124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 31n hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita okupatzea, jabetza nahitaez kentzeko, honako obra hauen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak: "Los Arcos-Elizagorria horniduraren hodia berritzea".

2022ko irailaren 15ean, Jurramendiko Mankomunitateko batzorde iraunkorrak honako hauek adostu zituen: onestea "Los Arcos-Elizagorria horniduraren hodia berritzea" izeneko obraren proiektua; aitortzea eta deklaratzea ezen aipatutako proiektu horrek ukitutako ondasunak eta eskubideak erabilera publikokoak direla eta okupatu behar direla, proiektua onesteak berekin baitakar hori; hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta proiektua jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan ez zen alegaziorik aurkeztu, eta Jurramendiko Mankomunitateko batzorde iraunkorrak, 2023ko martxoaren 30ean egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektuaren desjabetzea. Orobat, erabaki zuen behin betiko deklaratzea proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, eta onestea ondasunen eta eskubideen titularren behin betiko zerrenda, haiekin eginen baitira, aurrerantzean, dagozkion izapideak. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Kalitate arazoak izan dira Vianari eta beste udalerri batzuei hornitutako uran. Horien ondorioz, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak hainbat jakinarazpen bidali ditu Ebro ibaian, Vianako putzu alubialaren hargunetik gertu, egindako kontrol analitikoei buruz. Analisi horietan adierazten da emaitzak muga-balioetatik gorakoak direla. Gaur egun, egungo azpiegiturekin egiten den tratamendu bakarra kloro bidezko desinfekzioa da, eta ez dago iragazteko aukerarik, ezta, etorkizuneko egoera eta arazoen aurrean, ura edangarri bihurtzeko aukera ematen duen beste tratamendu fisiko-kimikorik ere. Vianan behar den kantitatean kalitatezko ura bermatuko duen irtenbide bakarra da Lokizko hornidura sistema Vianako alta-sarearekin lotzeko behar den azpiegitura egitea. Horretarako, jarduketa hauek egin behar dira: "Mues lotunetik Vianako deribaziorako hodia" eta "Viana lotzeko adarra". Horien artean dago "Los Arcos-Elizagorria horniduraren hodia berritzea" obra. Proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak presaz okupatu beharra honetan oinarritzen da: uraren kalitatean atzemandako arazoak konpontzeko premia larria alde batera utzi gabe, egungo ponpaketa azpiegiturekin, emarian defizit-egoerak gertatu ziren 2022ko udan; izan ere, gehieneko kontsumo historikoetan, beharrezkoa izan zen kontsumitzaile handientzako hornidura mozketak egitea (udal-ureztatzeak eta udal-hartuneak, besteak beste), herritarren hornidurarik eza saihesteko. Gaur egun lehorte orokortua dagoenez, litekeena da horrelako gertakariak berriro izatea etorkizun hurbilean, baita oso epe laburrean ere.

Nafarroako Gobernuak, Jurramendiko Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-izendapena badela, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea okupatzea, jabetza nahitaez kentzeko, honako obra hauen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak: "Los Arcos-Elizagorria horniduraren hodia berritzea".

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Jurramendiko Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308489