Iragarkia
124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRURTZUN
Itxesia udal igerilekuen funtzionamenduaren erregelamendua. Behin betiko onespena
Irurtzungo Udalak, 2022ko abuztuaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldatzea "Itxesia udal igerilekuen funtzionamenduaren erregelamendua".
Iragarkia 2022ko 162. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 16an, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamaziorik, kexarik edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.
Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Irurtzunen, 2023ko maiatzaren 16an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.
ITXESIA UDAL IGERILEKUEN FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Erregelamendu honen xede nagusia da Udalaren "Itxesia" kirol instalazioen erabilera arautzea.
Udalaren kirol instalazioak dira bai igerilekuak, tenis pistek, askaldegiak eta berdeguneek osatzen duten eremua, bai kirolean, jarduera ludikoetan eta, oro har, gorputza lantzen aritzeko gainerako eremuak.
Horien barnean sartuko dira, halaber, aipatutako jarduerei atxikirik dauden eta aurreko paragrafoan azaldutako instalazioetan dauden ondasun higigarriak, instalazioak eta zerbitzuak.
2. artikulua. Instalazioetan sartzen ahalko dira Irurtzungo Udalak horretarako ezartzen dituen baldintzak betetzen dituztenak.
3. artikulua. Instalazio bakoitza erabiltzen ahalko da harentzat aurreikusitako xede diren edo hari dagozkion kiroletan aritu eta/edo jarduerak egiteko.
4. artikulua. Udalak zehaztuko du, Kirol Batzordeak proposaturik, instalazioak zein alditan egonen diren itxita, udaldiaren iraupena zein izanen den eta zer ordutan irekiko diren jendearentzat.
5. artikulua. Udalaren kirol instalazioetan kartela paratuko da, Udalak onetsia, erabiltzaileek ongi ikusteko moduko tokian, honako jakingarri hauek azaltzeko:
–Instalazioa erabiltzeko prezioak.
–Jardueraren ordutegia.
–Erabiltzaileen kopurua, edukiera eta ezaugarri tekniko aipagarrienak.
–Egiten diren zerbitzuak edo programak.
–Instalazioko arduradunaren izena.
Eskura dagoen tokiren batean utziko da erregelamendu honen ale bat, kontsultatu ahal izateko.
II. KAPITULUA.–ABONATUAK
6. artikulua. Abonatua izateko, pertsona batek inskripzioa eskatu behar du, hura onartu behar diote, "Udalaren kiroletako abonatu txartela" eduki behar du, eta Udalak finkatzen dituen kuotak ordainduak izan behar ditu.
Abonatuek sarrera librea izanen dute instalazioetan.
7. artikulua. Bonu motak.
7.1. Bonu motak eta horiei dagozkien kuotak izanen dira udalaren kirol instalazioak erabiltzeagatiko tasak arautzen dituen Ordenantza Fiskalean adierazitakoak, unean-unean indarrean daudenak.
7.2. Irurtzungo Udalak ezartzen dituen kuotak ordainduko dituzte abonatuek.
8. artikulua. Kuotak itzuliz gero, interesdunari jakinaraziko zaio eta, jakinarazi eta 15 eguneko epean ordainketa egiten ez badu, abonatuari baja emanen zaio eta zeuzkan eskubide guztiak galduko ditu.
9. artikulua. Baja eman nahi duen abonatuak idatziz jakinarazi beharko die Udaleko administrazioko langileei.
Abonatu txartela galdu, lapurtu edo hondatuz gero, berehala eman beharko zaio horren berri Udalari.
Beste txartel bat egiteko 3 euro ordaindu beharko dira.
10. artikulua. Bonuak, edozein motatakoak direla ere, nominalak izanen dira, eta ezin dira zenbait pertsonaren artean partekatu.
11. artikulua. Abonatuek honako eskubide hauek dituzte:
11.1. Instalazioetan libreki sartzea, abonatu txartela erakutsita azken ordainagiriarekin batera, jendearentzat irekita dauden egun eta orduetan.
