122. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

LIZASOKO KONTZEJUA

Ordenantza, arautzen duena "Orgiko oihana" 1. Aisiarako Naturagunearen erabilera. Behin betiko onespena

Lizasoko Kontzejuak, 2022ko abenduaren 13an egin bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Lizasoko (Ultzama) "Orgiko oihana" 1. Aisiarako Naturagunearen erabilera arautzen duen ordenantza.

Ordenantza onetsia jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 21ean, interesdunek espedientea azter dezaten eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez zitzaten. Hori guztia, jarraikiz xedatutakoari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan.

Jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, Lizasoko Kontzejuaren Batzarrak, 2023ko maiatzaren 15ean egin bilkuran, behin betiko onetsi zuen ordenantza, eta testua osorik ematen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Lizason, 2023ko maiatzaren 16an.–Kontzejuko burua, Julen Ancizu Marckert.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA LIZASOKO (ULTZAMA) "ORGIKO OIHANA" 1. AISIARAKO NATURAGUNEAREN ERABILERA

I.–Aurrekariak

Lizasoko Kontzejuak akordio bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuarekin, 30 urterako sinatua (1987-2017), Orgiko herri-basoaren antolamendurako, erabilera publikoa izan dezan.

Konpromiso horren truke, Kontzejuak "baso errenta" jasotzen du urtero, mendiaren baso ekoizpenaren adinakoa, eta KPIren arabera gaurkotzen da.

Orgi Aisiarako Naturagune izaera duen Naturagune Babestu gisa aldarrikatu zen 1996. urtean eta, horri esker, inguru horretan arrakastaz bateratu ahal izan dira aisia eta dibulgazioa habitat baliotsuaren kontserbazioarekin.

Hala ere, kontuan hartuz zer esperientzia jakinarazi dituten gunearen kudeaketaren adjudikazio-hartzaile izan diren entitateek ohiko erabilerei buruzko gorabehera eta arriskuei dagokienez, Lizasoko Kontzejuak ordenantza bat onesteko beharra ikusten du, gunearen erabilera bereiziari dagozkion arauak zehazteko xedez. Tresna horren bidez, egokiago babestuko da Aisiarako Naturagune hau, erraztuko baitie bai entitate kudeatzaileari bai eskumena duten segurtasun kidegoei (Basozaintza, Foruzaingoa eta Guardia Zibila) zaintzea eta interpretatzea Orgi babesten duten legeak, Natura 2000 Sareko kontserbazio bereziko eremu (KBE) gisa den aldetik.

II.–Eskumenak eta araudia

Natura Ondareari eta Biodibertsitateari buruzko abenduaren 13ko 42/2007 Legeak espainiar ordenamendu juridikora ekartzen ditu Europar Batasunaren Habitat eta Hegaztiei buruzko zuzentarauak, eta II. tituluaren III. kapituluan berariaz jasotzen ditu estatu eremuko oinarrizko lege xedapenak, Natura 2000 Sarearen ezarpena eta kudeaketa arautzen dutenak, Orgi sare horretako kide baita.

Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 39. artikuluak ezartzen duenez, kontzejuen kudeaketa eta administrazio organoei dagozkie, besteak beste, honako eskumen hauek:

a) Beren ondarea administratu eta zaintzea, baita haien aprobetxamendua eta erabilera arautu eta antolatzea ere.

b) Beren mugapeko landa bideak kontserbatu, mantendu eta zaintzea.

Jarraikiz Basa Fauna eta haren Habitatak Babestu eta Kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari:

–Haren 4. artikuluan, Administrazio Publikoek basa fauna zaintzearen alde egingo dituzten jarduketak honako irizpide hauetan oinarrituko dira:

d) Habitat naturala babestea, habitat hori mantentzea, berreskuratzea edo hobetzea arriskuan jar dezaketen jarduera eta jarduketetatik.

e) Sustatzea eta zaintzea babesaren eta kontserbazioaren aldeko jarduketa publikoak eta pribatuak.

