mariñelarena.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria. Xedea.

Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko ekainaren 30eko 2021/1119 (EB) Erregelamenduak neutraltasun klimatikoa lortzeko esparrua ezarri zuen, eta, halaber, haren bidez aldatu ziren 401/2009 (EE) eta 2018/1999 (EB) erregelamenduak ("Klimari buruzko Europako legeria").

(EB) Erregelamendu horrek zuzenbidean jasotzen du Europar Batasunaren helburua, neutraltasun klimatikoa 2050erako lortzearena, eta horrez gain helburu lotesle bat ezartzen du, hemendik 2030era bitartean berotegi-efektuko gasen isurketa netoak gutxienez %55 jaistea, 1990eko isurketa-mailekiko. Helburu lotesle hori dela eta, Europar Batasuneko instituzioak eta estatuak, modu kolektiboan, derrigortuta daude behar diren neurriak hartzera.

Laguntzen deialdi honen xedea da laguntza ematea aipatu erregelamendu horretan ezarritako helburuak erdiesteko, helburu horiek bat baitatoz 2030erako Nafarroako Energia Planean ezarritakoekin. Horretarako, bada, 2023an eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egin daitezen sustatuko du.

Energia-efizientziaren ziurtapenen gutxieneko edukia zehazturik dago deialdiaren II. eranskinean (deialdiaren fitxan ikus daiteke).

2. oinarria. Onuradunak.

1. Subjektu hauek jasotzen ahalko dute dirulaguntza:

a) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzeko jarduera ekonomikorik garatzen ez duten pertsona fisikoak.

b) Pertsona fisikoen taldeak.

c) Merkatuan ondasunak edo zerbitzuak eskaintzen dituzten jarduera ekonomikoak garatzen dituzten pertsona fisikoak; hala bada, ekonomia jardueren gaineko zergan alta emanda egon beharko dute, edo, bestela, dagokien tributazio araubidean sartzeko aitorpena egina izan.

d) Jabeen erkidegoak, Jabetza Horizontalaren uztailaren 21eko 49/1960 Legeak araututakoak.

Laguntzen azken hartzaileak pertsona fisikoak badira, Espainiako nazionalitatea izan beharko dute, edo Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko estaturen batekoa edo Suitzakoa. Europar Batasunetik kanpoko atzerritarren kasuan, Espainian izan beharko dute legezko bizilekua.

2. Jarduketa diruz lagungarrien xede diren bizitzek edo eraikinek Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean kokatuta egon beharko dute.

3. Hauek dira onuradun izateko betebeharrak:

a) Egoitza fiskala Espainian izatea.

b) Eraikin baten edo haren zati baten edo familia bakarreko etxebizitza baten jabe, edo bizitegi kolektiboaren tipologiako eraikinen jabe-erkidegoak edo jabe-erkidegoen taldeak izatea, Jabetza Horizontalari buruzko uztailaren 21eko 49/1960 Legearen 5. artikuluan xedatutakoaren arabera eratuta badaude; gai horretan, bete beharko da ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan ezarritakoa, arau horrek eraikinen energia-efizientziaren ziurtapenerako oinarrizko prozedura onesten baitu.

c) Inolako administrazio zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ez egotea sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik, eta ez egotea arrazoi horiek direla-eta ezarritako epai edo zehapen bat betetzeko zain.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaeraren inprimakian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Interesdunak horri berariaz uko egiten badio eskaeran, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

e) Aurretik Administrazioak emandako edozein laguntza edo dirulaguntza itzultzeko betebeharrik ez izatea bete gabe, eta emandako laguntza edo dirulaguntzaren bat berreskuratzeko agindu baten mende ere ez egotea, agindua eman bada laguntza legez kanpokoa eta barne merkatuarekin bateraezina dela deklaratu delako Europako Batzordearen erabaki baten ondorioz, edo emateko erabakia hartzean ezarritako baldintzak, era batean edo bestean, bete ez direlako.

