127. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

113/2023 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez hasiera ematen baitzaio Alesbesko Karmeldar Oinutsen Komentuan dagoen "Cavaillé-Coll-Mutin organoa" izeneko musika-instrumentua, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen xedea da Nafarroako kultur ondarea babestu, kontserbatu, berreskuratu, ugaritu, ikertu, zabaldu eta hurrengo belaunaldien esku jartzea. Adierazpen hori egiteko, dagokion administrazio prozedura hasi, izapidetu eta ebatzi behar da.

Ondare Historikoaren Zerbitzuak Alesbesko Udalaren eskaera bat jaso du, udalaren jabetzapeko Cavaillé-Coll-Mutin organoa, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko espedienteari hasiera emateko.

Alesbesko Udalak 2023ko otsailaren 8an aurkeztu zuen eskaera, organo historikoak zaharberritzen espezialista den Rubén Pérez Irachetak sinatutako justifikazio-memoriarekin batera, zeina espedienteari erantsi baitzaio.

2021ean, notario-eskritura baten bidez, Karmeldar Oinutsen Ordenak herrian zituen komentua, eliza eta baratzeak (lanabes guztiak barne) Alesbesko Udalari eman zizkion. Ondasun horien artean dago 1904ko Cavaillé-Coll-Mutin organoa, karmeldarren komentuko elizako koruan dagoena.

Memorian jasotzen den bezala, musika-tresna berezia eta kalitate bikainekoa izan arren, oso oharkabean pasa da. Sagasetak eta Tabernak prestatutako Nafarroako organoen katalogoan –editatu direnetatik lehenbizikoetakoa (1985)–, tresna horren kalitatea nabarmendu zen, zuhurki nabarmendu ere, eta gaur egungo kokapenaren ondoriozko soinu-gabeziak aipatu ziren. Datu historiko gutxi izanik, katalogo horretan ezin izan zen organoaren fabrikazio urtea zehaztu, baina jatorria argia dirudi: Bilboko Elkarte Filarmonikoa, musika-tresnaren jatorrizko jabea baita. Ez dakigu zehatz-mehatz noiz eraman zuten organoa Alesbesko Karmeldar Oinutsen komentura, eta ezezagunak dira, orobat, lekualdatze horren inguruko gorabeherak. Dirudienez, 1946. urtearen inguruan, Juan Braun organo-konpontzaile alemaniarrak, Walcker etxeko ordezkariak, organoaren jatorrizko sistema aldatu zuen, sistema mekanikoaren ordez sistema mekaniko-pneumatikoa jartzeko, eta organoaren kokapena edo jarrera ere aldatu omen zuen, organoaren fitxan agertzen denaren arabera. Hau da, organoa zatikatu egin zen: makineria, hodiak eta funtsezko piezak Alesbesera eraman ziren eta kutxa hutsa Bilbon gelditu zen.

Alesbesko Karmeldarren komentuan instalatzeko, Juan Braunek estilo eklektikoko altzari bat egin zion, altzari oso bat izatera nekez iristen dena. Izan ere, fatxadako hoditeriaren oinarria den idulkiaren zatia baino ez du okupatzen. Barrurantz, berriz, ez dago altzaririk, makineria guztia arkuaren azpiko zuloan bilduta gelditzen baita. Litekeena da idulkia antzinako altzari baten zatiekin egina izatea. Oso plafoi xumeak ditu, moldura lodi batekin errematatuak, non jatorrizko kontsola atxiki baitzen. Dena pintatua dago zur nobleak imitatuz, XX. mendeko 40-50eko hamarkadetan ohikoa zen olio teknika erabiliz. Hortxe bukatzen da kutxa, berez. Fatxada babesik gabeko eta inolako arotz-lanik gabeko hodi kanonigoen sorta bat da.

Alesbesko organoa Nafarroako organoen ondarearen adibide erreferentziala da. Gaur egun, A. Cavaillé Collen eta haren ondorengoen etxeko musika-tresnak oso estimatuak eta baloratuak dira, aparteko kalitatea dutelako, bai materialengatik, bai soinu-emaitzarengatik. Bere ezaugarriei erreparatuta, katalogoko organo tipiko bat da, "aretokoa". 56 notako bi teklatu ditu, eta 30 notako pedala, 20 erregistro erabilgarrirekin, hodi sorta errealak 16 badira ere. Estilo horretako antzeko beste adibide batzuk dira –guztiak ere alboko kontsola dutenak–, besteak beste, Nouméako Saint Joseph katedralekoa (Kaledonia Berria), 1907koa; Sainte Marie Madeleine katedralekoa (Domont, 1905); edo Louvraiseko Saint Pierre katedralekoa (Pontoise, 1900). Nafarroan etxe horretako lau musika-tresna kontserbatu dira: Donezteben, Amaiurren, Iruñeko Kaputxinoen elizan (lehen Lekarozen zegoena) eta Alesbesen; azken hori da handiena eta agian kategoria handienekoa, nahiz eta oso kontserbazio-egoera onean ez dagoen.

Organoari lege babesa eman beharra indartzen duten arriskuen artean, musika-tresnaren narriadura progresiboa aipatu beharra dago, mantentze-lan faltaren eta azken urteotako abandonatze orokorreko prozesuaren ondorioz eragin dena. Fabrikako arkuaren barruan modu desegokian kokatua egoteak soinu-potentzia galtzea eragiten du, eta hori zuzendu eta hobetu beharra dago. Musika-tresnak makineria guztia kontserbatzen du, altzaria eta fatxadako hodi batzuk izan ezik. Hoditeria guztia zoragarri eraikia dago, bai soldaduren ontasunari dagokionez, bai eztainuzko xaflen gogortasunari eta lodierari dagokienez. Detektatzen den arriskurik handiena da kokapen desegokia izatetik datorkiona. Horregatik, ezinbestekoa da kokapena aldatzea eta leku logiko batera eramatea, erdiko korura, alegia.

Horrenbestez, Ondare Historikoaren Zerbitzuaren iritziz behar bezala justifikatua dago Alesbesko Udalaren jabetzapeko organoaren garrantzia eta berezitasuna, eta, bat etorriz Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat, proposatzen du behar den espedientea hastea Alesbesko Karmeldarren komentuan dagoen Cavaillé-Coll-Mutin organoa, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legeak eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuak eman dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behar den espedientea hastea Alesbesko Karmeldar Oinutsen komentuan dagoen Cavaillé-Coll-Mutin organoa, ondasun higigarri gisa, kultur intereseko ondasun deklaratzeko. Organoaren azalpena eta ezaugarriak espedientean ageri dira.

2. Jendaurrean egoteko 30 eguneko epea irekitzea, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, espedientean interesa duten guztiek aztertu eta egoki jotzen duten guztia argudiatu dezaten.

3. Ebazpen hau jakinaraztea Alesbesko Udalari, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari eta Kultur Intereseko Ondasunen Erregistro Orokorrari, zeina atxikia baitago Kultura eta Kirol Ministerioko Ondare Historikoaren Dokumentazioaren eta Erregistroen Zuzendariordetzari, ondasunaren prebentziozko idatzoharra egin dadin, bai eta ukitutakoei ere, espedientean agertzen denarekin bat.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 18an.–Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusia, Ignacio Apezteguía Morentin.

Iragarkiaren kodea: F2308055