Iragarkia
124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartua; honen bidez udalez gaindiko proiektu sektorial (UPS) deklaratzen da Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Politika garatzeko Plana, Barne Zuzendaritza Nagusiak sustatua, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusten diren ondorioetarako.
1.–Xedea.
2021eko uztailaren 2an, Barne Zuzendaritza Nagusiak "UPSa aurkeztu zuen, Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko".
UPS horrek (Udalez gaindiko Plan Sektoriala) bi helburu ditu:
1. Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzea, Aranguren ibarreko udalerriko Sankin terminoan, udalez gaindiko zuzkidura publikoko eremu gisa.
2. Belosogoitin hutsik geratzen diren Nafarroako Gobernuaren hiru lurzatiak bizitegi erabilerarako garatzea, Foruzain Etxe Nagusia lekuz aldatuta, eta lurzati horiek Lurzoruaren Foru Bankuari eranstea.
Aurkeztutako dokumentuaren arabera, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren esparruan foruzain etxe nagusi berri bat eraikitzea jasoa dago "Foruzaingoaren 2020-2023 Plan Estrategikoan", jarduera nagusi gisa.
2.–Hirigintza antolamendurako proposatutako zehaztapenak.
Aranguren Ibarreko Sankin izeneko lur eremurako eta Beloso gainean hutsik geratzen diren Nafarroako Gobernuaren jabetzako hiru lurzatietarako aurkeztu den dokumentuaren arabera, Foruzain Etxe Nagusia lekuz aldatzearekin batera, hirigintza antolamenduko zehaztapen hauek planteatzen dira:
1. Aranguren Ibarreko 120.206,788 m²-ko eremurako, garapen plangintza idazteko irizpideekin batera, hirigintzako zehaztapen hauek ezarri dira:
–Lurzoru mota eta kategoria: Lurzoru urbanizagarria.
–Banaketa eremu bat, sektore bat.
–Erabilera orokorra: Zuzkidura publikoa.
–Eraikigarritasuna: librea.
2. Iruñeko Udal Planeko Beloso IX. Unitate Integratuko Z-7 eremuan integratuta dagoen Iruñeko eremurako, gaur egun zuzkidura erabilera baitu, zortasun aeronautikoen ondoriozko zehaztapenez gain, beste zehaztapen hauek ere ezarri dira:
–Lurzoru motak eta kategoriak: Hiri lurzoru finkatua.
–Erabilera orokorra: Bizitegi kolektiboa.
–Etxebizitzen gutxi gorabeherako kopurua: 200-225 etxebizitza (etxebizitza motaren arabera kalkulatutako zenbakia: 135-120 m2 etxebizitza bakoitzeko).
–Etxebizitza babestuaren proportzioa: bizitegi gaitasun berriaren %80 gutxienez.
–Hirigintza eraldatzeko jarduketa mota: Zuzkidura jarduketa.
–Gehieneko eraikigarritasuna: 27.000 m² eraikiak bizitegitarako eta 3.500 m² merkataritzarako, bizitegi erabilerako eraikinen beheko solairuan.
–Antolatzen den jarduketa eremuaren beraren beharren araberako tokiko zuzkidura publikoa ezartzea bermatzen da.
–Antolaketaren xede den eremua Lurzoruaren Foru Bankuan sartuko da Foruzaingoaren zerbitzu publikoari atxikia egoteari uzten dionean.
Ez da programaziorik ezarri, eta zehaztapen xehakatuen finkapena uzten da plan partzialen, plan berezien edo xehetasun azterketen tramitazioaren bidez garatzen denerako.
3.–Txosten sektorialak.
Beren eskumeneko gaiei buruzko txostena egiteko eskatu zitzaien departamentu eta erakunde hauei:
3.1. Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia.
2022ko urriaren 7an adostasun txostena eman zen UPSa telekomunikazioen sektoreko arautegira egokitzeari buruz.
Gainera, txosten horrek honako hau adierazten du: "Telekomunikazioei buruzko ekainaren 28ko 11/2022 Lege Orokorrera egokitu beharko da maiatzaren 16ko 45/2011 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Eremu Zentraleko Nafarroako Lurralde Antolamenduko 3. Plana, 2011ko uztailaren 21eko 145. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, eta egoera berean dagoen bere eskumeneko beste edozein hirigintza araudi edo tresna".
3.2. Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia.
2022ko urriaren 18an, Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen beharrezkoa dela Arangurengo jarduketari dagokion mugikortasun azterketa eguneratzea, izan ere:
–"Aurkeztutako azterketan motorrik gabeko mugikortasuna lortzeko erabilitako datuak zaharkituta daude.
–Bizikletendako azpiegiturak nabarmen handitzen ari dira Iruñerrian. Gaur egun, aldaketa garrantzitsuak gauzatzen eta proiektatzen ari dira, bai udalen eskutik, bai Nafarroako Gobernuaren eskutik ere, jarduketaren eragin eremuari zuzenean eragiten diotenak.
–Nabarmen handitu da bizikletaren eta patinete elektrikoen erabilera. Beraz, eguneroko ibilbideetarako distantzia eta malda onargarriak handitu egin dira, eta horrek esan nahi du handitu egin dela ibilgailu motordunetatik bizikleta eta patinete bidezko mugikortasunerako aldaketa.
–Iruñeko hirigunean alokairuko bizikleta elektrikoen onarpena handia da. Eta ekimen hori hiriaren inguruko udalerrietara zabaltzea aurreikusten da.
–Bizikleten mugikortasunari buruzko azterketa espezifikoak egin dira, eta kontuan hartu behar dira.
–Aurreikusitako garapen berriak gune erakarle eta sortzaileak izanen dira, eta motorrik gabeko mugikortasun potentzialaren eskaera oso garrantzitsua izanen da, instalazioen erabiltzaileen ezaugarri sozioekonomikoak aintzat hartuta".
Gainera, txosten horrek honako hau adierazten du: "Hirigintza garapenaren plangintza egitean, kontuan hartuko dira urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuan jasotako kalitate akustikoko helburuak; dekretu horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Zarataren Legea garatzen da, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, eta Herri Lan eta Azpiegituren zuzendari nagusiaren 345/2020 Ebazpenean jasotako zortasun akustikoaren mugak (ebazpen horren bidez jendaurrean jarri zen "Nafarroako Foru Komunitateko Errepideen Sareko Zarataren aurkako Ekintza Plana III Fasea"), edo etorkizunean onartzen ahal diren faseenak".
Txosten hau ez dagokio Iruñean proposatutako jarduketari buruzko mugikortasun azterketari, "Iruñeko hirigunea bakarrik ukitzen duelako eta ez delako gure eskumenetan sartzen".
2023ko otsailaren 10ean, sustatzaileak azterketa berria aurkeztu zuen, "ARANGURENgo Sankin eremuko UPSari lotuta eragindako mugikortasunari buruzko azterketa", eta Herri Lanetako Zuzendaritza Nagusiari bidali zaio, txostena eman dezan.
3.3. Iruñerriko Mankomunitatea (IM).
a) Hornidura eta saneamendu azpiegiturak.
Iruñerriko Mankomunitateko Azpiegituren zuzendariak, 2022ko irailaren 14an, kontrako txostena eman zuen, alderdi hauek aldatu behar direla argudiaturik:
–"Araudiaren 7. artikuluaren idazketa aldatzea, ‘Iruñerrirako hornidura Nafarroako Ubidetik" UPSan ezarritakora egokitzeko’.
–Aurreko UPSaren babes bandak hartzen duen azalera grafiko batean jasotzea (O-03 planoa, erabilera orokorra).
–7.1.2. atalean (Sare eta azpiegituren eskema-Aranguren ibarreko eremua) eta I-2.2 planoan (3tik 1) (Hornidurako azpiegiturak), eranstea eremurako hornidurak sare arterialerako bi konexio izanen dituela, bat nagusia eta bestea alternatiboa.
–Arangurengo eremuan ezartzen ahal diren eta dokumentuan instalazio pribatu gisa aipatzen diren DHSetarako araudia edo mantentze lanetarako baldintzak jasotzea.
–Jaso behar du Belosogoitin eratzen ahal diren bizitegi partzela guztiek saneamendu, ur beltzen eta euri uren sareak izan beharko dituztela frontean, behar adinako edukierarekin. Hornidura sarea zabaldu beharko da 125 mm-tik 150 mm-ra Sarrigurengo Errepidea kalean, eremuaren mendebaldean dagoen kale tartean".
Arestiko alderdi horiei erantzunez sustatzaileak 2023ko urtarrilaren 24an aurkeztutako txostena Mankomunitateari bidali zaio, txostena eman dezan. Horrenbestez, 2023ko martxoaren 8an, Iruñerriko Mankomunitateak aldeko txostena eman zuen, hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez.
Nolanahi ere, UPSa ebatzi aurretik, sustatzaileak 2023ko urtarrilaren 24an aurkeztutako erantzun txostenaren edukia dokumentu teknikoaren zati gisa sartu beharko da.
b) Garraio publikoa.
Iruñerriko Mankomunitateko Garraio zuzendariak, 2023ko martxoaren 1ean, "aldeko txostena eman zuen, betiere, baldintza jarrita, etorkizuneko hirigintza garapen xehatuagoetan txosten honetan planteatutako gaiak jasotzea."
