2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CÁRCAR
Aldaketa, La Caja Kulturguneko funtzionamendua eta erabilera arautzen duen erregelamenduan. Behin betiko onespena
Carcarko Udalak, 2023ko otsailaren 16an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketa egitea La Caja Kulturgunearen funtzionamenduaren eta erabileraren erregelamenduan.
Jendaurrean egon da hogeita hamar egun baliodunean, aitzinetik 2023ko 47. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta, martxoaren 7an, eta epe horretan inork ez du erreklamaziorik ez alegaziorik aurkeztu; beraz, behin betiko onetsitzat jo da, eta haren testu bategina argitaratzeko agindu da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Carcarren, 2023ko maiatzaren 11n.–Alkatea, M.ª Teresa Insausti Sola.
ERREGELAMENDUA, LA CAJA KULTURGUNEKO FUNTZIONAMENDUA ETA ERABILERA ARAUTZEN DUENA
1. KAPITULUA
Kulturgunearen definizioa
1.1. La Caja Kulturgunea gertutasuneko ekipamendu kulturala da eta bere funtzionamendua Carcarko Udalaren eskumenekoa.
1.2. Kulturgunea xede bikoitzarekin sortu zen: batetik, kulturara iristea errazten duten zerbitzuak eta jarduerak sustatzea eta, bestetik, herritarrek herriko kulturaren garapenean parte har dezaten bultzatzea.
1.3. Kulturguneak entitate eta artistei praktika artistikorako eremu espezializatuak eskaintzen dizkie eta elkarte eta kolektiboei jarduketa komunitariorako lan-eremuak.
2. KAPITULUA
Kulturgunearen kudeaketa
2.1. Carcarko Udala, Kultura Batzordearen bitartez, arduratuko da gunearen funtzionamenduaz eta bertan egingo diren jardueren koordinazio eta jarraipen lana egiteaz.
2.2. La Caja Kulturguneari atxikitako langileak Kultura Batzordearekin lankidetzan ariko dira ekipamenduaren kudeaketan eta bertan eginen diren jardueren, ikastaroen eta ikuskizunen koordinazio eta jarraipen lanetan.
2.3. Kulturguneari dagokionez, honako hauek ditu eginkizun:
–Kulturgunean jendeari harrera egitea.
–Kulturgunearen funtzionamendu egokia zaintzea eta haren erabilerarako jarritako araudia betearaztea.
–La Caja Kulturgunean ematen diren zerbitzuen edo etorkizunean ematen ahal direnen antolaketan laguntzea (liburutegia, gimnasioa, musika-gela, ekitaldi-aretoa eta abar).
–Erabiltzeko eskaerak jasotzea eta, ordutegien eta aretoen plangintza egitea.
–Ekimen komunitarioko jarduerak eta Udalak antolatzen dituenak koordinatzea.
–Aurkezten diren jarduera eta ikuskizun proposamenei harrera egitea, bideratzea eta, dagokionean, eskaera horiek Udalari igortzea.
–Erabiltzaileek, taldeek eta entitateek kulturguneko bizian parte hartzea bulkatzea.
–Udalak zehazten dituen beste batzuk.
3. KAPITULUA
Erabiltzaileak
3.1. Kulturguneko erabiltzaileak dira: kultur jarduerak egiten dituzten entitateak edo pertsonak, edo kultur etxean garatzen ahal diren jarduera eta ikuskizunen ikusleak, irakurleak edo parte-hartzaileak.
3.2. Entitate eta pertsona erabiltzaile orok eskubide berberak ditu:
–Kultur etxeko espazioak eta aretoak erabili eta baliatzea.
–Kultur etxeko baliabide materialak erabili eta baliatzea.
–Eskabidea behin eginda araudi honen kopia bat eskuratzea.
–Erreklamazioa, kexa edo iradokizuna egitea.
3,3. Entitate eta pertsona erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Aretoen eta ordutegien esleipena errespetatzea.
–Kulturgunea eta bertako espazioak garbi mantentzea.
–Kulturguneak dituen ekipamendua eta altzariak zuzen erabiltzea.
–Kulturguneko langileek eman ditzaketen jarraibideei kasu egitea.
