118. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

166/2023 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko proiektua, bai eta proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda ere.

Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak martxoaren 20an emandako 59/2023 Ebazpenaren bidez jendaurrean jarri ziren, hamabost egunez, aipatutako proiektua eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, eta Fiteroko Udala deklaratu zen desjabetze espedientearen onuradun.

Aipatu epean alegazio bat jaso da. Hona hemen erantzuna:

Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiak alegatu du, katastroaren arabera, Fiteroko 2. poligonoko 1884. lurzatia Fiteroko Udalaren herri-lurra dela, eta ukitutako ondasun eta eskubideen zerrendan lurzatiaren titular gisa agertzen ziren partikularrak ez daudela katastroan jasota. Fiteroko 2. poligonoko 1854., 1866. eta 1865. lurzatiak Cierzo eta Argenzón mendien mugen barruan daudela, eta Zaragozako Unibertsitateak 2001. urtean egindako ikerlan baten arabera, herri-lurrak direla. Nafarroako Gobernuaren Aholkularitza Juridikoak 2003an egin zuen txosten juridiko batek horixe bera ondorioztatu zuen. Halaber, esaten du Cierzo eta Argenzón mendien mugen barruan jabetza partikularra aitor daitekeela baldin eta titularrek lurraren gaineko jabari titulu bat dutela frogatzen badute, desafektazioa eginda eta legez eskatutako izapide guztiak beteta. Adierazten du herri-ondasunak besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak direla, eta katastroko titularrek laborantzako aprobetxamendurako eskubideak izanen lituzketela lurzati horiei dagokienez. Azkenik, aditzera eman du hala Fiteroko Udalaren nola Nafarroako Foru Administrazioaren ardura dela herri-lurrak defendatzea, mantentzea eta behar bezala erabiltzen direla zaintzea. Horrenbestez, behin egiaztaturik herri-lurrak direla, desjabetzearen ondorioetarako, lurren balioak ezarriko du herri-lurren kalte-ordaina, eta laborantzako balioak, berriz partikularrena. Adierazitako guztiagatik, proposatu da alegazioa onartzea eta lehen aipatu finka horiek herri-lurtzat hartzea, zeinen gainean titularrek laborantzako aprobetxamendurako eskubidea izanen baitute, edo, bestela, balio justuaren zenbatekoa gordailu gisa ematea Gordailuen Kutxa Orokorrean.

Alegazioari erantzunez, aditzera ematen da ezen, nahiz eta katastroaren arabera Fiteroko 1884. lurzatia (FIT-16) Fiteroko Udalaren herri-lurra izan, lurzati hori bera Tuterako 2. Jabetza Erregistroan inskribaturik dagoela, Félix Bozal Bozal jaunaren, Florencio Bozal Bozal jaunaren eta Josefina Bozal Bozal andrearen alde. Horregatik sartu ziren aipatu titular horiek proiektuak ukitzen dituen ondasunen eta eskubideen zerrendan.

Gainerako finkei dagokienez, FIT-06 delakoa (Fiteroko 2. poligonoko 1854. lurzatia) David Escalada Alfaro jaunaren izenean ageri da katastroan, eta David Escalada Alfaro jaunaren eta M.ª Dolores Yanguas Jiménez andrearen izenean dago erregistraturik.

FIT-08 finka (Fiteroko 2. poligonoko 1865. lurzatia), katastroan eta erregistroan M.ª Luisa Fernández Hernández andrearen izenean ageri da.

FIT-07 finka (Fiteroko 2. poligonoko 1866. lurzatia), ohar soil negatiboaren arabera, ez dago erregistraturik, baina katastroan M.ª de los Ángeles Jiménez Martínez andrearen izenean ageri da, eta hark badu jarauntsiaren onarpenaren gaineko notario-eskritura.

Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat,

1. Desjabetzeko espedientearen jarduketak, lehenik, desjabetzearen xede den gauzaren jabearekin edo eskubidearen titularrarekin eginen dira.