11.2. Instalazioak erabiltzea, Udalak kirol eremu bakoitzerako onesten duen araudiari jarraikiz.
11.3. Kirol ikastaroetan izena ematea, Udalak haietarako onesten duen araudiarekin bat.
11.4. Udalak kasu bakoitzean onesten dituen deskontuez baliatzea, honako jarduera hauetarako:
–Igeriketa ikastaroak.
–Aisia jarduerak.
11.5. Egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak eta iradokizunak egitea instalazioen funtzionamenduari dagokionez.
12. artikulua. Abonatuak beharturik daude erabiltzaile guztientzat, oro har, ezartzen diren betebeharrak betetzera.
III. KAPITULUA.–ABONATU GABEKO ERABILTZAILEAK
13. artikulua. Abonatu ez direnak hurrengo moduan soilik sartzen ahalko dira kirol-instalazioetara:
–"Eguneko sarrera" edo "15 eguneko bonua" erosita.
–"Kirol ikastaroren" batean izena emanda.
13.1. Eguneko sarrerak aukera ematen du instalazioa egun osoan erabiltzeko.
13.2. Kirol jardueraren batean inskribaturik dauden abonatu gabeek ezarri den tasa ordainduko dute, eta bakar-bakarrik sartzen ahalko dira jarduera horrek dirauen bitartean.
Jarduera hori amaitu ondoren, pertsona horiek ezin izanen dute jarraitu instalazioak eskaintzen dituen zerbitzuak erabiltzen.
Aurreko paragrafoan ezarritako arauak bete ezean, pertsona horiei ohartarazpena eginen zaie, eta berriro ere falta berdinean berrerortzen badira, jardueran baja emanen zaie, hartan jarraitzeko eskubide oro galduko dute eta ezin izanen dute kuotaren itzulketarik eskatu.
Udalak finkatuko ditu abonatu gabeek instalazioak erabiltzeko prezio publikoak.
IV. KAPITULUA.–INSTALAZIOEN ERABILERAREN GAINEKO ARAUDIA
14. artikulua. Erabiltzaileen betebeharrak:
14.1. Instalazioak eta zerbitzuak egoki eta zuzen erabiltzea.
14.2. Gainerako abonatu edo erabiltzaileekin begirunez jokatzea.
14.3. Ezarritako kuotak garaiz ordaintzea.
14.4. Instalazioen erabilerari buruz ematen diren arau eta jarraibideak onartu eta betetzea.
14.5. Udalak ezartzen dituen zehapenak betetzea.
14.6. Udalaren kirol instalazioen barrenean, helduek arduratu beharko dute beren ardurapean dituzten adingabeen segurtasunaz.
14.7. Erabiltzaile adin nagusikoek erantzun beharko dute, baldin eta beren gain dituzten adingabeek erregelamenduko arauak betetzen ez badituzte edo bertan zehaztutako arau-hausterik egiten badute.
14.8. Erabiltzaileek beren gain hartuko dituzte instalazioetan gertatzen diren objektu pertsonalen galerak, baldin eta desagertzearen, galtzearen edo hondatzearen ondoriozkoak badira.
14.9. Instalazioaren erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte ireki eta ixteko orduak, eta ezin izanen dira, inolaz ere, ixteko ordua baino denbora gehiago gelditu.
14.10. Erabiltzaileek erantzun beharko dute, baldin eta Udalaren kirol instalazioetan egiten duten denboran, asmo txarrez edo zabarkeriaz, kalte edo galerarik eragiten badiete instalazioei edo hirugarrenei.
14.11. Txartela aurkeztea Udalaren kirol instalazioetan sartzean, eta instalazioko langileek eskatzen dietenean. Norbaitek kirol instalazioetan sartzean txartela aurkezten ez badu, administrazioko langileek sarrera debekatuko diote.
15. artikulua. Zerbitzu eremua.
