124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

698E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 18koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finantzaketa emateko deialdi bat onesten baita 2023. urtean ikerketa lana areagotzeko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan. DDBN identifikazioa: 696635.

Ebazpen honen xedea da deialdi bat onestea finantzaketa emateko 2023. urtean ikerketa lana areagotu dadin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan.

Osasuneko kontseilariak abuztuaren 22an emandako 87/2014 Foru Aginduaren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ikerketa sustatzeko programa onetsi zen. Programa horren 7.2.3. puntuan aurreikusita dago ikerketa areagotzeko prozedura bat abian jartzea, baldintza hauek betetzen dituzten unitate asistentzial jakin batzuen ikerketa lanari sostengua emateko: ikerketarako estrategia oso zehatza izatea eta ikerketan ibilbide nabarmena frogatua duten profesionalak izatea, bai eta ikerketarako proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

Aipatutako baldintzak betetzen dituzten unitate asistentzialen ikerketa lana areagotzeko, beharrezkotzat jotzen da hautatutako ikerlariei jarduera asistentzialaren zati bat kentzea. Horretarako, beharrezkoa den finantzaketa gehigarria bermatu beharra dago, profesional horrek betetzen ez duen jarduera asistentzialari erantzuteko aldi baterako kontratazioak eginez.

Estatuan Carlos III Osasun Institutuaren bidez eskaintzen den areagotze programaren osagarria da prozedura hau, eta, haren ildotik, aurreikusten da Osasun Departamentuak aldi baterako kontratazioen zati bat finantzatzea, hain zuzen, ikerketa lana areagotzen duten fakultatibo espezialisten, unibertsitateko diplomadunen edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapeutako gradudunen lanaldiaren %50 adinakoa.

Azaldutako guztiagatik, ikusirik Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak emandako txostena eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetza Delegatuaren adostasuna, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

2023. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetan ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko deialdia onestea. Horretarako prozedura ebazpen honen I. eranskinean araututa dago.

2. Guztira, 90.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honen bidez onesten den deialdia finantzatzeko. Aipatutako gastua 2023ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako 512002 51300 4809 465102 partidari egotziko zaio, "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izenekoari.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 18an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Carlos Artundo Purroy.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea.

Ebazpen honen xedea da 2023. urtean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate asistentzialetako profesionalen ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko oinarriak onestea. Unitate asistentzial horiek, deialdian eskatutako baldintzak betetzeaz gainera, ikerkuntzan ibilbide nabarmena frogatua duten ikerlariak izan beharko dituzte, bai eta ikerketa proiektu aktiboak eta kalitatezkoak ere.

2. Prozedura antolatu, instruitu eta ebazteko ahalmena duten organoak.

Arau hauetan ezarritako ondorioetarako, behar diren eginkizunak esleitzen zaizkio Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, ikerketa lana areagotzeko finantzaketa emateko prozedura antolatu eta instruitu dezan.

Instrukzio organoak batzorde teknikoaren irizpenari jarraikiz eginen du ebazpen proposamena. Oinarri arautzaileotan "instrukzio organoa" aipatzen denean, Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atala dela ulertu behar da.

Prozedura ebazteko eskumena Osasuneko zuzendari nagusiari dagokio.

3. Eskatzaileak eta onuradunak.

3.1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroetako unitate organiko asistentzialen arduradunek (zerbitzuak, atalak, ospitale-unitateak, osasun mentaleko zentroak edo oinarrizko osasun laguntzako zentroak) eskatzen ahalko dute bertako profesional baten edo gehiagoren ikerketa lana areagotzea, betiere hurrengo puntuan ezartzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3.2. Eskaera egiten duten unitate asistentzialek bete beharko dituzten baldintzak hauexek dira:

–Unitate organikorako ikerketa plan bat izatea, ikerketa ildo batekin edo gehiagorekin eta helburu zehatzekin, 3 urteetarako gutxienez.

Ospitaleen esparruan eta osasun mentaleko sarearen esparruan, gutxienez %80ko puntuazio orokorra lortu izana ebaluatutako azken urteko kudeaketa helburuak lortzeari dagokionez; eta oinarrizko osasun laguntzan, "Akreditatua" egoera lortu izana "Akreditazioa" deritzon atalean.

