128. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GESALATZ

Udal ordenantza, Hirigintzako jarduketengatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Gesalatzeko Udalak, 2023ko urtarrilaren 30ean egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hirigintzako jarduketengatik ordaindu beharreko tasak arautzen dituen udal ordenantza.

Aipatu onespena 2023ko 31. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 14an. Jendaurreko epean ez zen alegaziorik egin eta, hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, ordenantza hori behin betiko onetsi eta argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Muetzen, 2023ko maiatzaren 26an.–Alkatea, Raquel Muñoz Lamoneda.

HIRIGINTZAKO JARDUKETENGATIK ORDAINDU BEHARREKO TASAK ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

Zerga-egitatea

2. artikulua. Zerga-egitatea da hirigintza-jarduketei dagozkien zerbitzu tekniko eta administratiboak ematea, etxegintzaren eta lurzoruaren erabileraren arloko egintzak egokitu daitezen indarra duten hirigintza eta eraikuntza arauei.

Zerga-egitatea da, halaber, kasuan kasuko udal jarduera teknikoa edo administratiboa, subjektu pasiboari bereziki eragin edo mesede egiten diona eta beharrezkoa dena planeamendu orokorreko eta garapeneko tresnak nahiz kudeaketa eta urbanizazio tresnak tramitatzeko. Horiek jasota daude Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legean.

3. artikulua. Tasa eskatzen duten hirigintzako jarduketek aurretiazko lizentziaren mendeko egintzak dituzte xede, edo ondoko kontrolaren mendekoak, lizentzia eskatu beharrean aurretiazko komunikazioa edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu behar denetan, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 189. artikuluan xedatuarekin bat.

Era berean, partikular batek udalari aldez aurretik egindako hirigintzako kontsultak sartuta egonen dira, gero kontsulta horiek lizentzia edo ondoko kontrola ekarri zein ez.

Ordaindu beharra

4. artikulua. 1.–Honako hauek daude salbuetsita tasak ordaintzetik, bai obren lizentzia emateko tasari dagokionez, bai erantzukizunpeko adierazpenaren edo aurretiazko komunikazioaren mendeko obren ondoko kontrolaren tasari dagokionez:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

b) Udalerrien mankomunitateak eta batasunak, baldin eta Gesalazko Udala kide bada, bai eta helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

2.–Tasa hauek direla medio Telefónica de España SAU enpresari egokitu lekiokeen ordainketa ordezkatzen da dirutan egin beharreko urteko ordainaz, Nafarroako Foru Komunitatean Espainiako Telefono Konpainia Nazionalak behar duen tributu araubidea ezarri zuen abenduaren 29ko 11/1987 Foru Legeak xedatuarekin bat.

5. artikulua. Sortzapena. Tasa sortuko da lizentzia eskatzen denean edo, kasua bada, erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko komunikazioa aurkezten denean, edo hirigintzako kontsulta egiten denean.

6. artikulua. Atzera egitea edo erretiratzea. Lizentzien eskatzaileek atzera egin dezakete, Udalari ukoa idatziz aurkeztuz gero, betiere aipatu lizentzia iraungirik ez badago. Era berean, lizentzia ematea beharrezkoa ez denetan, interesdunek beren erantzukizunpeko adierazpena edo aurretiazko jakinarazpena erretiratzen ahal dute.

Interesdunak tasa ordaindu beharko du atzera egiten badu, alde batera utzita hori honako hauek baino lehen edo ondoren egiten duen: udalak lizentzia emateko erabakia hartu, erantzukizunpeko adierazpenarekin edo aurretiazko jakinarazpenarekin adostasuna egon edo kanpoko aholkularitzari kontsulta egin.

7. artikulua. Eskakizunak. Lizentziaren eskaera bat tramitatzean edo erantzukizunpeko adierazpena egiaztatzean, Udalak eskatzen badu aurkeztutako jatorrizko proiektua edo memoria aldatzeko, txosten tekniko osagarriak ere sortzapena izanen du, ordenantza honen eranskinean jasotzen den tarifarekin bat.

Subjektu pasiboa

8. artikulua. Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare berezia diren entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketa bat egitea eskatu, aitortu edo adierazten badute edo haiei mesede egin edo eragiten badiete egindako hirigintzako jarduketek edo emandako lizentziek eta egindako hirigintzako kontsultek.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

Tarifak eta karga-tasak

9. artikulua. Aplikatu beharreko tarifak, tasak eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean ageri dira.