15.1. Zerbitzu eremua esaten zaion aldean sartzen dira askaldegia, armairuak, dutxak, zerbitzuak eta botika-kutxa.
15.2. Erabiltzaileek lagunduko dute instalazioa garbi egon dadin, langileekin lankidetzan, eta instalazioko bazter guztietan dauden paperontziak eta hautsontziak erabiliz.
–Erabat debekatuta dago igerilekuen eraikinaren barnean erretzea.
15.3. Erabiltzaileek errespetatu eta zaindu beharko dituzte altzariak, bankuak, lorategiak, arbolak, etab.
15.4. Erabiltzaileek errespetatu beharko dituzte instalaziorako ordutegiak, kasu eginez horretarako langileek ematen dizkieten jarraibideei.
15.5. Gainerako erabiltzaileak ere beti errespetatu beharko dira.
15.6. Telefonoa publikoa izanen da, eta izanen du funtzionatzeko sistema bat, Udalari ahalbidetuko diona deien kostua eskuratzeko.
15.7. Botika-kutxa bat izanen da erabiltzaileen eskura, eta langile espezializatuen ardurapean egonen da igerilekuen bainu ordutegian.
15.8. Txankletak erabili beharko dira aldageletan eta dutxen aldean.
16. artikulua. Igerilekuak.
Igerilekuak erabiliko dira bainatzeko, igeri egiteko nahiz, kasua bada, lehiaketak egiteko, betiere igerilekuan ongi zehazturik bakoitzari dagokion eremua. Alde horiek errespetatu egin beharko dira beti.
Igerilekuetan, soroslea da (eta instalazioko gainerako langileak) haien funtzionamenduaren gaineko arduradun nagusia, eta betearazi beharko ditu Udalak ematen dituen arauak, instalazioak zentzuz erabiltzeko eta bainulari guztien segurtasuna zaintzeko beste xederik gabe.
Sorosleek aginpidea dute instalazioak gaizki erabiltzen dituztenei kargu hartzeko eta, azken neurri gisa, igerilekutik kanporatzeko, baldin eta bazterrak nahasi, ekipamendua gaizki erabili eta/edo erabiltzaileen osotasun fisikoarentzat arriskutsuak badira.
Sorosleen eginkizuna eta beharkizuna da igerilekuko erabiltzaile guztien segurtasuna zaintzea; adingabekoen gurasoak edo legezko tutoreak dira beren seme-alaben arduradun nagusiak, bereziki igeri egiten ez badakite.
Kirol instalazioetako langileek ahalmena dute portaera gaitzesgarria duten erabiltzaileei kargu hartzeko edo instalaziotik kanporatzeko, baldin eta gainerako erabiltzaileenganako begirunerik ez badute.
16.1. Urgunea, sarbidea eta egonaldia.
–Erabiltzaileak ezin dira igerilekuan sartu kaleko arropa eta oinetakoekin.
–Zortzi urtetik beherakoak ezin izanen dira igerileku olinpikoan bainatu, adineko arduradun batekin batera ez badabiltza behintzat.
–Haurrentzako putzuan haur txikiak soilik ibil daitezke.
–Igerilekuen eremuan sartu aurretik oinak garbitzeko putzutik pasatu beharko da, eta bainujantzian sartu.
–Ezin izanen dira igerilekuetan ibili eritasun infekto-kutsakorren bat, zauri irekiak etab. dituztenak. Erabiltzaileren batek halako infekzioa duelako susmo sendoa badute instalazioetako langileek, medikuaren baimen idatzia aurkezteko eskatzen ahalko diote, igerilekuan sartu ahal izateko.
–Nahitaezkoa da dutxatzea bainua hartu baino lehen.
–Nahitaezkoa da txanoa janztea.
–Nahitaezkoa izanen da haurrek, oso txikiak izan arren, pixoihala edo galtzazapia erabiltzea.
–Debeku da lasterka, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi eta, oro har, gainerakoei traba egiten ahal dien edozein gauza.
–Debeku da igerilekuaren eremuan jatea.