3.3. Bestalde, ikerketa lana areagotzeko izangaiek, onuradun izaera izanen baitute, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Jarduera asistentziala izatea eta funtzionario gisako, estatutupeko edo kontratu bidezko lotura izatea Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin, laguntza hau eskatzen denetik ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatu arte.

–Ikertzailea nagusia izatea lehia publikoa edo pribatua izan duen deialdi baten bidez finantzatutako ikerketa proiektu aktibo batean edo gehiagotan, eta eskaera egiten den unean gutxienez urtebete faltatzea hura bukatzeko, edo, bestela, 2022. urtean halako deialdietara aurkeztutako eta gutxienez on gisa ebaluatutako proiektu bateko ikertzaile nagusia izatea, edo kanpo-egiaztapeneko erakunde independente batek 100etik 70 puntu edo gehiago eman izana proiektuari.

4. Gastu finantzagarriak.

4.1. Osasun Departamentuak ordezko langileak aldi baterako kontratatzeko kostua finantzatuko du, 90.000 euroko gastua gehienez ere, 2023ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Osasun langile publikoen ikerketa lana areagotzeko bekak" izeneko 512002 51300 4809 465102 partidaren kargura.

4.2. Finantzaketaren xedea izanen da ikerketa lana areagotzen duten profesionalek (fakultatibo espezialistak, unibertsitateko diplomadunak edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapiako gradudunak) utziko duten jarduera asistentziala betetzea aldi baterako kontratazioen bidez.

4.3. Unitate organikoari ematen ahal zaion gehieneko diru-zuzkidura 30.000 eurokoa izanen da langile fakultatiboen ordezkapenetarako, eta 15.000 eurokoa unibertsitateko diplomadunak edo erizaintzako, odontologiako edo fisioterapiako gradudunak ordezkatzeko kasuetan, Gizarte Segurantzako enpresa-kuota barne.

4.4. Puntu gehien lortzen duten unitate organikoak finantzatuko dira, aurrekontu-kreditua agortu arte.

4.5. Ikerketa lana areagotzen duen profesionala atxikia duen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak eginen du beharrezkoak diren ordezko langileen kontratazioa. 11. atalean xedatutakoari jarraikiz finantzatuko da kontratazioa.

5. Ordezteko kontratuaren ezaugarriak.

5.1. Ordezko langileei administrazio kontratua eginen zaie, aplikatzekoa den legerian oinarrituta, eta, gehienez ere, ordeztu beharreko profesionalak urtean duen lanaldi asistentzialaren erdia liberatzeko adina denborarako; denbora hori zerbitzuaren beharren arabera banatzen ahal da.

5.2. Diru-zuzkidura hamabi hilabetez erabiliko da gehienez ere, ordezkapeneko lehen kontratua sinatzen denetik hasita. Ordezko langileen kontratazioetan gertatzen diren etenaldiak ez dira berreskuratuko.

6. Eskaerak.

6.1. Ikerketa lana areagotzeko laguntzak deialdi honen kargura eskatzeko agiri normalizatuak Nafarroako Gobernuko webguneko tramiteen katalogoan daude eskura (www.nafarroa.eus).

6.2. Eskaerarekin agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. agiria. Ikerketa lana areagotuko duen profesionala atxikia duen unitate organikoko arduradunak sinatutako eskabidea, ikertzaileak berak izenpetua eta unitate asistentzialari dagokion Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zentroko zuzendaritzak ikus-onetsia.

2. agiria. Ikerketa lana areagotzeko programan sartu beharreko profesionala zein unitate asistentzial organikotakoa den, unitate horren ikerketa plana, baldintza hauek betetzen dituena: ikerketa ildo bat edo gehiago izatea, helburu zehatzak 3 urteetarako gutxienez, eta azken 5 urteetako memoria zientifikoa.

3. agiria. Proiektuaren kronograma, ongi zehaztuta burutzeko falta zaion denbora eta, orobat, ikerketa lana areagotzeko aldian ikertzaileak bete beharreko jarduera.

4. agiria. Ikerketa lana areagotu behar duen ikertzailearen curriculum vitae-a, 6.1 atalean xedatutakoaren araberako eredu normalizatuarekin bat bete beharko dena nahitaez, edo Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) elkartearen curriculum vitae normalizatua (CVN), betiere azken horrek informazio berbera biltzen badu. Baloratu nahi den argitalpen bakoitzaren lehenengo orrialdearen kopia erantsiko da, gehienez 10.