–Kulturguneak espazio edo areto bakoitzerako zehazten dituen erabilera arauak betetzea.
–Aretoa erabili ondoren leihoak itxita, argia itzalita eta atea itxita daudela ziurtatzea.
–Kulturguneko langileei eragindako edo aurkitutako kalteen berri ematea.
–Aretoa erabiltzeagatik prezio publikoa ordaindu behar bada, kulturguneko langileei ordainketaren kopia ematea (ordainketa-gutuna, transferentzia).
3.4. Kulturguneko atondoa pasabidea baino ez da, eta bertan ezin izanen da luzaroan egon.
3.5. Debeku da animaliekin, bizikletekin eta irristailuekin kulturgunean sartzea.
3.6. Aretoak behar bezala ez erabiltzeak eta araudi honen 3.3 artikuluan xedatua ez betetzeak zehapena ekartzen ahalko du. Zehapen hauek alkatetzak jarriko ditu, kasuan kasuko espedientea ireki ondoren. Irekitzen diren espedienteen berri izanen du Kultur Batzordeak.
4. KAPITULUA
Ordutegia
4.1. Alkatetzak zehaztuko du kulturgunearen ordutegia, Carcarko Udaleko Kultura Batzordearen txostena jaso ondoren.
5. KAPITULUA
Kultur etxeko espazioak
5.1. Kultur etxean espazio hauek daude:
–Gimnasioa.
–Liburutegia.
–Haurrendako aretoa.
–Bulegoak.
–Entsegu gelak.
–Ekitaldi aretoa.
6. KAPITULUA
Espazioak eta aretoak lagatzea. Helburu eta irizpide orokorrak
6.1. Kultur etxean jarduera iraunkorrak eta puntualak egin ahalko dira, ohikoak nahiz ohiz kanpokoak, betiere horretarako baimenarekin.
Jarduera iraunkorrak dira gutxienez hilabeteko iraupena eta gehienez ere urtebetekoa dutenak.
Jarduera puntualak dira egun batez garatzen direnak.
Ohiko jarduerak dira artearen, kultur-hezkuntzaren edo gizarte-kulturaren esparrukoak direnak.
Ohiz kanpoko jarduerak beste guztiak dira.
6.2. Kulturguneko langileen ardura izango da bertako espazio eta aretoen plangintza eta banaketa egitea.
6.3. Ohiko zein ohiz kanpoko jarduerak iraunkorki garatzeko espazio eta aretoak erabiltzeko baimena ematea Alkatetzari dagokio. Baita, ohiz kanpoko jarduera puntualetarako baimena ematea ere.
6.4. Ohiko jarduera puntualak egiteko espazio eta aretoak erabiltzeko baimena ematea kulturguneko administrazio-langileei dagokie.
6.5. Ez da baimenik emanen espaziorik edo aretorik erabiltzeko, generoaren, arrazaren, ideologiaren edo sexu orientabidearen aldetik bazterkeria dakarren jarduerarik egiteko.
6.6. Aretoak erabiltzeko baimena emanen da, baldin eta horien premiarik ez baldin badu Carcarko Udalak bere programak garatzeko.
6.7. Urtero iraileko lehen hamabostaldian espazio eta aretoak erabiltzeko eskabideak egiteko epea irekiko da, jarduerak iraunkorki garatzeko, eta hilabete amaieran ebatzi beharko da.
6.8. Kulturguneko eremu eta aretoak jarduerak egiteko dohainik utziko dira, eskaera hauetakoren batek egiten duenean:
–Carcarko Udaleko zerbitzuak eta arloak.
–Carcarren helbide soziala duten elkarteak eta kolektiboak.
–Herriko ikastetxeek eta osasun etxeak.
–Udalbatzan ordezkaritza duten alderdi politikoek.
–Kultura zerbitzuaren interesekoa izan daitekeen ordaina eskaintzen duten entitateek edo artistek. Kasu horretan, dagokion lankidetza-hitzarmena sinatuko da.
6.9. Gainerakoan, espazioak eta aretoak erabiltzeko kasuan kasuko prezio publikoak ordaindu beharko dira.
7. KAPITULUA
Lagatzeko eta erabiltzeko baldintzak
7.1. Haurrendako liburutegi/aretoa. Dohainik eta libreki erabili daiteke, erregelamendu honetan jasotako arauak betez gero.
