11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

2023rako aldaketak ordainarazpenen eta prezio publikoen ordenantzetan. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2022ko urriaren 10ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen aldaketak egitea tasak arautzen dituzten ordenantza fiskaletan, indarra har dezaten 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Jarraikiz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduei (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), erabaki hori argitaratu zen 2022ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, urriaren 25ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta espedientea 30 egunez egon da jendaurrean.

Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork aurkeztu gabe inolako alegazio, kexa edo oharrik, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluko aginduak, ondotik argitaratzen dira behin betiko onetsitako aldaketak.

Tuteran, 2022ko abenduaren 14an.–Ogasuneko zinegotzi ordezkaria, Irene Royo Ortín.

ORDENANTZA, TUDELA-CULTURA ENPRESA-ERAKUNDE PUBLIKOAREN PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUENA

16. artikuluaren bigarren paragrafoan ("Castel-Ruiz EEPko batzorde exekutiboak %15 murriztu ahalko du sarreren prezio publikoa, entitateak Gaztambide Antzokian antolatzen dituen jardueretan, honela:") epigrafe berri hau sartu da zerrendan:

–Guraso bakarreko familiei edo gurasobakartasun egoeran daudenei, aldez aurretik egiaztatuta guraso bakarreko familiak direla.

I. eranskinean, "Antolatutako jarduerak" deritzon zutabean sartuta dagoen "Moncayo zinemako sarrerak" apartatuan, aldatu egiten da "Gainerako proiekzioak" delakoetarako sarreraren prezioa. Sarrera bakoitzak 6 euro balioko du.

II. eranskinean, "Zerbitzuak" deritzon zutabean sartuta dagoen "Moncayo zinema erabiltzea" apartatuan, beste prezio bat sartu da. Honela geratzen da:

Moncayo zinema erabiltzea:

225,00 euro egunean saio bat egiteagatik, gehi bidezkoa den BEZa.

350,00 euro egunean bi saio egiteagatik edo saio bana egiteagatik bi egunez jarraian, gehi bidezkoa den BEZa.

Sarrerak saltzeko Tudela-Cultura*-ren salmenta plataforma erabili nahi izanez gero, aukera hauek daude:

1.–Aurrez aurre (Herritarrentzako Arretaren Zerbitzua, HAZ) eta/edo Internetez, Tudela-Culturaren sistemaren bidez: 0,38 euro ematen den sarrera bakoitzeko gehi bidezkoa den BEZa.

2.–Norberaren kabuz: eskatzaileak sarrerak bere kabuz saldu nahi baditu, Tudela-Culturak inprimatuko ditu sarrerak, lokalaren edukiera errespetatzen dela segurtatzeko, eta horregatik 100 euro kobratuko dira, gehi bidezkoa den BEZa.

3.–Norberaren kabuz+Internetez: eskatzaileak sarrerak bere kabuz eta Internetez saltzea erabakitzen badu (azken kasu horretan, Tudela-Culturaren sistema erabiliz), ondokoa ordaindu beharko du.

3.1. 0,38 euro ematen den sarrera bakoitzeko gehi bidezkoa den BEZa, Interneteko sistemaren bidez saltzen diren sarrerengatik.

3.2. 50,00 euro (gehi bidezkoa den BEZa) bere kabuz salduko dituen sarrerak inprimatzeagatik, sarrera kopurua edozein izanik ere.

–Tudela-Culturaren sistema erabiltzen ez bada, ez da aplikatuko.

II. eranskinean, "Zerbitzuak" deritzon zutabean sartuta dagoen "Gaztambide antzokia erabiltzea" apartatuan, "3.220,00 euro egunean bi saio egiteagatik, gehi bidezkoa den BEZa" esaldia, honela geratuko da: "3.220,00 euro egunean bi saio egiteagatik edo saio bana egiteagatik bi egunez jarraian, gehi bidezkoa den BEZa".

