127. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

DEIALDIA, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofiziala izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko (funtzionario-araubidekoa eta C mailakoa).

Nafarroako Parlamentuko Batzorde Iraunkorreko Mahaiak, besteak beste, erabaki hau hartu zuen 2023ko ekainaren 5ean eginiko bilkuran:

Zerbitzu Orokorretako buruak deialdi bat egitea proposatu du, Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofiziala izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzeko (funtzionario-araubidekoa eta C mailakoa). Proposamen hori Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuko buruak proposatuta egin du. Espedientea Zerbitzu Juridikoek eta Kontu-hartzailetzak egindako txostenarekin osatu da.

Aurkezturiko dokumentazioa ikusita eta Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduaren 78. artikuluarekin bat, honako hau

ERABAKI DA:

1. Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofiziala izateko lanpostu bat (funtzionario-araubidekoa eta C mailakoa) oposizio bidez betetzeko deialdiaren oinarriak onestea eta espedientea abiatzeko agindua ematea.

2. Deialdi horretatik sor litezkeen gastuak baimentzea, Parlamentuaren gastu-aurrekontu indarduneko "Lanpostuak betetzeko gastuak eta dietak" izeneko 24020 partidaren kargura.

3. Probak egin eta zuzentzen direnean epaimahai kalifikatzailearekin lankidetzan aritzen diren teknikari eta laguntzaileen balizko lankidetzaren ondoriozko gastuak baimentzea, abenduaren 20ko 276/1989 Foru Dekretua osagarri gisa aplikatuta, Nafarroako Parlamentuak ez baitu horri buruzko arau zehatzik.

4. Deialdia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzea, bai eta Parlamentuaren webgunean ere.

5. Erabaki hau Zerbitzu Orokorretako, Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuko eta Kontu-hartzailetza eta Gai Ekonomikoetarako Zerbitzuko buruei helaraztea.

Iruñean, 2023ko ekainaren 5ean.–Lehendakaria, Unai Hualde Iglesias.

DEIALDIA, NAFARROAKO PARLAMENTUAREN ZERBITZUKO
IKUS-ENTZUNEZKOEN TEKNIKARI-OFIZIALA IZATEKO LANPOSTU BAT OPOSIZIO BIDEZ BETETZEKO (FUNTZIONARIO-ARAUBIDEKOA ETA C MAILAKOA)

Honako hauek dira deialdi honen:

OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofiziala izateko lanpostu huts bat oposizio bidez betetzea (funtzionario-araubidekoa eta C mailakoa).

1.2. Oposizioa 1991ko martxoaren 21eko Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuan eta horrek gerora izandako aldaketetan xedatuari jarraikiz eginen da; eta, osagarri modura, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta, hori garatu eta betearazteko, Sarrera-erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuan xedatuarekin bat.

1.3. Deialdi hau dela medio izendaturik suertatzen den izangaiak Nafarroako Parlamentuko funtzionarioentzat eta, zehazki, teknikari-ofizialen kidegokoentzat ezarritako eginkizunak beteko dituzte eta horien eskubide eta betebeharrak edukiko dituzte. Bere eginkizunak Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutuaren 8.5 artikuluan oro har ezarritakoak izanen dira; zehazki, hauek: ikus-entzunezkoen sistema maneiatu eta egiaztatzea, Parlamentuaren bilkuren errealizazio egokia egin dadin halakorik egin beharrekoetan, bai eta zerbitzuaren berezko eginkizunekin zerikusia daukan eta bere prestakuntzaren arabera zerbitzuburuak agin diezaiokeen beste edozein lanbide-eginkizun ere.

Lanpostua Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuari atxikirik dago.

1.4. Izendapenak Nafarroako Parlamentuaren nominako eta plantillako funtzionarioaren izaera emanen dio hautatuari, indarreko xedapenetan adierazitako eskubide eta betebehar guztiekin.

1.5. Lanpostua C mailakoa da, eta horren lansariak izanen dira maila horri dagozkionak gehi Nafarroako Parlamentuko plantilla organiko indardunean zehazten diren osagarriak.

1.6. Izendatzen den funtzionarioa Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartu eta afiliatuko da, araubide horren babesean, salbu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan eta hori osatzen duten xedapenetan aipatzen den eskubide pasiboen eta osasun eta gizarte laguntzaren araubideko kidea bada, kasu horretan aukera izanen baitu araubide horretan segitzeko edo Gizarte Segurantzan afiliatzeko.

1.7. Lanaldia gauzatuko da Nafarroako Parlamentuko langileentzat orokortasunez ezarritako ordutegi eta txandetan.

2. oinarria. Izangaien betekizunak.

