1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
236/2023 EBAZPENA, ekainaren 1ekoa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, hauteskunde-arbitro batzuen agintaldia berritzen duena.
Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 76. artikuluaren 1. apartatuan ezartzen denez, hauteskundeen arloko aurkaratzeak artikulu horrexetan araututako arbitraje-prozeduraren arabera izapidetuko dira. 3. apartatuak eransten du arbitro lanetan arituko direla apartatu horretan araututako prozeduraren arabera izendatzen direnak, eta arbitroa edo arbitroak izendatuko d(ir)ela ordezkaritza handiena duten sindikatuek eta, kasuan kasuko probintzian, eremu funtzionalean edo enpresan, enpresa batzordeko kideen edo delegatuen %10 edo gehiago duten sindikatuek aho batez hartutako erabakiaren bidez.
2023ko maiatzaren 24an, UGT, CCOO, ELA eta LAB sindikatuek, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruko Hauteskunde Sindikalen Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideak diren aldetik, hauteskunde-arbitroak izendatzeko legeztatuak egonik, dokumentu bat bidali zioten Lan Zerbitzuari, non proposatu baitzuten, hauteskunde-arbitroen agintaldia bukaturik, Nafarroako Foru Komunitatean bost hauteskunde-arbitro mantentzea, bai eta Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 198/2018 Ebazpenaren bidez izendatutako lau arbitroen agintaldia berritzea ere.
Adierazitakoarekin bat, eta martxoaren 11ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Amaia Irigoien Roitegui, Miguel Mingo de Miguel, Jesús Aguinaga Tellería eta María Cristina Lasterra Sánchez hauteskunde-arbitroen agintaldia berritzea, Erregistro, Gordailu eta Publizitate Bulego Publikoan hauteskunde arloan aurkeztutako erreklamazio eta aurkaratzeen ondorioz tramitatzen diren arbitraje prozeduretan esku har dezaten, salbu eta arbitraje prozedura bateko alderdiak beste arbitro bat izendatzeko ados jartzen direnean. Agintaldia berritzen zaien arbitro horiek Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren maiatzaren 7ko 198/2018 Ebazpenaren bidez izendatu ziren.
2. Agintaldiaren iraupenari (bost urtekoa), abstentzioei, arbitroak errekusatzeari eta baliabideak emateari dagokienez, Langileen Estatutuaren 76. artikuluan eta Enpresan Langileen Ordezkaritza Organoetarako Hauteskundeen Erregelamendua onesten duen irailaren 9ko 1884/1994 Errege Dekretuaren 33., 34. eta 35. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Ebazpen hau interesdunei eta aipatutako sindikatuei jakinaraztea, eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Lan arloko Erregistro Publikoen Bulegoari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea orok haren berri izan dezan.
Iruñean, 2023ko ekainaren 1ean.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.
Iragarkiaren kodea: F2308770