4. Atal honetako betekizunak laguntzen eskaeran dagoen erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko dira.

5. Laguntza hauetatik kanpo daude eraikin hauek:

a) 2007ko apirilaren 30etik aurrera eraikitzen hasi direnak edo obra lizentzia eskatu dutenak, edo proiektuak Administrazio publiko eskudunek data horretatik aurrera gainbegiratu eta onartuak edo lanbide elkargoek ikus-onetsiak dituztenak.

b) Azalera erabilgarri osoa 500 m²-tik gorakoa duten eraikinak edo eraikin zatiak, erabilera hauekin:

1. Administrazioa.

2. Osasuna.

3. Merkataritza: dendak, supermerkatuak, saltoki handiak, merkataritza-guneak eta antzekoak.

4. Bizitegi publikoa: hotelak, hostalak, egoitzak, ostatu-etxeak, apartamentu turistikoak, landetxeak, kanpaleku turistikoak, aterpetxe turistikoak eta antzekoak.

5. Irakaskuntza.

6. Kultura: antzokiak, zinemak, museoak, auditoriumak, biltzar zentroak, erakusketa aretoak, liburutegiak eta antzekoak.

7. Jolas-jarduerak: kasinoak, joko-aretoak, dantzalekuak, diskotekak eta antzekoak.

8. Ostalaritza: tabernak, jatetxeak, kafetegiak eta antzekoak.

9. Pertsonen garraioa: geltokiak, aireportuak eta antzekoak.

10. Kirola: gimnasioak, kiroldegiak eta antzekoak.

11. Gurtza-lekuak, erlijiokoak eta antzekoak.

12. Industria.

c) Eraikinaren Ikuskapen Teknikoa edo ikuskapen baliokidea nahitaez egin behar dutenak, 50 urteko edo gehiagoko eraikinak.

d) Bi urteko edo gutxiagoko erabilera epe aurreikusia duten behin-behineko eraikinak.

e) Eraikin independenteak, hots, beste eraikin batzuekin kontaktuan ez daudenak eta 50 m²-tik beherako azalera erabilgarria dutenak osotara.

f) Eraisteko edo 390/2021 Errege Dekretuaren 3.1 artikuluko d) letran zehazten diren erreformak egiteko erosten diren eraikinak.

3. oinarria. Gastu diruz lagungarriak, gauzatzeko epea, aurrekontua eta dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Laguntza hauen helburua da Nafarroan dauden eraikinen edo eraikin-zatien eta familia bakarreko etxebizitzen energia-efizientziaren ziurtapenak egitea.

Energia-etiketen gutxieneko edukiak oinarri hauen II. eranskinean zehaztutakoa bete beharko du (deialdiaren fitxan dago eskuragarri).

Ziurtapena teknikari aditu batek eginen du. Ekainaren 1eko 390/2021 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera, teknikari aditutzat hartuko da eraikuntza-proiektuak idazteko, obrak zuzentzeko eta eraikuntza-obren exekuzioa zuzentzeko gaitzen duen edozein titulazio akademiko edo profesional duen teknikaria, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean ezarritakoaren arabera, edo energia-efizientziaren ziurtagiriak sinatzeko gaikuntza duena. Halaber, teknikari aditutzat jotzen dira atal honetan deskribatutako lanbide arautuetan jarduteko gaikuntza duen unibertsitate-tituluren bat duten teknikariak, Unibertsitate-ikasketa Ofizialen Antolamendua ezartzen duen urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuaren 12.9 artikuluan xedatutakoaren arabera.

Teknikari aditutzat hartzeko eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, Europar Batasuneko beste estatu batetik datozen dokumentuak onartuko dira, baldin eta horietatik ondorioztatzen bada betekizun horiek betetzen direla, zerbitzu-jardueretan askatasunez sartu eta aritzeari buruzko azaroaren 23ko 17/2009 Legearen 17.2 artikuluan aurreikusitako baldintzetan.

2. Gastu hauek ez dira diruz lagungarriak izanen:

BEZa, onuradunak berreskuratu edo konpentsatu dezakeenean. Halakoetan, eskaeran adierazi beharko da.

3. Jarduera diruz lagungarrian lanean hasi aurretik aurkeztu behar da eskaera.

4. Laguntzaren xedeko jarduketak amaitzeko eguna 2023ko urriaren 31 izanen da, beranduenez.

5. Deialdi honi 200.000 euro esleitu zaizkio, 2023ko gastuen aurrekontuko "Eraikinetako ziurtapenak egiteko laguntzak" izeneko 820001 82500 4809 425210 partidaren kargura.