Espazio hori erabiltzeko baldintzak egokituko dira Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareak ezarritako zehaztapenetara.
Erabiltzaileek betebehar hauek dituzte:
–Isilik egotea.
–Janaririk ez jatea eta edaririk ez edatea.
–Ez erretzea.
–Sakelako telefonoak itzalita eduki.
–Errespetuzko jokaera izan liburutegiko arduradunarekiko eta beste erabiltzaileekiko.
–Erabiltzaileendako diren espazio eta materialak egokiro erabiltzea.
–Altzariak (aulkiak, mahaiak...) lekuz ez aldatzea.
–Sei urtetik beherakoak heldu batekin egonen dira betiere.
Liburutegiaren arau orokorrez gain, haurrendako aretoaren erabiltzaileek jarraibide hauek beteko dituzte:
–Liburutegiko haurrendako aretoa irakurtzeko eta margotzeko erreserbaturik dagoen espazioa da. Ez da ez haurtzaindegia, ez ludoteka, ez arratsaldea igarotzeko tokia ere. Ezin da inolako jolasik egin aulkiekin, liburuekin edo DVDekin.
–Liburutegian ezin da sartu korrika, oihuka edo patinak jantzita.
–Barruan ezin da ez jan ez edan.
–6 urtetik beherakoak heldu batekin egonen dira betiere.
–Liburutegiko materiala guztiona da eta zaindu beharra dago, guztiok erabili ahal dezagun. Guztionak diren materialak ez dira ez margotu, ez moztu, ez puskatu, ezta bota behar ere, eta hondatuz gero, haurren arduradunek material berria ekarri beharko dute.
–Liburutegiko gainerako erabiltzaileekiko errespetuagatik, helduek bainura joaten lagunduko diete haurrei, eta saiatuko dira ahalik eta isilenik joaten.
7.2. Gimnasioa. Erabilera librea da, kasuan kasuko prezio publikoa ordainduz gero.
7.3. Bulegoak eta entsegu aretoa. Hauek erabiltzeko baimena idatziz eskatu beharko da aldez aurretik: gutxienez ere 15 egun lehenago jarduera iraunkorretarako; gutxienez ere 10 egun lehenago ohiz kanpoko jarduera puntualetarako; gutxienez 3 egun lehenago ohiko jarduera puntualetarako.
Eskabidean honakoa adierazi beharko da: eskaera egiten duen entitate edo pertsona nor den, garatuko den jarduera, eguna, ordutegia, iraupena eta aurreikusitako parte-hartzaile kopurua.
Araudi honetan ezarritako baldintzak betetzea.
Jardueren egutegia eta ordutegia, kulturgunearen irekiera/itxiera ordutegiaren eta egutegiaren araberakoa izan beharko da.
Kasuan kasuko prezio publikoaren ordainketa dagokionean eginen da, banku-transferentzia edo ordainketa-gutun bidez.
Prezio publikoa ordaindu behar denetan, aretoa erabiltzeko baimena ez da gauzatuko ez bazaie bertara sartu aitzin aurkezten pagamenduaren kopia (ordainketa gutuna, transferentziaren gordekina...) kulturguneko langileei.
7.4. Ekitaldi aretoa.
Ekitaldi aretoa nagusiki udal programak gauzatzeko baliatuko da: bai artearen hedapenerako direnak (musika, antzerkia, dantza, zinea eta ikus-entzunezkoak), baita kulturaren hedapenerako direnak ere (konferentziak, festibalak, sari banaketak, eta abar).
Entitate, elkarte edo kolektiboei ekitaldi aretoa erabiltzeko baimena emanen zaie, baldin eta horren premiarik ez baldin badu Udaleko kultur zerbitzuak hedapen artistikorako eta kulturalerako bere programa garatzeko.
Ekipamendu honen errentagarritasun kultural handiagoa erdietsi beharrez, Carcarko Udalak entitateekin, taldeekin edo artistekin hitzartzen edo adosten ahalko du auditorioaren lagapena, ordain baten trukean; hala eginez gero, behar den kontratua sinatuko da.
