116. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 5a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

412E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez berrikusten baita Mendigorriko udal-mugartean dagoen hondakin organikoen biometanizazio instalazio baten ingurumen baimen integratua. Titularra Bioenergía Mendi SL da.

Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 17ko 2321/2009 Ebazpenaren bidez, ingurumen baimen integratua eta lurzoru urbanizaezineko jarduerarako baimena eman ziren eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zen zerri ustiategi baterako (Granja El Saso SL da titularra) eta hondakin organikoen biometanizazio instalazio baterako (Bioenergía Mendi SL da titularra), biak batera hartuta. Izan ere, hasierako proiektuaren planteamendua izan zen, funtsean, biometanizazio instalazioan abeltegian sortutako simaurren tratamendua egitea, hondakin horiek nekazaritzan ongarri gisa erabili aurretik.

Garai hartan abeltzaintzako ustiategia baino ez zegoen sailkatuta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskinean eta Europako Kontseiluak kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuei buruz 1996ko irailaren 24an emandako 96/61/EE Zuzentarauan zerrendatutako kategorietako batean. Beraz, abeltzaintzako ustiategiak hartzen zuen zatia baizik ez zegoen ingurumen baimen integratuaren araubidearen pean.

Denboraren buruan, ordea, hasierako proiektuak eboluzionatu egin du eta biometanizazio instalazioa dagoeneko ez da abeltzaintzako ustiategiaren menpeko unitate tekniko bat, funtzionamendu autonomoa duen instalazioa baizik. Abeltegiaz kanpotik ekarrita biometanizazio instalazioan tratatzen diren hondakin organikoen kopurua handituz joan da, eta hondakin motak ere bai, eta gaur egun gutxiengoa dira abeltegitik bertatik hara eramaten diren abere hondakinak.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea aldatzen duen ekainaren 11ko 5/2013 Legearen bidez, industria isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren transposizioa egin zen Espainiako ordenamendu juridikora.

Ondorioz, beste industria jarduera batzuk sartu ziren Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskinean (testu hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi zen). Besteak beste, 5.4.a) kategoria gehitu zen: hondakin ez-arriskutsuen balorizazioa tratamendu biologikoaren bidez, instalazioak egunean 100 tonatik gorako ahalmena badu, hondakinen tratamendua digestio anaerobikoa izanez gero.

Gaur egun, biometanizazio instalazioak eta abeltegiak bakoitza bere aldetik funtzionatzen dute.

Bestetik, hondakinak tratatzeko ahalmenak gainditu du eguneko 100 tonaren langa hori, eta horrenbestez, jarduera, bere horretan, sarturik dago Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen Testu Bateginaren I. eranskinean zerrendatutako kategorietako batean.

Hala, biometanizazio instalazioa abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren I. eranskineko 5.4.a) kategorian dago sartua, bai eta Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria isuriei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) 2010eko azaroaren 24an emandako 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 5.3.b) i) kategorian ere.

Bestetik, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsi baitzen, bere 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 Betearazpen Erabakiaren bidez eman ziren argitara; erabaki horretan hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Horregatik, 2022ko maiatzaren 3an, titularrak instalazioa egokitzeko proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Batzordearen 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian ezarritako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak betetzearren, eta, horren ondorioz, instalazioaren baimena berrikusteko prozeduraren tramitazioa hasi zen. Erabaki hori bat dator abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoarekin.

Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak egiaztatu du instalazioak betetzen duela Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakian adierazitakoa, non ezarri baitziren hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, bat etorriz Europako Parlamentuak eta Kontseiluak emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin.

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez. Ebazpen honen VIII. eranskinean zerrenda bat gehitu da aurkeztutako alegazioekin eta haiei emandako erantzunekin. Ondoren, tramitatu den proiektuan izan diren aldaketak direla-eta, egoki jo da aldaketa horiek ere jendaurrean jartzea, eta proiektua jendaurrean jarri zen bigarren aldiz, hogeita hamar eguneko epean. Horri dagozkion alegazioak eta haiei emandako erantzunak ebazpen honen IX. eranskinean daude.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin (erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiak azaroaren 8an emandako 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Berrikustea Mendigorriko udal-mugartean dagoen hondakin organikoen biometanizazio instalazioaren ingurumen baimen integratua, egiaztatu baita instalazioa bat datorrela Batzordearen 2018ko abuztuaren 10eko 2018/1147 (EB) Betearazpen Erabakiarekin. Erabaki horretan ezarri ziren, Europako Parlamentuaren eta Batzordearen 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat, hondakinak tratatzeko teknika erabilgarri onenak, ebazpen honen eranskinean dagoen teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin bat datozenak. Horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Bioenergía Mendi SL da.