6. Energia-ziurtapenaren kosturako laguntzen zenbatekoa jarduketaren zenbatekoaren %80 izanen da.

7. Nolanahi ere, laguntzaren gehieneko zenbatekoa hau izanen da:

Bizitegi-sektorearen kasuan (eraikin osoa, lokalak, bizitzak eta familia bakarreko etxebizitzak barne hartzen dituen eraikin osoa):

ETXEBIZITZA KOPURUA

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu ezin den BEZa)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu daitekeen BEZa)

100 m² baino gutxiagoko azalera garbia duen etxebizitza 1

100 euro

120 euro

100 m² baino gehiagoko azalera garbia duen etxebizitza 1

120 euro

144 euro

2 eta 19 etxebizitza artean ("n" etxebizitza)

120+(50(n-1))

144+(60(n-1))

20 eta 150 etxebizitza artean ("n" etxebizitza)

1.020+(25(n-19))

1.224+(30(n-19))

150 etxebizitza baino gehiago ("n" etxebizitzak)

4.295+(15(n-150))

5.000

Bizitegietakoa ez den sektorea:

AZALERA GARBIA m² (1)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu ezin den BEZa)

LAGUNTZAREN GEHIENEKO BALIOA

(euroak, diruz lagundu daitekeen BEZa)

150 m² gehienez

1

1.2

151 eta 250 m² artean ("S" m²)

150+(0,8(S-150)

180+(0,8(S-150)

250 m²-tik gorakoa ("S"m²)

230+(0,6(S-250)

260+(0,6(S-250)

Ziurtatutako eraikin bakoitzeko, 5.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

Gehieneko zenbateko horiek eraikinei dagozkie; posible da, beraz, eskatzaile bat laguntza baten baino gehiagoren onuradun izatea, eta halakoetan, muga bakarra establezimendu bakoitzerako ezarritako 5.000 euroko zenbatekoa izanen da. Onuradun bakoitzeko, 10.000 euro da gehieneko zenbatekoa.

8. Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

4. oinarria. Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta mugaegunaren hilabetean argitalpen egunaren zenbaki bera duen egunean bukatuko da.

2. Laguntza eskaerak, eta une horretan –edo hurrengo urratsetan– eskatzen diren frogagiri guztiak aurkezteko, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan dauden inprimakiak eta ereduak (hemendik aurrera laguntzen fitxa) erabili behar dira.

–Jabeen erkidegoen eta pertsona fisikoen elkarteen kasuan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 8.3 artikuluan jasotako kasuren batean: eskaerak nahitaez telematikoki aurkeztuko dira, laguntza-fitxan dagoen inprimakia erabiliz. Inprimaki hori telematikoki betetzen da tramitatzen den bitartean. Fitxaren bidez tramitazioa amaitzean, eskaeraren egiaztagiria sortuko da, eta inprimakian adierazitako datuak jasoko ditu.

–Pertsona fisikoek, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dituzte, 14. oinarrian eta aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz, edo bestela aurrez aurre, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aurreikusitako tokietako edozein erabiliz.

3. Eskaera tramitatzean, pertsona fisikoek aukera izanen dute erantzuna telematikoki jaso nahi duten adierazteko, gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GHEb).

Laguntzen fitxan eskura dagoenaren araberakoa izanen da eskaerari erantsi behar zaion dokumentazioa, eta eskaneatuta, agiri bereizietan eta zein bere izenarekin behar bezala identifikatuta aurkeztu beharko da (adibidez, "Eskaera telematikoa", etab.). Hauek dira agiriak:

a) Eskatzailearen NAN, AIZ edo IFZren kopia eta, hala bada, haren ordezkariarena.

b) Eskaeraren egiaztagiria, jarduketaren eta laguntza eskatzen duenaren datuekin, eta 7. oinarriko b) letrako erantzukizunpeko adierazpena.

c) Jabeen erkidegoak: erkidegoko lehendakariaren izendapena jasotzen duen aktaren kopia. Finken administrazioek kudeatutako jabeen erkidegoen kasuan, eskaera egiten duen pertsonaren ordezkaritza-ahalmenen egiaztagiria aurkeztu beharko da.

d) Ziurtatuko den eraikinaren datuak, honako hauek adierazita:

–Eraikinaren izena. Helbidea, herria, posta-kodea, eraikinaren erabilera eta katastroko erreferentzia.

–Bizitzeko azalera erabilgarria edo erabilgarria m²-tan eta, hala badagokio, etxebizitza kopurua.

–Eraikuntzaren urtea.

e) Aurrekontua.

