127. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 16a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115/2023 EBAZPENA, apirilaren 17koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren eskaintza, bertan ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedura eta egutegia, 2023-2024 ikasturterako eta Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetakoak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 5. artikuluko 1. apartatuak ezartzen duenez, pertsona guztiek izan behar dute bizitza osoan zehar prestatzeko aukera, hezkuntza sistemaren barruan zein kanpoan, beren garapen pertsonalerako eta profesionalerako gaitasunak, ezagutzak, trebetasunak, ahalmenak eta konpetentziak eskuratu, eguneratu, osatu eta zabaltzeko asmoz; eta 69. artikuluak xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek neurri egokiak hartu behar dituzte helduek derrigorrezkoaren ondoko ikasketen eskaintza espezifiko bat izan dezaten, beren ezaugarrien arabera antolatua.

Lanbide Heziketaren antolamenduari eta integrazioari buruzko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, honako hauek dira Lanbide Heziketaren sistema garatzeko printzipioetako batzuk, besteak beste: lan egiteko adinean dauden pertsonen prestakuntza beharrak asetzea, bizitzan zehar lanbide kualifikazioa etengabe hobetzea, kalitatezko lanbide heziketa egiteko modalitate ezberdinak bermatzea eta prestakuntza egiaztagarriaren eskaintza malgua eta moduluetan banatua egitea.

Helduen hezkuntza arautzen duen ekainaren 21eko 19/2002 Foru Legeak xedatzen du bere jarduketa eremuaren barruan dagoela lan munduan sartzeko bidea ematen duten tituluak lortzeko prestakuntza. Eta 5. artikuluan ezartzen du, prestakuntza programen artean, lan munduan sartzea ahalbidetzen duten tituluak eta lanbide sustapena eta eguneratzea errazten dutenak lortzera bideratuta daudenak egonen direla.

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemaren esparruan Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, Lanbide Heziketa ikasteko hainbat modalitate eta eskaintza jasotzen dira.

Aurrekoarekin bat etorriz, azkeneko ikasturteotan, Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako prestakuntza eskaintza batzuk arautu ditu helduentzat, araubide presentzialekoak direnak eta Lanbide Heziketako ziklo gisa antolatuak daudenak. 2023-2024 ikasturterako eskaintza, ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozedura eta irizpideak ezarri behar dira, bai eta prozesu horiek 2023-2024 ikasturterako zehazten dituzten datak ere.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 2023-2024 ikasturterako "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren eskaintza ezartzea Nafarroan, Lanbide Heziketako tituluak lortzen laguntzearren. Ebazpen honen 1. eranskinean azaltzen da zein heziketa ziklo eskaintzen diren eta zein ikastetxetan.

2. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentziala egin nahi duten ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko jarraibideak 2023-2024 ikasturterako, ebazpen honen 2. eranskinean azaltzen direnak.

3. Onestea Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentziala egin nahi duten ikasleak onartzeko prozeduraren egutegia 2023-2024 ikasturterako, ebazpen honen 3. eranskinean azaltzen dena.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Lanbide Heziketako Proiektuen eta Kualifikazioen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

5. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egun baliodunetik hasita.

6. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 18an.–Lanbide Heziketaren zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

"Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren eskaintza 2023-2024 ikasturtean

1.–Eskaintza.

1. Helduek kualifikazio aukera berriak lortzera bideratuta dagoen Lanbide Heziketa presentzialaren eskaintza hau, "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatua dagoena, eskaintza mota berezi eta oso bat da, maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 5. eta 6. artikuluei jarraikiz, foru dekretu horren bidez arautu baitziren Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sisteman.

Horregatik, helduei zuzenduta dago, eta ikasturtea osatzen duten modulu guztiak hartzen ditu bere baitan matrikulak.

Zikloren batean hamabost ikasle baino gutxiago inskribatzen badira, Hezkuntza Departamentuak 2023-2024 ikasturteko eskaintzatik kentzen ahalko du.

2. Oro har, ikasle berrientzako 25 ikaspostu eskaintzen dira ondotik adierazten diren zikloetako multzo bakoitzean.

3. Honako hau da Nafarroan 2023-2024 ikasturtean "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren eskaintza:

a) "Erizaintzako Zainketa Lagungarriak" erdi mailako heziketa zikloa. Bi ikasmaila ditu. 2023-2024 ikasturtean, zikloaren lehenengo eta bigarren ikasmailak eskaintzen dira.