II. eranskinean, "Sarrera salmentako zerbitzua Tudela-Cultura EEPak kudeatzen dituen beste leku batzuk erabiltzen direnean" apartatuan, kendu egiten da "Tudela-Cultura EEPak kudeatzen dituen" zatia, eta honela geratzen da: "Sarrera salmentako zerbitzua, beste leku batzuk erabiltzen direnean".

TASAK ARAUTZEN DITUZTEN ORDENANTZAK

4. ordenantza.–Ordenantza, tasak arautzen dituen ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzeko eta eremu publikoa erreserbatzeko, ibilgailuak gelditzeko eta edozein motatako salgaien zamalanak egiteko.

6. artikuluaren bigarren apartatua kentzen da ("Ordutegi mugatuko pasabideen tarifak gehienez ere hamabi orduko baimenari dagozkio").

7. artikuluaren bigarren apartatua kentzen da ("Ordutegi mugatuko pasabideetan, udal-erabakian baimenduriko baliatze-orduen kopuruarekiko proportzionala den kuota kalkulatuko da").

17.1 artikulua ("Dagoeneko emandako aprobetxamenduak aldatzen badira, baja eman izanaren adierazpena ere aurkeztu beharko da")

aldatzen da, eta honela gelditzen da idatzirik:

17. artikulua. Baja-adierazpenak eta titulartasun aldaketak aprobetxamenduetan.

1. Emandako aprobetxamenduak aldatzen badira edo horiei baja ematen bazaie, dagokion adierazpena aurkeztu beharko da.

Ibilgailuentzako sarbideen eta ibien kasuan, higiezinaren jabetza aldatzeak ez dakar, nahitaez, aprobetxamenduaren titulartasuna aldatzea. Horiek izapidetzeko, ezinbestekoa da aldez aurretik dagokion eskaera aurkeztea, eta ez da nahikoa izanen aurkeztea salerosketa-eskritura, jaraunspena onartzeko eta banatzeko eskritura edo katastroan pertsona juridikoa azkentzeko autoa.

Salerosketaren kasuan, higiezinaren lehengo jabeari dagokio titulartasuna aldatzeko eskaera aurkezteko betebeharra. Titularra hiltzen bada edo iraungitzen bada, betebehar hori higiezinaren jabe berriei dagokie. Agiriak aurkeztu eta gero, 18. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da.

18.1 artikuluan ("Titulartasuna aldatzea, interesdunak eskatuta"), esaldi bat gehitzen da paragrafoaren amaieran. Hortaz, honela geratzen da idatzita paragrafo hori: "Titulartasuna aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, bete beharko dira ordenantza honetan ezarritako tramite eta baldintzak. Aldaketa hori ez da izapidetuko aldaketaren xede den aprobetxamenduak likidazioak egin gabe dituen bitartean; salbuespen bakarra izanen dira titular baten heriotzagatik edo azkentzeagatik ofizioz hasten diren titulartasun-aldaketak".

18 bis artikulua gehitzen da. Bi apartatu hauek izanen ditu:

1. 17.1 eta 21.g) artikuluetan jasotako betebeharra betetzen ez dela egiaztatzen den kasuetan, eta dagokion zehapena gorabehera, aprobetxamenduaren titulartasuna aldatzeko prozedura hasiko da ofizioz. Prozedura horretan, 15 egun balioduneko entzunaldia egonen da, proposatutako titularrak alegazioak egin eta egokitzat jotzen duena aurkez dezan.

2. Kasu horietan, titulartasuna aldatzen ahalko da, nahiz eta lehengo titularrak (hildakoa edo iraungitakoa) zorrak eduki.

19. artikuluan ("Eraikuntza ezaugarriak"), amaieran, honela dioen paragrafoa gehitzen da:

"Zutoinak jartzea baimentzen den kasuetan, ezaugarri hauek izan beharko dituzte: zilindrikoak, elementu islatzaileak dituen material malgu beltzezkoak, gutxi gorabehera metro bateko altuera eta 10 eta 20 cm arteko diametroa dutenak. Lurrean torlojututa egonen dira, ahokatu gabe, eta zintarritik 70 bat zentimetrora, baimendutako ibiaren muturretan".