–Ezin dira erabili erabiltzaileen segurtasunerako arriskutsuak diren elementu edo gauzak, arriskutsuak berez edo hautsiz gero arriskutsuak direnak.
–Debeku da gainerako erabiltzaileentzat trabagarri diren elementuak sartzea (baloiak, koltxonetak, hegalak, urpean ibiltzeko betaurrekoak etab.), salbu kirol instalazioak antolatzen dituen josteta jardunaldietan edo berariazko ikastaroetan.
–Igeri egiteko betaurrekoak erabil daitezke.
–Debeku dira higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
–Debeku da igerilekuen nasetan erretzea.
–Igerilekuetako dutxetan ezin da xanpurik edo gorputza garbitzeko beste edozein produkturik erabili.
–Igerilekuen nasetara ezin da eskuoihalekin edo bainu-txabusinekin pasatu, salbu kirol jardueretan edo ikastaroetan eta eguraldiarengatik komeni denean. Halakoetan, aulki batzuk jarriko dira behar horri erantzuteko.
–Berariazko eremu batzuk jarriko dira bai igeri egiteko ekipamenduentzat bai ikastaro egileentzat, kortxo-ilaraz markatuta.
–Igerilekuen barnean robota dagoenean ezin izanen da bainatu.
–Debeku da igerilekuak eta ingurunea bereizten dituen hesiaren gainetik jauzi egitea.
16.2. Bainu eremua.
–Erabiltzaileak erabiliko ditu mugaturik ez dauden aldeak beste xede batzuetarako (ikastaroak, entrenamendua...).
–Izena eman dutenek eta ikastaroetan daudenean soilik erabiltzen ahalko dute ikastaroetarako ematen den materiala (taulak, flotatzeko mahukak, ikasmateriala, etab.).
–Debeku da igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.
–Bainu libreko erabiltzaileek ezin izanen diete ikastaro egileei edo igerilariei agiraka egin, bultzatu edo traba egin.
16.3. Ikastaroak eta entrenamenduak.
Programaturiko jardueraren batean izena eman duten erabiltzaileek kasu eginen diete monitoreek emandako aholku eta aginduei, jardueren gainean edo instalazioak erabiltzeko moduaz, eta errespetatuko dituzte erregelamendu hau eta indarrean dagoen araudia.
–Denek bete beharreko arauak.
- Debeku da era guztietako animaliak sartzea, berariazko lizentzia bat baimendurik izan ezik (itsu-txakurrak). Gida-txakurrak.
- Debeku da zortzi urtetik beherako haurrak sartzea baldin gurasoekin edo arduradun batekin batera ez badaude.
- Zortzi urtetik beherako haurrak abonatu ahal izateko, agerrarazi beharko da badela instalazioan abonatutako adin nagusiko bat, haurraz arduratuko dena.
- Jendetasuneko gutxieneko arauak betez jokatu beharko dute denek.
- Debeku da instalazioetako ezein eremutan sartzea aurkeztu gabe txartela eta horrekin batera ordainagiria edo sarrera.
–Ordutegiak.
- Igerilekuak goizeko 11:00etatik arratsaldeko 20:30era arte egonen dira irekita.
- 21:00etan berdegunea utziko da eta 21:30ean aldagelak itxiko dira.
- Taberna gutxienez ere 22:00ak arte egonen da irekita.
- Igerilekuetako tabernara joateko soilik sartu nahi bada udal instalazioetan, doan izanen da astelehenetik ostiralera 12:00etatik 16:00ak arte eta 20:00etatik aurrera, baina ez hala jaiegunetan eta asteburuetan, orduan tabernara joan nahi duenak sarreraren prezioa ordaindu beharko baitu (20:00etatik aurrera izan ezik), instalazio guztiak erabiliko balitu bezala.
–Kiroldegiko pistak.
- Ezin izanen da pista horiek hondatu ditzaketen jokoetan aritu. Pista erabiltzeko ordua erreserbatu beharko da.
- Pistak erabiltzen dituztenak saiatuko dira han daudenek txandaka erabiltzen.