5. Energia-efizientziaren ziurtapen bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko da.

6. Aurkeztutako dokumentazioak ez baditu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 66. artikuluko betebeharrak betetzen, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak interesdunari eskatuko dio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio ezen, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Oinarri honen 4. atalean eskatzen den dokumentazioa aurkezten ez bada, ezin izanen da inola ere zuzendu.

5. oinarria. Laguntzak emateko prozedura.

1. Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz emanen dira. Hori dela eta, eskaerak 3. oinarrian ezarritako irizpideekin bat ebaluatuko dira, eta dirulaguntzaren intentsitatea ebaluazio horren emaitzaren arabera zehaztuko da.

Eskaerak zein hurrenkeratan aurkezten diren, horren arabera tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

Aipatutako foru legearen 17.1 artikuluan aurreikusitakoarekin bat, Nafarroako Gobernuaren 2023ko maiatzaren 10eko 3251/2023 Erabakiaren bidez baimena eman zitzaion Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiari 2023. urtean eraikinetan energia-efizientziaren ziurtapenak egiteko dirulaguntzak emateko, banakako ebaluazioaren araubidean.

Laguntzen zenbatekoa 3. oinarrian adierazitakoa izanen da.

2. Plan Energetikoaren Atalak oinarri hauetan ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

Industriaren, Energiaren eta S4 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia da organo eskuduna dirulaguntza emateari buruz ebazteko.

Ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie eskatzaileei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta bertan azalduko dira, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda eta, hala badagokio, ezetsi diren eskaerak, eta, horien artean, aurrekontuko mugagatik ezetsitakoak.

Ezarritako gehieneko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi gabe, eskaerak administrazio isiltasunez ezetsitzat jotzen ahalko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago laguntzak onartu edo ukatzeko berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

3. Baldin eta dirulaguntza onartu ondoren deklaratzen bada dirulaguntza kobratzeko eskubidea galdu dela edo onuradunen batek dirulaguntzari uko egiten badio eta, horren ondorioz, nahikoa kreditu askatzen bada, diru hori erabiltzen ahalko da behar adina aurrekontu ez egoteagatik hasiera batean ezetsi ziren eskaerei erantzuteko.

6. oinarria. Dirulaguntzen justifikazioa eta ordainketa.

1. Onuradunek 2023ko urriaren 31 baino lehen justifikatu beharko dute laguntzaren xede diren jarduketak egin dituztela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko dute, 4. oinarriko 2. atalean aurreikusitako moduan:

a) Gastu diruz lagungarrien guztizkoari dagokion fakturaren edo fakturen fotokopia(k), eta ordainagiriena(k).

b) Ziurtagiri energetikoari dagozkion fitxategi informatikoak.

c) Eraikinaren kodea agerian duen energia-etiketa.

d) Energia-ziurtapena egin den eraikinera egindako bisita presentzialaren akta, eguna eta ordua adierazita, kalifikazio energetikoa egiten duen teknikariak eta laguntzaren eskatzaileak edo haren ordezkariak sinatuta.

e) Deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen txantiloiaren arabera, honako alderdi hauek adierazten dituen memoria:

–Eraikinaren datu garrantzitsuenak.

–Azken bi urteetako energia-kontsumoak: elektrizitatea, gas naturala, gasolioa eta abar, 390/2021 Errege Dekretuan alderdi horri buruz jasotakoa betez.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeei aplikatzen ahal zaizkien eta indarrean dauden laguntza-programak.

–Eraikinean kalifikazio energetikoa hobetzeko gomendioak eta hartu beharreko neurri zehatzak, harik eta B klasea edo gutxienez dagoena baino bi letra goragokoa izatea lortu arte.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko beharrezkoak diren esku-hartzeen kostua, gutxi gorabeherakoa.

–Ziurtagiria hobetzeko gomendioetan proposatutako sailkapen energetikoa lortzeko behar diren esku-hartzeen amortizazio-aldia, gutxi gorabeherakoa, kontuan harturik kostua, eskuragarri dauden laguntzak eta energia-aurrezpen potentziala.

2. Ordainketa eskaera eta dokumentazioa osorik eta egintza bakar batean aurkeztuko dira. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa osoa ez bada edo akastuna bada, onuradunari eskatuko zaio zuzen dezala 10 egun balioduneko epean, 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin bat.