2.1. Prozedura honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta lanpostua betetzeko prozedurak irauten duen denbora guztian, harik eta lanpostua betetzeko unera arte:

a) Espainiar nazionalitatea, Europar Batasuneko kide den beste estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitakoak izanik langile-zirkulazio askea aurreikusten duten nazioarteko itunen aplikazio-esparruan dagoen estatu batekoa edukitzea.

Espainiarren eta Europar Batasuneko kide diren beste estatu batzuetako herritarren edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta ez badaude zuzenbidez bereizita. Orobat, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez daudenean, hogeita bat urte baino adin txikiagokoak badira, edo haien kontura bizi diren adin horretatik gorakoak.

b) Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.

c) Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo horietakoren baten baliokide gisa ofizialki deklaratua izan den titulu baten jabe izatea, edo hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ziurtagiria edukitzea, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Atzerrian lortutako tituluen kasuan, horien homologazioaren frogagiri ofiziala eduki beharko da aipatutako data horretan, edo, bestela, baliokidetasun-ziurtagiri ofizialarena. Betekizun hori ez zaie aplikatuko izangaiei, baldin eta Europako Erkidegoko zuzenbidearen xedapenen babesean lortu badute, lanbide arautuen esparruan, beren lanbide-kualifikazioaren aitorpen ofiziala.

d) Kasuan-kasuan bete beharreko eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia izan ez izana, ezta diziplinako kaleratze bidez bidali izana ere.

2.2. Aurreko baldintzak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea amaitzen den unean, eta postuaren jabetza hartzen den arte.

2.3. Izangaiek deialdi honen oinarrietan zehazten den unean beharko dute frogatu aurreko betekizun horiek betetzen dituztela.

3. oinarria. Eskabideak, dokumentazioa eta azterketa-eskubideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari zuzendu beharko zaizkio, eta Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko dira (Navas de Tolosa kalea 1-Iruña), edo administrazio-araudi indardunaren araberako beste erregistro batzuetan.

Nafarroako Parlamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuz gero, eskabidea eta haren kopia bat aurkeztu beharko dira. Kopia zigilatu eta interesdunari itzuliko zaio, izen-ematearen ziurtagiri gisa. Nafarroako Parlamentuaren Erregistroaren ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:30era.

3.2. Eskabidea posta bulego batean aurkeztea aukeratuz gero, gutun-azal ireki bidez eginen da, kasuko posta-langileak eskabideari data eta zigilua jar diezazkion, ziurtapena egin aurretik.

3.3. Eskabidea I. eranskinean adierazitako ereduaren araberakoa izanen da, eta interesdunentzat eskuragarri egonen da Nafarroako Parlamentuko Erregistro Orokorrean eta Nafarroako Parlamentuaren webguneko (https://parlamentodenavarra.es/eu) "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2023ko ekitaldia" izeneko atalean.

3.4. Parte-hartze eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute ezarrita dauden baldintza guztiak betetzen dituztela eskabide-aurkezpenerako zehaztutako epea amaitzen den egunean.

3.5. Parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek Nortasun Agiri Nazionalaren, pasaportearen edo beste identifikazio-agiri ofizial baten fotokopia aurkeztu beharko dute.

3.6. Espainiako nazionalitatea ez duten pertsonek beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopiak aurkeztu beharko dituzte, bai eta, kasua bada, 2.1.a) apartatuan ezarritako nazionalitate- eta ahaidetasun-baldintzei buruzkoena ere. Halaber aurkeztu beharko dute zinpeko edo hitzematezko aitorpena, beren jatorrizko herrialdean funtzio publikorako sarbidea eragozten dien inolako diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez izatearena.

3.7. Azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubidea izateko 26,00 euro ordaindu beharko dira; hartara, transferentzia bat eginen de Nafarroako Parlamentuaren honako banku-kontu honetara ES47 3008 0218 843490314824 (Nafarroako Rural Kutxa), azalpenean honako hau jarrita: "Parlamentuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofizialaren deialdiko azterketa-eskubideak", bai eta bidaltzailearen izen-abizenak ere. Diru-sarreraren frogagiria deialdian parte hartzeko eskabideari atxikiko zaio.

Azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubideak ordaindu ezean, izangaia deialditik at geldituko da. Azterketa eskubideen tasa ordaintzeak ez du inola ere ordeztuko eskabidea behar den epean eta moduan aurkeztu beharra.

Azterketa-eskubideak ordaintzetik salbuetsita egonen dira:

a) 100eko 33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten pertsonak, zeinek legezko desgaitu-izaera dutelako ziurtagiria aurkeztu beharko baitute.

b) Deialdia argitaratzen den egunerako, langabetu gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea, hilean zenbatuta.