Lehenengo ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Lantaldeko harremanak.

–Lanerako prestakuntza eta orientabideak.

–Erizaintzako oinarrizko teknikak I.

–Ospitaleko higienea eta materialaren garbiketa.

Bigarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Administrazio eragiketak eta osasun dokumentazioa.–Osasunaren sustapena eta pazientearentzako laguntza psikologikoa.

–Erizaintzako oinarrizko teknikak II.

–Laguntza odontologikoaren/estomatologikoaren teknikak.

–Lantokiko prestakuntza.

b) "Gizarte Integrazioa" goi mailako heziketa zikloa (HLO). Hiru ikasmaila ditu. 2023-2024 ikasturtean, zikloaren hiru ikasmailak eskaintzen dira.

Lehenengo ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Trebetasun sozialak.

–Esku-hartze sozialaren testuingurua.

–Autonomia pertsonala sustatzea.

–Esku-hartze sozialaren metodologia.

–Komunikazio sistema handigarriak eta alternatiboak.

Bigarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Gizartean eta lan munduan txertatzea.

–Lehen sorospenak.

–Ingelesa I.

–Lanerako prestakuntza eta orientabideak.

–Enpresa eta ekimen ekintzailea.

–Bizikidetza-unitateen arreta.

–Bitartekaritza komunitarioa.

–Hezkuntzako esku-hartzerako sostengua.

Hirugarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Gizarte integrazioaren proiektu integratua.

–Lantokiko prestakuntza.

Bi lanbide modulu horiek modu presentzialean eginen dira osorik.

c) "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa (HLO). Hiru ikasmaila ditu. 2023-2024 ikasturtean, zikloaren lehenengo eta bigarren ikasmailak eskaintzen dira.

Lehenengo ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Giza baliabideak eta gizarte-erantzukizun korporatiboa.

–Bulegotika eta informazioaren prozesua.

–Merkataritza jardueraren prozesu integrala.

–Giza baliabideen kudeaketa.

–Ingelesa 1.

–Lanerako prestakuntza eta orientabideak.

Bigarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Ingelesa.

–Enpresa simulazioa.

–Lege eta enpresa arloko dokumentazioaren kudeaketa.

–Finantzen kudeaketa.

–Komunikazioa eta bezeroentzako arreta.

–Kontabilitatea eta fiskalitatea.

–Logistikako eta merkataritzako kudeaketa.

Hirugarren ikasmailak lanbide modulu hauek izanen ditu:

–Administrazioko eta finantzetako proiektua.

–Lantokiko prestakuntza.

2.–Ikastetxeak.

ERDI MAILA

IKASTETXEA

HERRIA

Erizaintzako Zainketa Lagungarriak

Nafarroako Lanbide Eskola Tekniko Sanitarioa -ESTNA IB

Iruña

ETI IBP

Tutera

Lizarrako IB Politeknikoa

Lizarra

GOI MAILA

IKASTETXEA

HERRIA

Gizarte Integrazioa

"Hezitzaile Eskola" IB

Iruña

Administrazioa eta Finantzak

Donapea IBP

Iruña

2. ERANSKINA

"Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialean ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozeduraren jarraibideak. 2023-2024 ikasturtea

1.–Sartzeko baldintza orokorrak.

Honako baldintza hauek betetzen dituztenek ikaspostua eskatu ahal izanen dute "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialean:

a) Frogatzea betetzen direla Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartuak izateko prozedura arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduan ezarritako baldintzak (5.1 eta 5.2 oinarrian erdi mailako heziketa zikloetakoak ezarri dira, eta 7.1 eta 7.2 oinarrian goi mailakoak).

b) Gutxienez 18 urte beteak izatea izena ematen den urte naturalean.

2.–Ikasleak lehen mailan onartzeko irizpideak.

