128. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERRONKARI

Udal ordenantza, hiriguneko mugikortasuna arautzen duena. Behin betiko onespena

Erronkariko Udalak, 2023ko martxoaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Erronkariko hiriguneko mugikortasuna arautzen duen udal ordenantza (argitaratu zen 2023ko 78. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 18an).

Jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, ordenantza hori behin betiko onesten da, eta agintzen da osorik argitara dadila aldatutako testua, behin betikoa, behar diren ondorioak izan ditzan; hori dena, jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari, zeina aldatu baitzen maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legearen bidez (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Erronkarin, 2023ko ekainaren 5ean.–Alkatea, Amparo Viñuales Gale.

UDAL ORDENANTZA, HIRIGUNEKO MUGIKORTASUNA ARAUTZEN DUENA

Erronkarik Pirinioetako arkitektura berezia gorde du, eta horrek gero eta turismo gehiago erakartzen du. Urtearen zatirik handienean, biztanle gutxi bizi dira herrian, eta, horrenbestez, ez dago arazo nabarmenik, ez mugikortasunari dagokionez, ez oinezkoen eta ibilgailuen bizikidetzari dagokionez. Hala ere, zirkulazio eta aparkaleku arazoak larritu egin dira azken urteetan, batez ere uztailean eta abuztuan eta egun jakin batzuetan (herriko festak, Aste Santua, zubiak, jaiegunak, Eguberriak, ekitaldiak eta antzekoak). Egun horietan, egoera gatazkatsuak izaten dira, eta herriko egunerokotasuna nahasten dute. Aparkatutako autoek hirigunea inbaditzeak zaildu egiten du eguneroko bizitza; eragozten du lasai ikustea eta fotografiatzea hiriguneko monumentuak eta ingurumena, kalitate handikoak baitira; kaltetzen ditu herriko ingurumen balioak; eta nabarmen okertzen du hiriguneko ingurumen erakargarritasuna.

Azken batean, hirigunea aparkaleku bilakatzen da; aparkaleku deseroso eta eraginkortasunik gabea. Ordenantza honek helburu du Erronkariko udalerriari tresna juridiko bat ematea, hiriguneko mugikortasuna arautzeko, eta, horretarako, herrian bete beharko diren arauak jartzea, bizikidetza ona lortzeko Erronkariko egoiliarren eta bisitarien artean.

Ordenantzak arautzen ditu Erronkariko sarbideak, zirkulazioa eta aparkatzeak. Hiru gune bereizten dira: Txartelaren bidez aparkatu beharreko aparkaleku murriztuko eremua (gune berdea). Aparkatzea debekatutako eremua (gune gorria). Aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua (bidezaintza neguan). Kasu bakoitzerako ezarritako denbora tartean aplikatuko dira eremuak. Hala, saihestuko da kalte egitea ingurumen interes handieneko eremuei.

Aparkatzea debekaturik dagoenean, helburua da sar daitezela udal baimena duten ibilgailuak bakarrik, eta baimen horren bidez bertan zirkulatu ahal izanen da zamalanak egiteko, bai salgaiena, bai bidaiariena.

Eremu horretan garajea duten jabeek baimena dute bertan zirkulatu eta garajean aparkatzeko.

Aurreikusten da kanpoaldean aparkalekuak prestatzea, kamineroen oilategien aldean, Ibarrako bidexkaren aldean, Mariskal etxeko aldapatik hurbil, eta eskola berriaren aldean. Lehenbiziko biak ongi komunikaturik daude hirigunearekin, eta hirugarrena jada egina dago eta opor garaian erabili ohi da.

Helburua da ordenantza lehenbiziko jarduketa izatea, eta gero beste jarduketa batzuk izatea herriko beste toki batzuetan.

I. KAPITULUA.–XEDEA ETA ZIRKULAZIO AGENTEAK

1. artikulua. Arau orokorrak.