Honela frogatu beharko da b) apartatuan aurreikusitako salbuespena:

–Langabetua dela frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik.

–Interesdunak erantzukizunpeko adierazpen baten bidez frogatuko du ez duela hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik; horretarako deialdi honen II. eranskineko ereduaren araberako agiria aurkeztuko du.

4. oinarria. Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

5. oinarria. Izangai-onarpena. Behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatuta, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, eta Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitara dadin aginduko du. Onartutako eta baztertutako izangaien izen-deiturak agertuko dira zerrenda horretan. Izangai bazterturik ez badago, zilegi izanen da zuzenean onestea behin betiko zerrenda. Orobat argitaratuko da Nafarroako Parlamentuko iragarki-oholean eta https://parlamentodenavarra.es/eu webgunean, "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2023ko ekitaldia" atalean.

5.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrerako hamar egun balioduneko epean, interesdunek zilegi izanen dute egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztea zerrenda horren aurka eta haiek egindako balizko akatsak zuzentzea.

5.3. Erreklamazioak egiteko epea iraganik eta horiek ebatzirik, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko du, zeina honako hauetan argitaratuko baita: Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta https://parlamentodenavarra.es/eu webgunearen "Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2023ko ekitaldia" atalean.

5.4. Ez da azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubidetik itzuliko, baldin eta deialditik at gelditzeko arrazoia izangaiari egotz badakioke.

5.5. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi interesdunei aitortu egiten zaienik deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen dituztenik. Hautatze-prozedura gaindituz gero aurkeztu beharreko dokumentaziotik ondorioztatzen baldin bada interesdunak ez duela betekizunen bat betetzen, horrek galdu eginen du prozedura honetan parte hartzetik hel zitekeen eskubide oro, ezertan galarazi gabe faltsutasunagatik erator lekizkiokeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

6. oinarria. Epaimahai kalifikatzailearen osaera, eraketa eta jarduna.

6.1. Epaimahai kalifikatzailea honako kide hauek osatuko dute:

Lehendakaria: Nafarroako Parlamentuko Mahaiko kide bat.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Mahaiko kide bat.

Epaimahaikidea: Asun Marzal Parra andrea, Nafarroako Parlamentuko Informatikako, Ikus-entzunezkoen Sistemetako eta Teknologiako Zerbitzuko burua.

Ordezkoa: Eduardo Aranaz Jiménez jauna, Nafarroako Parlamentuko Sistemen Ataleko burua.

Epaimahaikidea: Jacinto Mateos Fernández jauna, Extremadurako Biltzarreko Ikus-entzunezkoen eta Teknologia Berrien Ataleko burua.

Ordezkoa: Miguel Ángel Ramírez Gómez jauna, Extremadurako Biltzarreko Komunikazioko eta Irudi Korporatiboko Unitateko burua.

Epaimahaikidea: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatuko du.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko Langileen Batzordeak hautatuko du.

Idazkaria: Silvia Doménech Alegre andrea, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusia.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko legelari bat.

6.2. Baldin eta, abstentziorako eta errefusatzeko legez ezarritako arrazoiak aplikatuz, epaimahaiaren osaketan aldaketarik balego, izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko litzateke aldaketa hori.

6.3. Epaimahaia hautaprobak hasi aurretik eratu beharko da. Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzen denean izendatuko dira lehendakaria eta haren ordezkoa, bai eta izendatu beharreko gainontzeko kideak ere.

6.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, gutxienez bere kideen gehiengo osoa bertaratu gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketa eta jarduna baliodunak izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan beharko dute egon.

6.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko moduari buruz sor daitezkeen gorabehera guztiak.

6.6. Epaimahaiko kideak behartuta egonen dira esku hartzetik abstenitu eta organo dei-egileari horren berri ematera, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean aipatzen diren abstentzio-kausetakoren bat beraiei aplikatzekoa bada. Halaber, izangaiek zilegi dute aipatu kausetakoren bat aplikatzekoa zaien epaimahaikideak errekusatzea.

6.7. Epaimahaiak aholkulari espezialistak beregana ditzake proba guztietarako nahiz probaren baterako. Aholkulari horiek lankidetzan arituko dira epaimahaiarekin, eta beren espezialitate teknikoetan jardutera mugatuko dira.

7. oinarria. Oposizioaldia.

7.1. Oposizioaldia 2023ko urritik aurrera hasiko da, Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean gutxienez ere hamabost egun natural lehenago iragarriko diren tokian, egunean eta orduan.

Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, garaiz iragarriko diren bi egunetan eginen direnak. Proben puntuazioak bi hamarrenetara biribilduta adieraziko dira. Oposizioaldiko probetan gehienez ere 100,00 puntu lortu ahalko dira.

a) Lehenbiziko proba. Ariketa bat izanen da: lau erantzun-aukerako baina erantzun baliodun bakarreko galderen sorta bati erantzun beharko zaio, deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako bi zatien edukiari buruz. Erantzun okerrak zigortu eginen dira.

Probaren gehieneko iraupena epaimahai kalifikatzaileak zehaztuko du proba hasi baino lehen.

Proba egiten den bitartean ezin izanen da testurik erabili, ez eta hiztegirik edo bestelako materialik ere. Tinta urdineko nahiz beltzeko bolaluma bat, punta lodikoa, soilik erabili ahalko da.

Deialdiko III. eranskineko gai-zerrendako zati orokorrean sartzen den edukiari buruzko galderek galderen ehuneko hogeita bost eginen dute gehienez ere.

Gehienez ere 50,00 puntu lortu ahalko dira lehenbiziko proba honetan, eta bazterturik geratuko da gutxienez 25,00 puntu lortzen ez dituen izangaia.

b) Bigarren proba. Ariketa honetan, idatziz garatu beharko dira deialdi honetako III. eranskinean agertzen den gai-zerrendako zati espezifikoko gaiarekin zerikusia duten kasu teoriko-praktiko batzuk.

Proba egiten den bitartean ezin izanen da testurik erabili, ez eta hiztegirik edo bestelako materialik ere. Tinta urdineko nahiz beltzeko boligrafo bat, punta lodikoa, soilik erabili ahalko da.

Gehienez ere 50,00 puntu lortu ahalko dira bigarren proba honetan, eta bazterturik geratuko da gutxienez 25,00 puntu lortzen ez dituen izangaia.

Bigarren proba honetan gutun-azal itxien sistema aplikatuko da. Gutun-azalak jendaurreko ekitaldian irekiko dira, eta ekitaldi hori gutxienez hogeita lau ordu lehenago iragarriko iragarriko da Nafarroako Parlamentuaren iragarki-oholean eta webgunean.

7.2. Deialdi bakarra eginen da oposizioko proba bakoitzerako. Izangaiek aldean izan beharko dute Nortasun Agiri Nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz identifikaziorako balio duen beste agiriren bat. Oposiziotik bazterturik geldituko dira iragarritako egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, bai eta aipatu agirietako baten bidez identifikatzen ez direnak ere.

Horretarako, gutxienez ere 48 ordu lehenago, ariketa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko da deialdiaren 10. oinarrian ezarritako moduan. Deialdian, zer toki, egun eta ordutarako egiten den dei zehaztuko da.

7.3. Oposizioko probak egitean, denbora- eta baliabide-egokitzapen posible eta beharrezkoak eginen dira aitorturiko desgaitasunen bat izanda propio eskatzen dituztenentzat, eskabidean azaltzen dutenaren arabera.

7.4. Proba bakoitza kalifikatu ostean, epaimahaiak izangaiek lortutako puntuazioen zerrenda argitaratuko du Nafarroako Parlamentuaren webgunean, eta bost egun balioduneko epea abiaraziko du, interesdunek.

8. oinarria. Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

8.1. Bi proben kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda argitaratuko du Nafarroako Parlamentuaren webgunean. Izangaiek oposizioan lortu dituzten kalifikazioak adieraziko dira zerrenda horretan, puntuazioaren araberako ordenari jarraikiz, lehenbiziko proban eta bigarren proban lortutako emaitza zehaztuta.

Oposizioan gertatzen diren puntuazio osoan diren berdinketak bigarren proban puntuaziorik handiena lortu dutenen alde ebatziko dira, eta berdinketa mantentzen bada zozketa eginen da, zozketa egiteko deitutako ekitaldi publiko batean.

8.2. Epaimahaiak guztizko puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Nafarroako Parlamentuko Mahaiari, oposizioko aktekin eta gainerako dokumentazioarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izendapen-proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dizkio Nafarroako Parlamentuari, guzti-guztiak jatorrizkoan eta fotokopian, zeinak izangaiari itzuliko baitzaizkio konpultsatu eta gero:

a) Nortasun Agiri Nazionala edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokide bat.

b) Deialdiaren 2.1.c) apartatuan eskatzen den titulua, edo hori lortzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

c) Txostena, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiko Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak egina eta zeinaren bidez frogatuko baita interesdunak ez duela eritasun edo akats fisikorik, lanpostuaren berezko eginkizunetan aritzea eragozten dionik. Ofizioz aurkeztuko da, horretarako osasun-azterketa egin ondoren.