Txosten horrek, besteak beste, honako hauek adierazten ditu:
"Belosogoitiko eremuari dagokionez, adierazi behar da garraio publikoaren aldetik ongi hornitutako eremua dela, hirigintza garapenak bermatu beharko duela garraio publikoaren sarerako irisgarritasun egokia. Horrek eskatuko luke orain dauden geltokietarako ibilbide egokiak diseinatzea oinezkoentzat, beharbada aintzat hartuta egungo geltokiak (18. linea, L19. linea, L20. linea, L23. linea eta N10.) beste kokaleku batera aldatzeko aukera, azken urbanizazio xehatuaren arabera egokitzat jotzen bada, edo 12. linearako geltoki berriak ezartzea, etorkizuneko bizitegi eremutik hurbil igarotzen baita, inguruan geltokirik gabe.
[...]
Sankin izeneko terminoari dagokionez, ez dago xehetasunik, baina garraio publikoa PA 31ren mendebaldean amaitzen da (17. eta 22. lineak).
[...]
17 linea, Mutiloako Anaitasuna etorbideko PA-30 errepidearen ondoko tartean bukatzen dena (linea urdina), proiektuak aukera eman behar du garraio publikoa PA30 errepidearen ekialdeko aldera sartzeko, Mutiloaren aldean aurreikusitako azpiegituretatik, joan-etorriko korridore azkar eta zuzen bat eginez eta norabide aldaketa gaituz, era horretan aukera emateko etorkizunean Eskualdeko Hiri Garraioa zabaltzeko, beharrezkoa bada (geziak eta zirkulu urdina).
25. Lineari dagokionez, PA-30ekiko paralelo doan Mutiloako Santxiki pasealekutik igarotzen da (linea gorria), gaur egun ingurabidearen gainean dauden oinezkoentzako pasaguneei esker, urbanizazio berritik garraio publikoko linearako irisgarritasuna bermatuko litzateke. Horregatik proposatzen da hirigintza garapenak bere jarduera diseinatzea oinezkoentzako pasabide horietara iristea errazteko moduan, lehendik dagoen garraio publikoa garapen berrietara hurbiltzeko (geziak eta zirkulu berdeak)."
Beraz, UPSa aldatu egin behar da, bai haren memoria, bai haren araudia ere, Iruñerriko Mankomunitatearen txosteneko gogoetak geroko garapenerako tresnan aintzat hartu beharreko alderdi gisa jaso daitezen.
3.4. Babes Zibilerako Zerbitzua.
2022ko urriaren 13an, Babes Zibilerako Zerbitzuko zuzendariak, Babes Zibilerako eta Larrialdietako Zerbitzuan gaur egun dauden arriskuen ebaluazioak ikusita, UPSaren aldeko txostena eman zuen, "ez baitu ekartzen arrisku egoera areagotzea, babes zibilaren esparruan, egungo egoerarekiko". Hala ere, honako hau adierazten du:
–"Sankin izeneko terminoa inguratzen duen nekazaritza inguruneak interfaze egoerak sor ditzake landaredian sutea izanez gero, eta horrek arrisku egoerak sor ditzake garatu beharreko eremurako, eta hori aztertu beharko da garapenaren hurrengo faseetan.
–Babes Zibilaren esparruan, Drainatze Jasangarriko Hiri Sistema (DJHS) ezartzea proposatzen da, euri erauntsien ingurumen eragina murrizteko, euri uren xurgatze naturala lagunduz eta ur horiek azalera itzultzea berandutuz, uholdeak murrizteko".
Gai horiek Planaren ebazpenera eramanen dira, kontuan har daitezen haren garapen xehakatuan eta gauzapenean. Bestalde, aipatu behar da Drainatze Jasangarriko Sistemak ezartzea urari buruzko legeriaren eskakizuna dela.
3.5. Ondare Arkitektonikoaren Atala.
Ondare Historikoaren Zerbitzuak txostena eman zuen 2022ko urriaren 26an, adieraziz ez zegoela ukipenik Ondare Arkitektonikoaren Atalaren eskumeneko gaiei dagokienez.
3.6. Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzua.
2023ko urtarrilaren 11n, Osasun Departamentuko Plangintzarako, Ebaluaziorako eta Ezagutza Kudeatzeko Zerbitzuak, osasun baliabideei buruz, esan zuenez "Lezkairuko Osasun Zentroa prestatuko da arreta eman ahal izateko auzoan 250 etxebizitza eraikita aurreikusten diren 630 auzokide gehiagori".
3.7. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzua.
Ondare Zerbitzuak, 2022ko abenduaren 20an, txostena eman zuen, honako hauek eskatuz:
–UPSaren eremuan sartzea Aurrekontu, Ondare eta Politika Ekonomikoaren zuzendari nagusiaren abenduaren 13ko 200/2019 Ebazpenaren bidez Iruñeko Udalaren eskura utzitako azaleraren aprobetxamendua.
–Arangurengo eremuak jasanen dituen urbanizazio karga guztiak zehaztu ondoren, jarduketaren diru sarrerak eta kostuak kontrolatu beharko dira, jarduketaren bideragarritasuna arriskuan ez jartzeko.
Sustatzaileak 2023ko urtarrilaren 24an aurkeztu zuen txosten honi emandako erantzuna, eta Ondare Zerbitzura bidali zen, txostena eman zezan.
3.8. Errealitate Sozialaren Behatokia.
2022ko urriaren 26an, Errealitate Sozialaren Behatokiaren Zerbitzuak honako hau adierazi zuen: "Nafarroako Gizarte Zerbitzuen zonifikazioa amaitu eta emaitzak aztertu ondoren, jakinarazten dizut Iruña eta Arangurengo udalerriak Iruñerriko eskualdekoak direla, eta Iruñeko eta Arangurengo udalerrietan ez dela aurreikusten gizarte zerbitzuetako azpiegituretarako esku-hartzerik, zerbitzuen eskaintza gauzatuko baita haiei dagozkien area eta barrutietako zentroetatik".
3.9. Etxebizitza Zerbitzua.
2023ko otsailaren 8an, Etxebizitza Zerbitzuak jakinarazi zuen ezen, etxebizitza babesturako zer ehuneko edo kopuru erabiliko den kuantifikatu ez badu ere, etxebizitza babestuaren erreserba %80koa dela, UPSaren arabera, eta horrek betetzen duela 1/2017 LFDren 54.1.a artikuluan Iruñerriko udalerrientzat ezarritako %50eko gutxieneko legezko estandarra. Beraz, zerbitzu horrek "egitekoa den jarduketaren aldeko txostena ematen du, baldin eta UPSaren garapenean babes ofizialeko etxebizitzen eta alokairuko etxebizitzen portzentajea edo kopurua zehazten bada, eta kopuru hori ez bada aurreko taulan adierazitako gutxienekoak baino txikiagoa, 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 54.4 artikuluaren arabera".
2023ko apirilaren 27an, Zerbitzu horri txostena eskatu zitzaion lurzatiak Lurzoruaren Foru Bankuan sartzeari buruz. Horri erantzunez, Etxebizitza Zerbitzuak 2023ko maiatzaren 8an txostena eman du, besteak beste, honako hauek adieraziz:
"[...] bai, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere ondare orokorreko ondasunak ondare zehatz bati atxikitzen ahal dizkio. Hala ere, Nafarroako Ondareari buruzko apirilaren 4ko 14/2007 Foru Legearen arabera, atxikipen horrek ondareari buruzko eskumenak dituen departamentuaren proposamen-txostena eskatuko luke (lege horren 8. artikulua eta hurrengoak), eta hala ere, ondasun horiek Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari atxiki ondoren ere, oraingo Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoen Departamentuak izanen du ondareari buruzko foru legearen arabera Foru Banku hori osatzen duten ondasun eta eskubideei dagozkien ahalak gauzatzeko eskumena.
Ondare esleipen hori arrazoitzearen ikuspegitik, Etxebizitza Babestuen Eskatzaileen Erroldan inskribatutako pertsonen zifren egiazko tamainatik harago, alokairuko etxebizitza eskuragarrien behar handia dagoela, gero eta handiagoa, zalantzarik ez dago. Behar horri erantzuteko, funtsezko bide bat alokairuko etxebizitza babestuak sustatzea da.
Beraz, etxebizitza politikaren ikuspuntutik eta errentamenduko etxebizitza eskuragarrien behar gero eta handiagoak asetzeko, komenigarria litzateke partzelak esleitzea Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari.
[...]
Azkenik, ohartarazi behar da ondasunak Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari "borondatez" esleitzeak saihestu ezin diren ondorioak dituela. Ondorio nagusia da ondasun horiek erabili behar direla LAHFLTBren 236. artikuluan zehazten diren helburu zehatzetarako: babes publikoko araubideren bati edo interes sozialeko beste erabilera batzuei lotutako etxebizitzak eraikitzeko. Eta ondasun horiek besterentzen diren kasuan, diru sarrerak beste helburu batzuetarako ere erabil litezke, 236.4 artikuluak dioenez [...], betiere justifikatzen bada."
3.10. Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia (Sustapen Ministerioa).
