2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
ITUREN
Ordenantza, landabide publikoak arautzen dituena. Behin betiko onespena
Iturengo Udalak, 2023ko martxoaren 1ean egin ohiko osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Iturengo udal-mugartean landabide publikoen erabilera arautzen duen ordenantza.
Iragarkia toki-erakunde honen iragarki-taulan argitaratu zen, bai eta 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, martxoaren 21ean. Horren ondotik, jendaurreko aldia iragan da inork erreklamaziorik, kexarik edo oharrik aurkeztu gabe; hartara, erabakia behin betiko bilakatu da, eta jarraian ordenantzaren testu osoa ematen da argitara, ondorio juridikoak izan ditzan, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoarekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Iturenen, 2023ko maiatzaren 19an.–Alkatea, Francisco Javier Bereau Miquelarena.
ORDENANTZA, LANDABIDE PUBLIKOEN ERABILERA ARAUTZEN DUENA
Iturengo Udalaren eskumeneko landabide publikoen sarea Iturengo bizilagun guztien ondarearen zati da. Berebiziko garrantzia du udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta hartara sarbide izateko. Nahitaezkoa da bizilagunen arteko komunikaziorako, eta bisitari nahiz iragaileei bide emateko. Ongi zaindurik egoteak bizilagun guztiei egiten die on.
Horrenbestez, Iturengo Udalak ordenantza hau onetsi du:
1. artikulua. Ordenantzaren xedea.
Ordenantza honek arautzen du nola erabili, indarreko arauekin bat, Iturengo udal-mugarteko landabide publikoen sarea.
2. artikulua. Landabideen kategoriak.
Erabilera nagusiaren arabera, Iturengo landabide publikoak kategoria hauetan sailkatzen dira:
1. 2 metro zabal edo zabalagoak diren bideak.
a) Auzoetako bideak: gehienbat bizilagun talde batek erabiltzen ditu, beren etxeetara iristeko edo beren nekazaritzako, abeltzaintzako eta/edo basogintzako ustiategi pribatuetara joateko.
b) Baserrietako sarbideak: gehienetan, aurreko motakoen adar izaten dira, eta bizilagun batek edo gutxi batzuek erabiltzen dituzte, baserrietan eta atxikitako ustiategietan sartzeko.
c) Pista nagusiak: batez ere herri-basoko mugarrien lerrotik kanpora egoten dira, eta erabiltzen dira mendiko eremu zabaletara iristeko eta inguruko herriekin komunikatzeko. Erabilera asko izaten dituzte, hala nola basogintza, abeltzaintza, turismoa eta/edo ehiza.
d) Bigarren mailako pistak: herri-basoetan egoten dira, sare nagusiaren osagarri, eta aukera ematen dute iristeko mendietara, basoberritze-eremuetara, belardietara eta bestetara.
e) Egurra ateratzeko bide eta bide-adarrak: sareko egitura meheena osatzen dute; gehienetan helburu bakarra dute, egurra ateratzea batik bat, edo norbanakoen lursailetan sartzea. Horietako asko noizean behin baizik ez dira erabiltzen, eta luzaroan egoten dira ibilgailuak sartu ezin direla.
2. Bide meharrak, 2 metrotik beherako zabalera dutenak.
a) Bideak, orgabide zaharrak eta bidexkak, erabilera eta eginkizun bat baino gehiago dutenak, barne direla lasterbideak eta turismorako bidexkak.
3. artikulua. Ibilgailu motordunez zirkulatzeko debeku orokorra.
Debeku da pistetatik kanpora mendian barna ibilgailu motordunez ibiltzea, bai eta bi metrotik beherako zabalera duten pistetan barna ere, salbu eta ibilgailuek zerikusirik badute nekazaritzarekin, abeltzaintzarekin, eta basogintzarekin.
4. artikulua. Zuraren aprobetxamenduak garraiatzea.
4.1. Zuraren aprobetxamenduen kasuan, adjudikazioduna behartua egonen da fidantza bat uztera, behar adinakoa izanen dena aprobetxamendu horren ondorioz pistetan eraginiko kalte-galeren ordaina bermatzeko, halakorik eraginez gero.
4.2. Udalerri mugakideetako basogintzako ustiapenerako Iturengo pistetatik iragan behar bada, kanon bat ordaindu beharko da m³ bakoitzeko, aldez aurretik Udalari baimena eskaturik.
Halaber, baso aprobetxamenduak eskuratzeko, Udalaren bulegoetan fidantza bat edo banku-abal bat utzi beharko da, erabiliko den bidean eraginiko kalteak bermatzeko, halakorik eraginez gero:
–Matarrasa: 1 euro Nafarroako Gobernuaren baimenak dakarren metro kubo bakoitzeko. Gutxieneko zenbatekoa, 300 euro.
–Bakanketa:-Kubikazioa egiten bada: 1 euro Nafarroako Gobernuaren baimenak adierazten duen metro kubo bakoitzeko. Gutxieneko zenbatekoa, 300 euro.
–Kubikaziorik egiten ez bada: 300 euro.
–5 ale baino gutxiagoko mozketak: 300 euro.
4.3. Iturengo mendietako zur loteen adjudikaziodunek ezin izanen dute inola ere zurik metatu areketan eta ura husteko azpiegituren ertzetan, ezarritako hustubideetan barna ura libreki joatea galarazteko moduan. Posible baldin bada, pisten ondoan ustiatu beharreko baso aprobetxamenduetan, aurreikusi behar da atxikitako kargalekuak sortzea, pistetako lur berdindua ez okupatzeko moduan.
5. artikulua. Iturengo mendiko pista guztietan gehieneko abiadura orduko 30 kilometro izanen da edozein ibilgailu motarentzat, dela motorduna, dela motor gabea.
6. artikulua. Pisten egoerari eta inguruabarrei dagokien abiadura.
Istripu arriskuak gutxitzeko, eta oinezko, txirrindulari eta animaliei trabarik ez egiteko, gidariek abiadura egokitu beharko dute, maldetan eta toki arriskutsuetan behar adina motelduz, bai eta azienda lokabea hurbil dabilenean eta oinezkoak agertzean ere, edo eguraldi idorra denean, pistetan hautsa pilatzen baita.
7. artikulua. Jarduera debekatuak.
Berariaz debeku dira lehiaketak, lasterketak eta gidatzeko modu bortitz guztiak, arriskutsuak badira paseoan dabiltzanentzat, txirrindularientzat, etxeko animalientzat eta basa-faunarentzat. Salbuespen gisara, Udalak baimena ematen ahalko du taldeka ibilgailu motordunetan antolatzen diren lehiaketa ofizialak eta jarduera turistikoak egiteko, aldez aurretik fidantza utzita.
8. artikulua. Erabiltzaileen erantzukizuna.
Erabiltzaileak pistetan berek eraginiko kalteen erantzule izanen dira.
9. artikulua. Arau-hausteak.
Ordenantza honetan ezarritakoa urratzea arau-haustea izanen da.
10. artikulua. Zehapenak.
Ordenantza honen arau-hausteek isuna ekarriko dute zehapen; isunaren zenbatekoak ez du gaindituko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 52. artikuluan edo hura ordezten duen araudian ezarritakoa.
Nork bere borondatez ordaintzen ez badu, premiamendu bidez eginen da isunen diru-bilketa.
Iragarkiaren kodea: L2308069