Desgaitasunen bat alegatu duten izangaien kasuan, balorazio- eta orientazio-talde eskudunek ofizioz emanen dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezi ez izanaren zinpeko aitorpena.

e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren berezko eginkizunak zintzo beteko dituela.

f) Nafarroako Administrazio Publikoren bateko langile finko izanez gero, gainera, izaera hori eta aurreko administrazioko espediente pertsonalean ageri diren inguruabar eta aurrekari guztiak frogatzen dituen ziurtagiria, hots, sarrerari, antzinatasunari, mailari, egoera administratiboei eta abarri buruzkoa, aurkeztu beharko du.

8.4. Behar adina justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epearen barrenean arestiko agiriak aurkeztu ezean ezin izanen da izendatu, eta haren egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, bere eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiokeen erantzukizuna ezertan galarazi gabe.

8.5. Aurreko apartatuan aurreikusitako kasuan, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak hutsune hori beteko du 8.1 apartatuak aipatzen duen gaindituen zerrendan jarraian dagoen izangaiarekin, eta horrekiko prozedura izanen da aurreko apartatuek adierazten dutena.

9. oinarria. Izendapena.

9.1. Deialdi honen 8.3 apartatuan aipatzen diren dokumentuak aurkeztu direnean, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak funtzionario izendatuko du proposatutako izangaia. Izendapen hori Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.2. Izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean, izangaiak bere karguaren behin betiko jabetza hartu beharko du, Nafarroako Parlamentuko legelari nagusiaren aurrean.

9.3. Ulertuko da epe horretan lanpostuaz jabetzen ez den izangaiak oposiziotik eratortzen diren eskubideei uko egiten diela. Kasu horretan, deialdi honetako 8. oinarrian aipatzen den gaindituen zerrendan hurrengo tokian dagoen izangaiarekin beteko da lanpostua.

10. oinarria. Jarduketak argitaratzea.

Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez argitaratu beharreko izapideak ezertan galarazi gabe, Nafarroako Parlamentuaren webguneko"Gardentasuna/Langile-zerrendak eta -deialdiak/Langile-deialdi publikoak/2023ko ekitaldia" atalean argitaratuko da deialdiko probak eta kalifikazioak direla-eta epaimahaiak egindako jarduketei buruzko informazioa, bai eta interesdunentzat baliagarria izan daitekeen informazio oro ere (https://parlamentodenavarra.es/eu).

11. oinarria. Aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrendak.

Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeari buruz Erregelamenduak xedatzen duenari jarraikiz, aldi baterako kontrataziorako izangai-zerrenda hauek eginen dira, hautapen prozesuan parte hartu eta bertan posturik lortu ez duten pertsonekin:

1) Lanposturik gabeko gaindituen zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

2) Oposizioa gainditu ez baina lehendabiziko proba gainditu dutenen zerrenda, ortutako puntuazioaren arabera ordenatua. Berdinketak zozketa bidez ebatziko dira, horretarako deitutako ekitaldi publiko batean.

12. oinarria. Aurkeztutako agiriak.

12.1. Aurkeztutako dokumentazioa berreskuratzea zilegi izanen dute izangaiek, berariaz eskatuz gero eta erreklamazio edo errekurtsorik jarri ez bada. Berreskuratze-eskaera hiru hilabeteko epean aurkeztu ahalko da, aurretik beste hiru hilabete igaroak direnean izendapen-erabakia Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu denetik.

12.2. Aurreko atalean ezarritako epea bukatzen bada agiriak hartzeko eskaerarik egin gabe, izangaiek agiriak berreskuratzeari uko egin diotela ulertuko da, eta, beraz, horretarako eskubidea galduko dute eta agiriak suntsitu eginen dira.

13. oinarria. Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen, bere oinarrien eta Nafarroako Parlamentuko Mahaiak deialdi hau dela-eta hartzen dituen gainerako erabakien aurka ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Aukerako berraztertze-errekurtsoa, Legebiltzarreko Mahaiari zuzendua, egintza edo erabakia jakinarazi edo argitara eman eta biharamunean kontatzen hasitako hilabeteko epean.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasita.

13.2. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak nahiz epaimahaiak deialdi honen aplikazioan erabakitzen dituzten gainerako egintzen aurka zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Parlamentuko Mahaiari, egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunean kontatzen hasitako hilabeteko epean.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

1) Datu pertsonalak.

Izen-abizenak: __________________________________________________________________

Nortasun Agiri Nazionalaren, Atzerritarraren Identifikazio-zenbakiaren edo beste identifikazio-agiri ofizial baten zenbakia: ___________________________________________ (fotokopia doa erantsirik).

