110. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

151E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez aldatzen baitira, batetik, Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoaren osaera, eta bestetik, Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa sortu zuen Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 224/2015 Foru Agindua.

Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 224/2015 Foru Aginduaren bidez (2015eko 229. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 16koa), Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa sortu zen. Zioen azalpenean dioen bezala, Osasun Sistema Nazionaleko zerbitzu erkideen zorroaren barnean, zeina irailaren 15eko 1030/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, laguntza bidezko giza ugalketaren tratamenduei dagokienez, enbrioiak ezarri aurreko diagnostiko genetikoaren teknika dago sartuta laguntza bidezko giza ugalketarako tekniken artean.

Aipatutako batzordea Laguntza bidezko giza ugalketarako teknikei buruzko maiatzaren 26ko 14/2006 Legearen xedapenei jarraituz eratu zen, helburu honekin: aztertzea zein den enbrioiak ezarri aurreko diagnostiko genetikoaren egoera eta zer kasutan baliatzen ahal diren teknika horretaz Foru Komunitatean.

Aholku batzordearen osaera aldatuz joan da denboran zehar, eta azken aldaketa Osasuneko kontseilariaren maiatzaren 26ko 116E/2021 Foru Aginduaren bidez egindakoa izan da, zeinaren bidez aldatzen baita Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoaren osaera.

Foru agindu honen bidez, beharrezkoak diren aldaketa batzuk egin behar dira, batzordean parte hartzen duten zuzendaritza-postuetan gertatu diren aldaketetara egokitzeko. Gainera, beharrezkotzat jotzen da lehendakariaren, idazkariaren eta ordezko idazkariaren karguak ezartzea, Batzordeak hobeki jardun dezan.

Bestalde, Osasun Departamentuko Osasun arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendariaren txostena jaso da, non proposatzen baita María Fe Idoate Cervantes Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua izendatzea Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoko kide gisa.

Aldaketa hori logikotzat jotzen da, eta bat dator orain aldatzen den foru aginduaren lehenengo idazketarekin.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluarekin bat,

AGINTZEN DUT:

1.–Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa sortzen duen Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 224/2015 Foru Aginduaren 2. puntua aldatzea, honela idatzita geldituko baita:

"2. Ondoko kide hauek osatuko dute Nafarroako Genetika eta Ugalketako Aholku Batzorde Teknikoa:

–Jesús María Zabaleta Jurío jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Laguntza bidezko Ugalketaren Unitateko koordinatzailea, zeina batzordeko lehendakaria izanen baita.

–Carolina Vicente Porcel andrea, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko administrazio publikoko teknikaria (arlo juridikoa), zeina batzordeko idazkari lanak eginen baititu, eta, kargu horren ordezko gisa, Javier Alecha Hernández jauna, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Sostengu Juridikoa Emateko Bulegoko burua.

–Patricia Serra Arbeloa andrea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko burua, Luis Otermin Fagoaga jaunaren ordez.

–Marta Martín Vizcaíno andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Prozesu Kirurgikoen Zuzendariordetza Asistentzialeko zuzendariordea, Jon Ariceta Iraolaren ordez.

–María Antonia Ramos Arroyo andrea, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Genetika Medikoaren Zerbitzuko barrutiko fakultatibo espezialista/albokoa.

–Juan Carlos Muruzábal Torquemada jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Obstetrizia eta Ginekologia Zerbitzuko burua.

–Javier Blázquez Ruiz jauna, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko Asistentziaren Etikako Batzordeko burua.

–Laura Terreros Blanco andrea, Prestazio eta Itunen Kudeaketarako Zerbitzuko mediku ikuskatzailea.

–María Fe Idoate Cervantes andrea, Osasun Jardueren Ikuskapenerako Ataleko burua.

2.–Foru agindu hau Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Osasuneko zuzendari nagusiari igortzea eta Jesús Zabaleta Jurío jaunari, Carolina Vicente Porcel andreari, Javier Alecha Hernández jaunari, Patricia Serra Arbeloa andreari eta Marta Martín Vizcaino andreari jakinaraztea.

3.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2307282