2023ko otsailaren 8an, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioko Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak "Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko UPSaren aldeko txostena eman zuen", Arangurengo eta Iruñeko (Nafarroa) udal mugarteetan, aeronautikako zortasunei dagokienez, eta baldintza jarri zuen arau gisa jasotzea, Plan horretan, Iruñeko Aireportuaren Zortasun Aeronautikoen planoa, txosten horren I. eranskin gisa jasoa dagoena, eta orobat, haren Hirigintza Araudian egitea apartatu horren ‘Zortasun aeronautikoei dagokienez planeamenduan jaso diren eta jaso behar diren xedapenak’ epigrafean aipatzen diren ordezteak eta eransteak, eta horiek aplikatu beharko dituztela delako UPS horren antolamendu eremu osoaren gainean".
UPSaren dokumentazio grafikoa eta araudia aurreko txostenean adierazitakoaren arabera osatu behar da.
3.11. Lurralde Plangintza eta Partaidetzaren Atala (Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzua).
Atal horrek 2023ko otsailaren 27an txostena eman zuen, besteak beste, honako gogoeta hauek eginez:
"Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, honako gogoeta hauek egin dira:
–Gizarte eragileen zerrendak udalak eta herritarrak identifikatzen ditu, baina ez ditu barne hartzen parte hartzeko interesa izan dezaketen elkarte, talde edo bestelako erakundeak.
–Interesgarria izanen zatekeen dokumentuan atal labur bat sartzea, jasotako ekarpenekin eta horiek onartu edo baztertzeko arrazoiekin.
Hala ere, eta LAHFLTBaren 7.4 artikulua aplikatuz, parte hartzeko planak legez eskatzen den gutxieneko edukia betetzen du: [...]
Era berean, urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.e) artikuluan xedatutakoa betetzen dela egiaztatuta (dekretu horren bidez, Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen testu bategina onartu zen), herritarrek parte hartzeko eta haiek galdetutako gaiei buruzko erantzun arrazoitua eskuratzeko eskubideei dagokienez, eta egiaztatuta, era berean, parte-hartze prozesuan ezarritako epeak betetzen direla, aurkeztutako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren Udalez gaindiko Plan Sektorialaren parte-hartze Plana baliozkotzat jo da.
Azaldutakoaren arabera, eta Parte-hartze Demokratikoari buruzko 12/2019 Foru Legearekin eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluarekin bat etorriz (dekretu horrek Nafarroako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina -LAHFLTB- onetsi zuen), Barne Zuzendaritza Nagusiko Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko UPS, NASUVINSAk aurkeztua, onestearen aldeko txostena eman da, eta haren Barne Partaidetzarako Plana baliozkotu da."
3.12. Jasotzeko dauden txostenak.
Haien eskumeneko arloari buruzko txostena eskatu zaie, eta jasotzeko daude, ondoko departamentu eta erakundeei:
–Ebroko Konfederazio Hidrografikoa (EKH).
–Herri Lurren Atala.
–Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala.
–Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzuko obren Atala
–Nafarroako Kirolaren Institutuko Azpiegiturak Kudeatzeko Atala.
Eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa bete beharko da.
4.–Ingurumen arloko tramitazioa.
2022ko azaroaren 7an, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiko Biodibertsitate Zerbitzuko zuzendariak, UPSaren Ingurumen Ebaluazio Estrategiko Arruntaren prozeduraren barruan, honako hau jakinarazi zuen:
"UPSaren araudiak jasotzen ditu "2. eranskina. IEE. Ingurumen Ebaluazio Estrategikoa" (Ingurumen Azterketa Estrategikoa izena ezarri behar zaio) izeneko dokumentuan identifikatzen diren ingurumen neurriak.
Biodibertsitate Zerbitzuak ingurumen arloko neurri eta irizpide hauek, ondoren azaltzen direnak, proposatzen ditu UPSan sartzeko, haien aplikazioa eta gauzapena bermatu dadin, UPSa Sankin eta Belosogoiti izeneko terminoetan gauzatuko duten tresna egokien bidez. Neurri hauek azaroaren 9ko 21/2013 Legearen ondorioz klima aldaketa ingurumen ebaluazioaren prozeduran sartzeari buruz ezarritako betebeharrean oinarritzen dira. Etortzen ahal diren klima eraginak kontuan hartuta, hala nola tenperatura igoerak eta bero boladen maiztasuna, espazio berrien antolamenduan, diseinuan bezala, egokitze neurriak zehaztu eta hartuko dira. Ildo horretatik, Klima Aldaketari eta Energia Trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legean jasotzen diren gogoetak gauzatzen aurrera urratsa emanen da. Alegia:
a) Efizientzia energetikoa eraikuntzan nahiz kanpoko argiterian. Argi kutsadura eta argi arrotza eta haiek faunaren gainean duten eragina murrizteko, bete beharko da "Kanpo argiteriako instalazioen efizientzia energetikoari buruzko Erregelamendua onesten duen azaroaren 14ko 1890/2008 Errege Dekretuan eta haren jarraibide tekniko osagarrietan (EA-01etik EA-07ra) aurreikusitakoa".
Argi zuri-urdinxka duten lanparak saihestea gomendatzen da (LED argiak, esate baterako, LED-anbar argiak izan ezik). Beraz, sodio lurrunezko lanparak erabiltzea gomendatzen da, edo LED-anbar motakoak (argi zuri-horia) edo 440 nm-tik beherako uhinen erradiazioa iragaztea. Hori ezinezkoa denean (hau da, argi zuri-urdinxka igortzen duten lanparak saihestea), kanpoko argiztapena beharrezkoa den lanorduetan edo lanetan erabiliko da, eta gainerako denbora itzalita egon beharko da.
b) Aparkalekuetarako espazioetan energia berriztagarria sortzeko sistemak ezartzea.
c) Aurreikusitako erabilera aldaketak, batez ere Sankin aldean, lur mugimendu nabarmena dakar. Hori dela eta, hondeaketa lurrak kudeatzeko neurriak hartuko dira, eta, ahal den neurrian, jarduketa eremuan bertan konpentsatzea lehenetsiko da.
d) Badira faktoreak gako direnak hiri espazioak klima eraginetara egokitzeko, haien artean aipagarriak, berdeguneen eta erabilera publikoko espazioen kudeaketa eta tratamendua, lurzoruaren iragazkortasun maila, eraikinen diseinua eta orientazioa, besteak beste. Beraz, bai ukitutako eremuen antolamendua bai urbanizazio proiektuak, justifikatu behar dira, eta zehaztuko dira aplikatu beharreko neurriak.
e) Zonifikazio akustikoari dagokionez, Belosogoitin aurreikusitako aldaketek Zarataren Mapa Estrategikoetako (3. Fasea) zonifikazio akustikoa aldatzea dakarte, eta hirugarren eremu akustikotik bizitegi eremura pasatzea."
Gogoeta horiek UPS dokumentuan jaso behar dira. Azkenari dagokionez, gogoratu behar da hirugarren eremu akustikotik bizitegi eremu akustikora aldatzeak berekin dakarrela Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren II. eranskineko taulan jasotako kalitate akustikoko helburuak aplikatzea, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta emisio akustikoei dagokienez, 5 dezibeletan murriztuta.
5.–Lurraldearen eta hirigintzaren arloko gogoetak.
5.1. Tresnaren xedea.
Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Berregina (aurrerantzean LAHFLTB) onartzen duen 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. artikulua aintzat hartuta, "udalez gaindiko plan sektorialen xedea da beren tamainagatik, garrantziagatik edo ezaugarri bereziengatik, haien eraginak eta ondorioek haiek ezartzen diren udalerria edo udalerriak gainditzen dituzten jarduketak antolatzea, etxebizitzaren alorrekoak, ekonomikoak edo plan eta politika publikoak garatzekoak".
Aurreikusitako zuzkidura publikoko eremuaren xedea da eskualde mailako zerbitzu publiko bat hartzea; beraz, ulertzen da jarduketak Arangurengo udalerritik haratago doala pentsatzeko adinako garrantzia duela.
Bestalde, aurkeztutako dokumentaziotik ondorioztatzen denez, bizitegi jarduketak ezaugarri bereziak ditu, Nafarroako Gobernuaren berezko jarduera publikoa dela adierazten dutenak, izan ere, horren helburua da eskualdeko eremuan etxebizitza babestuen egiazko eskari bati erantzutea, batez ere alokairuko etxebizitza babestuei zuzendutako bizitegi eremu berezi bat sortuz, titulartasun publikoko etxebizitzen parkea eta herritarrentzako zerbitzu publikoa handituz, eta, gainera, etxebizitza babestuak sustatzeko formula berriak erabiliz, hobeki egokitzen direnak eskaria egiten ari diren kolektiboen beharretara, esaterako ostatze leku iragankorrak, eta Etxebizitzaren Planean aurreikusitako ingurumen jasangarriko printzipioan oinarrituta, hark sustatzen baititu eraikitako hiriaren aprobetxamendua, etxeko kontsumoa ia ezdeusa, eta mugikortasun jasangarriko neurriak; eta lagunduz, bidenabar, oinezkoen eta bizikleten ardatz bat sortzen, segurtasuna eta mugikortasuna hobetuko duena, hiriaren erdigunetik Erripagaina eta Mendillorri guneetara bitartean.
