111. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

297/2023 EBAZPENA, apirilaren 27koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez oinarri arautzaileak ezartzen baitira 2023-2029 aldian abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko, eta 2023ko laguntzen deialdia onesten baita. DDBN identifikazioa: 691535.

Eskualde eta lurralde mailako abere lehiaketetan agerian gelditzen dira abereen aukeraketaren sustapena, abeltzainen gogoa eta azienda aukeratzeko eta hazteko prozesuan erdietsitako emaitzak, eta herrialde edo lurralde bakoitzeko arraza multzoak ezagutzera ematen dira, arraza horiek sustatzearren.

Urtean zehar, Nafarroako Foru Komunitatean erakusketa, enkante, lehiaketa, erakustaldi edo azoka itxurako hainbat ekitaldi antolatzen dira. Ekitaldi horien sailkapena haien lurralde-eremuaren arabera zehaztuko da, kontuan hartuta antolatzaileek baimena emateko unean aurkeztutako memoria.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak laguntzen araubide bat ezarri nahi du abere lehiaketak egiteko, betiere antolatzaileek zorrozki betetzen badute Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilkura batzuk arautzen dituen abenduaren 13ko 491/2013 Foru Agindua.

Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntza hauek bat datoz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24.2.a) artikuluan xedatuarekin; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2022ko L 327. Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, abenduaren 21ekoa). Erregelamendu horrek 2023ko urtarrilaren 1ean hartu zuen indarra eta 2029ko abenduaren 31ra arte aplikatuko da.

Kontuan hartuta iraupen bera izan ohi dutela Europar Batasunaren aurrekontuak eta laguntzaren araubide horiek ezartzea aurreikusten duten arau juridikoek, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak aurreikusten du zenbait laguntza kategoria sortzea, 2029ko abenduaren 31ra artekoak, oro har.

Bestalde, Nafarroak, bere foru araubideari esker, eskumen esklusiboa du nekazaritza eta abeltzaintza gaietan, ekonomiaren antolamendu orokorrarekin bat, hala ezarrita baitago 13/1982 Lege Organikoaren 50.1.a) artikuluan (13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa).

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita. Beraz, bidezkoa da oinarri arautzaileak ezartzea 2023-2029 aldian abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko, eta 2023ko laguntzen deialdia onestea.

Abeltzaintza Zerbitzuaren txostena eta aurrekontu-baliabideak ikusita.

Ikusita ebazpen honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legea aplikatzen zaiola.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko 2023-2029 aldirako laguntzen oinarri arautzaileak onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Parte-hartzea eta gastuak aurreikusten dituen eredua onestea, II. eranskinean jasotzen den moduan, eta parte-hartzearen egiaztagiria onestea animaliak banakatuta, ebazpen honen III. eranskinean jasotzen den moduan.

3. Laguntza ekonomikoaren jasotzaileek enpresa ez deslokalizatzeko konpromisoa hartzen dute, bat etorriz Enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzko abenduaren 16ko 18/2020 Foru Legearen 5. artikuluan ezarritakoarekin.

4. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren eredua onestea, bai eta entitatearen gobernu organoen osaerari eta kargudunen ordainsariei buruzko ereduak ere. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinetan daude jasota eredu horiek, eta hamahirugarren oinarrian ezarritako esteken bidez eskura daitezke.

Laguntza ekonomikoa jasotzen duena toki entitatea denean, ez da beharrezkoa izanen gardentasunaren betebeharra betetzea.

5. 2023an abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko deialdia onestea.

Hilabeteko epea dago 2023an laguntza eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

6. Deialdi honen ondoriozko gastuei aurre egiteko, 50.000 gastua baimentzen da, 2023ko gastu-aurrekontuen "Abere azokak eta lehiaketak" izeneko 710004 71300 4609 412200 partidaren kargura.

7. Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua igortzea Batzordeari, jakinarazpen elektronikoa egiteko duen sistemaren bidez, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

8. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

9. Dirulaguntzen deialdi hau eta oinarri arautzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

10. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko apirilaren 27an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK, 2023-2029 ALDIAN ABERE LEHIAKETAK ANTOLATUZ NEKAZARITZAKO PRODUKTUAK SUSTATZEKO LAGUNTZAK EMATEKO

Lehen oinarria.–Xedea, helburua eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea 2023-2029 aldirako abere lehiaketak antolatuz nekazaritzako produktuak sustatzeko laguntzak emateko.

