122. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

57E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 2koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita kirol monitore, entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko dirulaguntzen deialdia, banakako ebaluazio araubideari jarraikiz ebatziko dena. DDBN identifikazioa: 692418.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen 84. artikuluak ezartzen du Foru Komunitateko Administrazioak kirol jardueren arloko prestakuntza bultzatuko duela. Halaber, 85. artikuluari jarraikiz, kirol arloko zerbitzu teknikoetan aritzeko ezinbestekoa da dagokion tituluaren jabe izatea, kirol gaietan indarra duten arauekin bat.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira haien printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere. 17.1 artikuluan, xedatzen du dirulaguntzak norgehiagokako araubideari jarraikiz emanen direla, salbu eta, behar bezala justifikatutako kasuetan, Gobernuak banakako ebaluazio araubidea baimentzen duenean.

Apirilaren 4ko 18/2019 Foru Legeak, Nafarroan kirol lanbidean hasteari eta jarduteari buruzkoak, Nafarroan kirol arloko lanbide jakin batzuetan hasteko eta aritzeko oinarrizko alderdiak arautu zituen. Berariaz adierazi zen zein ziren lanbide horiek, lanbide bakoitzaren jardun eremu funtzional orokorra ezarri zen, eta aditzera eman zen zer kualifikazio eskatzen den lanbide horietan sartzeko. Zehazki, lanbide horietan jarduteko (horien artean dago entrenatzailearena eta monitorearena), foru legeak kualifikazio jakin batzuk eskatzen ditu. Kualifikazio horiek egiaztatzeko zenbait prestakuntza eskakizun eskatzen zaizkie entrenatzaileei, jolas eta osasun esparruan nahiz lehiaren esparruan. Egoera berri horrek berekin ekarriko du jarduera horiek zuzentzeaz arduratuko diren teknikarien prestakuntza-eskaria handitzea.

Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI), gure erkidegoan kirolaren arloan eskumena duen organoa den aldetik, bere gain hartzen du kirol monitoreen eta entrenatzaileen prestakuntza bultzatzeko konpromisoa. Beraz, talde horren prestakuntzaren mesederako, zenbait jarduketa jarri ditu martxan; horietako batzuk berekiak dira, eta beste batzuk Nafarroako kirol federazioei laguntzekoak.

Jarduketa eremuetako bat oinarriko kirola da. Gure erkidegoan bada pertsona franko entrenatzaile lanak egiten dituena Nafarroako Kirol Jokoetan eta horren azpiko kategorietan kirol arloko titulaziorik izan gabe. Egoera hori kezkagarria da, kalitatea bermatu behar delako adingabeei zuzendutako kirol jardueretan.

Azken urteotan, abenduaren 9ko 1913/1997 Errege Dekretuaren eta hura eguneratzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren arau esparruaren babesean, kirol teknikarien irakaskuntzak nabarmen garatu dira, hezkuntza sisteman sartzearen ondorioz. Ordenamendu berri horren ondorioz, kirol teknikarien irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntzen multzoan sartu dira, eta aldi iragankor bat ezarri da kirol modalitate bakoitzaren irakaskuntzak eta tituluak onetsi arte (epe horren luzera ezberdina da modalitatearen arabera).

Gaur egun, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduak arautzen ditu aldi iragankorreko irakaskuntzak, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean ezarrita daudenak. Irakaskuntza horiek aukera ematen dute prestakuntza baliokidetzak ezartzeko, eta, horrenbestez, araubide bereziko kirol teknikari titulazio berriekin baliozkotzea. Aldi iragankorreko irakaskuntza horien sustatzaileak erkidegoetako kirol gaietan eskumena duten organoak dira, edo kirol federazioak (kirol administrazioari txostena aurkeztu ondotik).

Kirol prestakuntzako jarduerak garatzeko prozesuan prestakuntza plan zorrotzagoak ezarri dira jarduera horientzat, bai eskola kargari dagokionez, bai curriculumetako ikasgaiei dagokienez ere. Horrenbestez, hobetu egin da irakaskuntzen kalitatea, eta horrek berekin ekarri du gora egitea entrenatzaile izateko titulazioa lortzeko prestakuntza ikastaroen kostuak.