Jarduketa hori, era berean, 2021eko abenduaren 21eko Etxebizitza Zerbitzuaren txosten batek babesten du, eta Zuzendaritza Nagusi honek eskuratu ahal izan du. Txosten horren arabera, "Belosogoitin proposatutako jarduketak Nafarroako Gobernuaren etxebizitza planen eta politikaren garapenari erantzuten dio, eta bizitegi jarduketa berezi bat da, ezaugarri bereziak dituena, haren asmoa dela erantzuna ematea, Iruñerrian etxebizitza babestuak sustatzeko formula berriak sustatuz eta ingurumen jasangarritasunaren printzipioari jarraiki, Iruñerriko eremuan hainbat kolektibok errentamenduko etxebizitza babestua eskuratzeko egiten ari diren eskaerari."
Gainera, UPSak aurreikusten du Belosogoitiko eremua Lurzoruaren Foru Bankuan sartzea, poliziaren bulegoak Aranguren ibarreko udalerrira aldatzen direnean hutsik geratuko baita, LAHFLTBren 233. artikuluaren eta hurrengoen arabera Foru Komunitateko Administrazioak bere lurzoru ondarea eratu, mantendu eta kudeatu behar dituelako, lurzoruaren merkatuan esku hartu ahal izateko.
5.2. Udalez gaindiko eragina.
Aurkeztutako dokumentuan (5. apartatua, Udalez gaindiko eragina azaltzen duten arrazoien justifikazioa). Nafarroako Gobernuaren politikek segurtasunaren eta barne politikaren gaietan, eta etxebizitzaren arloan, duten "tokiz gaindiko interesa" justifikatzen da.
Hau da, proposatutako bi jarduketek Nafarroako Gobernuaren politika sektorialak garatu, ezarri edo gauzatzeko balio dute, eta, beraz, LAHFLTBren 42.4a) artikuluan xedatutakora egokitzen dira.
Horrez gain, artikulu horretan ezarritakoari dagokionez, zuzkidura publikoko eremuaren udalez gaindiko eragina justifikatzen da, orobat, hartuko duen eskualde mailako zerbitzu publikoa aintzat hartuta. Alde horretatik, eskualde osoari zerbitzua ematen dion zuzkidura publikoa denez, jarduketak eragina du eskualde mailako azpiegitura edo zerbitzu publikoen sarean, eta besteak beste, eskualde mailako mugikortasunari buruzko azterketa behar du; beraz, lurraldearen antolamenduari eragiten dio udalez gaindiko eremu batean, eta lurraldea ardazteko eta egituratzeko funtzioa betetzen du.
Bestalde, bizitegi jarduketari dagokionez, memoriaren arabera, "Lurzoruaren Foru Bankuari atxikiko zaion espazio bat eratzea ekartzen du jarduketa horrek, eta horren ondorioz Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko alokairuko etxebizitzen parkea handitzen da, udalez gaindiko zerbitzu publiko eskainiz".
Era berean, LAHFLTBren 42.4b) artikuluarekin bat etorriz, Plan Sektoriala udalez gaindiko jardueratzat deklaratzea beharrezkoa da Sankinen egin beharreko zuzkidura jarduketa lurraldean behar bezala txertatzen dela bermatzeko, eta, Belosogoitiko bizitegi jarduketaren kasuan, justifikatuta dago administrazio eskudunek onetsitako plan edo programa publikoetan, Etxebizitza Zerbitzuak 2021eko abenduaren 21ean emandako txostenean, aurreko apartatuan aipatutakoan, adierazten den bezala.
Are gehiago, bizitegi jarduketari dagokionez, memoriak dio, kasu honetan, udalez gaindiko deklarazioa beharrezkoa dela egun dauden zerbitzu publikoekin lotura egokia izateko ere, "izan ere, espazio berezi bat eratzen da, baldintzatuta dagoena horren erabilera eginen duten biztanleria kolektiboen beharren arabera, eta horientzat hobekien egokitzen ahal diren etxebizitza babestuen formula berrien arabera".
Azkenik, LAHFLTBren 42.4c) artikuluaren arabera, bi jarduketetarako parte hartzeko prozesu bat egin da, UPSa tramitatu aurretik.
5.3. Dokumentuen edukia.
- LAHFLTB.
UPSak LAHFLTBn eskatzen den edukiari erantzuten dio, jasotzen dituelako: lurraldearen antolamenduan haiei dagozkien tresna orokorrekin duen koherentziaren justifikazioa, (Erdialdeko Eremuko LAP3), antolamenduaren xede den eremuaren mugaketa, plana udalez gaindiko deklaratzeko arrazoien justifikazioa, sailkapena eta zehaztapen egituratzaileak (zehaztapen xehakatuak finkatzea geroko tresnetarako uzten du), egiten ahal diren proposamenen analisia, haien bideragarritasun ekonomikoaren azterketa barne dela, hirigintza estandarrak betetzeari buruzko azalpena, indarra duen hirigintza plangintzaren aipamena, eta parte-hartze prozesuaren laburpena eta ondorioak.
Eduki horiei dagokionez ikusi da:
–Dokumentuak, LAHFLTBk eskatzen duen bezala, Sankingo zuzkidura publikoko eremurako, zerbitzu poligono bati dagozkion zehaztapen egituratzaile guztiak ezartzen ditu. Hala ere, ez da onargarria "eraikigarritasun librea" ezartzen duen aipamena. LAHFLTBk gehieneko eraikigarritasuna finkatzea eskatzen du eta, beraz, horren balio zehatz bat finkatu behar da. Izan ere, hirigintza antolamenduko zehaztapen egituratzaileak zehazteko ez ezik, beharrezkoa da nahitaez aurkeztekoak diren jasangarritasun ekonomikoari buruzko txostena edo memoria eta bideragarritasun ekonomikoaren memoria egiteko ere.
–LAHFLTBren 52. eta 53. artikuluek diotenari jarraiki, UPSaren araudia garapen jasangarriari buruzko zehaztapenekin osatu behar da.
–Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren apirilaren 26ko 61E/2022 Foru Aginduaren bidez (2022ko urriko 198-5. Nafarroako Aldizkari Ofiziala), Arangurengo Udal Plan Orokorra onetsi da. Memoria eta I-2 informazio planoa zuzendu behar dira, Hirigintzako Udal Arauei buruzkoak baitira.
- JPHE.
Jabari Publiko Hidraulikoko Erregelamenduaren 126 ter artikuluaren 7. puntua betez, hirigintzako garapen berriek Drainatze Sistema Jasangarriak jaso beharko dituztela ezartzen baitu, UPSaren araudiak betebehar hori aipatzen du.
- LHBLTB.
UPSa bat dator Lurzoruari eta Hiri Birgaitzeari buruzko Legearen Testu Bateginak eskatzen dituen edukiekin, jasangarritasun ekonomikoari buruzko txostena edo memoria eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko memoria jasotzen dituelako (9. eranskina).
Hala ere, azterketa edo errentagarritasun horiek hirigintza eraldaketarako jarduketa bakoitzeko bana egin behar dira. Besteak beste, ezin dira nahasi jarduketa esparru bakoitzeko jabeei dagozkien onurak eta kargak. Gainera, aurreikusitako ekipamenduak eraikitzeko kostuak ere kontuan hartu behar dira. Hori guztia Ondare Zerbitzuaren txostenean adierazitakoaz aparte.
Bestalde, aipatu testu arauemailearen arabera, jasangarritasun ekonomikoari buruzko txostena edo memoria osatzeko, produkzio erabilerako lurzoruaren askitasun eta egokitasunaren justifikazioa eta udalez gaindiko eragin ekonomikoaren azterketa behar dira.
Azkenik, txosten edo memoria horren ondorioen atalean, beharrezkoak diren azpiegiturak ezarri eta mantentzeak edo horien ondoriozko zerbitzuak abian jartzeak eta eskaintzeak Ogasun Publikoetan izanen duten eraginari buruzko datuak eman behar dira.
- 253/2019 Foru Dekretua.
Aurkeztutako dokumentu grafikoa egokitzen da Nafarroako Plangintza Erregistroa eta Nafarroako hirigintza eta lurralde plangintzarako tresnak aurkezteko formatua arautzen dituen urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuaren 9.3 artikuluan xedatzen denaren arabera. Bereziki, dokumentazio arauemailearen dokumentazio informatiboa eta justifikatzailea bereizten dira, eta planoek lau izkinen koordenatu geografikoak agertzen dituzte.
Informazio geografiko bektorialari dagokionez, aipatu 253/2019 Foru Dekretuaren 10. artikuluarekin bat, datu multzo hauek eman dira:
1.–Jarduketa esparruaCODSIUN–ambito.
2.–Unitate espazialakCODSIUN–udespacial.
3.–Lurzoru motaCODSIUN–clase.
5.–Lurzoru urbanizagarrien sektoreakCODSIUN–sector.
Informazio geografiko bektoriala eta 253/2019 Foru Dekretuaren eranskinarekiko egokitasuna aztertu ondoren, alderdi hauek azpimarratu behar dira:
–Tresna Nafarroako Hirigintza Informazioko Sisteman (NHIS) identifikatzeko kodea, hala badagokio, UPSaren tramitazioa hasteko Nafarroako Gobernuak hartutako erabakiaren ondoren esleituko da. Beraz, kode hori ezagutu ondoren, fitxategien izenean sartu behar da.
–"CODSIUN–sector" datu multzoaren atributuen taulan ez da SECTORSU izena ezarri; "osatu behar da "S-" bi karakterren kateatzearekin eta 001 eta 999 arteko zenbaki korrelatibo batekin, ezkerreko zeroak barne".
