124. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 24an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Iraizotzen eta Iraizozko urbanizazioan (Ultzama) goi-hornidurako sarea berritzea" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2022ko abenduaren 28an, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak erabaki zuen onestea "Iraizotzen eta Iraizozko urbanizazioan goi-hornidurako sarea berritzea (Ultzama)" izeneko obra proiektua, eta desjabetzeko espedientea hastea; orobat, erabaki zuen proiektua onura publikokoa dela onartzea eta deklaratzea eta proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideak okupatu beharra, proiektuaren onespenari loturik baitago. Orobat, erabaki zuen proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea eta proiektua jendaurrean jartzea hamabost egun balioduneko epean.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateko kideen batzarrak, 2023ko martxoaren 28an egindako bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra, aurkeztutako alegazioak ezetsi ondoren. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea proiektua presakoa dela deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako, eta behar den kreditu kopuruaren atxikipena egitea, ordaindu ahal izateko ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua, eta desjabetze prozeduraren ondorio diren gainerako obligazio ekonomikoei aurre egiteko.

Obren helburu nagusia da Iraizotzen giza kontsumorako edateko uraren hornidura zerbitzuan jartzea. Orain arte, herria bere iturrietatik hornitu da, eta obra hauek egin ondoren Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitatearen hornidura jasoko du. "Iraizotzen eta Iraizozko urbanizazioan goi-hornidurako sarea berritzea (Ultzama)" proiektua gauzatzeak ukituko dituen ondasun eta eskubideak okupatzea presakoa da gaur egungo hornidura ez delako ugaria eta zenbait momentutan uraren kalitatearekin eta osasungarritasunarekin loturiko arazoak dituelako. Beraz, lehenbailehen egin behar dira obrak, eta zerbitzu berri hori jarri behar da abian, Iraizotzek edateko ur-hornidura izan dezan, kantitateari, kalitateari eta osasungarritasunari dagokienez behar bezalako baldintzetan.

Nafarroako Gobernuak, Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateak alegatutako arrazoiak ikusita, eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, bidezkotzat jo du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Iraizotzen eta Iraizozko urbanizazioan goi-hornidurako sarea berritzea (Ultzama)" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahal dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Ultzanueta Zerbitzuen Mankomunitateari jakinaraztea erabaki hau.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2308259