3. Justifikazioa egiten bada ezarritako epea bukatu ondoren, baina, betiere, hurrengo 10 egun balioduneko epearen barnean, kobratu beharreko dirulaguntza %5 murriztuko da. Denbora gehiago igaro bada, laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela deklaratuko da.

4. Laguntza justifikatzeko dokumentazioa atal honetan ezarritako epean aurkezten ez bada, laguntzarako eskubidea galduko da.

Frogagiriak aztertuta, kudeaketa organoak organo eskudunari igorriko dio ordainketa egiteko ebazpenaren proposamena. Horrekin batera, txosten bat aurkeztuko da, ziurtatzen duena betetzen direla dirulaguntza emateko arrazoi izandako xedeak eta onuradunek betetzen dituztela dirulaguntza kobratzeko eskubidea ematen duten baldintzak.

5. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak dirulaguntza ordaintzeko ebazpena emanen du frogagiriak aurkezten direnetik hiru hilabeteko epean.

7. oinarria. Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Diruz lagundutako jarduketa egin eta justifikatzea aurreko oinarrian ezarritako moduan.

b) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 9. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako. Jakin bezain laster egin behar da jakinarazpena.

c) Onartutako laguntzei uko eginez gero, horren berri ematea organo kudeatzaileari.

d) Onuradun izateko baldintza da, bai laguntza onartu aurretik eta bai onartutako dirulaguntza likidatu arte, zerga arloko eta Gizarte Segurantzako betebeharrak egunean izatea, bai eta dirulaguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa ere, kasua bada.

e) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Energia-etiketen gutxieneko edukiak oinarri hauen II. eranskinean zehaztutakoa bete beharko du (deialdiaren fitxan dago eskuragarri).

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Hala ere, enpresa deslokalizazioa gertatuz gero, 18/2020 Foru Legearen 7. artikuluan ezarritako baldintzen arabera itzuliko da dirulaguntza.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da. Zehazki, laguntza %5 murriztea aurreikusi da baldin eta diruz lagundutako jarduketaren justifikazioa 6. oinarrian ezarritako epean egiten bada.

4. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen jarduketak egiten ahal ditu; hain zuzen ere, dirulaguntzak jaso dituzten kontzeptuak benetan gauzatu direla egiaztatzeko, bai eta funtsak zertarako eman diren, horretarako erabili direla egiaztatzeko ere.

8. oinarria. Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Betiere, jarduera bererako emandako dirulaguntzen zenbatekoak, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen du gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

9. oinarria. "De minimis" laguntzak.

Deialdi honetako dirulaguntzak "de minimis" laguntzak dira, Europako Batzordeak 2013ko abenduaren 18an emandako 1407/2013 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera. Erregelamendu horren xedea da Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak "de minimis" laguntzei aplikatzeko modua xedatzea (2013ko L 352 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 24koa). Erregelamendu horren aplikazio aldia 2023ko abenduaren 31ra arte luzatu da Batzordearen 2020ko uztailaren 2ko 2020/972 (EB) Erregelamenduaren bidez (2020ko L 215/3 Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, uztailaren 7koa).

Erregelamendu horrekin bat, enpresa bakar bati hiru zerga ekitaldiko edozein alditan emandako "de minimis" laguntza guztien batura ezin da 200.000 eurotik gorakoa izan. Aipatu erregelamenduaren 2.2 artikuluan ezarrita dago enpresa bakarraren definizioa.

Horretarako, interesdunek kasuan kasuko zerga ekitaldian eta aurreko bi zerga ekitaldietan hartutako bestelako "de minimis" laguntzak aitortu beharko dituzte eskaera-orrian.

10. oinarria. Baliabide elektronikoen bidezko harremanak.

Pertsona juridikoek telematikoki aurkeztu beharko dituzte nahitaez laguntza eskaerak eta gainerako dokumentazio guztia Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoan dagoen laguntzen fitxaren bidez.

Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, eskatzaileen gaitutako helbide elektroniko bakarraren bidez (GEHb). Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-inprimakian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

Pertsona fisikoek, ahal dutela, dokumentazioa bitarteko telematikoen bidez aurkeztuko dute, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotzen den edozein tokitan.

11. oinarria. Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Funtzio Publikoko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu-kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Deialdi honen emaitzak Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren laguntzen fitxan ere argitaratuko dira (https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-para-la-realizacion-de-certificaciones-de-eficiencia-energetica-en-edificios-2023).

12. oinarria. Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2309061