11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

2023ko udal tributuen ikuskapen planerako irizpideak

Iruñeko Udaleko Zerbitzu Orokorretako Alorreko Ogasuneko Zuzendaritzak 2023. urteko udal tributuen ikuskapen plana onestea ebatzi zuen bi mila eta hogeita biko abenduaren 23an. Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 137. artikuluan ezarritakoarekin bat, argitara ematen dira plan hori gorpuzten duten irizpide orokorrak:

1. 2023. Urteko udal tributuen ikuskapen plana gorpuzten duten irizpide orokorrak.

Udaleko Tributu Ikuskaritzak subjektu pasiboen edo gainerako tributu-zergapekoen tributu-egoera egiaztatzeko ardura du, Udalarekiko dituzten eginbideak eta betebeharrak zorrotz betetzen dituztela egiaztatze aldera, halako eran non, behar izatera, kasuan kasuko erregularizazioa gauzatuko baitu.

Udaleko Tributu Ikuskaritzak egin beharreko jarduketen irismena eta edukia honako hauetan zehazten dira: Iruñeko Udalaren Kudeaketarako, Diru-bilketarako eta ikuskapenerako 0 Ordenantza fiskalean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean, Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean eta, 152/2001 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Foru Komunitateko Tributu Ikuskapenari buruzko Erregelamenduan.

Udaleko Tributu Ikuskaritzaren berezko eginkizunek organo eskudunak onetsitako Ikuskatze Planetara doitu beharko dute.

Ikuskatze Plan bakoitzak ezarri behar ditu subjektu pasiboak hautatzeko eta bertan sartzeko kontuan hartu beharreko irizpideak.

Ikuskatze Plan bakoitza gorpuzten duten irizpide orokorrak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen dira, eta hala betetzen dira Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorreko 137. artikuluan eta Nafarroako Foru Komunitateko Zerga-ikuskapenaren Erregelamendua onesten duen ekainaren 11ko 152/2001 Foru Dekretuaren, 10.4 artikuluan ezarritako betebeharrak.

1.1. Planaren xedea.

Ikuskatze plan honen xedea da subjektu pasiboen zerga-egoera egiaztatzea udal zerga guztietan, arreta berezia jarrita ondorengo zerga hauetan:

–Eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga.

–Lizentziak eman eta kontrol-jarduera administratiboak egiteagatik ordaindu beharreko tasak, hirigintzaren, ingurumen babesaren zein jardueren arloetan.

–Bide publikoa hesi eta aldamioekin okupatzeagatik ordaindu beharreko tasak.

–Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.

–Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen dituzten enpresek tokiko jabari publikoko lurzoru, lurgain eta zorupearen aprobetxamendu bereziengatik ordaindu beharreko tasa (%1,5eko tasa).

1.2. Lehentasunezko arreta-arloak:

1.–Saltzeko eta/edo alokatzeko edo beren ibilgeturako eraikuntzak, instalazioak edo obrak sustatu eta/edo egin dituzten pertsonak, baldin eta horien aurrekontua handia bada eta amaituta badaude.

2.–Eraikinak edo igeltserotza osorik eraikitzeko, konpontzeko eta kontserbatzeko lanak eta, oro har, eraikuntza-lan txikiak egiten dituzten enpresak.

3.–Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuotak "langile bakoitzeko" edo/eta "Kw bakoitzeko" osagaiak dituen jarduerak egiten dituzten enpresak.

4.–Hornidurako zerbitzu publikoak ustiatzen eta tokiko jabari publikoaren aprobetxamendu berezia egiten duten enpresak, % 1,5eko tasari lotuta daudenak.

Iruñean, 2022ko abenduaren 27an.–Ogasuneko zuzendaria, Nuria Larráyoz Ilundáin.

Iragarkiaren kodea: L2300024