Leku beharra dela-eta lagatzen ahalko da izaera herritarra, sindikala edo politikoa duten ekitaldi edo bileretarako, betiere Alkatetzaren onespena badute.
Ekitaldi aretoa erabiltzeko arauak hauek dira:
–Garaiz iristea: emanaldia hasita ezin izanen da aretora sartu.
–Aretora sartu ahal izateko nahitaezkoa da sarrera erakustea.
–Emanaldiak dirauen bitartean jendeak isilik egon behar du.
–Kulturguneko langileek sarrera ukatzeko eskubidea dute.
–Hots-seinaleak: antzokiaren barruan sartzen denean sakelako telefonoak itzali beharko dira, baita mota guztietako alarmak ere.
–Grabazioak eta argazkiak: erabat debekatuta dago inongo filmaketa edo grabazioak egitea esparruaren barruan, salbu eta hori berariaz baimendu baldin bada.
–6 urtetik beherakoak: heldu batekin egon beharko dute.
–Debeku da edari edo janari oro sartzea. Orobat debeku da erretzea. Debeku da animaliak sartzea.
–Ezin izanen da ekitaldi aretoan sartu langile arduradunek hori baimendu arte.
–Ikuskizunak dirauen bitartean, sarreretan eta irteeretan ez da inongo elementurik izanen, ezta larrialdietarako ateetan ere.
–Ezin izanen da sartu aretoaren edukierarako zehaztu den kopurua baino jende gehiago.
–Udaleko enplegatuek aginpidea dute arau horiek betearazteko.
7.5. Arau komunak.
Aipatu espazioak lagatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan, aplikatzeko hurrenkeraren arabera zerrendatuta:
–Espazioen eskuragarritasuna eskatutako ordu eta egunetan.
–Udal zerbitzuei eta herriko elkarte eta kolektiboei emango zaie lehentasuna, hurrenkera horretan, gainerako eskaeren aurretik.
–Erroldatuen eskaerek lehentasuna izanen dute, erroldatu gabeen aurretik.
–Kontuan hartuko da eskaerak zer hurrenkeratan aurkezten diren.
–Lehentasuna emanen zaie aurreko urtean kultur jarduerak antolatu dituzten entitateei.
–Ez zaio inongo entitateri espaziorik utziko modu esklusibo eta iraunkorrean.
–La Caja Kulturgunean gauzatzen diren jarduerak Carcarko Udalak antolatuak badira, haren langileak jarduera gauzatu bitartean eraikinean egonen dira, ezarritako ordutegitik kanpo bada ere, jarduerak dauden asteburuak barne.
–La Caja Kulturgunean gauzatzen diren jarduerak Carcarko elkarteek antolatuak badira, kultur etxearen ordutegiari egokitu beharko zaizkio edo jarduera ordutegi ofizialetik kanpo bada, elkarteak berak arduradun bat izendatu beharko du kulturgunea itxi dezan jarduera behin amaituta.
–Jarduerak ez badituzte ez Carcarko Udalak ez bertako elkarteek antolatzen, ordutegi ofizialak errespetatu beharko dira. Alkatetzak, salbuespen gisa, kulturgunea ordutegi ofizialetik kanpo erabiltzeko baimena ematen ahalko du; kasu horretan, antolatzaileak behar diren udal-langileen kostua ordaindu beharko du.
8. KAPITULUA
Portaera arauak
Kulturgunea modu egokian erabiltzen dela zainduko dute hari atxikitako langileek, eta gainerako udal langileek eta kideek zeregin horretan laguntzen ahalko diete.
Administrazio-langileek ahalmena dute erabiltzaileei ahoz kargu hartzeko edo instalaziotik egozteko, ahozko kargu hartzeei kasurik egiten ez dietenean, arau-hausleari geroago ezar dakiokeen zehapena ukatu gabe.
8.1. Betebeharrak.
Instalazioak erabiltzeko horien erabilera erregulatzen duten arauak bete behar dira, eta ez betetzearen ondorioz aipatu eskubidea galduko da, erregelamendu honetan ezarritakoari jarraikiz.
Erabiltzaileek instalazioen eta ekipoen erabilera egokia egin beharko dute, baita liburuak ezarritako epeetan bueltatu ere.
