11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena trafikoari itxitako pistak erabiltzeko, Erriberako autoeskolek ibilgailuak gidatzeko maniobra edo trebetasun praktikak egin ditzaten. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2022ko urriaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aipatu ordenantza.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), erabaki hori argitara eman zen 2022ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 25ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta aipatu foru legearen 325.1.c) artikuluan dauden aginduak bete beharrez, behin betiko onetsitako aldaketak argitaratzen dira, ondotik ematen den eranskinean ezartzen den bezala.

Tuteran, 2022ko abenduaren 14an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, Irene Royo Ortín.

ERANSKINA

Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena trafikoari itxitako pistak erabiltzeko, Erriberako autoeskolek ibilgailuak gidatzeko maniobra edo trebetasun praktikak egin ditzaten

1. artikulua. Oinarria.

Honako tasa hauek ezarri dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluari jarraikiz, tasa eta prezio publikoei dagokienez.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

1. Ordenantza honen zerga-egitatea da Erriberako edozein autoeskolak Tuterako 3. poligonoko 1826. lurzatian dauden trafikoari itxitako pistak erabiltzea, ibilgailuak gidatzeko maniobra edo trebetasun praktikak egiteko.

2. Erabilera horretatik kanpo geratzen dira honako egun hauek: Nafarroako Probintziako Trafiko Burutzak, gidatzeko administrazio-baimenak lortzeko, instalazio horietan gaitasun-probak egiten dituen egunak.

3. Erabilera horretatik kanpo geratzen da aipatutako lurzatiko eraikina, biltegiko materialetarako sarbidea izan ezik.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

1. Subjektu pasiboak dira Nafarroako Erriberan edo bertako edozein udalerritan jarduera ekonomikoan aritzeko ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ) dagokion epigrafean alta emanda dauden autoeskolak, baldin eta pista horiek erabiltzeko baimena eskatu eta lortu badute 2. artikuluan aipatutako jarduerarako.

Baimen hori lortzeko eskaera Tuterako Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztuko da, eta horrekin batera aurkeztuko da 6.1 artikuluaren a) eta b) letretan zerrendatutako baimen-motetako ikastaroetan aurreko urtean matrikulatutako ikasle kopuruaren zerrenda; salbuetsita egonen dira zerrenda hori egiteko daturik ez duten autoeskola sortu berriak.

2. Salbuespen gisa, subjektu pasiboak izan daitezke Erriberan jarduten ez duten eta baimen hori lortzen duten autoeskolak. Udalak uste badu pistak zentzuz erabiltzeko erabiltzaile-kopuru jakin batera iritsi dela, baimen berezi horiek ez dira inola ere emanen. Udalak salbuespenezko baimen horiek baliogabetu ahal izanen ditu, baldin eta, erabiltzaile-kopuru horretara iritsita, Erriberako autoeskola baten eskaera jasotzen badu; kasu horretan, baliatu gabeko hiruhilekoei dagokien zenbatekoa itzuliko da.

4. artikulua. Karga-oinarria.

1. Karga-oinarria izanen da aurreko ekitaldian autoeskolan maniobra edo trebetasun praktikak egin dituzten ikasleen kopurua; salbuespena izanen da autoeskola sortu berrien lehenengo funtzionamendu urtea, kasu horretan urte horretako datuak erabiliko baitira, 6.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2. Oinarri hori zehazteko, subjektu pasiboek 3.1 artikuluaren bigarren paragrafoan adierazitako ikasleen zerrenda emanen diote udalari, urte bakoitzeko azken egun balioduna baino lehen.

5. artikulua. Ordaindu beharra.

1. Ordaindu beharra sortzen da interesdunari jakinarazten zaionean 2. artikuluan jasotako erabileraren baimena.

2. Sortzen diren tasez gain, subjektu pasiboak izanen dira erantzule, pistak erabiltzean eragiten diren kalte guztiei dagokienez. Udalak, beharrezkoa dela uste badu, fidantza uzteko eskatu ahalko die erantzukizun horri aurre egin diezaioten.

3. Baimenak besterenezinak dira; hortaz, onuradunek ezin dizkiete beren eskubideak hirugarrenei eman.

6. artikulua. Tarifak eta kuota.

1. Aplikatuko diren tarifek indarra izanen dute, harik eta Osoko Bilkurak aldatzea edo indargabetzea erabakitzen duen arte, eta honako hauek izanen dira:

a) AM, A1, A2 eta A gidabaimen motetarako maniobra edo trebetasun probak egiteko: 4,93 euro urtean, ikasle bakoitzeko.

b) B+E, C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D, D+E eta LVA gidabaimen motetarako maniobra edo trebetasun probak egiteko, 23,14 euro urtean, ikasle bakoitzeko.

