1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
88/2023 EBAZPENA, maiatzaren 15ekoa, Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko idazkari titularraren izendapena xedatzen duena, eta haren ordezkapena ezartzen.
Azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren bidez (urtarrilaren 27ko 15/1997 Foru Dekretuak aldatua zuen), Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordea eratu zen.
Foru dekretu horren 4. artikuluan xedatuta dago Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeak buru bat eta lau kide izanen dituela, eta horiek Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko titularrak izendatuko dituela.
Batzordeburuak Zuzenbidean lizentziaduna izan beharko du, eta bai burua bai bi batzordekide Administrazioko langileen artean izendatuko dira. Guztiek izan behar dute, orobat, batzordearen eskumenekoak diren gaien gaineko ezagutza.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko titularrak izendatuko du Batzordeko idazkaria; kargu hori, Administrazioko langileen artetik aukeratutako bi batzordekideetako batek hartuko du.
511/1991 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarrita dago ordezko kideak izendatzen ahalko direla, bai batzordeburuarentzat bai batzordekideentzat.
Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariaren martxoaren 14ko 220/2000 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko kide eta idazkari ordezko izendatu zen Begoña Goñi Encinas andrea.
Bestetik, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren 58. g) artikuluak xedatzen du ezen, Garraioaren Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari dagokiola Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari emandako eginkizunak zuzentzea eta kudeatzea.
Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak jakinarazi du aldaketak izan direla atal horretako langileen artean, eta hortaz Garraioaren Arbitraje Batzordearen osaera berritu behar dela. Hain zuzen, idazkaria izendatu behar da, bai eta horren ordezkoa ere.
Horregatik, Garraioaren Arbitraje Batzordea osatzeko azaroaren 18ko 511/1991 Foru Dekretuaren 4. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetariko lehenean ezarritakoaren arabera,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko batzordekide administratibo eta idazkari izendatzea María Teresa Ansa Reclusa andrea, Garraioaren Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Ataleko Zehapenen Bulegoari atxikitako administraria.
2. Ezartzea ezen, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeko idazkariaren kargua hutsik dagoenean, edo idazkaria kanpoan edo eri dagoenean, edo arrazoi pertsonalengatik aritzerik ez duenean, Begoña Goñi Encinas andreak ordezkatuko duela, Garraioaren Ikuskapenaren eta Arbitraje Batzordearen Atalari atxikita dagoen Zehapenen Bulegoko buruak.
3. Indarrik gabe uztea Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariaren azaroaren 19ko 3507/1996 Foru Agindua, zeinaren bidez María José Echeverría Marturet andrea izendatu baitzen Nafarroako Foru Komunitateko Garraioaren Arbitraje Batzordeko idazkari titular.
4. Ebazpen hau jakinaraztea Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuari, Nafarroako Garraioaren Arbitraje Batzordeari eta interesdunei.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Iruñean, 2023ko maiatzaren 15ean.–Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.
Iragarkiaren kodea: F2308027