Kirol praktikaren kalitatean eragina duen beste arlo bat epaileen, arbitroen eta antzeko beste figura batzuen prestakuntza da. Talde horretan zailtasun handiak izan ohi dira, ez baita horretan aritu nahi duen jende askorik, eta, joko erregelamenduak aldatzen direnez, ezagutzak eguneratzeko beharra izaten dute etenik gabe. Beraz, prestakuntza prozesua erraztuko duten neurriak hartu behar dira.

Azaldutakoaren ondorioz, bidezkotzat jotzen da kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko laguntzetarako deialdi bat egitea haien jarduketen kalitatea hobetzen laguntzeko. Jarraibide horrek lehentasuna izan behar du prestakuntzaren beheko mailetan, kontuan hartuta zer lotura duten adingabeentzako kirol jardueren programekin, zeinen adierazgarri nagusia Nafarroako Kirol Jokoak baitira gure erkidegoan.

Helburua izanik deialdia irekita egotea kasuko epealdi osoan sortzen diren ekimen guztientzat, eta horrela aprobetxamendu hobea ateratzea esleitutako baliabideei, banakako ebaluazioaren araubidea baliatzea proposatzen da.

Aurrekoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuak 2023ko martxoaren 31n hartutako Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion deialdi bat onesteko, banakako ebaluazio araubidean, diruz laguntzeko kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroetan parte hartzen duten pertsona fisikoei.

Proposatzen diren laguntzei erantzuteko, 37.823 euroko gastua aurreikusten da Nafarroako 2023ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorretako "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4809-336104 partidaren kargura.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako Kirolaren Institutuak kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko ematen dituen laguntzen deialdia onestea, foru agindu honen 1. eranskinean ezarri diren oinarrien arabera. Deialdia banakako ebaluazio araubideari jarraikiz ebatziko da, eta laguntzak ematea, betiere, aurrekontuan kontsignazioa izatearen menpe egonen da.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Foru agindu honen 1. eranskinean jaso dira, maila bakoitzean laguntzen zenbatekoa zehazteko prozedura barne.

3. 37.823 euroko gastua baimentzea 2023ko ekitaldiko gastuen aurrekontuko "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4809-336104 partidaren kargura.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaio deialdi honetan aurreikusten den gastuari, "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, deialdi hau arautzen duten oinarrietako arauei jarraituz.

Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Baimena ematea Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari aurreko puntuan onetsitako gastu igoera onesteko, kasua bada.

5. Foru agindu hau eta oinarri arautzaileak (1. eranskina) Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan. Eskaera-orria (2. eranskina) eta datuen babesari buruzko araudia (3. eranskina) interesdunen eskura jarriko dira Nafarroako Gobernuko Zerbitzuen Atariko tramiteen katalogoan.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 2an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. Xedea eta denbora eremua.

1. Deialdi honen xedea da araubide bat ezartzea Kirol Kontseilu Gorenak onartutako modalitateetako bateko kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitroen prestakuntza ikastaroak egin eta gainditzeko laguntzak emateko. Ikastaro horiek Estatuko kirol federazioek zein erkidegoetakoek sustatuak izan daitezke.

2. Laguntzak eskatu ahal izateko, ikastaroek deialdian ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta haien eskolaldia 2022ko azaroaren 1etik 2023ko urriaren 31ra bitarte bukatu beharko da.

Eskolaldiaren bukaera-eguntzat honako hau hartuko da: deialdi arrunteko aurrez aurreko azterketetarako erabakitzen den data deialdi horretako bloke komuneko eta berariazko blokeko modulu edo arlo guztiak gainditzen dituzten ikasleentzat. Deialdi berezira aurkezten diren ikasleen kasuan, deialdi horren datan bukatuko da ikastaroa.

2. Helburua.

1. Deialdi honetako laguntzak emanen dira hein batean konpentsatzeko ondoren ageri diren prestakuntza ikastaroetan matrikula edo inskripzioa egiteko kuotek eta bestelako eskubideek sortutako gastuak:

a) Kirol modalitate bateko I., II. edo III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile titulua lortzeko ikastaroak, kirol federazioek sustatuak, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arabera, eta zer erkidegotan garatzen den, hartan kirol arloko eskumena duen organoari erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuta.

b) Maila bateko edo besteko epaileen edo arbitroen titulaziorako ikastaroak, Kirolaren Kontseilu Gorenak onartutako modalitateetako kirol federazioek sustatuak. Atal horretan onartuko dira, bakar-bakarrik, 100 euro edo gehiagoko matrikula edo inskripzioa duten eskaerak.