–Gauza bera gertatzen da "CODSIUN–udespacial" datu multzoaren atributuen taulan, bere UESPACIAL atributuarekin.
- Klima aldaketa.
Maiatzaren 20ko 7/2021 Legeak, Klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzkoak (21. artikulua), ezartzen du lurralde eta hirigintza plangintzak eta kudeaketak, klima aldaketaren ondorioetara egokitzeko, helburu batzuk izan behar dituztela lehentasunez.
Bestalde, Klima aldaketari eta energia trantsizioari buruzko martxoaren 22ko 4/2022 Foru Legeak zenbait eskakizun ezartzen ditu, eraikinetan eta aparkalekuetan sistema fotovoltaikoak instalatzeko, bai eta hiri ingurunean klima aldaketara egokitzeko oinarrizko printzipioak ere, hala nola hiri espazioaren naturalizazioa berreskuratzea, diseinu bioklimatikoko konponbideak eta naturan oinarritutako konponbideak, adibidez, orientazioak, itzalak, azpiegitura berdea eta drainatze jasangarriak.
Dokumentua araudi horietara egokitu behar da.
- Irisgarritasun araudia.
Irisgarritasun unibertsalari buruzko ekainaren 14ko 12/2018 Foru Legearen 8. artikuluaren arabera, "irisgarritasun baldintzak betetzen direla frogatzeko atal bat jaso behar da, jarduketak ukitzen duen sektoreak ondoko sektoreekin duen lotura kontuan hartuta.
- Berdintasuna.
Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legea betez (22. artikulua), UPSak genero eraginari buruzko txostena jaso du (7. eranskina.–Genero azterketa).
Genero eraginari buruzko txostena osatu egin behar da, eta tresna osatzen duten dokumentu guztien erreferentzia eman behar du, ez bakarrik informazio eta justifikazio memoriaren dokumentuaren erreferentzia. Horrez gain, idazkera orokorra inklusiboagoa izan dadin, UPS osatzen duten dokumentu guztien idazkera berrikusi behar da, eta hizkuntza inklusiboa erabili (Gaztelaniazko testurako).
- Memoria historikoa.
Ez dago horrela identifikatutako tokirik jarduketa eremuan.
- Ukitutako finken jabetza.
Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 70 ter artikulua betez, dokumentuak finka ukituen azken bost urteetako jabeen zerrenda jasotzen du (Memoriaren 4.1.2. apartatua–Lurzoruaren jabetzaren egitura).
- Ingurumen ebaluazioa.
Azkenik, sustatzaileak ingurumen azterketa estrategikoa aurkeztu du (2. eranskina–IEE. Ingurumen ebaluazio estrategikoa); ingurumen organoaren txostenarekin.
5.4. Lurraldearen planeamendua eta kokalekua.
Sustatzaileak, jarduketa publikoko eremuaren kokapenari dagokionez, adierazi du kokapen aukera desberdinak aztertu zirela, UPS honen Partaidetza Planaren Dokumentuaren 2. eranskinean jasotzen direnak.
Eranskin horren arabera, Barne Zuzendaritza Nagusiak NASUVINSA sozietate publikoari eskatu zion, 2017an, Foruzain Etxearen egungo egoera eta hark dituen beharrak aztertzeko. Azterketa horretan, Iruñerriko kokalekuei buruzko 17 aukera aztertu ziren, bide lasterretatik hurbileko sarbideak dituztenak eta jabetza publiko edo pribatukoak, jabe interesdunek eskaintzen dituztenak.
Azterketa horretan baloratu ziren azalera, topografia, konektibitatea, segurtasuna eta beharrezko hirigintza tramiteak. Balorazio hori eta prezio eskuragarrian besterentzearen eraginkortasuna eta bizkortasuna kontuan hartuta, Barne Zuzendaritza Nagusiak erabaki zuen Aranguren Ibarreko (Mutiloa) aukerak ematen ziela erantzunik onena planteatutako baldintza guztiei.
Aipatutako Alternatiben Azterketaren balorazioak alde batera utzi gabe, ondoren, kokalekua baloratzen da, indarrean dagoen lurralde ereduaren arabera, edo Eremu Zentraleko LAP3ren arabera, aldez aurreko ohar honekin: Lurralde Antolamenduko Planek (LAP) Nafarroako Lurralde Estrategian definitutako etorkizuneko lurralde garapenaren eredua (LGE) garatzen dute. UPS honek LAP3rekin duen koherentziaren justifikazioak NLEarekiko koherentzia eskatzen du.
LAP3 planak, beste zehaztapen batzuen artean, 5 LAPen ekintza lerro komunak jasotzen ditu, esku-hartzeen estrategia orokor gisa, lehentasunez agertzen direnak egituratze eta garapenari begira, eta ezarritako helburuei erantzuten dietenak.
"HIRI SISTEMA. LURZORUA ETA ETXEBIZITZA (LE), ZUZKIDURAK (ZL) ETA JARDUERA (JL)" Ekintza Lerroaren zehaztapen gisara, LAP3ak "Segurtasunaren hiriaren eraikuntza" jasotzen du, proiektu estrategiko gisa, politika sektorialetatik eta Nafarroa 2012 Planetik datorrena, eta, bereziki, administrazio ekipamendu gisa, haren prestazioen lurralde eremua eskualdekoa edo eskualdez gaindikoa dela.
LAP3ren arabera, proiektu hau Nafarroako Lurralde Estrategiaren printzipio hauek betetzeko ekintza da: lehiakortasuna, kohesioa, zentro-aniztasuna, irisgarritasuna eta ondarea.
Horretarako, "LAP orientazio" hau jasotzen du: "Barne Zuzendaritza Nagusiaren mendeko azpiegitura eta zerbitzu publikoak leku batean biltzea dakar proiektuak, "Segurtasunaren Hiria" deitu denaren inguruan. Zerbitzu hauek bilduko dira, besteak beste: zerbitzu eta unitate administratiboak, Segurtasun Eskola, Nafarroako Larrialdietako Agentzia, Gobernuaren ibilgailuen parkea, Foruzaingoaren egoitza nagusia, etab. Horrez gain, ekoizpen jardueraren eremu bat sortzea proposatzen da, segurtasunarekin eta industria jarduerako eta I+G zerbitzuen prestazioarekin lotutako enpresen sare bat finkatzeko."
Gainera, proiektu hori LAP3n jasotzen da, "1 lehentasunarekin", Iruñeko 10.4 azpieremuaren esparruan, eta aurrekontu zenbatetsia 40.000 eurokoa da.
Ondorioz, Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak LAP3ren aurreikuspenak garatzen ditu.
Hala ere, LAP3ko 72aren arabera, "Lurralde eta plangintzarako irizpideak eta saneamenduaren arloan (VP)": "10 hektareatik gorako azalera duten hirigintza sektoreei eta/edo jarduketei buruzko garapen berrietan, nahitaezkoa izanen da Drainatze Jasangarriaren Azterketa egitea, aurrez dagoen ziklo hidrologikoa ahalik eta zehatzen errepikatzeko, parametro hauetan: isurketa uren bolumena, ingurune hartzailera isuriko den puntako emaria eta isurketa uren kalitatea."
Artikulu hau LAPetan "VP" gisa definitzen da, plangintzarako zehaztapen lotesle gisa. Espedienteak azterketa hori jaso ez badu ere, urbanizazio proiektuen xedeari berez dagokiola uste izanik, UPSaren araudiak betebehar hori jaso behar duela onesten da, dagokion exekuzio tresnarako.
Bestalde, egokia da ohartaraztea jarduketa eremua Iruñerriko Mankomunitateak sustatu eta Nafarroako Gobernuaren 2003ko abenduaren 15eko Erabakiaren bidez onetsitako "Iruñerriaren hornidura Nafarroako Ubidetik" izeneko udalez gaindiko proiektu sektorialaren (UPS) zehaztapenek ukitzen dutela.
Aipatu UPSak hornidura instalazioen babes zerrenda edo eremu bat ezartzen du, lehendik instalaturik dagoen hodia mantentzeaz gain, etorkizunean hornidura handitzeko aukera ematen duena. Eremu horretarako, halaber, erabilera bateragarrien zerrenda bat ezartzen du, eta haren kanpoko ertzekiko gorde beharreko distantzia bat.
UPSak edo tramitatzen ari den dokumentuak "Iruñerriko hornidura Nafarroako Ubidetik" UPSaren eta haren aldaketaren (Nafarroako Gobernuaren 2008ko uztailaren 15eko Erabakiaren bidez onetsitakoa) aurreikuspenak jaso beharko ditu, eta bereziki aintzat hartu behar ditu babes eremua, hartan bateragarriak diren erabilerak eta hornidura azpiegitura honen eraikuntzaren muga.
5.5. Indarreko hirigintza plangintza.
- Hornidura publikoko eremua Sankin terminoan.
Arangurengo udal mugarteak badu bere Udal Plan Orokorra, Lurraldearen Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariaren apirilaren 26ko 61E/2022 Foru Aginduaren bidez onetsitakoa; haren araudia 2022ko azaroaren 11ko 223. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Zuzendu beharrak dira memoria eta I-2 informazio planoa, Hirigintzako Udal Arauei buruzkoak baitira.