22. artikuluko ("Arau-hauste arinak") 1. apartatuan, c) letra aldatzen da, eta honela geratzen da:

"c) Ez betetzea 21. artikuluko a), b) edo g) letretan ezarritako betebeharrak, edo xedapen iragankorrean ezarritakoak. g) letraren kasuan, arau-haustea izanen da baldin aldaketa gertatu zenetik 3 hilabete baino gehiago igaro badira".

Tarifetan, A) apartatuan ("Ibilgailuak espaloietan sartu eta irtetea, 1.a: pasabideak"), e) letra gehitzen da, testu honekin:

e) Industrialdeetan, 16,8 euro metro lineal eta urte bakoitzeko.

5. ordenantza fiskala.–Ordenantza, eremu publikoa eta herri-lurrak okupatzeko tasak arautzen dituena

"Arau-hausteak eta zehapenak" apartatuan, 19. artikulua aldatzen da. Goiburu hau ematen zaio, eta honela geratzen da:

19. artikulua. Arau-hausteak.

1.–Arau-hauste arinak dira honako hauek:

a) Aprobetxamenduan jarraitzea lizentzia iraungitakoan.

b) Azalera handiagoa okupatzea edo behar baino elementu gehiago erabiltzea, ezarritako mugak gaindituz.

c) Udaltzaingoak honako alderdi hauei buruz emandako jarraibideak ez betetzea: argiztapena, seinaleztapena, aprobetxamenduaren kokalekua eta abar.

2.–Arau-hauste astunak dira:

a) Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduetariko bat egitea, Udalaren nahitaezko lizentziarik gabe.

b) Azalera handiagoa okupatzea edo elementu gehiago erabiltzea, azalera edo elementu kopuru hori baimendutakoa halako 1,5 edo handiagoa denean.

c) Aurreko apartatuko c) letra, ez-betetze horrek ondorio larriak izan dituenean hirugarrenentzat.

Ordenantzaren 20. artikuluari "Fidantzak" deritzo, baina izena aldatzen zaio, eta "Zehapenak" deituko da. Hortaz, fidantzei buruzko artikulua 23.a izanen da, eta 20.a ("Zehapenak") honela geratzen da:

"Zehapen arinek 100 eurotik 750 eurora bitarteko isuna ekarriko dute eta astunek, 751 eurotik 1.500 eurora bitartekoa, betiere kontuan izan gabe jatorrizko egoera leheneratu behar izatea edo egoki dena betetzea, kasuaren arabera.

Dagokion diruzko zehapenaz gain, Udaltzaingoak baimenik gabe instalatutako elementuak kenduko ditu".

21. eta 22. artikuluak gehitzen dira; testu hau izanen dute:

21. artikulua. Murrizketak.

Salaketaren jakinarazpenean jasoko dira administrazio-erantzukizuna onartzeko aukera eta 15 egun balioduneko epean berehala ordaintzekoa. Aukera horietako bakoitzak %20 murriztuko du isunaren zenbateko osoa, eta elkarrekiko metagarriak izanen dira; murriztapen horiek eraginkorrak izanen dira baldin eta zehapenaren aurka inolako ekintza edo errekurtso administratibo aurkezteari uko egiten bazaio edo halakoetan atzera egiten bada.

22. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hausteen preskripzio epeari dagokionez, 6 hilabetekoa izanen da arau-hauste arinendako eta urtebetekoa astunendako, Udalak haien berri duen egunetik kontatzen hasita.

2. Zehapenen preskripzio epeari dagokionez, urtebetekoa izanen da arau-hauste arinendako eta 2 urtekoa astunendako, zehapen-ebazpena jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

6. ordenantza fiskala.–Ordenantza, zeinaren bidez tasa arautzen baita okupatzeko bide publikoa, tokiko erabilera publikoko ondasunak eta erabilera publikoari atxikitako jabetza pribatuko lurrak, terrazekin, mahai hankabakarrekin eta barra-mostradore eramangarriekin.