–8. artikuluan:

1. Debeku da basa animaliak nahita hiltzea, kaltetzea, haiek gogaitzea, jarraitzea edo urduritzea; debekuaren barne daude bizirik harrapatzea, haien eta azpiespezie guztien larbak, arrautzak edo kumeak biltzea, bai eta asaldatzea eta suntsitzea ere haien habitat naturalak, habiak, bizitokiak eta ugalketarako, negua pasatzeko edo atsedenerako lekuak.

3. Aurreko apartatuetan xedatutakoari aurka egiten dieten jarduerak foru lege honen hirugarren tituluan xedatutakoari lotu beharko zaizkio, alde batera utzita katalogatu gabeko espezie jakin batzuen ohiko aprobetxamenduak.

4. Agintaritzaren agenteek kautelaz etengo dute artikulu honetan ezarritakoari aurka egiten dion edozein jarduketa, eta berehala horren berri emango diote Lurraldearen Antolamenduko eta Ingurumeneko Departamentuari.

–34. artikuluan dioenez, natura ingurunean gauzatzen diren kirol, aisia eta turismo jarduerek errespetatu beharko dituzte ingurunea eta landa esparruaren eta bere ingurumen-balioen ezaugarriak, basa faunarenganako begirunea barne dela.

Ibilgailu motordunek naturagune babestuetan eta lurzoru urbanizagarriko beste gune batzuetan bete behar dituzten gutxieneko eta oinarrizko baldintzak arautzen ditu otsailaren 14ko 36/1994 Foru Dekretuak, eta han aipatzen da toki administrazioek duten ahalmena bideen erabilera antolatzeko eta ibilgailuak zenbait bidetan barrena iragateko, ingurumenean eragiteko arriskua dagoenean.

Lizasoko Kontzejuaren 2008ko urtarrilaren 18ko ordenantzak, Orgiko bideen erabilerari buruzkoak, aipatu foru dekretua osatzen du.

Nafarroako Oihan Ondarea Babestu eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legearen IV. kapituluan, mendien aisiarako erabilera arautzen da.

Nafarroako Naturaguneei buruzko ekainaren 17ko 9/1996 Foru Legeari jarraikiz:

–3. artikuluan: Naturaguneen motak eta definizioak.

1. Naturaguneak ondoko kategoria hauetako batean sailkatuko dira: D) Aisiarako naturaguneak.–Aisiarako naturaguneak zenbait balore natural edo paisaiazko dituzten guneak dira, eta halaxe deklaratzen dira aire zabalean aisialdi, atsedenaldi edo jostetaldietarako tokiak izateko, betiere naturaren kontserbazioarekin eta ingurugiro hezkuntzarekin bat eginez.

–36. artikuluan: Lege-hausteen eta zehapenen sailkapena.

2. Lege-hauste arinak dira naturaguneetan edo haien babespeneko bazter-eremuan honako egintzak egitea:

e) Naturaguneetako lasaitasuna nahasteko moduko trabak sortzea edo zarata debekatuak edo baimendu gabeak ateratzea.

f) Baimendu gabeko errealdiak egitea...

i) Foru Lege honen edo hura garatzeko arau edo planen kontrako erabilera edo jarduerak egitea...

237/2017 Foru Agindua, uztailaren 4koa, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak emana. Horren bidez aldatzen da ekainaren 16ko 222/2016 Foru Agindua, zeinaren bitartez arautu baitzen sua lurzoru urbanizaezinean nola erabili, oihaneko suteak prebenitzeko (2017ko uztailaren 31ko Nafarroako Aldizkari Ofiziala).

Orgiko basoa Aisiarako Naturagune (AN) deklaratzen duen ekainaren 24ko 251/1996 Foru Dekretuak erabilera eta kudeaketa plana jasotzen du eranskinean, eta horrek ezartzen ditu naturagune babestuaren zonifikazioa eta erabilera eta jardueren oinarrizko erregulazioa. Aurrerantzean AN.