Udal Plan Orokor (UPO) horri dagokionez, kontuan izatekoa da jarduketa eremua lurzoru urbanizagarri gisa sailkatuta dagoela, eta "SA Sankin" jarduera ekonomikoko sektore gisa identifikatuta. UPSak esparrurako ezartzen dituen zehaztapenak Udal Plan Orokorreko zehaztapenen antzekoak dira.
Horri dagokionez, adierazi behar da Udalaren hirigintza plangintzak finkatzen dituela Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa Aranguren Ibarreko udalerriko Sankin terminoan ezartzeko aukera ematen duten hirigintza antolamenduko zehaztapenak. Hala ere, UPSa onartuz gero gertatuko litzatekeen bezala, zentro hori ezartzeko hirigintza antolamenduko tresna bat tramitatu beharko da, eta haren bidez finkatu beharko dira hirigintza antolamenduko zehaztapen xehakatuak eta dagozkion kudeaketa eta urbanizazio tresnak.
Lehenengo kasuan, tresna horien tramitazioa toki entitateari dagokio eta, bigarrenean, lurraldearen antolamendu eta hirigintza arloan eskumena duen departamentuari edo toki entitateari, departamentu horrek horretarako baimena ematen badu.
- Bizitegi eremua.
Iruñeko Udal Planaren arabera, jarduketa eremua osatzen duten lurzatiak (5. poligonoko 1256., 1257. eta 1894. katastroko partzelak) Belosoko IX. Unitate Integratuko Z-7 eremuan jasotzen dira, hiri lurzoru gisa sailkaturik. 1256. lurzatiak eta 1257. lurzatiak zuzkidura publikoaren kalifikazioa dute, egituratzailea, eta 1894. lurzatiak, berriz, eremu librea / parkearen kalifikazioa.
Zuzkidura erabilera Udal Planeko Hirigintzako Araudi Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoak arautzen du. Hona hemen haren laburpena:
"Jabari publikokoak, dagoeneko lortuak, beraientzat 27. c) artikuluan aurreikusitako erabileretarako esleitzen ahal dira, horren beharra justifikatuta, dagokion lizentzian. Horrez gain, zuzkidurak berak behar dituen erabilera espezifiko osagarriak ere ezartzen ahalko dira. Kasu horretan ez dira sartzen espazio libreak.
[...]
Jabari publikoko zuzkidura bat deuseztatzeko, Udal Planaren aldaketa bat tramitatu beharko da, eta jabari bererako beste zuzkidura bat edo batzuk lortu beharko dira, hura konpentsatzeko."
Alde horretatik, UPSak foruzain etxea beste eremu batera eramatea aurreikusten duenez, jabari publikoko zuzkidura konpentsatzen duela ulertzen da, eta, beraz, proposatutako erabilera aldatzea, zuzkiduratik bizitegira, bat dator Udalaren hirigintza araudian ezarritakoarekin.
Bestalde, IX. Unitate Integratuko Z-7 eremuaren gaineko irabazizko aprobetxamendua Hirigintzako Araudi Orokorreko 48. artikuluan ezartzen da, izaera orokorreko edo lokaleko zuzkidura publiko orokorrei nahiz tokikoei atxikitako lursailak kanpo utzita. Beraz, ondorioztatzen ahal da indarra duen udal hirigintza plangintzak ez diela aprobetxamendurik esleitzen zuzkidura publikoaren kalifikazioa duten lurzatiei.
5.6. Jarduketa mota.
- Zuzkidura publikoko eremua Sankinen.
Esparrua lurzoru urbanizagarri gisa sailkatzen den heinean, LAHFLTBren 93. artikulutik ondorioztatzen denez, urbanizazio berriko jarduketa da.
- Bizitegi eremua.
Espedienteak bizitegi proposamena zuzkidura jarduketa gisa definitzen du, LAHFLTBren 90.5 artikuluan ezarritakoaren arabera, honako baieztapen hauetan oinarrituta:
–"Jarduketa eremuak lurzoru bat hartzen du, hiri sare baten zati osagarria dena, eta urbanizazio egokia duena esleitua duen erabilerarako, eta hainbanatzeko eragiketarik behar ez duena."
–"Ez da urbanizazio berririk behar, ez eta egikaritze unitateen mugapenik ere, eta ez da beharrezkoa jabeen artean zamak eta onurak hainbanatzea."
Beraz, sustatzaileak dio eremuaren sailkapena hiri lurzoru finkatua dela, eta lurzoruaren kategoria horri aplikatu beharreko betebeharrak aplikatzen dituela.
Hala ere, zalantza dago proposamena zuzkidurako jarduketa den edo urbanizazioa eraberritu edo zaharberritzeko jarduketa den, ondoren azaltzen diren arrazoiengatik.
Espedienteak erabilera aldaketa eta hirigintzako beste zehaztapen batzuk planteatzen ditu, eremuaren antolamendu berria eskatzen dutenak. Memoriak urbanizazio berririk ez dela behar esaten badu ere, araudiaren 16. artikuluan antolamendu xehakaturako biltzen diren irizpide orokorren artean honako hauek daude:
–"Espazio publikoa eta berdegune berriak, ahal den neurrian, antolamendu berriarekin lotzeko eta integratzeko moduan kokatuko dira, bai Sarrigurengo Errepidea kaleko etxebizitza kolektiboen blokeekiko, bai eremu mugakideetan dauden familia bakarreko gainerako etxebizitzekiko."
–"Oinezkoentzako korridore seguruagoa eta bizikletentzako egokiagoa sortzea, oinezkoentzako espazioa handituz eta proposatutako berdegune eta egonlekuekin lotuz, inguruan lehendik dauden bizitokiei jarraipena emateko eta Iruñeko Zabalgunearekin eta hirigunearekin eta Erripagainarekin lotzeko. [...] Behar adinako zabalera duten espaloiak izanen dituen hiri diseinua; horretarako, lehendik dauden espaloiak zabaltzea proposatzen da, gaur egungo espaloiaren zabaleraren perimetrotik erantsita behar den espazioa, 3 m inguruko espazio publiko berriak sortzeko."
Irizpide horiek eta 200-225 etxebizitza ingururen aurreikuspenak (egungo zuzkidura erabileraren ordez), argi adierazten ahal dute proposatzen den antolamendu berriak azpiegitura publiko berriak sortzea eskatuko duela (zuzkidura eta zerbitzu espazio berriak, udal administrazioaren esku utzi beharko direnak), eta, horien ondorioz, eremuaren urbanizazioa eraberritu edo zaharberritzea ere eskatuko duela.
Gainera, ukitutako lur guztiak jabe bakar batenak badira ere (Nafarroako Gobernua), horrek ez du esan nahi antolamendutik eratorritako onurak eta kargak hainbanatu behar ez direnik; izan ere, bizitegitarako lurzati bat edo gehiago sortuko dira eta, gutxienez, tokiko zuzkidura bat, antolatzen den jarduketa eremuaren beraren beharren araberakoa (araudiaren 16. artikuluak zehazten duenaren arabera). Eremu osoa jabe bakar batena denean, borondatezko birpartzelazioa egin daiteke, LAHFLTBren 168.1 artikuluarekin bat.
Azken finean, UPSak gainerako zehaztapen xehakatuak geroko tresna baten bidez finkatzeko uzten dituen neurrian, ezarritako antolamendua ez da aski garatu beharreko jarduketa mota zehazteko, eta, beraz, ez da hiri lurzoruaren kategoria zehazten ahalko, planteatzen den jarduketaren araberakoa izanen baita.
Ondorioz, zuzkidura jarduketari eta horrek dakartzan betebeharrei buruzko erreferentziak kendu egin behar dira, bai eta kategorizazioari dagozkionak ere, eta beraz, jarduera motaren zehaztapena eta hiri lurzoruaren kategoria seinalatzea geroko utziko dira, dagokion tresnaren bidez garatzeko.
Halaber, dokumentazio grafikoa egokitu behar da, hiri lurzoruaren kategoriaren aipamena kenduz.
Gainera, ezabatu egin behar dira eremua kudeatzeko moduari buruzko aipamenak, azkenean garatuko den jarduera motaren araberakoa izanen baita.
5.7. Hirigintza estandarrak betetzea.
- Zuzkidura publikoko eremua Sankinen.
LAHFLTBren 55. artikuluak, zerbitzu poligonoetarako, sektore osoaren %10 gutxienez eskatzen du berdegune handietarako. Eskakizun hori proposatutako araudira eraman behar da.
Artikulu horretan ezarritako zuzkidura espazioei eta zerbitzuei buruz eskatzen diren gainerako moduluak, hala nola erabilera anitzeko ekipamendua eta aparkalekuen aurreikuspena, modu justifikatuan finkatu behar dira, antolamendu xehakatua ezartzen duen plangintzan.
- Bizitegi eremuak.
Memoriaren 7.2.2 atalean LAHFLTBren 55. artikulua betetzearen justifikazioa jasotzen da, jarduketari zuzkidura jarduketaren kalifikazioa emateko premisan oinarrituta.
Alde horretatik, txosten honen 6.6 atalean adierazi den bezala, jarduketaren antolamendu xehakatua ezagutzen ez denez, ezin da tipifikatu; beraz, LAHFLTBren 96. artikuluan eta 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 18. artikuluan zuzkidura jarduketetarako ezarritako salbuespenei buruzko aipamenak kendu behar dira. Geroko garapeneko tresnan zehaztuko dira jarduketa mota eta hiri lurzoruaren kategoria, eta horren arabera zehaztuko dira hari lotutako betebeharrak.
