114. ALDIZKARIA - 2023ko ekainaren 1a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

21E/2023 EBAZPENA, martxoaren 31koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimena ematen baita Azkoiengo udalerrian irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentzia baten titulartasuna aldatzeko (FMko 101.1).

YRI Multimedia Comunicación SL merkataritza-sozietateak, 2021eko abuztuaren 20an, eskaera bat erregistratu zuen sozietate-talde bereko Lakarra Inversiones SL enpresari eskualdatzeko Azkoienen maiztasun modulatuko (101,1 MHz frekuentzia) irrati bidez emititzeko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentzia.

Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezko Baliabideen Atalak, abuztuaren 30eko ofizio baten bidez, eskatzaileari eskatu zion honako agiri hauek aurkez zitzala: eskualdaketan parte hartzen duten alderdi guztiek sinatutako eskaera formala, hitzarmen edo negozio juridikoaren zirriborroa, notario-eskriturak eta Lakarra Inversiones SLren idatzizko konpromisoa, non berariaz jaso beharko baita subrogatzen dela lizentzia eskualdatzen duen titularraren eskubide eta betebeharretan. Zuzenketa urriaren 21ean egin zen.

Eskaerari arau hauek aplikatu behar zaizkio: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikulua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko uztailaren 7ko 13/2022 Lege Orokorraren 29. artikulua.

Ikus-entzunezkoen arloko oinarrizko araudiak bi urteko gabealdia eskatzen du, lizentzia ematen denetik, negozio juridikoak egiteko, eta epe hori amaitu da kasu honetan. Kasu zehatz honetan, gainera, lehiaketa publikoaren baldintza-agiriekin bat etorriz (24/2012 Foru Agindua, otsailaren 22koa, Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak emana, 44 lizentzia emateko lehiaketa publikoa onetsi zuena, Nafarroako Foru Komunitatean soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-difusioko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzua emateko), zeinaren bidez 2013an lizentzien titular den merkataritza-sozietateak lortu baitzuen emakida hori, hark konpromiso idatzia aurkeztu zuen negozio juridikoaren eskaera horren xedeko lizentziak ez eskualdatzeko eta errentan ez emateko hamahiru urteko epe gehigarri baterako, hau da, lizentziarako ezarritako epe osorako.

Dena den, kasu honetan ez dago hirugarrenekin egindako negozio juridikorik; izan ere, emandako dokumentaziotik ondorioztatzen da eskatzen den negozio juridikoa sozietate-talde beraren berrantolaketa baten ondoriozkoa dela. Horrenbestez, aurreko paragrafoan aipatutako 13 urteko epe gehigarria ez da kontuan hartu behar.

Otsailaren 24ko 123/2017 Errege Dekretuaren bidez onetsitako Jabari Publiko Erradioelektrikoaren Erabilerari buruzko Erregelamenduaren 39.4 artikuluaren arabera, ikus-entzunezko komunikazioaren arloko eskumena duten Estatuko edo autonomia-erkidegoetako organoek ikus-entzunezko komunikazioaren lizentziei buruzko eskualdatze- edo errentamendu-negozio juridikoak baimentzeko, aldez aurretik, Telekomunikazioen eta Azpiegitura Digitalen Estatu Idazkaritzaren baimena beharko da, ikus-entzunezko gaikuntza-tituluari erantsitako jabari publiko erradioelektrikoaren emakida eskualdatzeari edo lagatzeari dagokionez, erregelamendu horren VI. tituluan aurreikusitako baldintzetan. Hori dela eta, errekerimendu hori 2022ko otsailaren 24an egin zitzaion idazkaritza horri, eta 2023ko martxoaren 20an jaso zen aldeko erantzuna.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea Azkoiengo irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentzia baten titulartasuna (FMko 101.1) Lakarra Inversiones SL merkataritza-sozietateari eskualdatzeko.

2. Baimen honek berekin dakar Lakarra Inversiones SL subrogatzea lizentziaren aurreko titularraren (YRI Multimedia Comunicación SL) eskubide eta betebeharretan.

3. Lakarra Inversiones SL merkataritza-sozietatea ofizioz inskribatzea Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroan, negozio horren xede den ikus-entzunezko komunikazio zerbitzurako lizentziaren titular gisa.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

5. Ebazpen hau YRI Multimedia Comunicación, SLri eta Lakarra Inversiones SLri jakinaraztea, eta haren berri ematea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzuari, Nafarroako Telekomunikazioen Ikuskapenerako Burutza Probintzialari eta Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Estatuko Erregistroari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute jurisdikzio-ordena eskudunari zuzendua, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuaren aurrean aldez aurretiko errekerimendua egiten ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan finkaturiko modu eta epeetan.

Iruñean, 2023ko martxoaren 31n.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Miguel Moreno Ariztegi.

Iragarkiaren kodea: F2307264