Kudeaketa arauak

10. artikulua. Tributu administrazioak dagokion likidazioa eginen du, interesdunek aurkeztutako eskaeraren arabera.

11. artikulua. Obrak burututakoan, administrazioak beste likidazio bat egiten ahalko du, zergadunak aurkeztutako obra bukaerako ziurtagiriaren arabera edo udal arkitektoak egindako balorazio teknikoaren arabera, obra bukaerako ziurtagiria aurkeztea beharrezkoa ez denetan.

Arau-hausteak eta zehapenak

12. artikulua. Arau-hausteei eta zehapenei buruzko afera guztietan, Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantzan xedatutakoari jarraituko zaio.

Azken xedapena.–Ordenantza hau indarrean jarriko da haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

TARIFEN ERANSKINA

–Lizentzia laburtua: 14,00 euro.

–Obra lizentzia.

  • Obra gauzatzeko aurrekontua:
    • 0 eurotik 3.000 eurora: 52,00 euro.
    • 3.000 eurotik 15.000 eurora: 86,00 euro.
    • 15.000 eurotik 30.000 eurora: 160,00 euro.
    • 30.000 eurotik 60.000 eurora: 215,00 euro.
    • 60.000 eurotik 150.000 eurora: 270,00 euro.
    • 150.000 eurotik 300.000 eurora: 370,00 euro.
    • 300.000 eurotik 600.000 eurora: 540,00 euro.
    • 600.000 eurotik 1.500.000 eurora: 670,00 euro.
    • 100.000 euro edo haren zati bat goititzen den aldiro: 20,00 euro.
    • Ingurumenaren babesa izapidetzeko osagarria: 95,00 euro.
    • Lurralde-antolamenduko planaren (LAP) egiaztagiriaren gehigarria: 56,00 euro.

–Partzelazio/banantze lizentzia: 160,00 euro.

–Urbanizaziorako lizentzia-baimena:

  • Obra gauzatzeko aurrekontua:
    • 0 eurotik 30.000 eurora: 692,00 euro.
    • 30.000 eurotik 60.000 eurora: 745,00 euro.
    • 60.000 eurotik 150.000 eurora: 800,00 euro.
    • 150.000 eurotik 300.000 eurora: 905,00 euro.
    • 300.000 eurotik 600.000 eurora: 1070,00 euro.
    • 100.000 euro edo haren zati bat goititzen den aldiro: 20,00 euro.

–Urbanizazioaren harrera:

  • Obra gauzatzeko azken aurrekontua.
    • 0 eurotik 60.000 eurora: 270,00 euro.
    • 60.000 eurotik 150.000 eurora: 370,00 euro.
    • 150.000 eurotik 300.000 eurora bitarte: 490,00 euro.
    • 300.000 eurotik 600.000 eurora bitarte: 640,00 euro.
    • 100.000 euro edo haren zati bat goititzen den aldiro: 26,00 euro.

–Banaketa horizontalerako lizentzia/baimena: 95,00 euro.

–Aurretiazko ikuskapena duten baimenak eta lizentziak:

  • Lehen erabilerako lizentzia (obra gauzatzeko azken aurrekontua):
    • Obra gauzatzeko azken aurrekontua.
      • 0 eurotik 60.000 eurora: 160,00 euro.
      • 60.000 eurotik 150.000 eurora: 220,00 euro.
      • 150.000 eurotik 300.000 eurora: 280,00 euro.
      • 300.000 eurotik 600.000 eurora: 340,00 euro.
      • 600.000 eurotik 1.500.000 eurora: 430,00 euro.
      • 100.000 euro edo haren zati bat goititzen den aldiro: 14,00 euro.
      • Urbanizazio lotetsia egiaztatzeko osagarria: 65,00 euro.

–Hirigintzako kontsultak:

  • Kontsulta laburtua: 14,00 euro.
  • Hirigintzako baldintzak: 160,00 euro.
  • Aurretiazko azterketaren edo aurreproiektuaren berrikuspena: 215,00 euro.
  • Hirigintzako baldintzak: 160,00 euro.
  • Lurzoru Urbanizaezinetarako Baimen Txostena: 250,00 euro.

–Beste kontsulta batzuk: 160,00 euro.

Iragarkiaren kodea: L2308484