122. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

56/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 24koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez xedatzen baita Javier Diez Huguet jauna Agoizko barrutiko koordinatzaile kargutik kentzea.

Basozainen kolektiboko langileen araubide berariazkoa arautzen duen urtarrilaren 30eko 7/2019 Foru Dekretuaren 4. artikuluak azaltzen duenaren arabera, Koordinazio Unitatea Ingurumena Zaintzeko Atalari atxikitako unitate organikoa da, eta aipatu atalari dagokio hura antolatzea eta zuzentzea, bai eta lan eskaerak zehaztea eta basozainei jarraibideak ematea ere; basozainek koordinatzaileari eman beharko diote beraien lanaren berri. Artikulu horrek adierazten du koordinatzaile izena emanen zaiola Koordinazio Unitatean izendatutako pertsonari. Aipatu foru dekretuaren lehen xedapen gehigarriak gaineratzen du koordinazio unitateek bulegoko burutzen maila edukiko dutela.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 19ko 179/2020 Foru Aginduan xedatutakoarekin bat etorriz (foru agindu horrek onetsi zituen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko bulegoen atxikipena eta eginkizunak, eta 2020ko 265. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, azaroaren 12koan), hauek dira Ingurumena Zaintzeko Atalari atxikitako koordinazio unitateak: Bidasoa, Aezkoa-Kintoa, Erronkari-Zaraitzu, Iruña, Zentrala, Lizarra 1, Lizarra 2, Sakana-Mendialdea, Agoitz, Tafalla-Zangoza eta Tutera.

Agoizko barrutiko koordinatzaile Javier Diez Huguet jaunak dimisioa aurkeztu du, 2023ko ekainaren 1etik aurrerako ondorioekin, koordinatzaile lanpostuan, zeinerako bitarte baterako izendatu baitzen, ekainaren 20ko 165/2019 Foru Aginduaren bidez.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak xedatzen duenez, atalburuen eta bulegoburuen bitarte baterako izendapenak libreki errebokatzen ahal ditu erabaki hori hartu zuen organoak berak.

Hortaz, otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabilita, haren bidez zehazten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen organoetako langileen arloko eskudantziak,

AGINTZEN DUT:

1. Agoizko barrutiko koordinatzaile kargutik kentzea Javier Diez Huget jauna, eta egindako zerbitzuak eskertzea.

2. Foru agindu hau jakinaraztea interesdunari, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari, departamentuko Langileria Bulegoari eta Ingurumen Kudeaketaren Kalitatearen eta Zaintzaren Zerbitzuko zuzendariari.

3. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 24an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2308131