2. Deialdi honetatik kanpo daude:

a) Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren babesean garatzen diren irakaskuntza arautuen esparruan kirol teknikariak prestatzeko egiten diren ikastaroak, Hezkuntza Departamentuaren eskumeneko irakaskuntza arautuak direlako.

b) Kirol federazioek otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren esparrutik kanpo sustatutako ikastaroak.

c) Kirol Kontseilu Gorenak baimendutako kirol federazioak ez diren entitate pribatuek, beren eskumenak baliatuz, sustatzen dituzten ikastaroak.

d) Deialdi honetatik kanpo uzten dira deialdi berariazkoago baten bidez diruz laguntzen ahal diren jarduerak.

3. Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Deialdi honetarako onetsitako gastua 37.823 eurokoa da, eta 2023ko ekitaldiko Nafarroako aurrekontu orokorretako "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4809-336104 partidari egotziko zaio.

Eskaerak aurkezteko epean partida horretan aurrekontu erabilgarririk bada, gehienez ere 50.000 euro gehitzen ahalko zaizkio deialdi honetan ezartzen den gastuari, "Kirol prestakuntzarako laguntzak" izeneko A50002-A5100-4809-336104 partida ekonomiko beraren kargura, eskaera gehiagori erantzun ahal izateko.

Kopuru osagarri hori erabili ahal izateko, kreditu erabilgarria dagoela adierazi beharko da, betiere bidezko aurrekontu aldaketa onetsita eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Hala bada, baimentzen den kreditu gehikuntza hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da, eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

Dirulaguntzak ematea, betiere, ekitaldi ekonomiko bakoitzean xede horretarako kreditu egoki eta aski izatearen baldintzapean egonen da.

4. Onuradunak.

1. Laguntzak eskatzen ahalko dituzte laguntza hauen xedeko ikastaroak, 2.1 oinarrian deskribatuak, egin gogo dituzten edo eginak dituzten pertsona fisikoek.

2. Onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dagokion ikastaroan inskripzioa egiten denean Nafarroako Foru Komunitatean bizitzea.

b) Inskripzioa egina izatea deialdi honen 2.1 oinarrian ezarri diren ikastaroetan.

c) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, egunean izatea.

5. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Eskaerak eta dokumentazio osagarria Nafarroako Kirolaren Institutuko erregistroan aurkeztuko dira (Aizagerria plaza 1, 31006 Iruña), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz.

Telematika bidez ere aurkezten ahal dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz:

http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/

Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko, eta bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Eskaerak aurkezten ahalko dira oinarri arautzaile hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, 2023ko urriaren 15era arte.

Eskaerak posta arruntaz aurkezten ahal dira. Kasu horretan, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio proposamena igorri duela, proposamena formacionceimd@navarra.es helbide elektronikora bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

6. Eskaerak eta dokumentazioa.

1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari zuzenduko zaizkio, deialdi honen 2. eranskinean dagoen eredu normalizatuaren arabera.

2. Eskaerak behar bezala beteta egonen dira, dokumentazio hau erantsita dutela:

a) Transferentzia bidezko ordainketarako eskaera, laguntza emanez gero, hura ordaintzeko. Dokumentu hori aldez aurretik aurkeztu bada, ez da berriz ere aurkeztu beharko.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Eskatzailea dagokion ikastaroan inskribatuta edo matrikulatuta dagoela egiaztatzen duen agiria, non jasota egonen baitira horren kostu ekonomikoa eta inskripzio-data.

d) Matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoaren egiaztagiria.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko zehaztuta dauden debekuetako bat ere urratzen ez duela dioena. Adierazpen hori 2. eranskinean dago jasota.

f) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

3. Laguntza eskatzen bada ikastaro baterako baino gehiagotarako, eskaera bat aurkeztuko da ikastaro bakoitzeko.

4. Aipatu dokumentazioaz gain, Nafarroako Kirolaren Institutuak laguntzak emateko beharrezkotzat jotzen duen beste edozein agiri eskatzen ahalko ditu.

5. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, eskatzaileei eskatzen ahalko zaie 10 egun balioduneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko, eta ohartaraziko zaie ezen hala egin ezean ezetsi eginen dela haien eskaera, eta hura artxibatzeko ebazpena emanen dela.