Mugikortasun ordenantza honek arautzen du ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioa Erronkariko hiriguneko erabilera publikoko bideetan. Ordenantza hau idatzi da honako lege testu hauetan xedatutakoaren babesean: apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25 2.b) artikulua (lege horren bidez arautzen dira toki araubidearen oinarriak), eta 6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, zeinaren bidez onesten baita Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko legearen testu bategina. Aginduek behartzen dituzte bide horietan zirkulatzen duten pertsona guztiak, ibilgailuen edo animalien gidari diren aldetik nahiz oinezkoak diren aldetik. Ordenantza honetan aurreikusi ez den orori dagokionez, aplikatuko dira urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren arauak eta hura osatzen edo garatzen duten gainerako xedapenak.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Erronkariko hiriguneko zirkulazioa arautzea; bereziki, aparkatzea debekaturik egon daitekeen eremuan, honako helburu hauekin: batetik, eremua berreskuratzea jendea libre ibil eta elkartu dadin, herritarren aisialdirako, eta pertsonak libre josta daitezen karrika, plaza eta espazio publikoetan; eta, bestetik, kutsadura akustikoa eta ingurumenaren kutsadura murriztea, bide segurtasuna handitzeko, ohitura osasungarriak sustatzeko, eta zamalanak egoki kudeatzeko oinezkoendako karriketan.

3. artikulua. Zirkulazio agenteak.

Agintaritza eskuduneko agenteek arautuko dute hiriguneko trafikoa ordenantza honen aplikazio eremuan. Halaber, haien eskumena izanen da bidezko salaketak gauzatzea egindako arau-hausteengatik, ordenantza honen aurka eta aplikatzekoak diren gainerako xedapenen aurka egindakoengatik.

III. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA

4. artikulua. Aplikazio-eremua.

Ordenantza honen aplikazio-eremua da Erronkariko hiri-lurzoru guztia, eta, batez ere, ordenantza honetan bereziki arautzen diren 3 eremuak. Eremu hori ordenantzaren I. eranskinean jasotako planoan dago adierazita grafikoki. Ordenantza hau aplikatuko da eremu horretako karrika eta espazio publikoetan, urte guztian.

5. artikulua. Txartelaren bidez aparkatu beharreko aparkaleku murriztuko eremua (gune berdea).

a) Aparkaleku bat mugatuko da, zeina grafikoki agertuko baita ordenantza honen eranskinean, eta seinaleak jarriko dira eremua zedarritzeko. Bertan, kreditazio-txartela duten ibilgailuek bakarrik aparkatuko dute; ibilgailuaren matrikula agertuko dute txartelek, eta ibilgailuaren kanpoaldetik ikusteko moduan jarriko dira. Erronkariko Udalak ezarriko ditu eskatzen diren txartelak jaulkitzeko eta emateko tasak (20 euro urtean). Txartela ematearekin batera, Erronkariko Udalak emanen ditu kreditazio-txartela erabiltzeko baldintzak eta erabiltzaileek beren gain hartzen dituzten erantzukizunak. Ordenantza honetan araututako baimenek, bertan jasotako salbuespenetan izan ezik, urtebeteko indarraldia izanen dute, ematen diren unetik aurrera, eta Udalak ofizioz berritzen ahalko ditu hurrengo aldietarako. Baimenaren titularrak Udalari jakinarazi beharko dio baimendutako ibilgailua aldatu dela baldin aldatu badira baimena emateko oinarri izan ziren baldintzak.

b) Salbuespenez, herriko festetan, eremu horretako zati bat erreserbatuko da feria-josteta bat jartzeko, eta Udalak beste eremu bat prestatuko du aparkatzeko, kaltetutako erabiltzaile baimendunek erabil dezaten. Behar den denboraz abisatuko zaie.

II. eranskineko grafikoan azaltzen da.

c) Kreditazio-txartelak emateko prozedura:

–Interesdunek kreditazio-txartela eskatu behar dute eskabide orokorraren bidez, Udalari zuzenduta. Bertan, agertuko dira eskatzailearen izena eta bi deitura, NANa (edo nortasuna frogatzen duen antzeko agiri bat), helbidea, harremanetarako telefonoa eta baimenaren xede izanen den ibilgailuaren matrikula.

–Erantsi beharko da baimenaren xede izanen den ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia. Eskatzaileak beharko du izan ibilgailuaren titularra.

Epea: hilabete, ordenantza honen behin betiko onespenaren egunetik hasita.

–Zozketa publikoa eginen da Erronkariko Udaleko bulegoetan, eta horren bidez dauden kreditazio-txartelak banatuko dira interesdunen artean, baldin behar bezala eta behar den epean eskatu badituzte. Udaleko iragarki-taulan iragarriko dira zozketaren eguna eta ordua.