5. agiria. Lehia bidezko deialdi publiko edo pribatu baten bidez finantzatu den ikerketa proiektu aktiboaren kopia, edo, bestela, deialdi horietara 2022. urtean aurkeztutako proiektuaren kopia. Azken kasu horretan, ezinbestekoa da gutxienez on gisa ebaluatu izana, edo kanpo-egiaztapeneko erakunde independente batek 100etik 70 puntu edo gehiago eman izana.

Proiektuari buruzko informazioan honako hauek jaso beharko dira, gutxienez: aurrekariak, helburuak, metodologia, ekintza plana, proiektuaren emaitzen aplikazioak izan lezakeen eragina, eskatutako eta emandako aurrekontua eta aurkeztu zen deialdian lortutako puntuazioa frogatzen duen agiria.

7. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

7.1. Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.2. Tramitaziorako, bide elektronikoak erabiliko dira, Nafarroako Gobernuaren web-orriko tramiteen katalogoan eskura dagoen estekaren bitartez: https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

7.3. Eskaeran ez bada frogatzen betetzen direla aipatutako baldintzak, instrukzio organoak jakinarazpen administratibo baten bidez interesdunari eskatuko dio akatsak zuzendu ditzala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta jakinaraziko dio ezen, zuzentzen ez baditu, bere eskaera ezetsi eta artxibatu eginen dela, bidezko den ebazpena eman ondoren.

8. Ebaluazio Batzorde Teknikoa.

Onartzen diren eskaerak batzorde tekniko batek baloratuko ditu, eta, ondoren, irizpen bat emanen du, instrukzio organoak ebazpen proposamena egin dezan.

Batzordea honako hauek osatuko dute:

María Jesús Guembe Suescun andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Kudeaketa Klinikoari Laguntzeko eta Laguntzaren Jarraitutasunerako Zerbitzuko burua.

M.ª Josefa Gonzalez García andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Zainketen Kalitate eta Informazio-sistemetarako Erizaintza Unitateko erizaina.

Carmen Beorlegui Arteta andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ezagutza Kudeatzeko Bulegoko burua.

Ana Chocarro Resano andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketa Kudeatzeko Bulegoko burua.

María José Lasanta Sáez andrea, Osasun Departamentuko Ikerketarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Ataleko burua.

Batzordeak onartzen diren eskaeren balorazioa eginen du, II. eranskinean jasotako ebaluazio irizpideen arabera, eta irizpen bat emanen du, eskaerak lehenetsiz lortutako emaitzen arabera.

9. Eskaerak ebaluatzea.

Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz izapidatuko da, aurkeztutako eskaerak alderatuz.

Instrukzio organoari dagokio finantzaketaren xede diren eskaeren gaineko proposamen arrazoitua egitea, Batzorde Teknikoak prestatzen duen lehentasun zerrendaren arabera. Unitate organiko bakoitzeko eskaera bat sartzen ahalko da gehienez, aurreikusitako baliabide ekonomikoak agortu arte.

10. Areagotzearen onespena.

Osasuneko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, eta Batzorde Teknikoaren irizpenaren eta instrukzio organoaren proposamen arrazoituari jarraikiz, lehia bidez erabakiko ditu ikerketa lana areagotuko zaien pertsonak eta haiei dagozkien unitate organikoak.

Ebazpena jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen administrazio prozedura erkidea arautzen duen legedian ezarri bezala, ikerketa lana eginen den zentroko zuzendariari eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko unitate organikoei, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian jarriko da jendaurrean.

11. Finantzaketaren kudeaketa.

Esleitzen den zenbatekoa Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari (IFZ: Q3150004D) ordainduko zaio, laguntzaren xedeko gastuak finantza ditzan. Ikerketa lana areagotuko duen pertsonak zein zentrotan lan egiten duen, partida hauetan eginen da diru-sarrera:

–Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa: 543000 52200 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Osasun Mentaleko Kudeatzailetza: 541004 52700 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Oinarrizko Osasun Laguntzako Kudeatzailetza: 547001 52300 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Tuterako Kudeatzailetza: 545000 52400 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

–Lizarrako Kudeatzailetza: 546000 52500 4410 000000 partida, "Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko ikertzaileentzako diru-sarrerak beste erakunde publiko batzuetatik" izenekoa.