Bestalde, 7.2.2 atalak zuzkidura publikoen proportzioa jarduketa eremura egokitzea planteatzen du, LAHFLTBren 55.7 artikuluan xedatutakoarekin bat. Artikulu horretan ezarritako egokitzapenari dagokionez, ez da automatikoa, baizik eta "modu arrazoituan eta neurtuan egin behar da, atzematen diren behar kolektiboen arabera, eta, betiere, eremuko hiri kalitate funtzionalaren irizpideen arabera".
Gainera, zuzkidurak doitzeko jarduketa eremu gisa ukitutako lurzatiak berak edo Z-7 eremua proposatzen ditu memoriak, horretarako justifikaziorik aurkeztu gabe.
Kasu horretan, zuzkiduraren doikuntza egiteko ratio bat ezartzeko oinarri gisa Z-7 eremua hartzea ez da ongi ikusten, hein handi batean Foruzain Etxe Nagusiak hartzen duelako, eta gainerakoa bizitegi eremua delako, zaharkitze edo kalteberatasun egoeran dagoena, zuzkidura espaziorik gabea. Era berean, erreferentziako esparru gisa ez da egokitzat jotzen ukitutako lurzatiek berek osatutakoa (indarrean dagoen haien kalifikazioa zuzkidurakoa da osorik).
LAHFLTBaren 55.7 artikuluan ezarritako doikuntza aplikatzeko, espazio eremu homogeneo bati egokitu behar zaiola ulertzen da, erabileren eta tipologien arabera hirigintza antolamenduak hor sartu dituelako. Eta, gainera, erreferentziazko espazio eremua mugatu egin behar da, betiere hiri kalitate funtzionala lortzeko moduan (aipatutako 55.7 artikuluak eskatzen duen bezala).
Nolanahi ere, behar kolektiboen haztapena eta, hala badagokio, horren ondorioz zuzkiduretan egin beharreko doikuntza, bai eta erreferentziazko espazio eremuaren hautaketa ere, ondorengo garapen tresnan egin behar dira, eta horrela adierazi behar du izapidetzen ari den UPSaren memoriak. Alde horretatik, gogoratu behar da plangintzak interes publiko edo orokorrari erantzun behar diola, interes partikularren gainetik.
Aurrekoaz gain, memoriaren 7.2.2 apartatuak adierazten du jarduketarako eskatu beharreko lurzoru erreserbak "maximoak" direla, eta hori ez da egia. Nahiz eta 55.7 artikuluak ezartzen duen hiri lurzoruan izaera orokorra eta nahitaezko erreferentzia dutela eta jarduketa eremura doitzeko aukera ematen duela, horrek ez du esan nahi "maximoak" direnik. Arau horren 3. eta 4. apartatuetan zuzkidura publikoetarako ezarritako moduluak minimoak dira.
Gogorarazten da, halaber, aipatu artikuluaren zehaztapenek aipatzen duten zuzkidura publikoen sarea jabari eta erabilera publikokoa izan behar dela.
Bestalde, aparkalekuetarako lurzoru erreserbak aipatzen direnean, erabilera publikoko espazioetan erabili behar direnak soilik aipatzen dira, eta ez da aipatzen, oro har, eraikitako 100 m² bakoitzeko gutxienez bi plaza aurreikusi behar direla nahitaez.
Azkenik, ikusi da apartatu honek ez dituela aipatzen nahitaez bete beharreko beste estandar batzuk; beraz, honako hauen aipamenak erantsi behar dira:
–Bermatu behar da zuhaitzak landatuko direla, 85/1995 Foru Dekretuaren 28. artikuluan ezarritako moduan (indarrean dago, goragoko mailako legezko xedapenen aurka egiten ez duen bitartean).
–Nafarroan merkataritza arautzen duen 17/2001 Foru Legearen 18.2b) artikuluan adierazitako etxebizitza kolektiboaren etxabeetan ere aplikatuko da gutxieneko zuzkidura komertziala. Kasu honetan, aurreikusitako merkataritza erabilerako eraikigarritasunak (3.500 m²) ezarritako gutxienekoa betetzen du (3 m²/etxebizitza).
Horrenbestez, memoriaren apartatu hori zuzendu behar da, goian adierazitakoa kontuan hartuta.
5.8. Lurzoru Publikoaren Foru Bankua.
Proposaturiko araudiaren 16. artikuluak bizitegi jarduketarako zehaztapenak ezartzen ditu, eta hark xedatzen du: "Antolamenduaren xede den eremua Lurzoruaren Foru Bankuan sartuko da Foruzaingoaren zerbitzu publikoari atxikita egoteari uzten dionean", eta etxebizitza babestuaren %80 gutxienez ezartzen du.
Horri dagokionez, memoriaren 5. apartatuak azaltzen duenez, "proposatutako bizitegi erabilera berriak, nagusiki alokairuko etxebizitza babestuak aipatu diren kolektiboentzat, Nafarroako Gobernuaren titulartasuneko etxebizitza parke publikoa handitzea dakar, eta, beraz, jarduketak onura publikoa eta interes soziala erakusten ditu, eta etxebizitzen erabilera publikoa errazten die horiek eskuratzeko ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten pertsonei." Aipatzen dituen kolektiboak Iruñerrian premia handiena dutenak dira, besteak beste, 35 urte bitarteko gazteak, 65 urtetik gorako adinekoak, guraso bakarreko familiak eta diru sarrera gutxiko familiak.
Hala ere, bidezkoa da ohartaraztea Lurzoru Publikoaren Foru Bankua osatzen duten ondasunak LAHFLTBren 236.1 artikuluan ezarritako xedeei lotuta daudela; kasu honetan, babes publikoko araubideren bati edo interes sozialeko beste erabilera batzuei lotutako etxebizitzen eraikuntzari.
Ildo horretatik, Etxebizitza Zerbitzuaren txostenaren edukia gogorarazten da:
Azkenik, ohartarazi behar da ondasunak Lurzoru Publikoaren Foru Bankuari "borondatez" atxikitzeak saihestu ezin diren ondorioak dituela. Ondorio nagusia da ondasun horiek LAHFLTBren 236. artikuluan zehazten diren helburu zehatzetarako erabili behar direla: babes publikoko araubideren bati edo interes sozialeko beste erabilera batzuei lotutako etxebizitzak eraikitzeko. Eta ondasun horiek besterentzen diren kasuan, diru sarrerak beste helburu batzuetarako ere erabil litezke, 236.4 artikuluak dioenez [...], baina betiere justifikatzen bada."
5.9. Proposatutako araudia.
UPSaren Memorian eta araudian (1. artikulua.–Xedea) jasotzen da hark ezartzen dituela hirigintza antolamenduko zehaztapen egituratzaileak, Nafarroako Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko, bai eta Belosogoitiko terminoan foruzain etxea lekuz aldatzeagatik hutsik geratzen diren lursailen bizitegi garapenerako ere.
Hala ere, aurkeztutako araudiak jasotzen dituen zenbait zehaztapen, LAHFLTBren 49. artikuluaren arabera, hirigintza antolamenduko zehaztapen xehakatuak direla ulertzen da, adibidez, banaketa eremuak mugatzea eta jarduketa sistema finkatzea (8. artikulua.–Lursailak eskuratzea) edo hiri lurzoruaren kategoria, etxebizitza kopurua, etxebizitza babestuen proportzioa, jarduketa mota, gehienezko eraikigarritasuna, toki zuzkidurak (16. artikulua.–Hirigintza Araubidea zehaztapen egituratzaileak Iruña).
Araudia berrikusi eta doitu behar da aipatutako arauaren arabera, dela hirigintza antolamendu xehakatuko zehaztapenak baztertuz, dela halakoak direla onartuz eta dokumentuan jasoz. Bigarren kasu horretan, espresuki bereizi behar dira zehaztapen egituratzaileak eta zehaztapen xehakatuak, bai dokumentazio idatzian bai grafikoan, eta memoria horrekin koherentzian zuzendu behar da.
Bestalde, 1. artikulutik kendu behar da "garapenaren lehen faseari" buruzko aipamena, dokumentuak ez baitu garapen faserik ezartzen, eta horiek finkatzea urbanizazio proiektuen ahala baita.
2. artikuluan, (Esparrua), dokumentazio grafikoa aipatzen da, eta "informazio eta justifikazio memorian esparruaz egiten den deskribapena". Azken aipamen hori ez da ontzat jotzen, zehaztasunik gabea baita, baina beharrezkoa ere ez da.
3. artikuluaren (Araudi honen irismena) edukia errepikatzen da 1. eta 7. artikuluetan; beraz, kentzea gomendatzen da.
5. artikulua (Indarraldia) LAHFLTBaren 29. artikuluaren arabera egokitu behar da, hark ezartzen baitu "Lurralde antolamenduko tresnen zehaztapenak betetzen hasi behar dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko onespena argitaratzen denetik. Han argitaratuko dira, halaber, tresna horietan biltzen diren arauak."