1. Hezkuntza maila bakoitzean, zerrendak eginen dira LH erdipresentzialeko eskaintzako heziketa zikloetan inskribatzea eskatzen duten pertsona helduen izenekin. Eskatzaileak lehentasun hurrenkeran agertuko dira, honako irizpide hauei jarraituz:

2. "Erizaintzako Zainketa Lagungarriak" erdi mailako heziketa zikloa:

2.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

2.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua baino goragoko mailako titulazio akademikorik ez dutenak eta 1.a) jarraibidean aipatutako sarbide-baldintzetakoren bat betetzen dutenak (DBHko graduatu titulua, oinarrizko lanbide titulua, erdi mailako zikloetara sartzeko prestakuntza ikastaro espezifikoa, zikloetara sartzeko probaren ziurtagiria edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk).

–Bigarrena: sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: batxilergoko titulua izatea, teknikari titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

–Hirugarrena: sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: goi mailako teknikari titulua, unibertsitateko graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

2.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena: erdi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera. Hura aterako da ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena: puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2023an egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2023-2024 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3. "Gizarte integrazioa" goi mailako heziketa zikloa eta "Administrazioa eta Finantzak" goi mailako heziketa zikloa.

3.1. Lehentasun hurrenkeraren araberako zerrenda irizpide hauei jarraituta ezarriko da:

–Lehena. Nafarroan gutxienez urtebete erroldaturik daramatela frogatzen duten helduak, edo, azkeneko 5 urteetan, gutxienez urtebeteko lan esperientzia frogatzen dutenak lanaldi osoan Nafarroako enpresetan.

–Bigarrena. Aurreko bi egoera horietako bakar batean ere ez dauden helduak.

3.2. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen diren bi taldeetatik bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena: Batxilergoko titulua edo teknikari titulua baino maila handiagoko titulazio akademikorik ez dutenak eta 1.a) jarraibidean aipatutako sarbide-baldintzetakoren bat betetzen dutenak (batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako teknikari titulua, arte plastikoetako eta diseinuko teknikariaren titulua, goi mailako zikloetara sartzeko ikastaroa, goi mailako zikloetara sartzeko probaren edo unibertsitatera sartzeko 25 urtetik gorakoentzako probaren ziurtagiria edo aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk).

–Bigarrena: sartzeko baldintza hauetakoren bat betetzen dutenak: goi mailako teknikari titulua, unibertsitateko gradudun titulua edo ondorio akademikoetarako aurrekoen baliokidetzat jotako beste ikasketa batzuk.

3.3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

–Lehena: goi mailan sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera, hura aterata ikasketa espedientetik, ikasketa ziurtagiritik edo sarrera-probatik, zein dagokion, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarriko atalen arabera.

Teknikari titulu baten bidez sartu nahi duten pertsonen kasuan, gainditu duten heziketa zikloaren batez besteko nota izanen da sarrerako nota.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

–Bigarrena: puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2023an egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2023-2024 ikasturteko onarpen prozesuetan.

3.–Ikasleak bigarren mailan onartzeko irizpideak.

1. "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren bigarren mailan sartu nahi dutenek egiaztatu beharko dute: betetzen dituztela eranskin honetako 1. jarraibidean ezarritako baldintza orokorrak; gainditu dituztela lehen mailako modulu profesional guztiak, kasuan kasuko Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloaren curriculum antolaketaren arabera, edo gainditzeke dutela, gehienez ere, Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloaren 1. mailan emandako moduluetako edo modulu blokeetako ordu guztien %35.

2. Lehentasun-zerrenda honako lehentasun-irizpide hauen arabera ezarriko da:

a) Lehena: lehen mailako modulu guztiak eta, hala badagokio, prestakuntza-blokeak gainditu dituztenak, Nafarroako Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloaren curriculum antolaketaren arabera.

b) Bigarrena: gainditzeke dituztenak, dagokion Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloaren 1. mailan emandako moduluetako edo modulu-blokeetako ordu guztien %35, gehienez ere.

3. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

a) Lehena: bigarren mailara sartzeko notaren arabera, handienetik txikienera. Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetako curriculumera egokituko da apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian ezarritakoa. Foru agindu horren bidez oinarri batzuk onetsi ziren, arautuko dutenak ikasleak Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko prozesua, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Espedientetik edo ziurtagiritik sarrerako nota ateratzerik ez dutenak beren azpitaldeko azken tokian jarriko dira.

b) Bigarrena: puntu-berdinketarik izanez gero, Hezkuntza Departamentuan 2023an egin zen zozketa publikoaren emaitza aplikatuko da, zozketa hori aplikatzekoa baita 2023-2024 ikasturteko onarpen prozesuetan.