–Kreditazio-txartelak emanen zaizkie zozketa publikoan adjudikaziodun izan diren eskatzaileei.

6. artikulua. Aparkatzea debekatutako eremua. (Gune gorria).

Aparkatze debekatuko eremua mugatzen da (ordenantza honen eranskineko planoan agertzen da grafikoki), eta eremua mugatzeko seinaleak jarriko dira. Aparkatzeko eremu horretan muga hauek ezarriko dira: zamalanak, ordubetez gehienez, eta baimendutako ibilgailuak, beharrezkoa den denboran. Hauxe da aparkatzea debekatzearen helburua: lortzea espazio publikoek beren eginkizun nagusia bete dezaten, hau da, erraztasunak ematea oinezkoak bide publikoan aldi batez egon daitezen, eta sustatzea harreman eta truke sozialak.

III. eranskineko grafikoan azaltzen da.

7. artikulua. Aparkatzea aldi baterako debekatutako eremua. (Neguko bidezaintzako eremua).

Aparkatze debekatuko eremua mugatzen da (ordenantza honen eranskineko planoan agertzen da grafikoki), eta bertan seinaleak jarriko dira, agerian. Eremu honetan aparkatzea debekatuko da azaroaren 1etik maiatzaren 31ra, errazteko neguko bidezaintza lanak; izan ere, eremu honetan egiten dituzte zamalanak elurra kentzeko kamioiek, etenik gabe, egunez eta gauez, errepideak garbitzeko eta mantentze-lanetarako.

IV. eranskineko grafikoan azaltzen da.

8. artikulua. Ibilgailuek kreditazioa lortzeko baldintzak.

Kreditazio-txartela ematen ahalko zaie honako baldintza hauek betetzen dituzten ibilgailuei:

1. Jabea Erronkarin erroldaturik egotea, eta Porta Zabalearen eragin-eremuan bizitzea (I. eranskineko grafikoan azalduko da).

2. Ibilgailua Erronkarin helbideraturik egotea.

3. Jabeak egunean izatea zerga betebeharrak eta udal tasak Erronkarin.

Aparkatzeko toki gutxi dagoenez, pertsona baikoitzak kreditazio-txartel bakarra izan dezake.

Ez da kreditazio-txartelik emanen tamaina handiko ibilgailuetarako (kamioiak, kamionetak, karabanak, atoiak, etab.) eta nekazaritzako ibilgailuetarako (traktoreak, etab.).

III. KAPITULUA.–ABIADURA, ARRETA-NEURRIAK ETA DEBEKUAK

9. artikulua. Abiadura muga.

Ibilgailuek gehienez 10 km/h-ko abiaduran zirkulatzen ahalko dute hiriguneko bideetan. Gainerako bideetan, bete beharko da seinaleetan eta Bide Segurtasunari buruzko Legean ezarritakoa.

10. artikulua. Debekuak.

Debeku da:

a) Aparkatzea debekaturik dagoen eremuan (gune gorria) aparkatzea. Aparkatzeko eremu horretan muga hauek ezarriko dira: zamalanak, ordubetez gehienez, eta baimendutako ibilgailuak, beharrezkoa den denboran.

b) Txartelik gabe aparkatzea txartelaren bidez aparkatu beharreko aparkaleku murriztuko eremuan (eremu berdea).

c) Aparkatzea aldi baterako debekatutako eremuan (neguko bidezaintzako eremua), azaroaren 1etik maiatzaren 31ra, salbu baimendutako ibilgailuak.

d) Ordenantza honen aurreko artikuluan ezarritako abiadura mugak gainditzea.

e) Ibilgailuak zabarkeriaz edo ausarkeriaz gidatzea.

IV. KAPITULUA.–ZIRKULAZIO-ARAUBIDEA, APARKATZEA MUGATUTAKO EDO DEBEKATUTAKO EREMURAKO

11. artikulua. Aparkatzea murriztutako edo debekatutako eremura sartzeko tokiak seinaleztatzea.

Behar diren seinale horizontalak nahiz bertikalak izanen dira aparkatzea murriztutako edo debekatutako eremura sartzeko tokietan.

12. artikulua. Baimen bereziak.