2. Aipatutako tarifetatik abiatuta ordaindu beharreko kuota kalkulatzeko, 4.2 artikuluan aipatutako erabiltzaileen nahitaezko zerrendaz gain, Tuterako Udalak ahalmena du entitate erabiltzaileei eskatzeko komenigarritzat jotzen duen beste edozein dokumentu.

3. Kuota zatiezina izanen da, eta honela kalkulatuko da:

Urteko kuota = (aurreko urtean AM, A1, A2 eta A gidabaimen motetan izandako ikasle kopurua x 1.a tarifa) + (aurreko urtean B+E, C1, C1+E, C, C+E, D1, D1+E, D, D+E eta LVA gidabaimen motetan izandako ikasle-kopurua x 1.b tarifa).

4. Aurreko urteko daturik ez duten autoeskola sortu berrien kasuan, lehen urtean 100 euroko kuota finkoa ordainduko dute, eta hurrengo artikuluaren bigarren apartatuaren a) letran aurreikusitako hainbanaketa aplikatuko zaie.

Lehen kuota horren behin betiko likidazioa, pisten benetako erabileraren arabera, 4.2 artikuluan adierazitako denboran eta moduan emandako lehen datuen arabera eginen da.

7. artikulua. Sortzapena.

1. Diruzaintzak kuotak kobratuko ditu dagokion ordainagiria igorriz subjektu pasibo bakoitzak erabilera-baimenaren eskaeran adierazitako banku-kontura.

2. Sortzapena honela gertatuko da:

a) Lehenengo urtean, autoeskola eskatzaileari pistak erabiltzeko baimena ematen dion ebazpena jakinarazi eta hurrengo hilabetearen barruan. Lehen kuota horren zenbatekoa, 6.4 artikuluan finkatua, hainbanatu eginen da kontuan hartuz ebazpen-proposamena egiten den unean urtean geratzen diren hiruhileko osoak.

b) Hurrengo urteetan, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ean; zergaldia urte naturala izanen da.

8. artikulua. Subjektu pasiboak eskatutako bajak eta ofiziozko bajak, ez ordaintzeagatik.

1. Baja-eskaerak baietsi ahal izateko, subjektu pasiboak udalarekin egunean egon beharko du ordainketan. Baja horiek ondorioak izanen dituzte formulatu eta hurrengo ekitalditik aurrera.

2. Urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, udalak egiaztatuko du betearazpen-bideko zorrik dagoen ordenantza honetan araututako erabilerei dagokienez. Zordun bakoitzari ofizioz hasiko zaio baja-espedientea, eta hasteko erabakian hilabeteko epe luzaezina emanen zaio zor hori kitatzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, espedientea ebatziko dela, autoeskolari ordenantza honetan araututako erabileretan baja emanda eta Nafarroako Probintziako Trafiko Burutzari jakinarazita.

9. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, jarraituko zaio Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorrean xedatutakoari.

2. Arau-hauste oso astuntzat joko da 4.2 artikuluan eskatutako dokumentuko datuak faltsutzea.

10. artikulua. Probintziako Trafiko Burutzari jakinaraztea.

1. Urtero, eta betiere lehenengo hiruhileko naturala amaitu aurretik, 2.1 artikuluan aipatzen den erabilerarako baimendutako autoeskolen zerrenda emanen zaio Probintziako Trafiko Burutzari.

2. Era berean, burutza horri jakinaraziko zaio baimen berri oro, bai eta 8.2 artikuluan jasotako ofiziozko bajak ere.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Gaur egun maniobra edo trebetasun praktikak egiteko pistak Alkatetzaren 2022ko otsailaren 23ko 457. Ebazpenaren arabera erabiltzen ari diren autoeskolek hamabost egun balioduneko epea dute erabilera eskaera aurkezteko, ordenantza fiskal honen testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Lehenengoa.–Tuterako Udalak eta hiriko 3 autoeskolek 1970eko uztailaren 4an sinatutako kontratua suntsiarazten da. Kontratu horretan ezartzen zen 100 pezeta sartu behar zirela udal diru-kutxetan, pistak kontserbatzeko inbertsio eta gastuengatik.

Bigarrena.–Ondoriorik gabe gelditzen da Alkatetzaren 2022ko otsailaren 23ko 457. Ebazpena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza fiskal honetan aurreikusten ez den orotan aplikatuko dira Kudeaketaren, diru-bilketaren eta ikuskatzailetzaren ordenantza orokorra eta aplikatzen ahal diren xedapen guztiak.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean.

Iragarkiaren kodea: L2217121