Jaioteguna: ____________________________________________________________________

Helbidea: _______________________________________________________________________

Herria: ________________________________________________________________________

Probintzia: _______________________________________ Posta kodea: ___________________

Telefonoa(k): ___________________________________________________________________

Helbide elektronikoa: _______________________________________________________________

2) Desgaitasunaren egiaztagiria (bidezkoa denean bakarrik).

[ ] Desgaitasun bat dudala, zeina eskabidearekin batera frogatzen baitut (legezko desgaitu-izaeraren frogagiriaren fotokopia eransten da) eta %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenentzako erreserba txandako lanpostu bat lortzeko aukera izan nahi dudala.

[ ] Desgaitasun hori dela-eta, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala probak egiteko, adierazitako arrazoiengatik. (aparteko orri batean zehaztuko dira desgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak).

3) Azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubidea.

[ ] Azterketa egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubideen tasa ordaindu dudala.

[ ] Tasa ordaintzetik salbuetsirik nagoela, honako arrazoi honengatik:

[ ] %33ko edo hortik gorako desgaitasuna izatea aitorturik.

[ ] Deialdi hau argitaratu den egunaren aurreko hilabetean (gutxienez ere) langabezia egotea, deialdiaren 3.7.b) oinarrian azaldutako baldintzetan, eta hilero lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izatea (honekin batera, enplegu-bulegoaren ziurtagiria, zeinean jasotzen baita inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik, bai eta II. eranskineko ereduaren araberako erantzukizunpeko adierazpena).

4) Halaber adierazten dut:

–Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eta ez dudala xedapen indardunetan ezarritako ezintasunik.

–Ez naizela diziplina-espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, eta ez naizela zigortua izan eginkizun publikoetan jarduteko ezgaitzearekin edo etendurarekin.

–Badauzkadala deialdian eskatzen diren tituluak, eta bertan parte hartzeko ezarrita dauden baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko ezarritako epea bukatzen den egunean.

–Konpromisoa hartzen dudala, izendatua izanez gero, deialdiaren 8. oinarrian aipatzen diren agiriak aurreikusten den epean aurkezteko, bai eta lanpostuaren jabetza hartzeko ere nire izendapena jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Horrenbestez ESKATZEN DUT onartua izatea deialdi horretan, zeinaren bidez beteko baita Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofizialaren lanpostu huts bat, funtzionario-araubidekoa eta C mailakoa. Deialdia __________________________ datako ________ zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua da.

_________________(e)n, 2023ko ____________________ren _______(e)(a)n.

(Sinadura)

OHARRA: Eskabidea Nafarroako Parlamentuaren Erregistroan aurkeztuz gero, horren kopia bat atxiki beharko da, zigilatua jarri eta interesdunari itzul dakion, izena eman izanaren frogagiri gisa.

Datu Pertsonalen Babeserako 2016/679 Europako Erregelamenduari (DPBE) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz, honako honen berri ematen dizugu, emandako datu pertsonalak direla-eta:

Arduraduna eta helburua: Izaera pertsonaleko datuak Nafarroako Parlamentuak tratatu eta "Giza Baliabideak" tratamendu-sisteman sartuko ditu; haren xedea da Nafarroako Parlamentuko giza baliabideen erregistrorako eta kudeaketarako behar diren datuak lortzea. Datu horiek erabiliko dira langile-hautaketako eta lanpostu-betetzeetako prozesuetan, langileen prestakuntzan, bateraezintasunen gaineko kontrolean, lan-arriskuen prebentzioan, alta- eta baja-zereginetan, eta Gizarte Segurantzari eta, kasua bada, mutualitateei, gizarte-aurreikuspeneko entitateei eta aseguru-enpresari eginiko komunikazioetan, bai eta kontrol presentzialean ere.

Legitimazioa: Helburua oinarrituta dago legezko betebehar baten betetzean eta Nafarroako Parlamentuaren zenbait ahalmen publikoren erabileran, honako euskarri juridiko honekin:

DBEOren 6.1.e) artikulua eta Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua, Erregelamendu Batzordeak 1991ko martxoaren 20an egindako bilkuran onetsia. (19. NPAO, 1991ko martxoaren 26koa).

Eskubideak: Orobat jakinarazten dizugu zure eskubidea dela Nafarroako Parlamentuari eskatzea zure datuak eskuratu, zuzendu, ezabatu eta eraman ahal izatea, bai eta datu horien tratamendua mugatzea eta ukatzea ere, bidezkoa denean, Nafarroako Parlamentuari eskaria eginez Navas de Tolosa kalea, 1, 31002 Iruña helbidean edo posta elektronikoko dpd@parlamentodenavarra.es helbidean.