2. Helburu hauek ditu: abere lehiaketak toki-, eskualde- eta erregio-mailan antolatzen jarraitzea; abereen hautaketa sustatzea eta abeltzainak eta haiek animalien hautaketa- eta produkzio-prozesuan erdietsitako lorpenak adoretzea; eta herrialde edo eskualde bakoitzeko arraza-taldeak erakustea, arraza desberdinak sustatzeko.

3. Laguntzen araubide hau Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24.2.a) artikuluan jasotzen diren aplikazio eremuaren, salbuesteko baldintzen eta laguntza kategorien esparruan sartzen da; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta (2022ko L 327. EBAO, abenduaren 21ekoa).

4. Laguntzetarako araubide honek argitaratzen denetik 2029ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Onuradunak eta laguntzak jasotzeko betebeharrak.

1. Toki entitateek, toki entitateak eskuordetzen dituzten entitateek eta herriko, eskualdeko edo lurraldeko abere lehiaketak antolatzen dituzten entitateek hartzen ahalko dituzte laguntza hauek, duten tamaina dutela ere, Nafarroako Foru Komunitatean egiten badira eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak baimentzen baditu.

2. Laguntza honen azken onuradunak abeltzaintza-ustiategien titularrak izanen dira, baldin eta abere lehiaketetan parte hartzen badute, ETEak badira Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinari jarraituz, eta, gainera, baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan xedatutakoa betetzea.

b) Ustiategia Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribatuta izatea, horrela baitago arautua Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuan.

c) Ustiategiak ez daudela betetzeke dagoen berreskuratze agindu baten mende, Batzordeak laguntza bat legez kanpokotzat eta barneko merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren.

d) Krisian dagoen enpresa ez izatea, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluaren 18. apartatuan zehazten den bezala.

3. Ebazpen honetako bigarren oinarriko 2. puntuko a) letran xedatutakoa betetzen ez duten enpresen aldeko ad hoc laguntzei ez zaie laguntza araubide hau aplikatuko.

4. Abeltzainek ezin dute ordainketa zuzenik jaso abere lehiaketetan parte hartzeagatik. Zeharka jasoko dute laguntza, gauzatan, diruz lagundutako zerbitzu baten bidez.

5. Abere lehiaketak egin ahal izateko, dirulaguntza jaso dezaketen ustiategi guztiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Erakusketa, enkante, lehiaketa edo erakustaldia izatea.

b) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren baimena izatea.

c) Abere lehiaketetan parte hartzen duten abereen baldintza zoosanitarioak betetzea. Baldintza horiek Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 13ko 491/2013 Foru Aginduan agertzen dira (Nafarroako Foru Komunitatean abere lehiaketak eta animalien beste bilketa batzuk arautzen dituen foru aginduan).

d) "Erakusketa" diren lehiaketen kasuan, abenduaren 13ko 491/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritakoaren arabera, arraza autoktonoak edo Espainiako arrazak izatea, Espainiako abere arrazen katalogo ofizialaren arabera, eta dagokion arrazaren Genealogia Liburuan inskribatuta egotea azienda.

e) Abereen gutxieneko kopurua: nahitaezkoa izanen da abereen kopuru egokia izatea. Atal bakoitzean abeltzain baten baino gehiagoren behar adina buru izanen da, beharrezkoa den ordezkaritza eta lehiakortasuna izateko moduan. Nolanahi ere, dirulaguntza jasotzeko, azienda larriko (AzLU) 30 unitatek (edo baliokideak) parte hartu behar dute. AzLUak kalkulatzeko, aplikatu beharko da abenduaren 27ko 1048/2022 Errege Dekretuaren V. eranskinean ezarritakoa (errege dekretu horrek hizpide ditu 2023tik aurrera Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan zuzeneko ordainketa gisako esku-hartzeen eta baldintza komunen ezarpenaren aplikazioa eta kudeaketa- eta kontrol-sistema integratuaren eskaera bakarraren arautzea).

6. Ezin dituzte laguntza hauek eskuratu sexuan edo generoan oinarritutako diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio ebazpen irmo edo kondena-epai irmo baten bidez zehapena edo zigorra jaso duten pertsonak edo entitateak.

7. Aurreko apartatuan aurreikusitako egoeran dauden entitate eta enpresek laguntza horien onuradun izaten ahalko dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo kondena bete, eta berdintasun plan bat prestatu badute indarreko legedian xedaturiko baldintzekin, halako plana eskatzen ahal zaien kasuetan.