Sartzeko baimen berezia dute segurtasun indar eta kidegoetako ibilgailuek, suteak itzaltzeko zerbitzuko ibilgailuek eta babes zibileko eta osasun laguntzako ibilgailuek, baldin eta zerbitzuak eman behar badute. Dependentzia duten pertsonendako arreta: baimen horrek eskubidea emanen du dependentzia duten pertsonak uzteko edo hartzeko ibilgailua aparkatzeko, gehienez ere hogeita hamar minutuz. Obretako eta muntaketako ibilgailuak sartzea: ordenantza honen ondorioetarako, obretako eta muntaketako ibilgailutzat jotzen da obretarako erabiltzen dena, eraikinak altxatzeko, instalatzeko edo birmoldatzeko. Desgaitasuna duten pertsonak sartzea: mugikortasunari eragiten dioten desgaitasunak dituzten pertsonak daramatzen ibilgailuak, baldin eta erakunde eskudunak emandako irisgarritasun txartela badute. Ibilgailu kanpotik ikusteko moduko leku batean egon behar du txartelak, mugikortasuneko ordenantzak ezarritako moduan. Ibilgailu ofizialak.

V. KAPITULUA.–ARAU-HAUSTEAK, ZEHAPENAK ETA ZEHAPEN-PROZEDURA

13. artikulua. Arau-hausteak.

Ordenantza honen arau-haustea da ordenantzaren artikuluetan ezarritakoa ez betetzea, egitez edo ez-egitez. Estatuko legeriak ezartzen duenari jarraituz, arau-hausteak honela sailkatuko dira: oso astunak, astunak eta arinak. Arau-hauste administratibotzat joko dira ordenantza honen edo aplikatzekoak diren bestelako legezko xedapenen kontrako ekintzak edo ez-egiteak, eta zigortuko dira arau horietan jasotzen diren kasuetan, moduan eta neurrian, salbu eta zigor legeetan jasota dauden delituak edo faltak badira. Kasu horretan, udal administrazioak jurisdikzio ordena eskudunari pasatuko dio erruduntasun testigantza, eta ez dio zigor prozedurari segidarik emanen harik eta autoritate judizialak epai irmoa ematen duen arte. Ordenantza honetan jasotako arauen kontrako arau-hausteak arintzat joko dira, baldin eta hurrengo apartatuetan ez badira jotzen espresuki astuntzat edo oso astuntzat. Ordenantza honetan honako arlo hauetan tipifikatutako jokabideak joko dira arau-hauste astuntzat: zabarkeriaz edo ausarkeriaz gidatzea; premiaren bat edo istripuren bat egonda laguntzarik ez ematea; gidariaren ahalmen psikofisikoak nahastu edo gutxitzen dituzten gaiak hartzea; zerikusia dutenak abiadura mugekin, pasatzeko lehentasunarekin, aurreratzeekin eta norabidea edo noranzkoa aldatzearekin; agindutako noranzkoaren kontra zirkulatzea; gelditzea edo aparkatzea leku arriskutsuetan edo trafikoa larri oztopatzen duten lekuetan; argiak piztu gabe zirkulatzea ikuspenik ez dagoenean edo gutxituta dagoenean edo bideko beste erabiltzaileak itsutuz; arauzko baimenik gabe edo matrikularik gabe zirkulatzea; bide segurtasuna bermatzen duten baldintza teknikoak betetzen ez dituen ibilgailu batekin zirkulatzea; baimenik gabe bidean obrak egitea eta seinaleztatzea; baimenik gabe, bideko obren seinaleak kentzea edo hondatzea; aldi baterako seinaleak nahiz seinale iraunkorrak kentzea edo hondatzea; eta ibilgailuen arteko lehiaketak edo lasterketak egitea. Aurreko apartatuan aipatzen diren arau-hausteak oso astuntzat hartuko dira, baldin eta arrazoi hauetakoren baten ondorioz arriskua sortzen bada: zirkulazio handia egotea; eguraldiaren edo ikuspenaren egoera txarra; ibilgailuak eta beste bide erabiltzaile batzuk aldi berean zirkulatzea bidean; edo antzeko beste edozein egoera, baldin eta arau-hauste astunak egiten diren unean horietan aurreikusitako arriskuari arrisku handiagoa gehitzen badiote.

14. artikulua. Zehapenak.