III.–ANaren erabilera arautzen duen ordenantza 1 Orgiko basoa

1.–Zarata.

a) Debeku da edozein zarata egitea AN barruan eta haren inguruetan, entitate kudeatzailearen edo agintaritzaren agenteen iritziz gogaikarria bada bai faunarentzat bai gunearen gainerako erabiltzaileentzat. Debeku honek barne hartzen ditu pertsonek, musika tresnek, soinu ekipoek, motorrek, sorgailuek eta abarrek ateratako edozein soinu. (Falta arina).

b) Salbuesten da gunearen mantentze lanetarako beharrezkoa den makineriak ateratako zarata, edo ateratzen dena hala Kontzejuak nola Ingurumen Departamentuak nahiz ANaren entitate kudeatzaileak aldez aurretik baimendutako jarduera baten ondorioz.

2.–Sua.

a) Debeku da edozein motatako sua piztea, salbu horretarako egokituriko barbakoetan, baita naturagunearen inguruetan ere. Debeku honek eragiten dio garra sortzeko beste edozein sistemari, esaterako, pizgailuak, pospoloak, gasezko su txikiak, barbakoa eramangarriak, etab. (Falta astuna).

b) Debeku da sua piztea jendeari arreta emateko ordutegitik kanpo. (Falta astuna).

c) Debeku da barbakoak erabiltzea errekietarako parrilla ez den bestelako tresnen euskarri gisa. Hots, paellak, kalderoak, kazolak, etab. (Falta arina).

d) Esleitutako mahaitik eta barbakoatik joan aurretik itzali behar da sua. (Falta astuna).

d) Debeku da barbakoetan erabiltzea egurra edo ikatzez aparteko erregairik; halaber, debeku da egurra basotik bertatik biltzea (adarrak, hostoak, makilak, etab.), zorutik izan edo ez. (Falta arina).

e) Debeku da zigarrokinak zorura botatzea, itzalita badaude ere. (Falta astuna).

3.–Ura.

a) Iturria soilik gizakien eta maskoten kontsumorako erabiltzeko baimena dago. (Falta arina).

b) Debeku da iturria erabiltzea tresnak garbitzeko, igerilekuak betetzeko, puxikak betetzeko edo aurretik aipatu ez beste edozein erabileratarako. (Falta arina).

c) Debeku horretatik kanpo gelditzen dira komunak garbitzeko beharrezkoa erabilera, landaketa berrien ureztatzea eta Kontzejuak nahiz Ingurumen Departamentuak aldez aurretik baimendutako beste edozein erabilera.

4.–Maskotak.

a) Nahitaezkoa da zakur guztiak etengabe loturik eta beren jabeek kontrolaturik egotea une oro. (Falta arina).

b) Aurretik aipatu ez beste edozein maskota ere, era berean, kontrolaturik eduki beharko da, eta debeku da animaliarik askatzea aldez aurreko baimenik gabe. (Falta arina).

c) Debeku da maskotak lurperatzea ANaren barnean. (Falta arina).

5.–Zaborrak.

a) Debeku da edozein motatako zaborra botatzea zorura, materia organiko biodegradagarria bada ere, esaterako, azalak, oskolak, hezurrak edo janari hondakinak. (Falta arina).

b) Debeku da ur puxikak erabiltzea. (Falta arina).