Bigarrena.–Funtsezko aldaketa baimentzea Mendigorriko udal-mugartean dagoen hondakin organikoen biometanizazio instalazioan; aldaketaren bidez kudeaketa ahalmena handitzeko proiektua gauzatu nahi da, ahalmena urtean 80.000 tonakoa izan dadin gehienez; horrenbestez, instalazioak eta jarduerak ebazpen honetan eranskinetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioaren titularra Bioenergía Mendi SL da.

Hirugarrena.–Lurzoru urbanizaezinerako jardueretarako baimena mantentzea instalazio horretarako, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru-dekretuan ezarritakoarekin.

Laugarrena.–Hondakinak kudeatzeko instalazioaren baimenari eustea, zeina exijitzen baita Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.1 artikulua aplikatuta. Halaber, bidezkoa da hura inskribatzea Nafarroako Foru Komunitateko Hondakinen Sortzaileen eta Kudeatzaileen Erregistroan, 15G04167090012021 erregistro-zenbakiarekin.

Kudeatzen ahal dituen hondakinak eta hondakin horiek tratatzeko egiten ahal dituen eragiketak ebazpen honen III. eranskinean ageri dira. Halaber, titularrak hondakinen kudeaketan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko dio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari. Baimenaren indarraldia ingurumen baimen integratuaren indarraldiarena izanen da, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.10 artikulua aplikatuta (Hondakinak biltzeko eta tratatzeko eragiketen baimena).

Instalazioaren ustiatzaileak baimena eduki beharko du III. eranskinean adierazitako hondakinak tratatzeko eragiketak egiteko, Ekonomia zirkularra bultzatzeko eta hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 33.2 artikuluan ezarritakoarekin bat. Baimen hori eman beharko dio instalazioaren egoitza soziala non dagoen, autonomia erkidego horretan ingurumen arloko eskumena duen organoak. Instalazioaren titularrak Nafarroan badu egoitza soziala eta operadore-ustiatzaile gisa jarduten badu instalazioan, instalazioa baimentzeko eskaera ere operadore-ustiatzaile horren eskaeratzat joko da, eta, beraz, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak kudeaketa-instalazioa baimentzeko eskaeran jaso ziren baldintza berberetan emanen du ustiatzaile baimena.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 1670070428/5/2 plana onestea. Ebazpen honen VII. eranskinean dago.

Seigarrena.–Instalazioa atmosferara isuriak egiteko erregistroan inskribatzea, 15REA167090012023 erregistro zenbakiarekin, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluaren arabera, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen 12. artikuluan xedatutakoarekin bat. Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren isurietan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Zazpigarrena.–Ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzen edo berrikusten ahalko ditu zuzendaritza nagusi honek, gertatzen baldin bada Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikuluan aurreikusitako inguruabarren bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori).

Zortzigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapen teknikoek ahalbidetzen badute isuriak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiari dagokionez dauden teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 26. artikuluarekin bat.

Bederatzigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hamargarrena.–Martxan jartzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Titularraren adierazpena, zeinetan adieraziko baitu ezen baimendutako jarduera bertan behera utziz gero lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko konpromisoa hartzen duela, gehienez ere bost urteko epean.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

–Erantzukizunpeko adierazpen bat, Ingurumen Erantzukizunari buruzko urriaren 23ko 26/2007 Legea partez garatzeko Erregelamenduaren 33. artikuluan aurreikusia. Horretarako, erantzukizunpeko adierazpenaren eredu normalizatua erabiliko da, erregelamenduaren IV.1 eranskinean edo IV.2 eranskinean dagoena, kasuan kasukoa.

–Baimendutako prozesuetan ustiatzaile gisa jardunen duen entitatearen identifikazioa aurkeztuko da, eta adieraziko da hondakinak tratatzeko zer eragiketa (R/D prozesu) eginen dituen instalazioan, ebazpen honen III. eranskinaren arabera.

–Hondakin ez-arriskutsuak kudeatzearen ondorioz administrazio honekiko sortzen diren betebehar guztien fidantzaren jatorrizko abala edo ordainketa-gutuna, ebazpen honen V. eranskinean xedatutakoarekin bat. Agiri hori instalazioaren ingurumen baimen integratuko oinarrizko dokumentazioari erantsiko zaio.

–Jarduera hori betetzen den lursail bakoitzaren egoerari buruzko txostena, 9/2005 Errege Dekretuaren 3.4 apartatuan ezarritakoaren arabera. Txostenaren hedadura eta edukia Nafarroako Gobernuaren web orriko zerbitzuen katalogoan jasotakoak izanen dira: www.nafarroa.eus (Kutsaturik egon daitezkeen lurzoruen egoerari buruzko txostena).

Hamaikagarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege-dekretuak onetsitako testu bategina), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Hamabigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamahirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpen hau igortzea Bioenergía Mendi SLri, Mendigorriko Udalera, Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzura, Ebroko Konfederazio Hidrografikora, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura eta Ingurumena Zaintzeko Atalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 9an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones

Iragarkiaren kodea: F2307328