Zentroan egindako jarduera guztietan jarduerekin bat datozen materialak erabili beharko dira eta ezin izanen dira aldatu kulturguneko ondasun higigarriak eta higiezinak.
Debeku da substantzia psikotropikoak hartzea, erretzea eta edari alkoholdunak edo janaria sartzea, salbu eta jarduerak horixe eskatzen badu.
Debeku da orrialde pornografikoak ikustea, bortizkeria eta gorrotoa sustatzen dutenak, kulturguneko ekipo informatikoetan.
Kulturgunean sartzea debekatuko zaie hordi itxuran edo bestelako drogen eraginpean dauden gazteei.
Kulturgunean ezin izanen da jarri tabakoa eta/edo edari alkoholdunak kontsumitzera bultza dezakeen publizitaterik.
Ezin izanen dira kartelak eta/edo esku-orriak paratu baimenik gabe.
Haurrendako aretotik ezin izanen dira jolasak kalera atera eta behin erabilita jaso beharko dira.
Aulki guztiak bere tokian jarri beharko dira erabili ondoren.
8.2. Zehapen araubidea.
Betebeharrak ez betetzea.
Behar den espedientea abiatuta zehapenak ezarriko zaizkie pertsona nahiz taldeei, betetzen ez badituzte erregelamendu honetan jendetasunaren, bizikidetzaren eta erabileraren aldetik biltzen diren oinarrizko arauak.
Adingabeen kasuan, jokabide horien erantzuleak gurasoak izanen dira.
Toki araubidean ezarritakoa aplika dadin ezartzen ahal diren zehapen ekonomikoez gain, honako hauek hartuko dira berariazko zehapentzat:
a) Kulturgunearen erabilera aldi baterako galaraztea.
Zehapen hori aldez aurreko ohartarazpen baten ondotik ezarriko da, eta beharkizunak ez betetzearen larritasunaren arabera graduazio hau izanen da:
–Arau-hauste arina: hiru aste bitarte erabili ezina.
Arau-hauste arinak izanen dira erregelamendu honetan larritzat edo oso larritzat hartzen ez direnak.
–Arau-hauste larria: 3 astetik urtebetera bitarte erabili ezina.
Honako hauek arau-hauste astuntzat hartuko dira:
- Kulturguneko eta/edo hango altzarietan edo Udalaren bestelako areto eta instalazioetan kalteak edo hondamenak eragitea.
- Edari alkoholdunak edo bestelako edozein droga kulturgunean sartzea.
- Kulturgunean dauden pertsonak iraintzea edo mespretxatzea.
- Arau-hauste arinak berriz egitea, gutxienez hiru aldiz.
Alkatetzak, kautelaz, kulturgunetik kanporatzen ahalko ditu arau-hausteren bat egiten duten pertsonak. Kautelazko neurri hori berresten ahalko da espedientea tramitatu bitartean. Kautelazko etendurako epea ez da inola ere handiagoa izanen artikulu honetan arau-hauste bakoitzerako aurreikusi den gehienekoa baino.
b) Kulturgunea erabili ezina behin betikoz.
Hori gehieneko zehapena izanen da eta salbuespeneko kasuetan baino ez da aplikatuko, oso arau-hauste larriengatik. Oso arau-hauste larritzat hartuko da pertsonen askatasunari edo haren osotasun fisiko edo moralari erasotzen diona, baita arau-hauste larria gutxienez bi aldiz egitea.
PREZIO PUBLIKOA
Gimnasioa:
–Eguneko sarrera: 2 euro.
–Hilabeteko abonamendua: 15 euro.
–Hiruhilekoko abonamendua: 30 euro.
Ekitaldi aretoa:
–75 euro.
Bulegoak eta entsegu aretoa:
–Klaseak emateko eta gehienez ere 2 pertsonako bileretarako: 2,50 euro/ordu.
–Klaseak emateko eta gutxienez ere 2 pertsonako eta gehienez ere 9 pertsonako bileretarako: 6,00 euro/ordu.
–Klaseak emateko eta 10 pertsona baino gehiagoko bileretarako: 10,00 euro/ordu.
Udalak eta Carcarko elkarteek antolatu gabeko jardueretan, udaleko langileak behar badira, haien kostua ordaindu beharko da.
Iragarkiaren kodea: L2307580