124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 31n hartua, zeinaren bidez presakoa deklaratzen baita okupatzea, jabetza nahitaez kentzeko, honako obra hauen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak: "Edateko uraren hornidura hobetzea Induraingo eta Urbikaingo biztanleguneetan Mendinueta Soluziotik".

2023ko otsailaren 9an, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko kideen biltzarrak honako hauek adostu zituen: onestea "Edateko uraren hornidura hobetzea Induraingo eta Urbikaingo biztanleguneetan Mendinueta Soluziotik" izeneko obren proiektua; desjabetzeko espedientea hastea; aitortzea eta deklaratzea ezen proiektu horrek ukitutako ondasunak eta eskubideak erabilera publikokoak direla eta okupatu behar direla, proiektua onesteak berekin baitakar hori; hasiera batez onestea proiektuak ukitutako ondasunen eta eskubideen zerrenda, eta hura jendaurrean jartzea hamabost egun baliodunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateko kideen biltzarrak, 2023ko maiatzaren 11n egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta lurrak okupatu beharra. Orobat, onetsi zen Induraingo (Itzagaondoa) 3. poligonoko 29. lurzatia eta 2. poligonoko 179. Lurzatia desafektatzea, eta aurkeztutako gainerako alegazioak ezetsi ziren. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako, eta 2023ko aurrekontuko 2 1611 6230000 "Itzagaondoko sareak" partidatik behar den kreditu kopurua atxikitzea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua, eta desjabetze prozeduraren ondorio diren gainerako obligazio ekonomikoei aurre egiteko.

Induraingo eta Urbikaingo hornidurak Itzagako ekialdeko mendi hegaletan dauden iturburuetan oinarritzen dira, eta ikusi da ez direla nahiko bi herriak urez hornitzeko. Gainera 30 urtetik gorako antzinatasuna dutenez, maiz izaten dituzte matxurak. Horren ondorioz, bi guneetan hornidura oso prekarioa da, eta duela urte batzuetatik hona beharrezkoa izan da agorraldian tangetara ura eramatea zisterna-kamioien bidez, eta hori gero eta maizago gertatzen ari da. Gaur egun ez da ur-hornidura bermatzen ari Induraingo eta Urbikaingo biztanleguneetan: iturburuen emaria ez da nahikoa agorraldian; eta hoditerian ur-ihesak daude, zeinak aurkitzen eta konpontzen zailak baitira, haren trazadura iristeko zailak diren mendi-inguruetan dagoelako eta ez delako zehaztasunez ezagutzen. Horregatik, presakoa da hizpide dugun proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzea, biztanlegune horiek Mendinueta Soluzioko ur-horniketa sarera konektatu behar direlako.

Nafarroako Gobernuak, Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Presakoa deklaratzea okupatzea, jabetza nahitaez kentzeko, honako obra hauen proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideak: "Edateko uraren hornidura hobetzea Induraingo eta Urbikaingo biztanleguneetan Mendinueta Soluziotik".

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Itzagako Administrazio Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 31n.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308486