Dirulaguntza ematen den unean ordainduko da.

12. Ikerketa lana areagotzeko jarduera betetzea.

12.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera gauzatuko da deialdi honetan eta ikertzaileak egin beharreko jarduerari buruz aurkezten den dokumentazioan aurreikusten den moduan.

12.2. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren garapenean gertatzen den gorabehera edo aldaketa oro jakinarazi beharko zaio Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari.

Ordezko langilerik kontratatzen ez bada edo ondorioztatzen bada proiektua ez dela justifikatu, Osasuneko zuzendari nagusiak, Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuko Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalak txosten arrazoitua egin ondoren, jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatzen ahalko du, deusetan galarazi gabe litezkeen erantzukizunak.

13. Ikerketa lana areagotzeko jardueraren bukaera.

13.1. Ikerketa lana areagotzeko jarduera bukatzen den egunetik hasi eta hilabeteko epean, unitate organikoaren arduradunak azken memoria bat bidali beharko dio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, ikerketaren eraginari buruzko atal bat sartuta, hots: eragin bibliometrikoa, jardun klinikoaren gainean duen eragina edo osasun arloko politiken gainekoa, osasunaren gainean duen eragina edo eskaintzen den osasun zerbitzuaren gainekoa, patenteen sorkuntzaren gainekoa, produktuen merkaturatzearen gainekoa edo spin-off konpainien sorkuntzaren gainekoa. Egoki irudituz gero, informazio osagarria eskatzen ahalko da.

13.2. Ikerketa lana areagotzeko jarduera garatzeko beharrezkoa bada, unitate organikoaren arduradunak azken memoria aurkezteko epea luzatzeko eskatzen ahalko dio Ikerketarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari, behar bezala arrazoituta.

14. Emaitzetan parte hartzea.

Ikerketaren emaitzaren jabe intelektuala proiektua gauzatzen duen taldea izanen da.

15. Gainerako konpromisoak.

Argitalpen zientifikoetan, ahozko komunikazioetan edo, oro har, ikerketa lana areagotzeko jardueraren ondoriozko emaitzen zabalkundean, deialdi honen bidezko finantzaketa izan dela zehaztu beharko da ohar baten bidez. Produkzio horien berri Ikerketarako, Berrikuntzarako eta Ezagutza Kudeatzeko Atalari emanen zaio, ikerketa lana areagotzeko jardueraren espediente zenbakia eta sortzen diren argitalpenak zehaztuta, azken memoria noiz igortzen den gorabehera.

II. ERANSKINA

Ebaluazioa honako irizpide eta baremo hauen arabera eginen da:

A.–Hautagaiaren curriculumeko merezimenduen balorazioa: 70 puntu. Kontuan hartu beharreko aldia 2016ko urtarrilaren 1etik eskaerak aurkezteko epea bukatu artekoa izanen da. Hala ere, hautagaiak frogatzen badu aldi horretan amatasun, aitatasun, edoskitze edo bere kargura dauden senitartekoak zaintzeagatiko baimenak izan dituela, 2015eko urtarrilaren 1era arte atzeratuko da aldi horren hasiera.

a) Curriculum vitae-an agertzen diren argitalpenen balorazioa. Gehienez 10 argitalpen baloratuko dira, eta gehienez 40 puntu emanen dira, honela banatuta:

Journal Citation Report-en (JCR) indexatutako argitalpen bakoitzeko: lehen edo azken egilea bada edo korrespondentziarako egilea bada: 4 puntu. Gainerako egileak: 2 puntu.

b) Lehia bidezko deialdien ondoriozko ikerketa proiektuetan parte hartzea: 10 puntu gehienez.

–Ikertzaile nagusi gisa:

  • Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 1,5 puntu.
  • Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, puntu bat.
  • Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,6 puntu.

–Ikertzaile laguntzaile gisa:

  • Europa mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,5 puntu.
  • Espainia mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,3 puntu.
  • Eskualde mailako proiektuetan izandako parte-hartze bakoitzeko, 0,15 puntu.

c) Osasun sistemaren garapen kliniko, asistentzial edo teknologikoari egindako beste ekarpen batzuk: 20 puntu gehienez.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesia: 4 puntu tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako doktore-tesiaren zuzendaritza: 0,5 puntu zuzendutako tesi bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako masterra: 1 puntu master bakoitzeko.