7. Instrukzioa, balorazioa eta zenbatekoa.

1. Kirolaren Zuzendariordetzak, Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren bidez, eskaerak tramitatuko ditu, eta laguntzak emateko proposamena igorriko dio Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

2. Laguntzak irizpide hauen arabera banatuko dira:

a) I. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %60. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 300 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

b) II. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD/158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutako zenbatekoaren %50. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

c) III. mailako kirol monitore edo entrenatzaile izateko ikastaro bat egiteagatik, otsailaren 5eko ECD 158/2014 Aginduaren arau esparruan: matrikularen/inskripzioaren eskubide gisa ordaindutakoaren %40. Edozein kasutan, laguntza, guztira, 600 eurokoa izanen da gehienez ikastaro bakoitzeko.

d) Onartutako kirol modalitate bateko epaile edo arbitro izateko ikastaroa egiteagatik, matrikula/inskripzio eskubide gisa ordaindutakoaren %50 emanen da, gehienez ere. Edozein kasutan, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 300 eurokoa izanen da pertsona bakoitzeko.

8. Ebazpena.

1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu eskaerak, aurkezpen dataren hurrenkeraren arabera, Kirolaren Zuzendariordetzak proposatuta.

2. Ebazpenak eman eta interesdunei jakinarazteko epea 2 hilabetekoa izanen da, eskaera aurkezten den egunetik hasita, eta, hala badagokio, laguntzen zenbatekoa eta xedeak adierazi beharko dira. Epe horretan ebazpenak jakinarazten ez badira, eskaerak ezetsitzat joko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz jakinaraziko dira. Hala ere, interesdunek edozein unetan adierazten ahal diote Nafarroako Kirolaren Institutuari ondorengo ebazpenak bitarteko elektronikoen bidez jaso nahi dituztela, edo ez.

Laguntza ematen duen ebazpenean eskatzaile bat baino gehiago biltzen badira, ebazpenean azalduko da, gutxienez ere, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda. Eskaeraren bat ezetsiz gero, horiek ere espresuki agertuko dira, aurrekontuko mugagatik ezetsi direnak zehaztuta.

3. Ematen diren laguntzak jendaurrean jarriko dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren egoitzan eta Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroan dauden iragarki-tauletan.

4. Betiere, laguntzen zenbatekoa 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako dagoen kredituaren menpe egonen da.

5. Deialdi honen babesean dirulaguntza bat eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldietan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.

6. Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onets daiteke, halaber, laguntzak ordaintzea, baldin eta eskaerarekin batera dagozkion frogagiriak aurkeztu badira.

9. Frogagiriak.

Laguntzak ordaintzeko egitate erabakigarria da ikastaro osoa egitea eta gainditzea, eskolaldiko bloke eta modulu/arlo guztiak aintzat harturik (bloke komuna eta berariazko blokea). Horregatik, aurkeztu beharreko frogagiriak honako hauek dira:

–Kirol federazio sustatzailearen ziurtagiria, ikastaroa eskolaldiko bloke eta modulu/arlo guztietan gainditu izana frogatzen duena, zein egun eta tokitan egin den adierazita.

Aurkeztutako egiaztagiri hori aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, 10 egun balioduneko epean akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean emandako dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko dutela.

Dokumentazio hori eskaerarekin batera aurkezten ahalko da (eta orduan, laguntza emateko ebazpenaren bidez hura ordaintzea ere onesten ahalko da) edo, bestela, laguntza emateko ebazpenaren ondotik. Edonola ere, 2023ko azaroaren 15a izanen da hura aurkezteko azken eguna.

10. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 9. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

11. Laguntzen bateragarritasuna.

1. Deialdi honetako laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatuek xede eta helburu bererako ematen ahal duten beste edozein laguntzarekin. Beste laguntzarik jasoz gero, interesdunak entitate laguntza-emailearen ziurtagiria aurkeztu beharko du. Bertan adieraziko da jaso den zenbatekoa.

2. Deialdi honetan araututako laguntzen zenbatekoak, bakarrik edo xede bereko bestelako laguntzekin metaturik, ez du behin ere gaindituko ikastaroa egiteko onuradunak matrikula edo inskripzio gisa ordaindutakoa.

12. Onuradunen betebeharrak.

Deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Laguntza emateko eta ordaintzeko baldintza eta beharkizunak betetzen dituztela frogatzea.

b) Nafarroako Kirolaren Institutuak eskatutako informazioa ematea eta haren egiaztapen lanak onartzea.

c) Laguntzaren xedea den ikastaroa finantzatzeko bestelako dirulaguntzak, laguntzak edo diru-sarrerak jasoz gero, horren berri ematea Nafarroako Kirolaren Institutuari.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

13. Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, edo adierazitako datuak gezurrezkoak badira, laguntza galdu, eta jasotako dirua itzuli beharko da. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea, dirulaguntza ordaindu zenetik hura itzuli behar dela erabakitzen den egunera arte sortutakoak.

14. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. Errekurtsoak.

1. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin.

2. Era berean, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

16. Araudi osagarria.

Deialdi honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

17. Datu pertsonalak babestea.

Honako hauekin bat tratatuko dira deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz biltzen diren datu pertsonalak: Datuak Babesteko 2016/679 (EB) Erregelamendu Orokorra, Datu pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudia.

Deialdi honen 3. eranskinean, informazioa ematen da datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz.

2. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA

Izena: ............................................................................................. IFZ: ..........................................

Helbidea: ............................................................................................................................................

Herria eta posta kodea: .....................................................................................................................

Telefonoa: .............................................................................................................................................

ADIERAZTEN DU: ……………………………………………………..................…………………………....
diploma lortzeko kirol prestakuntzarako ikastaroa egin duela edo egin gogo duela. Ikastaroa …………………………………………….. (e)n egin da/eginen da, ……………………………….. (e)tik …………………..(e)ra, ………………………………………………………………………(e)k antolatuta.

Ikastaro hori ……………………….……… Foru Aginduak onetsitako deialdiaren 2. oinarrian aurreikusitako kasuen artean dagoela.

Bere erantzukizupean adierazten du ez duela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz onuradun izatea galarazten duen debekurik urratzen.

[ ] Bere borondatez onartzen duela eskabide honetan aipatzen den dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua baliabide elektronikoen bidez egitea, behar den komunikazioa honako helbide elektronikora igorriz: .............................................................................................

[ ] Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematen diola, deialdi honen esparruan, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari zuzenean eskatzeko zerga betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria, datu horiek beharrezkoak baitira bere eskaera ebazteko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2. e art.).

[ ] Ez diola baimenik ematen Nafarroako Kirolaren Institutuari, deialdi honen esparruan, Ogasuneko eta Finantza Politikako Departamentuari zuzenean eskatzeko zerga betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria, eta, hortaz, berak aurkezten dituela bere eskaera ebazteko behar diren datuak eta egiaztagiriak.

[ ] Nafarroako Kirolaren Institutuari baimena ematen diola, deialdi honen esparruan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari zuzenean eskatzeko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria, datu horiek beharrezkoak baitira bere eskaera ebazteko (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 12.2.e art.).

[ ] Ez diola baimenik ematen Nafarroako Kirolaren Institutuari, deialdi honen esparruan, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari zuzenean eskatzeko Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak dituela frogatzen duen ziurtagiria, eta, hortaz, berak aurkezten dituela eskaera ebazteko behar diren datuak eta egiaztagiriak.

Horrenbestez, ESKATZEN DUT:

Ikastaro horretako inskripzioak/matrikulak sortutako gastuak hein batean ordaintzeko laguntza.

Data eta eskatzailearen sinadura

NAFARROAKO KIROLAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.

3. ERANSKINA.–DATU PERTSONALEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA

Ematen den informazioa arau honen arabera emanen da: 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (aurrerakoan, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra).

DATUEN BABESAREN GAINEKO OINARRIZKO INFORMAZIOA:

Tratamenduaren arduraduna

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea.

Tratamenduaren xedea

Kirol monitore edo entrenatzaile, epaile eta arbitro gisa prestatzeko ikastaroak egiteko laguntzen deialdia kudeatzea eta tramitatzea

Tratamenduaren legitimazioa

Botere publiko bat baliatzea (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e artikulua), alegia, kirol prestakuntzaren arloko laguntza publikoak kudeatzea.

Datuen hartzaileak

Datuak ez zaizkie lagako edo komunikatuko hirugarrenei horretarako adostasuna izan ezean, ez bada araudiak baimena ematen duela adostasunik gabe lagatzeko.

Ez da aurreikusten datu pertsonalen nazioarteko transferentzia egiterik.

Eskubideak

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubidea, baita beste eskubide batzuk ere. Interesdunak erabiltzen ahal dituen gainerako eskubideei buruzko informazio gehiago edukitzeko, helbide honetara idatzi: asanduad@navarra.es.

Informazio gehigarria

Tratamenduari buruzko argibide gehiago behar badituzu, helbide honetara idatzi: asanduad@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2307429