Xedapen iragankor bakarra kentzen da, hitzez hitz honela dioena:

"Ostalaritzaren sektorea izan da kaltetuenetariko bat, Covid-9 pandemiari aurre egiteko ezarritako murriztapen ondorioz, eta oraindik ere pandemia egoeran jarraitzen dugu. Beraz, 2022ko urterako %20ko murrizketa aplikatuko da dagokion tarifan.

Halaber, pandemiaren aldaera berriek eragindako ziurgabetasunaren aurrean, eta ikusirik pandemiari aurre egiteko neurri murriztaileak etor daitezkeela, 2022an %50eko murrizketa aplikatuko da aurreko paragrafoaren arabera murriztutako tarifaren gainean baldin eta establezimenduen barnealdeak ixten badira. Aplikatuko da murriztapen hori indarrean den bitartean".

15. ordenantza fiskala.–Ordenantza, kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituena.

4.2 artikuluaren a) eta b) apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira:

2.–Ordenantza honi dagokionez, ondokoak dira familia unitateak:

a) Ezkontideek edo bikote egonkorrek osatzen dutena eta, egonez gero, familia-unitate berean bizi diren eta ekonomikoki haren mende dauden seme-alabak. Seme-alabek honako baldintza hauetako bat bete beharko dute:

–Ezkongabea izatea, eta 21 urte baino gutxiago edukitzea.

–21 urtetik gorakoentzat, adinaren baldintza 25 urtera arte luzatuko da baldin behar bezala egiaztatutako desgaitasun iraunkorra (osoa edo luzea) badute, gehieneko adin-mugarik gabe, edo araututako irakaskuntza bat ikasten ari badira edo langabezian badaude eta hala justifikatzen badute.

b) Aitak edo amak eta seme-alabek osatua (guraso bakarreko familia), aurreko apartatuan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.

10. artikuluaren 2. apartatuan, baldintza berberak ezartzen dira guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran daudenentzat, eta honela geratzen da idatzita:

2. Familia ugarietako, guraso bakarreko familietako edo gurasobakartasun egoeran dauden familietako kideek, egoera hori behar bezala justifikatzen badute, zenbateko osoaren %20ko murrizketa izanen dute, orokorra denean, eta zenbateko osoaren %50ekoa, berezia denean.

10. artikuluan 10. apartatu berri bat sartzen da, jarraian adierazitako murrizketak jasotzen dituena. Hortaz, egungo 10. apartatua 11.a izatera igarotzen da.

–Tarifetan %20ko murrizketa izanen dute %33tik %44ra bitarteko desgaitasuna dutenek.

–Tarifetan %40ko murrizketa izanen dute %45etik %65era bitarteko desgaitasuna dutenek.

–Tarifetan %50eko murrizketa izanen dute %65etik gorako desgaitasuna dutenek.

Hobari horiek ezin zaizkie metatu 7., 8. eta 9. apartatuetan ezarritakoei.

Tarifen koadroan, 3. apartatua ("Igerileku denboraldiko abonamenduak, Ciudad de Tudela eta Ribotas") kentzen da. Tarifok aplikatzekoak ziren baldin Covid-19ari loturiko osasun murrizketarik bazegoen. Hortaz, hurrengo apartatuak berriro zenbakitzen dira, modu korrelatiboan.

16. ordenantza fiskala.–Ordenantza, Udalaren kirol medikuntzako zerbitzua erabiltzeko tasak arautzen dituena.

8. artikuluan 5. puntua gehitzen da; hobari hau jasotzen du:

5.–%33eko desgaitasuna edo handiagoa dutenek %20ko hobaria jasoko dute.

Tarifen atalean, "SARS-Cov-2 detektatzeko test lasterrak, B edo C motako azterketak egin aurretik" kontzeptuaren prezioa 10 eurokoa izanen da.

21. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituen Tuterako ekipamendu soziokulturalak (gizarte etxeak eta gazteendako udal aterpetxea) erabiltzeko.