6.–Askalekuak.

a) Mahaiak aurrez erreserbatu behar dira Orgiren web-orriaren bidez, edo lekuan bertan erreserbatu ANan dauden langileekin, bai eta dagokion tasa ordaindu ere.

b) Mahai bakarra erabili ahalko da talde edo familia bakoitzeko, ANko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean. (Falta arina).

c) Debeku da mugatzea edozein gune, talde batek edo familia batek erabiltzeko, ANko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean. (Falta arina).

d) Debeku da gunetik kanpoko edozein osagai instalatzea, esaterako, sokak, banderatxoak, hamakak, eguzkitakoak, karpak, haize-babesak, kanpadendak, eta abar, ANko zaintzaileek berariaz besterik baimendu ezean. (Falta arina).

e) Debeku da horretarako prestatutako gunetik kanpo jatea, hau da, basoko soilguneetan, ibilbidean zehar, bankuetan, eta abar, non eta ANko zaintzaileek ez duten berariaz baimentzen. (Falta arina).

7.–Ibilgailuak.

a) Ibilgailuek soilik aparkatu ahalko dute horretarako gaitutako aparkalekuan, dagokion tasa ordaindu ondoren. (Falta arina).

b) ANan jendea hartzen ez den egunetan, aparkalekua doan erabiltzen ahal da soilik ibilgailuak aparkatzeko 09:00etatik eguzkia sartu baino ordubete lehenagora arte. Ibilgailuak aparkatzea ez den beste edozein jardueratarako erabiltzea falta astuntzat hartuko da.

c) Debekatuta dago ibilgailua aparkalekuan uztea 21:00etatik 09:00etara. (Falta arina).

d) Pista eta bideen erabilera arautuko du Kontzejuak horretarako duen ordenantzak.

e) Kontzejuak edo entitate kudeatzaileak baimendu ahalko du aparkalekutik kanpo behin-behinean aparkatzea, mugikortasun murriztua aitortua duten pertsonentzat edo halakoek jarduera programatuak egin ditzaten.

f) Autobusei dagokienez, debeku da ANaren sarreran gelditzea, aparkatzea, bidaiariak jaitsi eta jasotzea, horretarako prestatutako aparkalekuan bakarrik egiten ahalko dira halakoak, dagokion tasa ordainduta. (Falta arina).

g) Debeku da Orgiko bidexketan barna ibilgailuak zirkulatzea, baita elektrikoak edo motorgabeak badira ere, esaterako, bizikletak, patineteak, monozikloak, etab. Salbuesten dira mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutakoak, oinezkoen abiaduran gidatzen badira: aulki gurpildunak, triziklo elektrikoak, etab. (Falta arina).

h) Aparkalekuan eta haren sarbideetan abiadura mugaturik dago 10 km/h-ra. Abiadura gehiegizkoa edo ausarkeriaz gidatzea falta astuntzat hartuko dira.

8.–Irekitzeko eta jendea hartzeko ordutegia.

a) ANa irekita egonen da 09:00etatik eguzkia sartu baino ordubete lehenagora arte. Eguzkia sartu ondoren ANan egotea falta astuntzat hartuko da.

b) Negua (abenduaren 21etik martxoaren 21era): jendearentzako orduak 09:00etatik 14:00etara dira asteburu eta jaiegunetan.

c) Udaberria (martxoaren 22tik ekainaren 21era) eta udazkena (irailaren 22tik abenduaren 21era): jendearentzako orduak 09:00etatik 14:00etara dira eta 16:00etatik 18:00etara asteburu eta jaiegunetan, eta lanegun bat dagoenean jaiegun baten eta asteburuaren artean.

d) Uda (ekainaren 22tik irailaren 21era): jendearentzako orduak 09:00etatik 20:00etara dira asteburu eta jaiegunetan, eta 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara lanegunetan.

e) Ordutegiak aldatzeko aukera dago segun eta zein diren Lizasoko Kontzejuak nahiz enpresa kudeatzaileak ANaren funtzionamendu egokirako beharrezkotzat jotzen dituzten beharrak.

f) Lizasoko Kontzejuak, Ingurumen Departamentuak edo entitate kudeatzaileak ANa ixteko agintzen ahalko du segurtasun edo mantentze arrazoiengatik.