Trafikoari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen aurkako edozein ekintza edo ez-egite zigortuko da lege horretan ezarritakoaren arabera. Ordenantza honen 2. eranskinean zehaztuta daude mugikortasun ordenantzaren gainerako arau-hausteen motak eta dagozkien zenbatekoak, eta ordenantzan jasotakoak alkatearen dekretu bidez handitzen ahalko dira.

15. artikulua. Zehapen esparruaren eskumena.

Alkate udalburuaren eskumena izanen da, edo horretarako eskuordetutako zinegotziarena, ordenantza honetan jasotako aginduak hausteagatiko zehapenak ezartzea. Prozedura ofizioz abiaraziko da. Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agenteen salaketek, bide zirkulazioa zaintzeko eta kontrolatzeko lanetan ari direnean, frogaren balioa dute; nolanahi ere, salaketaren egitateen gainean izan litezkeen froga guztiak ekarri beharko dituzte. Horrek ez du inola ere galaraziko salatuek ere beren defentsarako frogak ekartzea edo izendapenak egitea. Halaber, edozein pertsonak aurkezten ahalko du ordenantza honetako aginduak haustegatiko salaketa, horrelakorik ikusiz gero. Kasu horretan, salaketak ez du egiazkotasun presuntziorik izanen.

16. artikulua. Isunen taula.

ARAU-HAUSTEAREN KALIFIKAZIOA

ZENBATEKOA

Arina

50,00 euro

Astuna

100,00 euro

Oso astuna

150,00 euro

Oro har, ordenantza honetako 2. eranskinean ageri den isun taularen arabera zehatuko dira ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten arau-hausteak. Nolanahi ere, Osoko Bilkuraren eskumena izanen da, ebazpen justifikatuaren bidez, ordenantza honetako aginduen aurkako arau-hausteengatiko isunen taula berri bat ezartzea, jarraikiz apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.k) artikuluari (lege horren bidez arautu ziren toki araubidearen oinarriak).

17. artikulua. Salaketak egitea.

Guardia Zibilak eta Foruzaingoak egiten dituzte salaketak ordenantza honetan jasotako aginduak urratzen dituzten gertakarietan. Halaber, Erronkariko Udalak langileak gaitzen ahalko ditu ordenantza honen eremuan sartuta dauden zirkulatzeko eta aparkatzeko espazioak zaintzeko eta kontrolatzeko, eta espazio horietan egindako arau-hausteengatiko salaketak egiteko. Azkenik, edozeinek salaketa egiten ahalko du ordenantza honetako aginduak urratzen dituzten egitateengatik.

18. artikulua. Salaketaren datuak.

Egiten diren salaketetan, errekerimenduz nahiz ofizioz egin ere, nahitaez agertu beharko dira: zer ibilgailutan egin den ustezko arau-haustea. Gidaria nor den, jakinez gero. Salatutako egitatearen eta haren inguruabarren zerrenda, adierazita ustezko arau-haustea non eta zer egun eta ordutan egin den. Salatzailearen izena, lanbidea eta helbidea. Datu horien ordez identifikazio zenbakia jartzen ahalko da baldin salaketa Guardia Zibileko edo Foruzaingoko agente batek egin badu, bere eginkizunak betetzean.

19. artikulua. Salaketak.

Salaketak izapide hauen arabera eginen dira:

1.–Salaketa jarri duen agenteak hiru aletan emanen du salaketa orria, eta ale bat emanen dio arau-hausleari. Orri horretan, honako datu hauek jasoko dira: egitateen zerrenda laburra, non, zer egun eta zer ordutan hauteman diren, ibilgailuaren matrikula eta ezaugarriak, hautsitako araua, salatuaren izena, helbidea eta NANa (bertan baldin bazegoen), eta salaketa egin duen agentearen identifikazio zenbakia. Salaketa orria salatzaileak eta salatuak sinatuko dute; salatzaileak sinatzeak, dena den, ez du esan nahi egitateak onartzen dituenik. Arau-hausleak sinatzeari uko egiten badio, edo sinatzen ez badaki, salaketa egiten duen agenteak idatziz jasoko du inguruabar hori, eta horrek sinaduraren ondorio berak izanen ditu. Salatutako gidaria salaketa egiteko unean ez badago, ibilgailuaren haizetako-garbigailuak lotuta jarriko da orria; horrek, dena den, ez du esan nahi arau-haustea jakinarazi denik. Prozesua azkarragoa eta merkeagoa izan dadin, modu mekanizatuan ematen ahalko dira salaketa orriak; tiketak eta salaketa orriak emateko gailuen bidez, hain zuzen.