4.–Onarpen prozesua.

1. Epe bakarra dago (epe arrunta) "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketa presentzialeko irakaskuntzan ikasleak onartzeko prozesuan. Ikasturtearen gainerakoa epez kanpoko garaitzat joko da.

2. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatuta inskribatzen direnek parte hartuko dute onarpen prozesuaren epe arruntean. Onartuen behin-behineko zerrenda eta behin betiko zerrenda argitaratuko dira.

3. Epe arrunteko onarpen prozesua bukatuta, inguruabar hauen ondorioz esleitu gabe gelditzen diren ikaspostuak esleituko dira:

a) Onartutako pertsonak ezarritako epean ez matrikulatzeagatik.

b) Matrikulatuta egonda ere, ikasturtearen hasiera egunetik 15 eguneko epean kurtsoa hasten ez dutenei baja emateagatik, ofizioz.

c) Beste edozein inguruabarrengatik.

5.–Inskripzio-orria aurkeztea.

1. Eskatzaile bakoitzak eskabide bakar bat aurkeztu beharko du, behar bezala betea, heziketa ziklo eta ikastetxe bakar baterako. Eskabidea egokituko zaie Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoko "Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentziala" tramiteen fitxan agertzen diren ereduei, eta helbide honetan eskura daitezke:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Formacion-Profesional-semipresencial-dirigida-a-personas-adultas

2. Inskripzio-orria aurkezteko epea ebazpen honen 3. eranskinean dago jasota.

3. Zer heziketa ziklo aukeratu den, hura ematen duen ikastetxeko bulego administratiboetan aurkeztuko da edo horietara zuzenduko da inskripzio-orria.

Ikastetxeek eskabidearen fotokopia zigilatua emanen diete ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Inskripzio-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:

a) "Educa-Atariko" erregistro telematikoa, aukeratutako zikloa ematen duen ikastetxeari zuzendua, eta, horretarako, erabiliko da Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko "Helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentziala" izeneko tramiteen fitxaren esteka, helbide honetan dagoena:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Formacion-Profesional-semipresencial-dirigida-a-personas-adultas

b) Aurrez aurre, aukeratutako zikloa ematen duen ikastetxean.

2023-2024 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, inskripzio orriak jasotzen dituzten ikastetxeetako zuzendariek eskatzen ahalko diete irakasle batzuei egin ditzatela antolaketa eta kudeaketa lan batzuk 2023-2024 ikasturteari dagokion inskripziorako eta onarpen prozesurako.

4. Inskripzio-orrian adierazi beharko da sartzeko baldintza, jarraibide honen arabera: sarrera-baldintza gisa eskatzen den maila apaleneko ikasketa titulua baino ikasmaila handiagoko tituluren bat izatea izangaiak hori adierazi beharko du inskripzio-orrian sarrera-baldintza gisa, aukeraturiko zikloari dagokion sarrera-azpitaldean parte har dezan onarpen prozesuan. Hori betetzen ez badute, inskripzio-orria ofizioz baliogabetuko zaie, lorturiko ikaspostua galduko dute eta, matrikulatuta izanez gero, matrikula eta zikloko moduluetan lortutako kalifikazio guztiak baliogabetuko dira.

5. Ezin izanen da ziklo batean baino gehiagotan izena emateko inskripzio-orririk aurkeztu, "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzetan. Inskripzio-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

6. Sartzeko baldintzak betetzen dituztela egiaztatu duten pertsonek soilik parte hartuko dute "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialean onartuak izateko prozesuan.

7. Inskripzio orriak aurkezteko epe arrunta bukaturik, ezin izanen da inola ere beste inskripzio orririk aurkeztu, ez eta aurkeztutako eskabidea aldatu ere.

8. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratu ondoren, baliorik gabe gelditzen ahalko dira osatu gabeko inskripzio-eskabideak, existitzen ez direnak, datuak behar ez diren laukitxoetan dituztenak edo parte-hartzaileak eskatzen ahal dituen ikaspostuekin bat ez datozenak.

9. Onartuen behin betiko zerrenda argitaratuta, eskatzaileak daturen bat oker eman badu edo eman gabe utzi badu, ezin izanen du halakorik aipatu geroko erreklamazioetan, ez eta ondorioztatu ere hargatik bere interes nahiz eskubideak urratu direla.

6.–Inskripzio-orriarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Inskripzio-orriaren ereduetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da, deusetan galarazi gabe atzerritarren eskubidea espainiarren baldintza berberetan sartzeko derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

2. Hona hemen inskripzio-orriari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Eskatutako zikloan sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Eskatutako zikloari dagokion sarrera-nota frogatzen duen dokumentazioa.

–Ikaspostua eskatzen bada ikaspostuak gordetzeko ezarritako bideren bat erabiliz, behar diren frogagiriak aurkeztu beharko dira, eranskin honen 7. jarraibidean ezarritakoari jarraikiz.

–Hala badagokio, erroldatzea edo lan esperientzia frogatzeko dokumentazioa, eranskin honen 8. jarraibidean adierazitakoari jarraikiz.

7.–Desgaitasuna izateagatik edo goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik ikaspostua gordetzeko aukera izateko aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Desgaitasuna dutenentzat gordetako ikaspostu bat nahi dutenek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute egoera hori frogatzeko:

a) Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) edo autonomia erkidegoko organo eskudunak emandako ebazpena edo ziurtagiria.

b) Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) ebazpena; edo Lanaren, Migrazioen eta Gizarte Segurantzaren Ministerioarena; edo Defentsa Ministerioarena.

c) Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak emandako txartela, desgaitasun maila aitortzen duena, identifikatzeko baliozko dokumentu batekin batera.

2. Goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izateagatik gordetako ikaspostu bat nahi dutenek Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 11ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitako dokumentazioa aurkeztu behar dute ("Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo goi errendimenduko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik" oinarria, 1.b atala).

3. Gordetako ikaspostu horiek eskatzen dituztenek 2023ko irailaren 8ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dituzte egiaztagiri horiek, inskribatzeko gainerako agiriekin batera, inskripzio-orria aurkezten duten ikastetxean.

4. Norbaitek kasu batengatik baino gehiagorengatik eskatzen baldin badu gordetako ikaspostu bat eman diezaiotela, eskaerak ordena honen arabera lehenetsiko dira:

–Lehenik: ikaspostua gordetzea desgaitasunagatik.

–Hirugarrenik: ikaspostua gordetzea goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik.

8.–Esperientzia eta erroldatzea frogatzea.

1. Dokumentu hauen bitartez frogatuko da lan esperientzia:

a) Besteren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria) edo Lan Mutualitatearena. Ziurtagiri horretan, enpresa, lan kategoria (kotizazio taldea) eta kontratazio aldia jasoko dira.

b) Norberaren konturako langileen kasuan: Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria (lan bizitzaren ziurtagiria), autonomoen araubide berezian afiliatuta egondako aldiak jasotzen dituena.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada behar bezala frogatzeko izangaiaren lan esperientzia, jarraibide honetako hurrengo atalean azaltzen den batzordeak informazio osagarria eska diezaieke.

2. Nafarroan erroldatuta dagoela frogatzeko, Nafarroako herriren bateko biztanleen udal erroldan erregistratuta dagoela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko da.

Aurkezten den dokumentazioa aski ez bada izangai helduaren erroldatze egoera behar bezala frogatzeko, jarraibide honetako hurrengo atalean azaltzen den batzordeak informazio osagarria eska dezake.

3. Batzorde batek gainbegiratuko ditu aurkezten den lan esperientzia eta erroldatzea. Batzorde hori honako hauek osatuko dute: ikastetxeko zuzendariak eta helduentzako LH erdipresentzialean eskaintzen den zikloa irakasten duten bi irakaslek gutxienez. Batzorde horrek lan esperientziaren gaineko frogagiriak aztertuko ditu, honako hauek egiaztatzeko:

–Aurkezten den lan esperientzia Nafarroako enpresetan egin dela eta urtebetekoa edo hortik gorakoa dela, lanaldi osoan egina eta azkeneko bost urtean.

