110. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

93E/2023 FORU AGINDUA, maiatzaren 9koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, behin betiko onesten duena Iturengo Arau Subsidiarioen aldaketa, Aurtizko 3. poligonoko 310. lurzatiari dagokiona, Martin Tellechea Mariezcurrenak sustaturik.

Iturengo Udalak idazpuruan azaltzen den espedientea aurkeztu du Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuan, behin betiko onets dadin.

Espedientearen xedea da Iturengo Aurtitz auzoko 3. poligonoko 310. lurzatiaren sailkapena aldatzea, lurzoru urbanizaezina izatetik lurzoru urbanizagarria izatera igarotzeko, eta bizitegi-erabilerarako exekuzio-unitate berri bat mugatzea, non gehienez ere bi etxebizitza egitea aurreikusten baita.

Ingurumeneko zuzendari nagusiaren uztailaren 4ko 670E/2022 Ebazpenaren bidez, aldeko ingurumen txosten estrategikoa egin zen Iturengo Arau Subsidiarioen aldaketa egituratzaile bati buruz, 3. poligonoko 310. lurzatiari dagokiona, ingurumen ukipenik eragiten ez duela iritzita.

Ebazpen hori 2022ko 156. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abuztuaren 5ekoan.

Ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, bai eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren txostena ere, bidezkoa da espedientea behin betiko onestea.

Adierazitakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

1. Behin betiko onestea Iturengo Arau Subsidiarioen egiturazko aldaketa, Aurtitzen 3. poligonoko 310. lurzatiari dagokiona, Martin Tellechea Mariezcurrenak sustaturik.

2. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen. Administrazio publikoak ez diren interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, legezkotasunaren kontrola onesteko egintza honen aurka, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi edo, hala badagokio, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Halaber, onetsitako hirigintza-araudiaren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, dagokion udalak eskaturik, edukia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau espedientearen sustatzaileari eta Ingurumen Eraginaren Atalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Iturengo Udalera igortzea, jakinaren gainean egon dadin eta behar diren ondorioak izan ditzan, eta, zehazki, dagokion hirigintza araudia argitara dezan Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta, hala, onetsitako hirigintza tresnak indarra har dezan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 9an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Aierdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2307320