2.–Salaketa orria entregatu ondorengo hamabost egun baliodunean (artikulu honetako 4. apartatuan aurreikusitako kasuetan izan ezik entregatzeak haren jakinarazpen gisa balioko du), salatuak deskargu idazkia aurkezten ahalko du, eta egokitzat jotzen dituen frogak aurkeztu edo proposatu.

3.–Egitateak ikertzeko eginbideak amaitu ondoren, dagokion ebazpena emanen da, eta salatuari haren edukia jakinaraziko zaio, eta, hala badagokio, adieraziko zaio zer errekurtso jartzen ahalko dituen.

4.–Justifikatutako arrazoiak direla-eta salatuari salaketa orria eman ez bazaio, haren edukia jakinaraziko zaio, eta adieraziko zaio hamabost egun balioduneko epean alegazioak egiteko eskubidea duela.

20. artikulua. Deskargu orria.

Borondatezko salaketaren bidez hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten denean, proposatutako froga egin aurretik edo, halakorik proposatu ez bada, dagokion ebazpena eman aurretik, salatzaileari entzunen zaio hamar eguneko epean, eta hark, egoki baderitzo, egokitzat jotzen duen proba osagarria proposatzen ahalko du. Agente batek salatuta hasitako prozedura batean deskargu orria aurkezten bada eta bertan aurkaratzen bada salatuaren egitatea edo haren edozein inguruabar, salaketa egin duen agenteari igorriko zaio, hamabost eguneko epean txostena egin dezan; agenteak berresten badu, salatutako egitateak egiaztatuko ditu, kontrako frogarik ezean. Adierazitako epea iragan ondoren, salatzaileak eta salatuak alegatutakoa eta frogatutakoa ikusita, eta, beharrezkoa izanen balitz, froga eginda eta interesdunei entzun eta gero (egitateak ikertzeko eta kalifikatzeko behar-beharrezkoa den kasuetan), dagokion ebazpena emanen da.

21. artikulua. Gidariaren helbidea.

Jakinarazpenen ondorioetarako, ibilgailuaren gidariaren eta titularraren helbidea interesdunek espresuki adierazi dutena izanen da, eta bestela, gidarien eta arau-hausleen erregistroetan eta ibilgailuen erregistroan ageri dena, hurrenez hurren.

22. artikulua. Isunaren zenbatekoa murriztea.

Ordenantza honetan jasotako aginduak hausten dituztenek, egindako arau-haustea zigor legeetan tipifikatuta ez badago eta gidabaimena etetea eragiteko modukoa ez bada, isunaren zenbatekoa ordaintzen ahalko dute udalaren bulegoan, zenbatekoaren %50eko murrizketarekin, horretarako ezarritako epeen barnean.

23. artikulua. Isunak preskribatzea.

Isunen ordainketa eskatzeko ekintza urtebetera preskribatuko da, administrazioaren ikuspegitik ebazpena irmo denetik kontatzen hasita; soil-soilik etenen da hura betearazteko ekintzen ondorioz edo edozein motatako erreklamazio edo errekurtso jartzearen ondorioz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Garatzeko gaitzea. Alkateari ahalmena ematen zaio ordenantza hau betearazteko eta garatzeko behar diren xedapen guztiak emateko. Alkatearen dekretu bidez onetsi eta aldatzen ahalko dira ordenantza honen eranskinak, honako hauei buruzkoak: zehapenak, seinaleztapena, eremu arautuaren hedadura eta zamalanetarako ordutegiak.

Bigarrena.–Indarrean jartzea. Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako 15 eguneko epea iragan ondoren, epe horretan errekerimendu-ahalmenak baliatzen ahalko baitituzte Estatuko edo Autonomia Erkidegoko administrazioek.

I. ERANSKINA–HIRIGUNEKO EREMUAK

II. ERANSKINA.–APARKATZEA MUGATUA (TXARTELAREKIN)

III. ERANSKINA.–APARKATZEA DEBEKATUA
ETA PORTAZABALEAKO ERAGIN-EREMUA

IV. ERANSKINA.–APARKATZEA DEBEKATUA ALDI BATERAKO
(AZAROAREN 1ETIK MAIATZAREN 31RA)

Iragarkiaren kodea: L2308854