–Bere ikertzaile jarduerarekin lotutako master bukaerako lanaren zuzendaritza: 0,15 puntu master bukaerako lan bakoitzeko.

–Patente edo egile-eskubide bakoitzeko: 4 puntu.

–Biltzar batean lehenengo/azken egile gisa aurkeztutako lan bakoitzeko:

  • Nazioarteko biltzarra: 0,30 puntu.
  • Biltzar nazionala: 0,15 puntu.

–Batzorde zientifiko, tekniko edo aholku-emaileetako kide izateagatik:

  • Nazionalak edo nazioartekoak: 0,30 puntu.
  • Autonomia erkidegokoak: 0,15 puntu.
  • Zentro asistentzialaren edo elkarte zientifikoaren mailakoak: 0,10 puntu.

–Praktika klinikoko gidetan, osasun arretako protokoloetan, berrikuntza sanitarioko proiektuetan edo dokumentu zientifiko eta teknikoetan egile gisa parte hartzeagatik: 0,20 puntu parte-hartze bakoitzeko.

B.–Proposamenaren balorazio estrategikoa: 30 puntu gehienez.

a) Aurkeztutako ikerketa proiektuak Nafarroako osasun sistema publikoarentzat duen interes estrategikoa 2014-2020 Osasun Planaren arabera eta gaixotasun kutsakorrei buruz ikertzeko beharraren arabera: 10 puntu gehienez, honela banatuta:

–Osasunaren prebentzioa eta sustapena (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta tabakoan, nutrizioan, obesitatean eta ariketa fisikoan zentratzen bada.
  • Beste puntu bat baldin eta haurretan eta nerabeetan zentratzen bada.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna gutxitzea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo hilkortasun goiztiarra eta saihesteko modukoa gutxitzea.

–Minbizia (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: prostatako minbizia, koloneko, ondesteko eta uzkiko minbizia, bronkioetako edo biriketako minbizia, bularreko minbizia, edo gaixotasunaren/tratamenduaren sekuela fisikoak: linfedema, ostomia, ahotsa berreskuratzea, etab.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: oinarrizko ikerketa, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea.

–Osasun mentala (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta suizidioan, autolesioetan edo substantzien kontsumoarekin lotutako osasun mentaleko arazoetan zentratzen bada.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: gaixotasunaren etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea.

–Gaixotasun neurologikoak eta neurodegeneratiboak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: Parkinson-en gaixotasuna, esklerosi anizkoitza, alboko esklerosi amiotrofikoa edo Alzheimer-en gaixotasuna.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauek lantzen baditu: hautematea eta baheketa, oinarrizko ikerketa, gaixotasunaren etiologia, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, edo desgaitasuna eta autonomia-falta murriztea.

–Denboraren menpeko larrialdiei arreta ematea (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: infekzioak, sepsiak eta shock septikoak, garezurreko traumak eta politraumatismoak, bizkortzeko maniobra kardiakoak, gaixotasun zerebro-baskularra eta min toraziko akutua.
  • Beste puntu bat baldin eta hauek aztertzen baditu: osasun emaitzen iragarle diren arrisku faktoreak, edo pazienteen arretarako denbora-sekuentzia.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, edo jasangarritasuna hobetzen laguntzea.

–Gaixotasun baskularrak eta endokrinoak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: balbuletako alterazioak, miokardioko infartu akutua, ateroesklerosi koronarioa, gaixotasun zerebro-baskular akutua, diabetes mellitusa eta horren konplikazioak (erretinopatia, nefropatia, etab.).
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen ebaluazioa edo gaixotasuna duten pertsonen arreta integrala.
  • 2 puntu gehiago gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, hilkortasun goiztiarra eta saihesteko moduko hilkortasuna gutxitzea, edo jasangarritasuna hobetzen laguntzea.

–Arnasbideetako gaixotasunak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: asma, gripea, biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa eta bronkiektasiak, edo pneumonia.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: etiologia, osasunaren sustapena eta gaixotasunaren prebentzioa, hautematea eta baheketa, diagnostikoa, edo tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, edo norberak hautematen duen osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea.

–Paziente pluripatologikoak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta osasun laguntzako mailen eta diziplina anitzeko mailen arteko harremanean zentratzen bada.
  • Beste puntu bat baldin eta tratamendu eta esku-hartze terapeutikoak garatzen edo ebaluatzen baditu.
  • 2 puntu gehiago gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, menpekotasuna gutxitzea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo jasangarritasuna hobetzen laguntzea.