–Aurkeztu den erroldatzea Nafarroako herriren batekoa dela eta urtebeteko edo hortik gorako antzinatasuna duela.

–Informazio hori eramatea onarpena barematzeko prozesua kudeatzen duen aplikazio informatikora.

9.–Ikaspostuak gordetzea.

1. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da desgaitasunen bat dutela frogatzen dutenentzat.

Desgaitasunen bat dutela frogatzen duten bi pertsona edo gehiago badira, eranskin honen 2. jarraibidean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den lehentasun zerrendan gorago dagoenari gordeko zaio ikaspostua.

2. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako onarpen prozesuaren epe arruntean, talde bakoitzean ikaspostu bat gordeko da goi mailako edo goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.

Baldin pertsona batek baino gehiagok frogatzen badu goi mailako edo goi errendimenduko kirolari dela, ikaspostua gordeko zaio kirol maila handiena duenari, aintzat hartuz Lanbide Heziketako zikloetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 4ko 41/2021 Ebazpenaren I. eranskinean adierazitakoa ("Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik" oinarria, 2.b atala).

3. Baldintza horiek betetzen dituztela frogatzen dutenentzat gordetako ikaspostuak betetzen ez badira, eskaintza orokorrekoei gehituko zaizkie.

10.–Jendaurrean jartzea baremoa aplikatzeko irizpideak eta erreklamazioak egiteko prozedura.

1. Jendaurrean egon beharko dute, bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

11.–Ikasketa-espedientearen batez besteko nota.

1. Ikasketa espedientearen batez besteko nota frogatzeko, ikaslearen ikasketen historia, kalifikazio liburua edo, bestela, ikasketen ziurtagiri pertsonala aurkeztuko da. Zer ikastetxetan lortu zen titulua, hark kalkulatu beharko du Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta heziketa zikloetako batez besteko nota.

2. Batez besteko sarrera-nota kalkulatzeko, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren eranskineko "Sarrera-nota" izeneko 12. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.

Teknikari titulu bat izanda sartu nahi duten ikasleen kasuan, horrez gainera sarrera-probetarako prestakuntza ikastaroa edo goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa egina badute, zikloan lortutako batez besteko nota hartuko da kontuan, ikastaro horiek ematen duten hobaria erantsi gabe.

12.–Beste hezkuntza sistema batzuetatik etorritako pertsona helduak.

Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, inskripzio-orriarekin batera, ikasketen homologazioari buruzko baldintzapeko agiria edo behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute ikastetxean, batez besteko nota erakutsiko duena.

13.–Zozketa.

Ebazpen honetan aipatzen den berdinketak ebazteko zozketa, ikasleak 2023-2024 ikasturtean onartzeari dagokiona, Hezkuntza Departamentuan egin zen 2023an. Haren emaitza aplikatuko da "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialean onartzeko prozeduran, hain zuzen.

14.–Onarpena.

Ikaslea "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentzialaren eskaintzako ziklo eta ikastetxe batean onartutzat joko da hala agertzen denean onartutako ikasleen behin betiko zerrendetan, edo ikastetxeko zuzendaritzak ikaspostu bat esleitzen dionean eranskin honen 18. jarraibidean ezarritako kasuen ondorioz.

15.–Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak. Matrikula egiteko egunak.

1. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak izanen dira onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko bide ofiziala. Inskripzioa jasotzen duen ikastetxe bakoitzean argitaratuko dira zerrenda horiek.

2. Onartutakoen behin-behineko zerrenda, erreklamazio-epea, onartutakoen behin betiko zerrenda eta matrikulazio-epea ebazpen honen 3. eranskinean ezarritako datetan eginen dira.

3. Ikaspostua lortzen dutenek epe horietan egin beharko dute matrikula. Baldin eta matrikula ez bada egiten ikasle onartuen behin betiko zerrendan adierazten diren epeetan, ikasleak dagokion ikasposturako eskubidea galduko du.

