1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
148/2023 EBAZPENA, maiatzaren 29koa, Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiak emana, hasiera ematen diona Nafarroako Foru Komunitatea M.ª Carmen Fernández García andrearen abintestato jaraunsle (GP 2021228) deklaratzeko prozedurari.
2021eko azaroaren 4ko eta abenduaren 14ko idazkien bidez, jakinarazi zitzaion Ondare Zerbitzuari M.ª Carmen Fernández García andrearen jabetzako etxebizitza bat zegoela, andre hori jaraunsle ezagunik gabe hil zela eta, funtsean, Nafarroako Foru Komunitatea legezko oinorde deklaratzea eskatzeko.
Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legeak 24.5 artikuluan xedatzen duenez, Nafarroako Foru Komunitatearen aldeko legezko oinordetza eginen da lege horrexetan, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilaren arauetan eta aplikatzekoak diren arau osagarri edo erregelamenduzkoetan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Nafarroako Foru Zuzenbide Zibilari buruzko Konpilazioaren edo Nafarroako Foru Berriaren 300. Legeak ezartzen du legezko oinordetzara joko dela baldin eta jarauntsi osoa edo zati bat xedatzen ez bada testamentu bidez, oinordetza-itun baten bidez edo, konpilazio horrekin bat etorrita, oinordetza gauzatzeko baliozko beste modu baten bidez.
Foru Berriaren 304. Legeak legezko oinordetzarako hurrenkera ezartzen du tronkalak ez diren ondasunentzat: legearen 1etik 6ra bitarteko puntuetan zehazten dira ondoz ondoko deiak, eta 7.enean agintzen da ezen, aurreko zenbakietan aipaturiko ahaiderik izan ezean, Nafarroako Foru Komunitatea izanen dela oinordeko; horrek, jaraunspenaren ondasun eta eskubideen likidazioa egin ondotik, interes sozialeko xedeetarako erabiliko du jarauntsia, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horietarako aurreikusia dagoen aurrekontu zuzkidura handituz. Era berean, 307. Legean zehazten da zein ahaideri deituko zaien ondasun tronkalen oinordeko izateko, eta, azken paragrafoan ezartzen denez, "halako ahaiderik izan ezean, oinordetza gauzatuko da 304. Legearekin bat etorriz".
M.ª Carmen Fernández García andrea Boalen (Asturias) jaio zen 1927ko urriaren 16an, eta Nafarroako Ospitalean hil zen 2017ko ekainaren 14an. Haren azken helbide ezaguna Zangozako (Nafarroa) San Vicente de Paul zaharren egoitza izan zen.
Honako hau da identifikatu den eta zenduari egozten zaion ondasuna (alde batera utzi gabe hemendik aurrera ere ager litezkeenak):
–Oibarko (Nafarroa) San Juan kaleko 15. zenbakiko beheko solairuan dagoen higiezina, 43.192.56 euroko katastro-balioa duena.
Espedientean jasota dago kausatzailearen heriotza ziurtagiria, bai eta Azken Nahietako Egintzen Erregistroarena ere, non ondorioztatzen baita ermandadeko testamentua egin zuela, eta haren senarra izan zela haren oinordeko bakar eta unibertsala, hura baino lehen hil zena, ondoren jaraunslerik izendatu gabe. Horregatik, bidezkoa da hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea abintestato jaraunsle deklaratzera bideratutako administrazio prozedurari.
Horrenbestez, Nafarroako Ondareari buruzko 14/2007 Foru Legearen 24.5 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 264/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluak esleitutako eskumena erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Hasiera ematea Nafarroako Foru Komunitatea M.ª Carmen Fernández García andrearen abintestato jaraunsle deklaratzeko prozedurari.
2. Ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea, eta Oibarko Udalera (Nafarroa), Zangozako udalera (Nafarroa) eta Boaleko Udalera (Asturias) igortzea bertako iragarki taulan ikusgai jar dadin hilabetez, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Legearen 24. artikuluko 6. apartatuan aurreikusitakoarekin bat.
3. Hilabeteko epea irekitzea, epe horretan, edozein interesdunek alegazioak edo dokumentuak edo egoki jotzen dituen beste juizio-elementu batzuk aurkezteko aukera izateko, toki honetan: Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuko Ondare Zerbitzuko Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala, Yanguas y Miranda kalea 27-2., Iruñea, 31003 Iruña).
4. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontabilitate Orokorraren Atalera eta Ondare Zerbitzura (Ondarearen Kudeaketa Juridikoaren Atala eta Administrazio Aferetarako Bulegoa) helaraztea.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 29an.–Aurrekontuen, Ondarearen eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusia, Begoña Urrutia Juanicotena.
Iragarkiaren kodea: F2308404