2. Aurkako frogarik ezean, administrazio desjabetzaileak jabe edo titulartzat hartuko du titularitatearen presuntzioa eragiten duten erregistro publikoetan izaera honekin jasota dagoena; titulartasun hori judizialki bakarrik suntsi daiteke. Halakorik ez bada, zerga erregistroetan izaera horrekin ageri dena hartuko da jabe edo titulartzat, edo, azkenik, publikoki eta agerian horrelakoa dena.

Are gehiago, eta aurkeztutako alegazioei erantzunez, jabe izaera egiaztatzeari buruz Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak ezarri duenez (5700/2008 errekurtsoa), "(...)... Arlo horretan arau orokortzat jotzen da espedientea desjabetutako ondasunaren jabearekin egitea, hau da, aurkako frogarik ezean, titulartasun presuntzioa eragiten duten erregistro publikoetan hala agertzen denarekin, esaterako jabetza erregistroan, titulartasuna soilik epaitegien esku-hartzez suntsi daitekeenean (Hipoteka Legearen 38. artikulua). Bestela, erregistro fiskal edo administrazio erregistroetatik izaera hori jasotzen duten pertsonekin edo, azkenik, modu publiko eta nabarmenean jabe direnekin...), (... Idatziz jasota dagoen eskubidea existitzen dela ulertu behar da, kontraesanik ez badago; eskubide horren aurkakotasunik egonez gero, suntsitu egin daiteke, baina ez administrazioarekiko auzi errekurtso batean, baizik eta auzia argitzeko prozesu zibil batean...)".

Horrenbestez, espedientean jasota daudenez kasuan kasuko erregistroko ohar soilak, ondorioztatu daiteke arestian aipatutako Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 3.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko dela finka hauen kasuetan: FIT-16 (Fiteroko 2. poligonoko 1884. lurzatia), FIT-06 (Fiteroko 2. poligonoko 1854. lurzatia) eta FIT-08 (Fiteroko 2. poligonoko 1865. lurzatia); izan ere, finka horiek Jabetza Erregistroan inskribaturik daude, partikularren izenean. FIT-07 finkaren kasuan ere aplikatuko da (Fiteroko 2. poligonoko 1866. lurzatia), katastroan ageri den titularrak notarioak emandako titulua baitu. Desjabetze espedientearen jarduketak, beraz, aipatu titularrekin eginen dira, hori guztia ezertan galarazi gabe Fiteroko Udalak eta Foru Komunitateko Administrazioak defentsa egin eta herri-lurrak berreskuratzeko eskumenak gauzatzeko duten betebeharra, hala xedatzen baitu Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 110. artikuluak.

Horrenbestez, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 20. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuak esleitu dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Behin betiko onestea Ormiñengo La Dehesa industrialdeko hondakin urak Fiteroko (Nafarroa) hondakin uren araztegira konektatzeko proiektua, bai eta proiektuak ukitzen dituen ondasun eta eskubideen zerrenda ere, eta aurkeztu den alegazioa ebaztea, ebazpenaren azalpen zatian adierazi denarekin bat. Onespen honek, berekin dakar, inplizituki, onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Fiteroko udaletxeko iragarki-taulan argitaratzea. Era berean, iragarki bat argitaratuko da Foru Komunitateko bi egunkaritan.

3. Ebazpen hau Fiteroko Udalari jakinaraztea eta adieraztea administrazio publikoek ez beste interesdun guztiek gora jotzeko errekurtsoa jar dezaketela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean. Administrazio publikoek, berriz, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe horren aurretik Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 19an.–Toki Entitateentzako Aholkularitza Juridikorako eta Lankidetzarako Zerbitzuko zuzendaria, Ana Rodríguez Hidalgo (kargua hutsik dagoenez, aldi baterako ordezkatzen ari da Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusia, bat etorriz Lurralde Kohesiorako kontseilariaren abuztuaren 20ko 3/2019 Foru Aginduarekin).

Iragarkiaren kodea: F2307960