- Pistak gehienez ere ordubeterako alokatuko dira, eskaeren hurrenkeran. Norbaitek pistak erabili nahi dituenean libre badaude eta beste erreserbarik ez badago, eskaera egiten ahalko da erreserbarik gabeko denbora horretan erabiltzeko.
–Berdegunea.
- Higieneagatik, erabat debekatuta dago eremu horretan jatea.
- Ezin izanen da kristalezko ontzirik, botilarik edo bestelakorik erabili.
- Zigarrokinak, bilgarriak etab. paperontzietara bota beharko dira, eta zigarroak behar bezala itzalita.
- Eremu horretan jokoetan arituz gero, jokatzeari utzi beharko zaio erabiltzaileei eragozpenak sortzen bazaizkie (baloiak, erraketak, etab.).
- Edozein oinetako motarekin sartzen ahalko da eremu horretan.
- Aulki eta hamaka txikiak jartzerik izanen da.
–Askaldegia.
- Errekiak, parriladak etab. horretarako prestatutako barbakoetan egin beharko dira.
- Nork bere mahai eta aulkiak eramaten ahalko ditu askaldegira, baldin eta egunean berean eramaten badira.
- Itzalkinak edo bestelako itzal-osagarriak jartzen ahalko dira.
- Erabiltzaileek garbitu egin behar dute erabilitako eremua.
–Terraza-taberna.
- Inork okupatua ez duen aulki edo mahai oro libre dagoela ulertuko da.
- Erabiltzaileei eskatzen zaie bazkalorduetan aulki eta mahairik ez hartzeko kartetan aritzeko, eguzkia hartzeko etab., bazkaldu nahi dutenek erabili ahal ditzaten.
- Tabernan (eskatuz gero), terrazako eremu bat erreserbatzen ahalko da, betiere nahiko mahai libre gelditzen badira, bai eguzkitan bai itzaletan, gainerako erabiltzaileek erabili ahal izateko.
- Edonork erabil dezake terrazako zerbitzua (aulkiak, mahaiak...), nahiz eta taberna ez erabili.
–Aldagelak.
- Erabiltzaileei eskatzen zaie aldagelak txukun erabiltzeko, batez ere garbiketari dagokionez.
- Goizeko 11:00etatik gaueko 21:30era arte egonen dira irekita.
- Nahitaezkoa da txankletak edo bainuko oinetakoak erabiltzea.
–Arauak ez betetzea.
- Alkateak edo, bestela, hark eskuordetza ematen dionak, zilegi izanen du arauak betetzen ez dituenari zehapena ezartzea bazkide txartela kenduz edo instalazioetan sartzea aldi batez edo betiko debekatuz.
- Arauak irekita daude, horietan sar daiteke haietan bildu ez den edozein arazo. Horiek Udalak aztertuko ditu eta bidezkoa den ebazpena emanen du.
- Badira erreklamazio orriak, instalazioen eta zerbitzuen funtzionamenduari buruzko kexak edo iradokizunak jasotzeko.
- Sinatuta aurkeztu behar dira (NANa edo antzekoa eta izen irakurgarria jarrita), eta sorosleei edo instalazioetako langileei eman, eta horiek, berriz, igerilekuen arduradunari emanen dizkiote; instalazioetako iradokizunen postontzian ere uzten ahal dira.
V. KAPITULUA.–ZEHAPEN ARAUBIDEA
17. artikulua. Falta arina.
17.1. Falta arinak dira:
–Instalazioa garbi ez edukitzea.
–Erretzea horretarako diren eremuetatik kanpo.
–Instalazioko funtzionamendu orduak ez errespetatzea.
–Gainerako abonatuak ez errespetatzea.
–Igerilekura sartzea kaleko arropa eta oinetakoak jantzita.
–Bainua hartu baino lehen ez dutxatzea.
–Txankletarik edo bainurako txanorik ez erabiltzea.
