110. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 17an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela "Bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuetarako plataforma (bidegorria), Eguesibarrerako" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2023ko otsailaren 7an, Eguesibarko Udaleko osoko bilkurak erabaki zuen "Bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuetarako plataforma (bidegorria), Eguesibarrerako" izeneko obraren proiektua onestea, desjabetze espedienteari hasiera ematea, proiektuak ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda hasiera batez onestea, eta jendaurrean jartzea hamabost egunez.

Jendaurreko aldia bukatutakoan, Udalak, 2023ko maiatzaren 2an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi zuen aipatutako proiektua, baita ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda ere. Onespen horrek berekin dakar onura publikoaren deklarazioa eta okupatu beharra. Halaber, erabaki zuen Nafarroako Gobernuari eskatzea presakoa deklara dezala, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Presakoa da proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, Gorraizko eta Sarrigurengo herriguneen artean bizikletaz mugitzen den jendearen bide-segurtasuna eta zirkulazioa bermatu beharra dagoelako, aintzat hartuta Sarrigurenen daudela udal zerbitzu gehienak. Gaur egun, herri horietako batetik bestera bizikletaz joateko, PA-30 bidea edo NA 8107 errepidea erabili behar dira, eta hori, zalantzarik gabe, arriskutsua da bizikletarientzat ez ezik, aipatu bideetako gainerako ibilgailu eta erabiltzaileentzat ere; beraz, arrisku hori berehala ezabatu beharra dago.

Espedientean jasota dago Eguesibarko Udalaren ziurtagiri bat, non egiaztatzen baita osoko bilkurak erabaki zuela ezen toki-erakundearen kontuetan nahikoa diru egon behar zela eskuragai ukitutako ondasun eta eskubideen balio justua ordaintzeko eta desjabetze-prozeduraren ondoriozko gainerako betebehar ekonomikoei aurre egiteko, modu horretan bermatua izan dadin balio justu gisa finkatutako diru kopuruak ordaintzea ukitutakoei.

Horrenbestez, ikusirik Eguesibarko Udalak alegatutako arrazoiak, eta egiaztatuta balio justua ordaintzeko behar den aurrekontu-kontsignazioa badela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan xedatuarekin bat eta Nafarroako Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluaren bidez aitortzen diren eskumenen arabera, bidezkoa da Nafarroako Gobernuak deklaratzea presakoa dela "Bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuetarako plataforma (bidegorria), Eguesibarrerako" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Horrenbestez, ikusirik txosten juridikoa, eta erabiliz Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak emandako ahalmenak, bai eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandakoak ere, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea presakoa dela "Bizikletetarako eta mugikortasun pertsonaleko beste ibilgailu batzuetarako plataforma (bidegorria), Eguesibarrerako" izeneko obraren proiektua gauzatzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta aditzera ematea erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren kontra, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Eguesibarko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 17an.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2307777