Hirugarren oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa eta muga.

1. Laguntzaren intentsitatea kostu diruz lagungarrien %100era mugatuko da, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 24. artikuluaren 8. puntuarekin bat.

2. Halaber, abenduaren 13ko 491/2013 Foru Aginduan xedatutakoaren arabera, muga bat egonen da parte hartzen duten abereen arabera eta lehiaketaren izaeraren arabera:

a) Erakusketa, enkantea eta/edo lehiaketa: arraza garbiko abere hautatuen lehiaketa, ofizialki onartutako arrazen liburu genealogikoetan, erregistro berezietan edo arrazako katalogoetan inskribatuta badaude betiere; espezie desberdinetako abereek parte hartzen ahal dute. Zenbatekoa hau izanen da:

50 euro arraza hauetako zaldietarako: Nafarroako Zaldikoa, Auritz eta Pottoka.

50 euro arraza hauetako behietarako: Piriniotarra, Betizua, Mendiko Arrea eta Nafar Kasta.

20 euro Nafar, Latxa eta Sasi Ardi arrazetako ardietarako, bai eta Piriniotar arrazako ahuntzetarako ere.

20 euro Euskal Txerri arrazako txerrietarako.

b) Erakustaldia: egun bat baino gutxiago irauten duen lehiaketa; udalerriko eta inguruko abereek bakarrik hartzen dute parte, jaialdi programa baten barnean beste jarduera batzuekin batera egiten da, urtean behin edo denbora tarte handiagoan, eta berez merkataritza mailako helbururik ez du izaten. Kasu honetan, zenbatekoa hau izanen da:

20 euro zaldi- eta behi-aziendarako.

10 euro ardi- eta ahuntzerako.

10 euro txerri-aziendarako.

c) Azoka: toki finko batean egiten den lehiaketa, aldizkakotasun jakin batekin, abereak bertan daudela edo egon gabe eta merkataritzako helburu hutsarekin, bertan salerosketak egin daitezen. Kasu honetan, ez da dirulaguntzarik jasoko.

3. a) ataleko lehiaketen kasuan, lehiaketa bat lagunduko da diruz urte eta arraza bakoitzeko, eta, hala badagokio, lehiaketara AzLU gehien aurkezten duena. Forma bat baino gehiago hartzen duten lehiaketen kasuan, abere bat kategoria bakar batean laguntzen ahalko da diruz.

4. Laguntzaren gehieneko zenbatekoa 12.000 euro izanen da.

5. Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) ez da diruz laguntzen, salbu eta ezin bada berreskuratu dagozkion legeekin bat.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

1. Laguntzaren eskabideak aurkezteko epea 2024-2029 aldiko urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean hasiko da, eta hilabeteko epean amaituko, urteko laguntzaren deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik zenbatzen hasita.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzura zuzenduko dira, eta telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko dagokion fitxaren bidez: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/abere-lehiaketak-antolatzeko-laguntza (aurrerantzean, laguntzaren fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskabidearekin batera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Lehiaketaren identifikazioa. Izena, eguna, lekua, lehiaketa mota. Egindako lehiaketen gaineko informazioa.

b) Antolaketaren ardura hartzen duen pertsonaren edo pertsonen izen-deiturak, helbidea eta telefonoa, harremanetarako eta datuak eskatzeko. Pertsona hori ez bada antolakuntzakoek izendatutako arduraduna, azken horren datuak ere eman beharko dira. Batzorde antolatzailearen nortasun eta izaeraren frogagiria, toki entitate baten ordezkaria baldin bada.

c) Gastuen aurreikuspena, II. eranskineko ereduaren arabera, kapituluz kapitulu xehakatua, datu hauekin: abereen garraio gastuak, ekitaldia iragartzen duten webguneen eta publizitatearen kostuak, instalazioak egokitzeko gastuak eta ekitaldia antolatzekoak eta sari gastuak, II. eranskineko ereduaren arabera.

d) Aurreikusitako abere parte-hartzaileen inguruko egiaztagiria, ebazpen honen II. eranskineko ereduaren araberakoa.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debeku-egoeratan ez dagoela dioen adierazpena; laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

f) Baimena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ematen diona, egiazta dezan egunean dituela zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak, ekitaldi honetako laguntzen deialdiaren tramitazio prozeduraren barruan; laguntzaren eskabidean jasotzen den moduan.