6. artikuluak (Interpretazioa) ezartzen duenez, "Dokumentu grafiko eta idatzien artean kontraesanik badago, testuak izanen du lehentasuna marrazkiaren gainetik. Bat ez etortzeak dokumentu grafikoetan gertatzen badira, berriz, eskala handienekoa lehenetsiko da eskala txikiagokoaren gainetik, salbu eta kontrako interpretazioa ondorioztatzen ahal bada testutik. Dokumentu arauemaileetan kontraesanik bada, hirigintzako araudi partikularra lehenetsiko da araudi orokorraren gainetik, lurzoru mota bakoitzari dagozkion zehaztapenei dagokienez, hura espezifikoagoa delako. Gairen bat xedapen batek baino gehiagok arautzen badute, beti aplikatuko da xedapenik zehatzena".
Apartatu hori berrikusi egin behar da. Horren irakurketak gaizki ulertuak ekar ditzake, esaterako, araudiko testu bat onestea memoriako marrazki baten gainetik, edota informazio dokumentu grafiko bat antolamendu dokumentu grafiko baten gainetik jartzea, lehenengoa eskala handiagokoa delako. Gainera, berrikusi egin behar da, argitzeko ea azken esaldia aurrekoan araututakoaren salbuespen bati edo beste araudi batzuen xedapenei buruzkoa den (azken gai horrek tresnaren eragin esparrua gainditzen du).
7. artikulua (Hirigintza Araubidea. Zehaztapen egituratzaileak Arangurengo Ibarra) ere berrikusi behar da, apartatu honen hasieran esandakoaren arabera, eta horrez gain, LAHFLTBren 134. eta 49. artikuluen edukira egokitu behar da, haiek ezartzen baitute egikaritze faseak urbanizazio proiektuen ahala direla, eta horiek finkatzea ez dela ulertzen hirigintza antolamendu xehakatuaren zehaztapen gisa.
Bestalde, artikulu horretan jasotako gainerako irizpideei dagokienez, gogorarazten da Iruñerriko Mankomunitateak eta LAHFLTBk adierazitakora egokitu behar dela: "berdeguneak ez dira kokatzen ahalko hondar espazioetan eta espazio marjinaletan". Era berean, gogorarazi nahi da proposatutako antolamenduak eteten dituen bide publiko guztien funtzioa berrezarri beharko dela, eta sektoreko legeriak, bereziki errepideenak, ezartzen dituen mugak errespetatu beharko direla.
Orobat, gogoratu behar da lurralde edo hirigintza tresnek ezin dutela beren jarduketa eremua gainditzen duen zehaztapenik jaso. Horregatik, tresna honek ezin du "etorkizuneko zabaltze asmoetarako" zehaztapenik jaso.
Azkenik, artikulu honen izena edukiaren araberakoa izan behar da, eta "antolamendu irizpideak" jaso behar ditu".
9. artikuluaren (Bide eta zerbitzuen gutxieneko baldintza teknikoak) arabera: "Bide sarearen eta azpiegituren ezaugarriak Udalean egun indarra duen araudiari egokituko zaizkio horrelako obretan. Konponbide teknikoak proposatzen ahalko dira, zerbitzu horiek guztiz bat egiten ez badute udal araudi horrekin; betiere, aldaketaren beharra justifikatu beharko da urbanizazio proiektuan". Hori kendu egin behar da, arrazoi hori begien bistakoa delako eta, gainera, LAHFLTBrekin ez delako koherentea.
Legezko testu horren 42. artikulua aintzat hartuta, "Udalez gaindiko plan eta proiektu sektorialetan biltzen diren zehaztapenak, zeinak sartuko eta egokituko baitira aplikatzekoak diren maila handiagoko lurralde antolamenduko tresnen determinazioetara, lotesleak izanen dira plan edo proiektu horiek ukitzen dituzten toki entitatearen edo entitateen planeamendurako. Salbuespen hori ez zaie aplikatuko urbanizazio proiektuei. Horiek, garatzen duten plangintzaren aurreikuspenetara egokitzeaz gain, goragoko mailako gainerako zehaztapen edo erregulazioetara egokitu behar dira (horien artean udal araudia).
Artikuluak hobeki aplikatzeko, 10. artikulutik 14.era bitartekoen edukia 7. artikulura aldatu behar da, antolamendu xehakatua eta urbanizazio proiektuak idazteko irizpide gisa.
Horiei dagokienez, gogoratu behar da araudi sektoriala betetzetik datozen lurzoru erreserbak, bereziki irisgarritasun unibertsalekoa eta mugikortasun jasangarrikoa, antolamendu xehatuan jaso behar direla, eta urbanizazio proiektuen xedea dela haien gauzapena definitzea, ez finkatzea edo antolatzea. 10. artikulua (Oztopo arkitektonikoak), 11. artikulua (Bide publikoetako erreserbak) eta 12. artikulua (Bidegorria) lehen gogoratutakora egokitu behar dira.
Bestalde, artikuluen edukiak argia izan behar du proposamenari dagokionez; horregatik, berrikusi behar dira eta informazio edo justifikazio testuak ezabatu egin behar dira. Bereziki, 13. artikulua (Euri uren sarea) eta 14.a (Zarataren azterketaren ondoriozko baldintzak).
Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeari jarraiki, 15. artikuluak (Ingurumen ondorioen azterketaren ondoriozko baldintzak) planean sartu behar diren zehaztapenak, neurriak edo azken baldintzak soilik jaso behar ditu. Halaber, ingurumen organoak ematen duen erabakiari edo txostenari egokitu beharko zaio.
Beste alde batetik, 16. artikulua (Hirigintzako araubidea, zehaztapen egituratzaileak Iruña), etxebizitza kopuru orientagarri bat ezartzen du. Horri buruz, organo sektorial batzuek biztanleen premiak etxebizitza kopuruaren arabera kalkulatzen dituzte, eta beraz, etxebizitza kopurua aldatzen bada, plangintzan jaso gabeko zerbitzu eskari berriak sor daitezke. Beraz, komenigarria litzateke etxebizitza kopuru maximo bat ezartzea, gutxi gorabeherako kopuruaren ordez.
Nolanahi ere, LAHFLTBren 54.3 artikulutik ondorioztatzen denez, eremuaren antolamendu xehakatua ezartzen duen tresnak hirigintzako antolamenduko zehaztapenen artean sartu beharko du etxebizitzen gehieneko kopurua.
Azkenik, memoria ere aldatu behar da, araudiaren aldaketekin koherentea izan dadin.
5.10. Beste hainbat gogoeta.
UPSak, informazioko eta antolamenduko planoak ez ezik, beste batzuk ere jaso baditu: "Ingeniariaren planoak-2022ko ekaina". Azken horiek edo beren informazioa informazioko edo antolamenduko planoetara eraman behar dira, edo dokumentutik kanpo utzi.
Horrenbestez, Lurraldearen Antolamendu Batzordearen 2023ko maiatzaren 17ko txostenarekin bat, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak onetsitako Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean xedatutakoari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraiki, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak proposaturik, honako hau,
ERABAKITZEN DU:
1. Segurtasuna eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroa ezartzeko eta Nafarroako Gobernuaren etxebizitza politika garatzeko Plana, Barne Zuzendaritza Nagusiak proposatzen duena, Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginean aurreikusitako ondorioetarako.
2. Plana sustatzen duen Zuzendaritza Nagusiari adieraztea, planaren gaineko ebazpena eman aurretik, espediente osatu beharko dela erabaki honetan jasotako gogoetak eta eskatutako txosten sektorialetan xedatutakoa aintzat hartuta.
3. Adieraztea deklarazio honek ez dituela deusetan galaraziko proiektua gauzatzeko behar diren baimen guztiak.
4. Udalez gaindiko proiektu sektoriala jendaurrean jartzea berrogeita bost egunez eta, aldi berean, entzunaldia ematea planteatzen diren jarduketek ukitzen dituzten udalei.
Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko da bi izapide horien epea.
Ondorio horietarako, dokumentua Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiaren web orrian kontsultatzen ahalko da, honako helbide honetan: https://www.navarra.es/eu/lurraldea-pasaia-eta-hirigintza/jendaurrean-jarrita-dauden-planak-proiektuak-eta-azterketak; epe horretan halaber, egokitzat jotzen diren alegazio idazki guztiak aurkezten ahalko dira.
5. Era berean, espedientea jendaurrean jartzea epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, indarra duten legezko zehaztapenekin bat.
6. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan, eta jakinaren gainean jartzea Telekomunikazio eta Informazioaren Teknologia Zuzendaritza Nagusia; Herri Lan eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusia; Iruñerriko Mankomunitatea; Babes Zibilerako Zerbitzua; Ondare Arkitektonikoaren Atala; Osasun Departamentuko Plangintza, Ebaluazio eta Ezagutzaren Kudeaketa Zerbitzua; Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondarearen Zerbitzua; Gizarte Errealitatearen Behatokia; Etxebizitza Zerbitzua; Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusia; Zerbitzu Juridikoaren eta Lurralde Plangintzaren Zerbitzuko Lurralde Plangintzaren eta Parte-hartzearen Atala; Ebroko Konfederazio Hidrografikoa; Herri Lurren Atala; Erregistroaren Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala; Hezkuntza Azpiegituren Zerbitzuko Obren Atala; Nafarroako Kirol Institutuko Azpiegituren Kudeaketako Atala; Iruña eta Arangurengo Udalak; eta sustatzailea, behar dituen ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.
Iragarkiaren kodea: F2308246
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