Hobarien apartatuko 9. artikulua aldatzen da. Hain zuzen, handitu egiten da salbuespenezko irekiera orduaren prezioaren gainean egin beharreko murriztapenaren portzentajea, eta honela geratzen da:

9. artikulua. Espazioak eta baliabideak lagatzeko B Programako tarifetarako:

1. Irabazi asmorik gabeko entitateak, baldin Tuterako Udalaren auzo elkarteen erregistroan inskribaturik egonik, Espazioak eta baliabideak lagatzeko B Programaren araubide bereziaren onuradunak badira eta lankidetza hitzarmena sinatu badute Gizarte-etxeen Departamentuarekin, %25eko hobaria izanen dute, ordenantza fiskal honen arabera dagozkien urteko tasetan.

2. Udala laguntzaile gisa agertzen den jarduerak garatzen dituzten entitateek, irabazteko asmorik izan ala izan gabe, %10eko hobaria izanen dute, aplikatzekoa zaien espazioen lagapenaren tasan.

3. Salbuespenezko irekieren kasuan, hobarien taula hau aplikatuko da, emandako salbuespenezko irekiera orduen kopuruaren arabera, eta kontuan hartuko den gutxieneko unitatea ordu batekoa izanen da:

MURRIZTAPENEN PORTZENTAJEA, SALBUESPENEZKO IREKIERA ORDUAREN PREZIOAREN GAINEAN

Salbuespenezko irekiera orduak

2 ordutik 4 ordura

5 ordutik 9 ordura

%15

%20

10.1 artikuluaren a) apartatuan, baldintza berberak ezartzen dira guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran daudenentzat, eta honela geratzen da idatzita:

10. artikulua. Sustapen eta Partaidetzako C Programako tarifetarako.

1.–Sustapen eta Partaidetzako C Programako hiru hileko, sei hileko eta urteko abonamenduen tarifek honako hobari hauek izanen dituzte.

a) Hobaria familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako edo antzekoendako, baldin eta egoera hori agiri bidez frogatzen badute.

a.1. Familia ugaria/Guraso bakarrekoa (Berezia): %50eko hobaria.

a.2. Familia ugaria/Guraso bakarrekoa: %20ko hobaria.

10.1 artikuluan, d) apartatuan, hobari berri bat gehitzen da ("d.8. Desgaitasuna duten pertsonak"):

–Tarifetan %20ko murrizketa izanen dute %33tik %44ra bitarteko desgaitasuna dutenek.

–Tarifetan %40ko murrizketa izanen dute %45etik %65era bitarteko desgaitasuna dutenek.

–Tarifetan %50eko murrizketa izanen dute %65etik gorako desgaitasuna dutenek.

d.8 puntuko hobari horiek ez dira bateragarriak d.4, d.5 eta d.6 puntuetan ezarritakoekin.

Tarifen apartatuan, 1.C eta 1.D tarifak aldatzen dira, eta honela geratzen dira idatzita:

1.C tarifa.

Pertsonek eta entitateek, irabazteko asmorik izan ala izan gabe, Tuterako gizarte-etxeetako espazioak aldi baterako irekitzeagatik, irekitzeko ordutegitik eta egutegitik kanpo (Tuterako Udala salbu).

–Tasa, erabilera-ordu bakoitzeko:

  • Eguneko ordua: 48,00 euro.
  • Gaueko ordua: 62,00 euro.
  • Jaieguneko ordua: 66,00 euro.
  • Jaieguneko eta gaueko ordua: 81,00 euro.
  • Tasa hori soilik ekipamenduaren irekiera kostuari dagokio.

1.D tarifa.

Pertsonek eta entitateek, irabazteko asmorik izan ala izan gabe, Tuterako gizarte-etxeetako espazioak aldi baterako irekitzeagatik, ordutegitik kanpo baina irekitzeko egunetan (Tuterako Udala salbu).

–Tasa erabilera-ordu bakoitzeko:

  • Eguneko ordua: 30,00 euro.
  • Gaueko ordua: 36,00 euro.
  • Jaieguneko ordua: 38,00 euro.
  • Jaieguneko eta gaueko ordua: 47,00 euro.
  • Tasa hori soilik ekipamenduaren irekiera kostuari dagokio.

24. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituena Fernando Remacha Udal Kontserbatorioaren eta Udalaren Musika Eskolaren zerbitzuetarako.

6. artikuluaren b) eta c) apartatuetan, baldintza berberak ezartzen dira guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran daudenentzat, eta honela geratzen dira idatzita:

b) Kategoria bereziko familia ugari batekoak edo guraso bakarreko familia batekoak badira, salbuetsirik egonen dira tasa akademikoak ordaintzetik, familia ugariaren karnet eguneratua edo guraso bakarreko familiaren titulua aurkeztuta, kasuaren arabera, edo egoera horiek frogatzen dituen beste edozein agiri aurkeztuta. Karnet edo titulu hori matrikulazioaren ondotik eskuratuz gero baina eskubidea atzera eraginez aitortzen bazaio, ordaindutako matrikula itzultzeko eskubidea izanen da.

c) Kategoria orokorreko familia ugari batekoak edo guraso bakarreko familia batekoak badira, dagozkien tasa akademikoen %50eko hobaria izanen dute, familia ugariaren karnet eguneratua edo guraso bakarreko familiaren titulua aurkeztuta, kasuaren arabera, edo egoera horiek frogatzen dituen beste edozein agiri aurkeztuta.

6. artikulu horretan "d)" hobari berria sartzen da; honela dio:

d) %33ko desgaitasuna edo hortik gorakoa dutenek dagozkien tasa akademikoen %50eko hobaria izanen dute, egoera hori frogatzen duten agiriak aurkeztuta.

29. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituena establezimenduak irekitzeko eta erabilera aldatzeko lizentzietarako.

Goiburutik kentzen da "...eta erabilera aldatzeko...". Hortaz, honela geratzen da: 29. ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena establezimenduak irekitzeko eta erabilera aldatzeko lizentzietarako.

2. artikuluan ("Ordainarazpenaren xedea"), 2.2a) apartatua kentzen da, bai eta 2.2 artikuluaren azken paragrafoa ere, zehazki: "...lokala edo establezimendua..."-tik "...Josteta Jardueren Txukuntasunaren Estatuko Araudi Orokorretik kanpo daudenak ere."raino.

Hortaz, 2. artikuluaren 2. apartatua honela geratzen da:

2. Ordainarazpen honi dagokionez, honako hau hartuko da irekiera lizentzia gisa: Jarduera bat lehen aldiz ezartzen denean, lokala nahiz instalazioak moldatu edo aldatzen direnean, eta instalazioak iraunkorrak direnean, hala nola garajeak, ibilgailuen erregaietarako biltontziak eta abar.

Lokaletan, instalazioetan edo abian den jardueran funtsezko aldaketak egiten badira, tasa berria ordaindu beharko da, baina soil-soilik aldaketa horien arabera kalkulatuta, eta betiere udal zerbitzuek berriz jardun behar badute aipatu aldaketak bideragarriak izan daitezen.

Lizentzia jakinaraziei dagokienez, honako jarduera guztietarako balioko dute: Plan Orokorreko hirigintzako arauek onartzen edo toleratzen dituzten bulegoko edo administrazioko eta merkataritzako jarduera guztiak.

3. artikuluan ("Titulartasuna aldatzea)",

–Honako hau kentzea azken paragrafotik: "Tokiko Gobernu Batzarrean emanen da aldaketa horien berri". Hortaz, honela geratzen da:

Titulartasun aldaketek ez dute inolako baimenik beharko, jakinarazpen huts bat besterik ez da behar, eta horrek ez du inolako tasarik sortuko. Titulartasun aldaketa komunikatzen ez bada, bai titular zaharrak bai berriak beren gain hartu beharko dituzte lizentziak ekartzen dituen erantzukizun administratiboak.

4. artikuluan ("Zerga-egitatea"),

1etik 6ra bitartean zenbakitutako paragrafo gehienak kentzen dira (3.a uzten da, baina zati bat gehituta) eta 1etik 6ra bitarteko paragrafoen aurretik dagoena aldatzen da. Paragrafo horiek, hain zuzen, esaldi honen atzetik zeuden: "Honako jarduera hauek dira ireki baino lehen jakinarazi beharreko jarduerak".