g) f) paragrafoan ezarritakoarekin ados ez badago, entitateak berak aurkeztu beharko ditu zerga arloko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzeari buruzko datuak.

h) Baldin Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jadanik badu agiri horietako bat, interesdunak hala azaldu beharko du eskabidean, adierazita zer agiri den eta zer artxibotan dagoen. Agiriak datu babestuak baldin baditu, eskatzaileak baimena eman beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari datu horiek ikusteko.

i) Erantzukizunpeko adierazpena, zehazten duena ez dagoela zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik betetzen, edo, hala bada, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

4. Entitate onuradunak lehenbizikoz eskatzen badu laguntza edo hura ordaintzeko kontua aldatu nahi badu, dirulaguntzaren eskabidearekin batera, laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia aurkeztu beharko du, behar bezala betea. Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera.

Bosgarren oinarria.–Kontzeptu diruz lagungarriak.

Laguntzen araubide honen barrenean, dirulaguntza jasotzen ahalko dute gastu hauetarako kostuek, betiere lehiaketak, azokak edo erakusketak antolatzeko:

a) Bidaia gastuak eta abereen garraio gastuak.

b) Ekimena iragartzen duten webguneen eta publizitatearen gastuak.

c) Instalazioak egokitzeko eta ekitaldia antolatzeko gastuak.

d) Sari sinbolikoak, 1.000 eurotik beherakoak sari bakoitzeko eta lehiaketaren irabazle bakoitzeko.

Seigarren oinarria.–Dirulaguntza emateko modua, lehentasunak eta irizpide objektiboak.

1. Deialdi honen xede diren dirulaguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira.

2. Lehentasun-hurrenkera zehazteko irizpidea lehiaketa motaren araberakoa izanen da, eta honela puntuatuko da:

a) Lehiaketa: 10 puntu.

b) Enkantea: 5 puntu.

c) Erakusketa: 5 puntu.

d) Erakustaldia: 3 puntu.

3. Puntuazioan berdinketa izanez gero, prima jaso dezaketen abere gehien izanen duela aurreikusten den lehiaketa lehenetsiko da, azienda larriko unitatetan neurtua.

4. Aurrekontu-baliabideak ez badira aski lehentasunezko talderen baten eskaera guztiak finantzatzeko, talde horren barrenean jaso beharreko zenbatekoak hainbanatuko dira.

Zazpigarren oinarria.–Ebaluazio organoa.

Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak.

Zortzigarren oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, onuradunak honako betebehar hauek ere bete beharko ditu:

a) Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren eskura jartzea haren eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak.

b) Eman edo hartutako dirulaguntzak direla eta, onartzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak egiten dituen egiaztapen ekintzak oro.

c) Helburu bereko beste edozein dirulaguntza publiko batzuk eskatu izanaren berri ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari.

d) Idatziz jakinaraztea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, horren berri izan bezain laster, parte-hartzearen eta gastuen aurreikuspenean gertatzen diren gorabeherak.

Bederatzigarren oinarria.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozedura erabiliz emanen dira. Eskaera harturik, eskatzaileak onuradun izateko I. eranskin honetako bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituen egiaztatuko da. Laugarren oinarrian eskatutako agiri guztiak aurkezten ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko gehieneko epean ekar ditzala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta halaxe jakinaraziko zaiola.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, bidezko diren kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Abeltzaintza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpen-proposamena igorriko du, I. eranskineko hirugarren oinarrian ezarritako zenbatekoa eta laguntza-eskaerarekin batera aurkeztutako jarduketa plana kontuan hartuta, eta aldez aurretik egiaztatuta eskatzaileak egunean dituela zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du laguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

Eman beharreko zenbatekoa bi hauetako txikiena izanen da:

–Lehen zenbateko bat, kalkulatuko dena biderketa eginez abere lehiaketa bakoitzeko aurreikusitako abere parte-hartzaileen kopuruarekin, hirugarren oinarriko 2. puntuan xedatutakoarekin bat etorriz.

Eskatzaileak aurkeztutako aurreikuspena handiagoa bada azken hiru abere lehiaketetan izandako parte-hartzea baino, aurreikuspen horretako parte-hartzea, gehienez, azken hiru partaidetza horietako handiena baino %20 handiagoa izanen da.

–Bigarren zenbateko bat, kalkulatuko dena eskatzaileak laugarren oinarriko 3.c) puntuaren arabera egindako gastuen aurreikuspena batuz.