Datu-gordetzea: Datuak gordeko dira Nafarroako Parlamentuko Artxiboaren antolamenduari eta funtzionamenduari buruzko Arauek xedatzen dutenari jarraituz. Arau horiek 2000ko maiatzaren 15ean onetsi zituen Nafarroako Parlamentuko Mahaiak, eta 2000ko ekainaren 8ko 48. Nafarroako Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren.

NAFARROAKO PARLAMENTUKO LEHENDAKARIARI.

II. ERANSKINA.–ERRENTA JASOTZEARI BURUZKO ADIERAZPENA

Izen-abizenak: ___________________________________________________________________

NAN zenbakia: __________________________________________________________________

Helbidea: ______________________________________________________________________

Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko ikus-entzunezkoen teknikari-ofizialaren postu bat betetzeko deialdiko azterketak egiteko eta espedientea formalizatzeko eskubideak ordaintzetik salbuetsita egotearen ondorioetarako, honako hau ADIERAZTEN DUT nire ardurapean: ez dut lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik jaso, hilean zenbatuta, enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon naizen bitartean, kasuko enplegu zerbitzuak emandako agirian, zeina honekin batera baitoa, jasota ageri denez. Aipatu deialdia _________________________ko ___________ zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

_________________(e)n, 2023ko ____________________ren _______(e)(a)n.

III. ERANSKINA.–ZATI OROKORRA

1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa; zehazki, honako titulu hauek: III. titulua: Gorte Nagusiak. VIII. titulua: Estatuaren antolakuntza lurraldeen arabera. I. kapitulua: Printzipio orokorrak. Hirugarren kapitulua: Autonomia-erkidegoak.

2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa; zehazki, honako titulu hauek: Atariko titulua. Xedapen orokorrak. I. titulua: Nafarroako Foru Erakundeak.

3. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua; zehazki, honako titulu hauek: I. titulua: Nafarroako Parlamentuaren eraketa. II. titulua: Foru parlamentariak. III. titulua: Talde parlamentarioak.

4. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua; zehazki, honako titulu hauek: IV. titulua: Nafarroako Parlamentuaren antolamendua. I. kapitulua: Mahaia. II. kapitulua. Eledunen Batzarra. III. kapitulua: Batzordeak eta ponentziak. 1. sekzioa: Arau orokorrak. 2. sekzioa: Legegintzako batzordeak. 1. sekzioa: Batzorde bereziak.

5. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua; zehazki, honako titulu hauek: V. titulua: Funtzionamenduari buruzko arau orokorrak. I. kapitulua: Bilkurak eta haietarako deialdiak. II. kapitulua. Gai-zerrenda. III. kapitulua: Quoruma. IV. kapitulua: Eztabaidak. V. kapitulua: Bozketak. VI. kapitulua: Bilkuren aktak. VII. kapitulua: Epeak zenbatzea eta agiriak aurkeztea.

6. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua; zehazki, honako titulu hauek: VI. titulua. Legegintzarako prozedura. I. kapitulua: Legegintza-ekimena. II. kapitulua. Legegintzako prozedura arrunta.

7. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua; zehazki, honako titulu hauek: XI. titulua. Interpelazioak eta galderak. XII. titulua. Mozioak. XIII. titulua. Foru Diputazioaren komunikazio, programa edo planen eta beste informazio batzuen azterketa eta eztabaida.

8. gaia.–Nafarroako Parlamentuko Langileen Estatutua. Nafarroako Parlamentuko administrazioaren antolamenduari buruzko erregelamendua.

ZATI ESPEZIFIKOA

9. gaia.–Audio analogikoa eta digitala. Audio-seinale orekatua. Interfaze orekatua eta ez-orekatua. Soinu digitalaren oinarriak. Seinalearen laginketa eta kodeketa. Erlojua eta sinkronizazioa. Bihurtze analogikoa-digitala. Estandarrak eta formatuak (AES3, MADI). Soinu-konektoreak eta -kableatua. Inpedantzia. Pantailatzea. Audio-sistemen kableatuko formatuak eta estandarrak.

10. gaia.–Mikrofonoak. Motak eta ezaugarriak. Direktibotasuna eta diagrama polarra. Zarata maila eta sentikortasuna (s/r). Maiztasun-erantzuna, inpedantzia. Transduktorearen eta direktibotasunaren araberako sailkapena. Teknika mikrofonikoak (teknika estereofonikoak).

11. gaia.–Soini monofonikoa, estereoa, kanal anitzekoa. Audio-seinalea. Mailak eta magnitudeak. Neurketa-tresnak.