–Lasterka ibiltzea, jauzi edo bulka egitea, eta orobat gainerako erabiltzaileendako gogaikarria edo arriskutsua izaten ahal den beste zernahi eta, oro har, gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dien edozein gauza.
–Ezarritako eremutik kanpo jatea.
–Erabiltzaileen segurtasun fisikorako arriskutsuak diren elementu edo gauzak erabiltzea, arriskutsuak berez edo hautsiz gero.
–Gainerako erabiltzaileei traba egiten ahal dieten gauzak sartzea (baloiak, koltxonetak, hegalak, urpeko betaurrekoak, etab.).
–Higienearen aurkako portaerak, baita uraren kalitatea txartzen ahal dutenak ere.
–Igerilekuko kortxoetatik zintzilikatzea edo haiei lotzea.
–Ikastaro egileei edo igerilariei agiraka egin, bultzatu edo traba egitea.
–Langile arduradunen jarraibideei kasu ez egitea.
17.2. Auzi arinetarako zehapenak dira honako hauek:
–Ohartarazpena.
–Instalazioetatik kanporatzea egun batetik hiru egunera arte.
17.3. Hutsegite arinen jakinarazpena ohartarazpen idatziaren bitartez eginen da, eta bertan zehaztuko dira arrazoia eta hutsegitearen eguna.
18. artikulua. Falta astuna.
18.1. Falta astunak dira:
–Materialetan edo instalazioetan beretan kalteak egitea.
–Instalazioetako langile arduradunak ez errespetatzea.
–Drogak hartu direla edo alkohola edan dela nabarmen erakutsiz sartzea instalazioetan.
–Falta arinak behin eta berriz egitea.
18.2. Auzi astunetarako zehapenak dira honako hauek:
–Instalazioetatik kanporatzea egun batetik hiru egunera arte.
18.3. Alkatetzak du falta astunaren ondoriozko zehapena jartzeko eskumena. Astebetera bitarte kanporatzeko zehapena jarri behar denean ez da beharrezkoa izanen Udaleko Kirol Batzordea biltzea. Astebetetik gora kanporatu behar denean, aldiz, Udaleko Kirol Batzordearen proposamenari jarraituko zaio. Falta astunen jakinarazpena idazki baten bidez eginen da, hartu-agiria barne, non zehaztuko baitira arrazoia, faltaren data eta erabakitako zehapena.
18.4. Zehapenak ezartzeak ez du esan nahi zehatutako pertsonak materialak edo altzariak aldatu behar ez dituenik, baldin eta material edo altzari horiek egoera txarrean gelditu badira, edo, hori ezinezkoa bada, antzeko ezaugarriak dituen beste baten ordez jarri behar ez dituenik.
19. artikulua. Falta oso astuna.
19.1. Falta oso astunak dira:
–Instalazioetan sartzeko txartelak edo bertako giltzak faltsutzea.
–Instalazioko materiala edo besteen ondasunak lapurtzea edo ebastea.
–Instalazioaren erabiltzaileei edo bertako langileei erasotzea.
–Instalazioen barnean drogak saldu edo kontsumitzea.
–Inor edozein arma mota aldean daramala instalazioetan sartzea.
–Falta astunak behin eta berriz egitea.
19.2. Falta oso astunen zehapenak dira:
–Hilabete batetik gorako epean kanporatzea.
–Abonatu izaera galtzea.
19.3. Udaleko Kirol Batzordearen erabakiz ezarriko dira zehapenak. Idatziz jakinaraziko dira, hartu-agiria barne, arrazoia, eguna eta erabakitako zehapena zehaztuta.
19.4. Zehapenak ezartzeak ez du esan nahi zehatutako pertsonak materialak edo altzariak aldatu behar ez dituenik, baldin eta material edo altzari horiek egoera txarrean badaude, edo, hori ezinezkoa bada, antzeko ezaugarriak dituen beste baten ordez jarri behar ez dituenik.
AZKEN XEDAPENA
Erregelamendu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitara eman eta biharamunean jarriko da indarrean.
Iragarkiaren kodea: L2307656
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