5. Ebazpena emateko epea hiru hilabetekoa izanen da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi egin dela ulertuko da.

Hamargarren oinarria.–Ordaintzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntza abere lehiaketak antolatzen dituztenei ordainduko zaie, kasuan kasuko zerbitzua edo jarduera ematen dutelako, abere lehiaketaren antolaketa gastuen zati bat estaltzeko. Pagatzeko eskatu ondoren gauzatuko da ordainketa. Bakarra izanen da, eta lehiaketa egin ondoren justifikatzen den zenbatekoa pagatuko da. Egiaztatuko da laguntza emateko baldintzak betetzen direla pagatu baino lehen, eta, nolanahi ere, pagatzen den zenbatekoak ez du gaindituko emandako dirulaguntza.

2. Dirulaguntzaren xede den lehiaketa amaitu ondoren, onuradunak egindako gastuak eta ordainketak egiaztatzen dituzten fakturak aurkeztu beharko ditu, bai eta lehiaketaren garapenari buruzko txosten bat ere, ekitaldian parte hartu duten abereen identifikazio-zenbaki ofiziala adierazita, atal bakoitzean zenbat AzLUk parte hartu duen egiaztatzeko. Lehiaketa denean, atal bakoitzean saritutako abereen zerrenda ere erantsiko da, abereak behar bezala identifikatuta.

Mota guztietako lehiaketetan, abereen parte-hartzea III. eranskina betez egiaztatuko da, eta lehiaketetan parte hartzen duten abeltzaintza-ustiategietako titularren parte-hartzea, aldiz, IV. eranskina betez.

Dokumentazioa aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, lehiaketa egiten denetik hasita.

3. Laguntza ordainketa bakar batean pagatuko da, lehiaketa egin dela justifikatutakoan eta organo kudeatzaileak egiaztatu ondoren dirulaguntzaren xedeak bete direla eta laguntzaren onuradunak bete duela gardentasunari buruzko informazioaren betebeharra, eta aurkeztu dituela genero-ikuspegiaren araberako egoeraren diagnostikoa eta entitatea hobetzeko helburuak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen esparruan. (2007ko 71. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 23koa).

Hamaikagarren araua.–Dirulaguntzen bateragarritasuna.

1. Ebazpen honetan ezarritako laguntzak metatzen ahalko dira, bat etorriz Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren 8. artikuluan xedatutakoarekin.

2. Zehazki, estatuko beste edozein laguntzarekin metatzen ahalko dira, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinetarako badira.

3. Estatuko beste edozein laguntzarekin ere metatzen ahalko dira, zati batean edo osorik kostu diruz lagungarri berberei badagokie, baldin eta metatze horrek ez badu gainditzen laguntzaren intentsitatea edo laguntza horri aplikatu beharreko laguntzaren zenbateko handiena, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren arabera.

4. Laguntza hauek ez dira metatuko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 145. artikuluaren 2. apartatuan eta 146. artikuluan aurreikusitako ordainketekin, diruz lagundu daitezkeen kostu berberei badagozkie eta metaketa horrek Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduan ezarritako laguntzaren intentsitatea edo zenbatekoa gainditzen badu.

5. Laguntza hauek ez zaizkio metatuko kostu berberei dagokien "de minimis" motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan ezarritako laguntza-intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

Hamabigarren oinarria.–Ez-betetzeak.

1. Bigarren oinarrian aipatutako betekizunetako eta zortzigarren oinarriko a) eta b) letretan aipatutako betebeharretako edozein ez betetzeak laguntzaren ordainketa ezestea ekarriko du.

2. Laguntza %25 murriztuko da zortzigarren oinarriko c) eta d) letretako betebeharrak betetzen ez badira.

3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira diru-itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, organo kudeatzaileak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamahirugarren oinarria.–Laguntza jasotzen dutenen gardentasun betebeharrak.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3. artikuluan aipatutako entitateak behartuak daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko sarrera guztien %20 edo gehiago badira eta, gutxienez, 5.000 euro. Horretarako, honako esteka honetan dagoen eredua bete beharko dute, gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, alegia:

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/1+Declaracion+de+obligacion_eus.pdf

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen diren jakiteko, batuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Negozio zifra honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio zifra.

b) Hala badagokio, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek jarraian adierazten den informazioa eman beharko dute hilabeteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita:

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

–Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

–Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa izanen da haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan jasotakoa.

–Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen den dedikazioaren araubidea.

–Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta eta telematikoki aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez, eta laguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio, honako eredu hauen arabera (gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren I. eta II. eranskinak):

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/2+Declaracion+de+cargos+y+dedicacion–cas–eus.pdf/a4040dbc-5f38-6419-de18-be7af29f4cca?t=1651059276963

https://www.navarra.es/documents/48192/5726243/3+Declaracion+de+retribuciones+cas–eus.pdf/476d1d82-9ef4-7d25-7668-36cf9ae8c191?t=1651059275713

Entitateak ez badu gardentasun betebeharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko adierazpena aurkeztu beharko du.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira. Horretarako, entitateak identifikatu beharko du Foru Komunitateko Administrazioaren zein organoren aurrean aurkeztu zuen, eta noiz

Betebehar hori bete ezean, ez da ordainduko onetsitako dirulaguntza.

Aurrekoa galarazi gabe, onuradun guztiak behartuak daude Administrazioari behar den informazio guztia ematera, aurretiazko errekerimendua eginda eta hamar eguneko epean, frogatzeko betetzen dituztela Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen II. tituluan jasotako gardentasun betebeharrak.

Errekerimenduan emandako epea bukatzen bada eskatutakoa bete gabe, hertsapen isunak ezartzea erabakitzen ahalko da, 500 eurotik 5.000 eurora bitartekoak, interesdunari ohartarazpena egin ondoren eta entzunaldia emanda. Isuna hamabost egunetik behin errepikatuko da, errekerimendua bete arte. Isunaren zenbateko osoa ez da izanen dirulaguntzaren zenbatekoaren ehuneko bost baino handiagoa. Zenbatekoa zehazteko, ez-betetzearen astuntasuna eta proportzionaltasunaren printzipioa hartuko dira kontuan.

2. Laguntza ekonomikoa jasotzen duena toki entitatea denean, ez da beharrezkoa izanen gardentasunaren betebeharra betetzea.

Hamalaugarren oinarria.–Jarraipena.

Ebaluazio-organoak justifikazio informazioaren eta dokumentazioaren erregistro zehatzak gordeko ditu, erregelamendu honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatzeko. Erregistro horiek hamar urtez gordeko dira, laguntzaren araubide honen araberako azken laguntza ematen den egunetik aurrera. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hogei egun balioduneko epean edo eskabidean ezar daitekeen epe luzeagoan emanen dio Batzordeari erregelamendu honen aplikazioa kontrolatzeko erakunde horrek beharrezkotzat jotzen duen informazio eta dokumentazio osagarri guztia.

Hamabosgarren oinarria.–Argitalpena eta informazioa.

1. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak informazio hau argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean:

a) Salbuetsitako laguntzaren neurriari buruzko informazio laburtua, Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren II. eranskinean ezarritako formatu normalizatuan, esteka batekin batera, laguntzaren neurriaren testu osoa eskuratu ahal izateko, aldaketak barne, indarra hartu eta hogei egun balioduneko epean.

b) Batzordearen 2022ko abenduaren 14ko 2022/2472 (EB) Erregelamenduaren III. eranskinean aipatzen den informazioa, nekazaritza ekoizpen primarioaren sektorean aritzen diren onuradunentzat emandako 10.000 eurotik gorako banakako laguntza bakoitzari buruz.

2. Aurreko 1.b) apartatuan aipatzen den informazioa sei hilabeteko epean argitaratuko da, eta gutxienez hamar urtez mantenduko da. Bi kasuetan, laguntza ematen den egunetik aurrera hasiko da kontatzen epea.

3. Laguntza araubidearen testu osoak, bereziki, erregelamendu honen berariazko aipamen bat jasoko du, izenburua eta Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zeneko erreferentziak adierazita, bai eta egintza hori ukitzen duten III. kapituluko xedapen espezifikoak ere, edo, hala badagokio, erregelamendu honetako xedapen egokiak betetzen direla bermatzen duen legeria nazionala. Laguntza araubidearekin batera, aplikatu beharreko xedapenak eta horien aldaketak azalduko dira.

II. ERANSKINA.–Parte-hartzearen eta gastuen aurreikuspena.

III. ERANSKINA.–Parte hartu izanaren egiaztagiria, animaliak banakatuta.

IV. ERANSKINA.–Abere lehiaketetan parte hartzen duten ustiategiak.

Deskargatu eranskinak DOC formatuan.

Iragarkiaren kodea: F2306920