4. Helduentzako LH erdipresentzialaren eskaintzako zikloetan matrikula egiten duten ikasleak, kurtsoa hasi eta 15 eguneko epean, eskoletara agertzen ez badira arrazoirik azaldu gabe, ikastetxeak ofizioz baja emanen die eta matrikularen ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

5. Matrikula egiteko, jarraibide honetan adierazten den dokumentazioa aurkeztu beharko da: "Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa".

16.–Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Ikasleek matrikularen inprimakia bete behar dute matrikula formalizatzeko. Ikastetxeak bestelako informazioa eska badezake ere, inprimakian honako hauek adieraziko dira, gutxienez ere:

a) Ikaslearen identifikazio datuak: deiturak eta izena, NANa/AIZ, sexua, Gizarte Segurantzako zenbakia, jaiotzari buruzko datuak (eguna, herria, herrialdea), nazionalitatea, bizilekuari buruzko datuak eta harremanetarako datuak (helbidea, herria, posta kodea, telefonoa, helbide elektronikoa).

b) Zer ikasketatan egiten den matrikula, horri buruzko datuak: maila (erdi maila, goi maila), heziketa zikloa, hizkuntza.

Matrikularen inprimakiak ikaslearen sinadura eraman behar du. Bi kopia aurkeztu beharko dira, eta horietako bat ikasleari itzuliko zaio, ikastetxeak zigilaturik, matrikula egin dela frogatzeko.

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZaren, pasaportearen, ikasle txartelaren edo horien baliokide baten fotokopia.

Inskribatzeko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko irakaskuntza hauek, halaxe xedatu baita Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasunik, gaixotasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekorik.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

17.–Baztertzea.

Ikaspostua lortuta ere, ezartzen diren egunetan matrikulatzen ez direnak onarpen prozesutik baztertuko dira, eta esleitutako ikaspostuaren ondoriozko eskubide guztiak galduko dituzte.

18.–Matrikulazio epea bukatuta hutsik gelditzen diren ikaspostuak.

1. Ikaspostu hutsak esleitzeko prozeduraren matrikulazio epea bukatu ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak itxaron zerrendan daudenei eskainiko dizkie ikastetxeak, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta denak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

2. Kurtsoaren hasiera-egunetik 15 eguneko epean, bidezko arrazoirik izan gabe, eskoletara agertzen ez diren ikasle matrikulatuei ofizioz emanen zaien bajaren ondorioz hutsik gelditzen diren ikaspostuak ere eskainiko dizkie ikastetxeak itxaron zerrendan daudenei, lehentasun ordenari zorrozki jarraituta, harik eta ikaspostu guztiak esleitu arte.

Ikastetxeak jakinarazi beharko du, bai iragarki-taulan bai webgunean, horrelako ikaspostu hutsik gelditu denetz, interesdunek jakin dezaten.

19.–Ikastaroaren hasiera eta amaiera egunak.

1. Eskainitako zikloetako lehen mailako eskolak 2023ko urriaren 3an hasiko dira. Eskainitako zikloetako bigarren eta hirugarren mailetako eskolak noiz hasiko diren eta eskolak noiz amaituko diren zehazteko, Lanbide Heziketako zuzendari nagusiaren ebazpenak xedatutakoari jarraituko zaio. Ebazpen horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalak ematen dituzten ikastetxeen 2023-2024 ikasturteko eskola-egutegia eta ordutegi orokorra egiteko jarraibideak onetsiko dira.

20.–Heziketa zikloen eskaintza.

Talde batean inskribatuen kopurua hamabostetik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk ere kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, kasuko taldean matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak eta Nafarroako ekoizpen eta zerbitzu sektoreei ematen zaien erantzuna.

21.–Epe arruntetik kanpo eskolatzea.

Ikaspostu hutsen esleipena bukatu ondoren –halakorik egiten bada–, zilegi izanen da 2023ko urriaren 31ra arte ikasle gehiago sartzea hasitako kurtsoan, baldin eta ikasposturik gabekoen lehentasunezko zerrendako guztiei ikaspostu hutsik eskaini bazaie. Ikaspostuen esleipen hori ikastetxe bakoitzak ebatziko du.

22.–Matrikulen bateragarritasuna eta bateraezintasuna.