9.–Bisita gidatuak eta jarduerak.

a) Entitate kudeatzailea da baimendun bakarra ingurumen hezkuntzarekin eta tokiko garapenarekin loturiko bisita gidatuak eta jarduerak egiteko. Orgin halako jarduerak egin nahi dituen beste edozein pertsona edo entitatek entitate kudeatzailearen baimena izan behar du, eta jarduera horri dagokion tasa ordainduko, parte-hartzaileen kopuruaren araberakoa. (Falta arina).

b) Orgin egiten den jarduera orok, Aisiarako Naturagunearen helburuekin zuzenean lotua ez badago eta nolabaiteko ukipena eragiten ahal badu ingurune naturalean, Nafarroako Gobernuaren baimena ere izan beharko du, aldez aurretik eskabidea eginda. (Falta astuna).

c) Lizasoko Kontzejuak jarduera berekiak ere garatzen ahalko ditu, baldin eta entitate kudeatzailearekin koordinaturik eta Nafarroako Gobernuaren baimena edukita bada, beharrezkoa balitz.

10.–Bizikidetza.

a) Debeku da gunea helburu politikoetarako erabiltzea. (Falta arina).

b) Debeku da gunean erakustea irudi sexistak, xenofoboak, homofoboak edo bestelakoak, baldin entitate kudeatzailearen iritziz giza eskubideen eta pertsonen duintasunaren aurkakoak badira. (Falta astuna).

c) Debeku dira indarkeriazko portaerak edo ohiko bizikidetza giroa arriskuan jar ditzaketenak. (Falta astuna).

d) Falta astuntzat hartuko da guneko zaintzaren arduradunen aurkako ahozko edozein eraso, eta oso astuntzat erasoa fisikoa bada.

11.–Ehiza barrutia.

a) ANan ehizatzeko uxaldiak baimentzeko, eskaera egin beharko zaio Lizasoko Kontzejuari, gutxienez 3 egun lehenago. Baimenduz gero, ANan ibilgailuekin sartzea eta aparkatzea doakoa izanen da parte-hartzaileentzat.

12.–Bestelakoak.

a) Debeku da gunean edozein landare mota landatzea, Kontzejuaren baimenik izan gabe. (Falta astuna).

b) Debeku da gunean edozein motatako aprobetxamendu edo bilketa egitea, Kontzejuaren eta Nafarroako Gobernuaren Ingurumen Departamentuaren baimenik izan gabe. (Falta astuna).

c) Debeku da paseoan ibiltzea gaitutako bidexka eta bideetatik kanpo. (Falta arina).

13.–Tasak.

a) Eguneko aparkalekua:

Automobilak: 3 euro.

Motozikletak: 1,5 euro.

Autokarabanak: 5 euro.

Bisita kontratatua duten autobusak: doan.

Bisita kontratatu gabeko autobusak: euro bat laguneko.

Autobus gidaria, turismo gidaria eta irakasleak: doan.

b) Mahaiak:

Tasa: euro 1 (helduak).

c) Egurra:

Egur zakua: 5 euro.

Zakuaren fidantza: euro bat.

14.–Zehapenak.

a) Honako zehapen hauek ezarri dira:

–Falta arinak: 50 eta 200 euro arteko isuna.

–Falta astunak: 200 eta 400 euro arteko isuna.

–Falta oso astunak: 400 eta 600 euro arteko isuna.

b) Ordenantza honetan jasotako edozein ez-betetze gertatuz gero, Lizasoko Kontzejuak edo Orgiko oihana 1. ANaren entitate kudeatzaileak eskatzen ahalko dute agintaritza agenteen esku-hartzea, akta jaso dezaten eta, beharrezkoa bada, arau-hausleak zehatu ditzaten zigortzen ahal diren gertaeren neurrian.

c) Falta astuntzat hartu ahalko da falta arinak behin eta berriz egitea, eta falta oso astuntzat falta astunak behin eta berriz egitea.

Iragarkiaren kodea: L2307964