–Zainketa aringarriak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: nekea, linfedema, delirioa, goragalea, kakexia, etab., laguntza soziala, familiarena, erlijiosoa, alderdi komunikatiboak: galdera zailak, kontraesanak dituen informazioa, pazientearen inplikazioa, laguntza psikologikoa: depresioa, desmoralizazioa, antsietatea, etab.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: zainketen koordinazioa eta integrazioa, familia medikuaren rola zainketa aringarrietan, edo tratamendu farmakologikoa eta ez-farmakologikoa.
  • 2 puntu gehiago gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna gutxitzea eta autonomia pertsonala sustatzea.

–Mina (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta gai hauetan zentratzen bada: min neuropatikoa, artrosiari lotua, osteoporosiari lotua, bizitzaren amaieran, zefaleak, metastasia, komorbilitate asko eta min muskuloeskeletikoa duten adinekoen kasuan.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: minaren ebaluazioa, arreta integrala, tratamendu eta esku-hartze terapeutikoen garapena eta/edo ebaluazioa.
  • 2 puntu gehiago gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, desgaitasuna gutxitzea eta autonomia pertsonala sustatzea, edo jasangarritasuna hobetzen laguntzea.

–Pazienteen segurtasuna (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago medikazio akatsetan zentratzen bada.
  • Beste puntu bat baldin eta gai hauetan zentratzen bada: taldeko lana, segurtasun tresnak (hala nola check-list-a, pazienteen transferentzia txantiloiak, etab.), jakinarazpen sistemak, komunikazio eta informazio prozesua, gertaera kaltegarrien epidemiologia eta arrisku faktoreak, eskumenak, profesionalen entrenamendua eta abileziak, edo pazienteen segurtasun adierazleak garatzea.
  • 2 puntu gehiago gai hauek badaude proiektuaren helburuen artean edo/eta gai hauek ebaluatzeko prozedurak sartzen baditu: gaixotze-tasa jaistea eta patologien larritasuna murriztea, norberak hautemandako osasun egoera eta bizi kalitatea hobetzea, edo hilkortasun goiztiarra eta saihesteko modukoa gutxitzea.

–Gaixotasun transmitigarriak (5 puntu), eta gehienez ere 10 puntura arte, honela gehituz:

  • 2 puntu gehiago baldin eta osasun publikoan eta osasun sistemen antolakuntza hobetzean zentratzen bada.
  • 2 puntu gehiago baldin eta SARS-CoV-2 birusari edo COVID-19 gaixotasunari buruzko azterketa bada.
  • Beste puntu bat baldin eta zaurgarritasun sozialeko egoeran dauden taldeak aztertzen baditu.

b) Aurkeztutako ikerketa-proiektua bat etortzea Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 51. artikuluarekin: Gehienez 5 puntu, honela banatuak:

  • Puntu bat baldin eta gizonen eta emakumeen gaixotze-tasa edo hilkortasun diferentziala aztertzen badu.
  • Puntu bat baldin eta osasun sistemetan generoen arteko arreta-desberdintasunak aztertzen baditu.
  • Puntu bat baldin eta ikerketa genero-indarkerian edo sexu- eta ugalketa-osasunean zentratzen bada.
  • Puntu bat baldin eta aztertutako patologian eragina duten desberdintasun biomedikoak eta generoari lotutako baldintzak (sozialak, kulturalak eta hezkuntzakoak) aztertzen baditu.
  • Puntu bat baldin eta genero-arrakala gutxitzeko proposamenak hautematean zentratzen bada.

c) Proposamenak Osasunbidearentzat eta Osasun Departamentuarentzat duen interes estrategikoa: Unitate asistentzialeko profesionalak ikerketa-egituretakoak izatea: 15 puntu gehienez.

  • Unitateko profesional bat gutxienez IdisNa-koa izatea: 5 puntu.
  • Unitateko profesional bat gutxienez Ikerketa Biomedikoaren Zentro (CIBER) batekoa izatea: 5 puntu.
  • Unitateko profesional bat gutxienez Osasun Emaitzetara Bideratutako Ikerketa Kooperatiboko Sare (RICOR) batekoa izatea: 5 puntu.

Iragarkiaren kodea: F2307978