Hortaz, 4. artikulua honela geratzen da (lehenengo eta azken paragrafoak bere horretan daudela):

4. artikulua. Tasa honetako zergapeko egintza da udal jarduera teknikoa eta administratiboa, zeinaren bidez frogatzen eta egiaztatzen baita ezen hirigintzako antolamenduaren araberakoak direla irekitzeko udal lizentzia behar duten edo egintza jakinarazien prozedurari lotuta dauden lokal eta instalazioetako jarduerak eta betetzen direla jarduera horietan behar bezala aritzeko baldintza guztiak, hau da, ingurumenaren, osasunaren, lasaitasunaren eta osasungarritasunaren arlokoak eta baita ordenantzetan, udal erregelamenduetan eta erregelamendu orokorretan eskatzen diren gainerako guztiak ere.

Ireki baino lehen jakinarazi beharreko jarduerak dira Tuterako HAPOn baimendutako edo toleratutako erabilera baten barruan dauden jarduera berriak ezartzea, funtsezko aldaketak egitea edo jarduera berriak gauzatzea, salbu eta lizentzia behar duten instalazioak behar badituzte, edo hala adierazten bada haien ezaugarri bereziengatik edo aurretiazko txostenen beharrarengatik.

Irekitzeko lizentzia indarrean egonik titulartasuna aldatzeko, prozedura honi jarraituko zaio, baina aurreko lizentzia zer lokaletarako eman zen, bertan ez badira aldatu ez banaketa, ez erabilera, ez ezarritako neurri zuzentzaileak, ezta suteei aurrea hartzeko araudia ere, eta ez bada behar ez hirigintzako lizentziarik, ez jarduera edo instalazio lizentziarik.

6. artikuluan ("Zerga-oinarria"),

esaldi hauek kentzen dira: "...ordaindu beharreko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren urteko kuotaren zenbatekoa eta, bidezko denean..." eta "Urteko kuota hori osoa izanen da, hau da, ez du hobaririk hartuko barnean, ez indarra dutenak ez eta geroan ezar daitezkeenak ere".

Hortaz, 6. artikulua honela geratzen da idatzita:

6. artikulua. Jarduera sailkatuen udal lizentziari eta jarduera ekonomikoen gaineko zergari lotutako jardueretarako, ordainarazpenaren oinarritzat hartuko da ezarritako makineria edo instalazio industrialen balioa.

Zerga hau norberak likidatzeko eskatzen ahalko da.

7. artikuluan ("Tarifak"), b.1 eta b.2 apartatuak aldatzen dira, eta honela geratzen dira:

b.1) Ekonomia jardueren gaineko zerga ordaindu behar badute: 600 euroko zenbateko finko bat gehi instalatutako makineriaren zenbatekoaren gainean %1 aplikatzearen emaitza. Lizentzia hauen eskabidearekin batera aurkeztuko da makina horien zerrenda. Zenbateko horiek Udalaren teknikari batek aztertuko ditu, tasen ordainketan murrizterik izan ez dadin.

b.2) Ekonomia jardueren gaineko zerga ordaindu behar ez badute, arestian aipatutako zenbateko finkoa.

8. artikuluan ("Tarifak"), "... edo erabilera aldatzeko..." kentzen da. Hortaz, honela geratzen da:

8. artikulua. Tasak ordaindu izanak ez du erran nahi irekitzeko lizentzia eskuratu denik.

32. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituen ordezko betearazpenetarako eta betearazpen aginduetarako.

7. artikuluko ehunekoa aldatzen da; %18,68 izanen da.

38. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituena udalaren hemerotekako, artxiboko eta liburutegiko funtsak kopiatzeko zerbitzuak emateko.

Goiburuan, "liburutegia"ren ordez, "liburutegi osagarria" jartzen da. Hortaz, honela geratzen da ordenantzaren goiburua: Ordenantza fiskala, tasak arautzen dituena udalaren hemerotekako, artxiboko eta liburutegi osagarriko funtsak kopiatzeko zerbitzuak emateko.