12. gaia.–Audio-seinalea nahastea eta prozesatzea. Audio-nahasgailuaren ezaugarri teknikoak, kontrola eta konexioak. Audio digitalaren eta analogikoaren nahasgailua. Audio-seinalearen prozesadoreak. Atarikoak. Maiztasun-, dinamika- eta efektu-prozesadoreak. Ekualizadore grafikoak eta parametrikoak. Iragazkiak. Audioko nahasketa-mahaiak. Soundcraft SiExpression1 mahai digitala (16 Mic/Line eta 4 buseko 2 linea Estereo).

13. gaia.–Soinuaren erreprodukzioa. Soinu profesionaleko instalazioak, megafonia. Anplifikadore, bozgorailu, entzungailu eta bestelako ekipo analogikoen motak eta ezaugarriak.

14. gaia.–Eztabaida- eta hitzaldi-sistema bozketadunak. Osagaiak eta konexioak. Lan-filosofia. Kontrol-softwarea. Unitate-motak. Kudeaketa eta mantentze-lanak. SHURE (MXC seriea) bozketa- eta hitzaldi-sistema eta Shure SW600 softwarea.

15. gaia.–Aldibereko itzulpen-sistemak. Aldibereko itzulpenaren alderdi teknikoak. Zer ekipo behar den., Kudeaketa eta kontrola.

16. gaia.–Bideo-seinale digitalak. Sinkronizazioa eta erreferentziak. Sinkronismoak sortzeko sistemak. HDMI eta SDL seinaleak. Bideo-nahasgailuak. ATEM nahasgailuak.

17. gaia.–Seinaleen banaketarako eta kontrolerako ekipamendua. Kommutazio-matrizeak eta seinale-banagailu, -bihurgailu eta -eskalagailuak. Ikus-entzunezkoen sistemak kudeatzeko eta kontrolatzeko ekipoak. Audio- eta bideo-konexio analogikoa eta digitala, patch panel. HDMI, DVI, Display port, SDI, HDBaseT konexioak.

18. gaia.–Bideo-seinaleen kodeketa eta konpresioa. Ekoizpenerako bideo- eta audio-kodeketak. Sistema eta formatu erabilienak: MPEG2, MPEG4, H.264/MPEG4-AVC, HEVC. Fitxategiak, edukiontziak (MXF, IMF) eta Transport Stream. Audio- eta bideo-formatuak prozesatzeko eta bihurtzeko softwarea. Audio-xurgagailuak eta desxurgagailuak.

19. gaia.–Audio- eta bideo-konektoreak eta -kableak; horiek mantentzea eta konpontzea.

20. gaia.–Ikus-entzunezko ekipoen mantentze-lanak (prebentziozkoa, zuzentzailea eta prediktiboa). Ekipoak garbitzea, iragazkiak garbitu eta aldatzea, lanparak aldatzea, oinarrizko konponketak, soldadura biguna.

21. gaia.–Ekipo elektronikoetarako elikatze-iturriak. Motak, iturri linealak eta kommutaziozkoak. Abantailak eta desabantailak. Bloke-diagrama eta funtzionamendua.

22. gaia.–Bideokonferentzia-sistemak. Kudeaketa eta kontrola. IP eta web bideokonferentzia-sistemak. ZOOMa.

23. gaia.–Streaminga Streaming-plataformak. Wowza.

24. gaia.–Bideo-proiektagailuak. Proiekzio-teknologia; motak eta ezaugarriak. Irudi-pantailak; motak.

25. gaia.–IP teknologia bidezko bideo-produkzioa.

26. gaia.–IP teknologia bidezko audio-produkzioa. SHURE Microflex Wireless hari gabeko mikrofono-sistemak. DANTE.

27. gaia.–Creston kontrol-sistemak: erabilera eta eragiketa.

28. gaia.–Ordenagailu-sareak. Kableatze egituratuko sistemak. LAN sareak: estandarrak eta protokoloak. TCP/IP sareak. Oinarrizko sare-zerbitzuak: DHCP, NAT, DNS. NTP, SNMP.

29. gaia.–Hari gabeko teknologiadun toki-sareak. Estandarrak eta protokoloak. Sarbide-puntuak.

30. gaia.–Bezero-sistema eragileak: Windows 10 eta Windows 11. Aplikazioen instalazioa. Mantentze-lanak eta eguneratzeak. Baliabide partekatuak. Gailuen eta inprimagailuen instalazioa. Urrutiko idazmahaia.

Oharra: deialdi honetako gai-zerrendan sartzen den Nafarroako Parlamentuko Erregelamendua 2023ko martxoaren 16ko Osoko Bilkuran onetsitakoa da (2023ko apirilaren 14ko 76. Nafarroako Aldizkari Ofiziala). Gainerako edukiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dauden arauetan agertzen diren bezala eskatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2309005