1. 2023-2024 ikasturtean "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzen eskaintzako heziketa ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleak Batxilergoko ikasketetan ere matrikulatuta egon daitezke aldi berean, baldin eta, sarrera-baldintzak betetzeaz gainera, "Félix Urabayen" Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

2. "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntzan matrikula egitea bateraezina da honako hauekin:

a) 2023-2024 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren mendeko derrigorrezko hezkuntzaren ondoko irakaskuntzetan eta goi mailakoetan matrikulatzearekin, ikastetxe berean nahiz beste batzuetan. Salbuespena da aurreko atalean aipatutako kasua.

b) 2023-2024 ikasturtean Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko probetan matrikulatzearekin, ikaslea matrikulatzen den zikloko modulu beretan.

c) Zer modulutan matrikulatzen den, 2023an eta 2024an haiei dagozkien gaitasun-unitateetako lanbide gaitasunak ebaluatu eta frogatzeko prozedura batean parte hartzearekin.

d) Matrikulatuta dagoen moduluetako gaitasun-unitateei lotutako enplegurako prestakuntza ikastaroak egitearekin.

Nafarroan "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketa erdipresentzialeko irakaskuntzan eta, aldi berean, lehen aipatutako a), b), c) eta d) kasuetan matrikulatu edo parte hartuz gero, ofizioz deuseztatuko da dagokion zikloan egindako matrikula.

23.–Argitalpena.

Ebazpen hau eta haren eranskinak ikastetxeetako iragarki-taulan jarriko dira ikusgai onarpen eta matrikulazio prozesuak amaitu arte, interesdun guztiek haien berri izan dezaten.

24.–Informazioa.

Eskatuz gero, ikastetxeek beren eginkizunei buruzko txostenak bidali beharko dizkiete departamentuko zerbitzuei eta Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusiari.

25.–Komunikazio bideak.

–Helbide elektronikoa: ordenafp@navarra.es

–Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzua: 848 423232, 848 428981.

3. ERANSKINA

2023-2024 ikasturteko onarpen prozesuaren egutegia "Lanbide Heziketa erdipresentzialeko zikloetan" antolatutako helduentzako Lanbide Heziketako irakaskuntza presentziala

LANBIDE HEZIKETA ERDIPRESENTZIALEKO ZIKLOAK EPE ARRUNTA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Inskripzioa egiteko epe arrunta (inskripzio-orriak aurkeztea)

Irailaren 4a

Irailaren 8a

14:00ak arte.

Azken eguna, inskripzioa egin duten ikasleen datuak EDUCA sisteman sartzeko (inskripzioa jasotzen duten ikastetxeak)

Irailaren 18a

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

Irailaren 20a

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak aurkeztea

Irailaren 20a

Irailaren 22a

14:00ak arte.

Onartuen behin betiko zerrenda argitaratzea

Irailaren 25a

Onartuen behin betiko zerrendari dagozkion matrikulazio egunak

Irailaren 25a

Irailaren 28a

14:00ak arte.

IKASPOSTU HUTSEN ESLEIPENA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

Ikaspostua lortzen duten ikasle guztiak ez matrikulatzearen ondorioz ikaspostu hutsak dituzten zikloetan

Urriaren 4a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

Lehenengo hamabost egun naturaletan, bidezko arrazoirik izan gabe, eskolara ez joateagatik ofizioz emandako bajen ondorioz ikaspostu hutsak dituzten zikloetan

Urriaren 18a

Gelditzen diren ikaspostu hutsak bete arte

DATA GARRANTZITSUAK

Lehen ikasmailetako ikasturte hasiera

Urriaren 3a

Bigarren eta hirugarren ikasmailetako ikasturte hasiera

2023-2024 ikasturteko egutegia eta ordutegia egiteko jarraibideen ebazpenak ezartzen dituen datak

Eskolen bukaera (Lantokiko Prestakuntzarik gabeko ikasmailak)

Ebaluazio partzialeko azken saioa (lehen ikasmaila eta Lantokiko prestakuntza modulurik ez duen bigarren ikasmaila) (ikasleei "Gaindituta" edo "Gainditzeke" dauden jakinaraztea)

Berreskurapen programa garatzea

Amaierako ebaluazioa (ikasleei kalifikazioak ematea)

Iragarkiaren kodea: F2306426