5. artikuluan, III. apartatuan ("Kopia digitalak"), A letrako tarifak aldatzen dira. "Irudi digitalizatuaren bikoiztea"k 0,10 euro balioko du, eta "Irudia digitalizatzea"k, berriz, 0,20 euro.

III. puntu horretan bertan ("Kopia digitalak"), D) letra gehitzen da ("Planoen kopia digitala"). Metro koadro bateraino 5,25 euro balioko du, eta metro koadro batetik gorako metro koadro edo frakzio bakoitzeko, 3,15 euro.

Gainerako tasak bere horretan geratzen dira.

45. ordenantza fiskala.–Tasak arautzen dituena La Cometa udal ludotekako instalazioak erabiltzeko.

Esaldi hau kentzen da 5. artikuluaren 2. apartatutik: "...irailaren 15etik ekainaren 15era arte". Hortaz, apartatu hori honela geratzen da:

2. Denboraldiko kuotaren kasuan, dena ordaintzea eskatuko da, inskripzio eguna kontuan hartu gabe, eta horrekin denboraldi osoa ordainduko da. Uko egiten bazaio ez da zenbatekoa itzultzeko edo murrizteko eskubiderik izanen.

5. artikuluaren 5. apartatuan, "eguneko hamar aldi"en ordez, "20 ordu" jartzen da, eta esaldi hauek kentzen dira: "dela bi orduko hamar alditan edo dela ordubeteko hogei alditan" eta "eguneko hamar alditarako". Hortaz, apartatu hori honela geratzen da idatzita:

5. Hogei orduko bonua izanez gero, eskuratzen denean ordaindu beharko da. Bonu horrek eskubidea emanen du Udalaren ludoteka zerbitzua hogei orduz erabiltzeko. Bonuak bi denboraldiko iraungipena izanen du, eta ez da egonen ordaindutakoa itzultzeko eskubiderik, uko egiten bazaio.

6. artikuluan ("Hobariak"), zati hau kentzen da 1. eta 3. apartatuetako azken paragrafotik: "10 aldiz erabiltzeko". Orobat, 3. apartatuan, baldintza berberak ezartzen dira guraso bakarreko familientzat edo gurasobakartasun egoeran daudenentzat.

1. %75eko hobaria izanen dute adingabeen inskripzio kuotek, haien familiek oinarrizko errenta jasotzen badute, urteko eta hiruhilekoko abonamenduetan, bai eta bonuetan ere.

3. Halaber, %25eko hobaria izanen dute (familia ugariak eta guraso bakarrekoak, kategoria orokorra) eta % 50ekoa (familia ugariak eta guraso bakarrekoak, kategoria berezia), urteko eta hiruhilekoko abonamenduetan, bai eta bonuetan ere.

4. apartatuan, hobari hau gehitzen da:

4. %33eko desgaitasuna edo handiagoa duten adingabeek %20ko hobaria jasoko dute.

Apartatuak aldatu, eta berriro zenbakitzen dira.

5. 1., 2., 3. eta 4. puntuetako hobariak ez dira metagarriak elkarren artean. Eguneko sarrerak ez du inolako hobaririk.

6. Hobari horiek jasotzeko, aurkeztu beharko dira oinarrizko errenta jasotzen duela frogatzen duen agiria, Nafarroako Gobernuak luzatua, eta familia ugariendako, guraso bakarreko familiendako eta gurasobakartasun egoeran dagoen familiarendako ezarritako titulu ofiziala, bai eta aitortutako desgaitasuna frogatzen duen agiria ere.

Azken xedapenetatik bigarrenean, tarifetan, 10 sarretarako bonua 20 ordukoa izatera pasatzen da.

Ordenantza guztietan, "minusbaliatuak" terminoa aipatzen denean, ordezkatu eginen da "desgaitasuna dutenak" terminoarekin, eta "minusbaliotasun maila" dioen tokian "desgaitasun maila" jarriko da.

Iragarkiaren kodea: L2217084