11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Ordenantza, terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak bide publikoan eta/edo erabilera publikoko bide pribatuetan paratzea arautzen duena. Behin betiko onespena

Arangurengo Udalak, 2021eko abuztuaren 31n egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea ordenantza bat, arautzen duena terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak bide publikoan eta/edo erabilera publikoko bide pribatuetan paratzea.

Iragarki hori argitaratu zen 2021eko 216. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, irailaren 14an.

Ostalariek eta bizilagunek alegazioak aurkeztu zituzten, eta, beraz, Arangurengo Udalak, 2022ko abuztuaren 30eko osoko bilkuran, erabaki zuen berriz ere jendaurrean jartzea Terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak bide publikoan eta/edo erabilera publikoko bide pribatuetan paratzea arautzen duen ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2022ko 189. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 22an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Arangurengo Udalak, 2022ko abenduaren 20an egin osoko bilkuran, erabaki zuen behin betiko onestea Terrazak eta ostalaritzari lotutako bestelako elementuak bide publikoan eta/edo erabilera publikoko bide pribatuetan paratzea arautzen duen ordenantza.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eman manuei jarraikiz, osorik argitaratzen da ordenantzaren testua.

Mutiloan, 2022ko abenduaren 21ean.–Alkatea, Manuel Romero Pardo.

ORDENANTZA, TERRAZAK ETA OSTALARITZARI LOTUTAKO BESTELAKO ELEMENTUAK BIDE PUBLIKOAN ETA/EDO ERABILERA PUBLIKOKO BIDE PRIBATUETAN PARATZEA ARAUTZEN DUENA

Zioen azalpena

Arangurenen, beste udalerri batzuetan bezala, ostalaritzako establezimendu jakin batzuek ohitura dute bide publikoan terrazak eta gisako elementuak paratzeko, negozioaren luzapen gisa.

Partikularrek jendeari zerbitzu egiteko baliatu nahi dituztenean jabari publikoko ondasunak, hala nola karrikak, plazak, pasealekuak, parkeak eta gisakoak eta aprobetxamendu nahiz erabilera orokorreko gainerako obra publikoak, udalen kontrola behar da, jabari publikoaren aldi baterako erabilera hori administrazioaren ikuspuntutik arautu beharra dagoelako, zerbitzu pribatu horiek baldintza egoki eta seguruetan egiten direla bermatzearren. Ildo berean, udalek bi eskubide hauek bateratu behar dituzte: batetik, jendeak zerbitzu pribatu jakin batzuk karrika, plaza eta abarretan egiteko daukan eskubidea eta, bestetik, gainerako herritarrek espazio publiko horiek osorik baliatzeko daukaten eskubide saihestezina, haien aprobetxamenduan eragozpenik izan gabe.

Bide publikoaren erabilera intentsibo berri hori ostalaritzako establezimenduen ate inguruetan gertatzen da oro har eta, hiriko paisaia aldatzeaz gain, gatazkak ekarri ditu lokal jakin batzuetako erabiltzaileen eta inguruko bizilagunen artean. Komeni da bi alderdi horiek arautzea: batetik, gure kaleen eta plazen estetika, eta, bestetik, bide publikoa okupatzen dutenen eta ondoko etxebizitzetan bizi direnen arteko harremana.

Bestetik ere, gora egin dute upelak eta gisa askotako euskarriak jartzeko eskabideek. Halako elementuak, berez mahaiak ez diren arren, mahaitako baliatzen dira eta ostalaritzako establezimendu batzuen sarreretan paratzen dira, oinezkoendako karriketan batez ere. Era berean, gero eta ohikoagoa da loreontzi-euskarri handiak eta jendea erakartzeko bestelako apaindurak paratzea ate inguruetan, hain zuzen ere saltokietan, ostalaritzako establezimenduetan eta beheko solairuetan kokaturiko negozioetan, eta halakoak ere arautu beharra dago, apaingarritako eta informazioa emateko baliatzen diren elementu horiek beren helburua bete dezaten eta, aldi berean, bide publikoaren erabilera behar bezalakoa izan dadin, gainerako erabiltzaileei trabarik eragin gabe.

Azkenik, hiri-plangintzak kontuan hartu behar ditu espazio publikoaren erabilera bereiziak, eta baloratu behar ditu gizarte-ongizatea sortzen duten eguneroko jarduera eta zeregin guztiak (zaintza-lanak barne). Hori dela eta, genero-ikuspegia txertatuko da espazio publikoaren azterketan, eta, zehazki, erabilera publikoko espazio publikoaren eta/edo pribatuaren erabileraren plangintzan eta arauketan, baliabideak ekitatez eskuratu ahal izatea bermatzeko; izan ere, adierazi den bezala, espazio publikoaren erabilera horretan desberdintasunak daude.

Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuz idatzi da ordenantza hau.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da udal-mugartearen barruan dauden jabari publikoko edo pribatuko lurren aprobetxamenduaren araubide juridikoa ezartzea, lur horiek aldi baterako okupatzen direnean, dela terrazekin dela ostalaritzako zein merkataritzako establezimenduen jardueren osagarri diren bestelako elementuekin.

Arautzean, emakumeen eta gizonen berdintasunaren printzipioa beteko da, genero-ikuspegitik berdinzaleagoa izanen den espazio baten eraketa errazteko.

2. artikulua. Esparrua.

Ordenantza hau erabilera publikoko espazio guztiei aplikatuko zaie (karrika, plaza, barneko patio, espazio libre, berdegune eta abarrei), titulartasun publikokoak edo pribatukoak izan. Erabilera publikoa dutela erabakiko da bai izatezko egoerari begira bai indarreko planeamenduko determinazioen aplikazioari begira.

3. artikulua. Definizioak.

Terrazaren kontzeptuaren barnean mota askotakoak sar daitezke hiriaren paisaian ikus daitekeenez, hala nola mahaiak eta aulkiak dituzten terrazak, itxitura iraunkorrak dituztenak edo halakorik ez dutenak, edo bakarrik upel eta tabureteez osatuak. Ordenantza honen ondorioetarako, zenbait elementu bereizgarri hartzen dira aintzat:

–Mahaiak, aulkiak eta bankuak, upelak eta tabureteak: Kontzeptu horretan sartzen dira establezimenduak, ostalaritzako jardueran diharduela, bezeroen esku uzten dituen elementu eramangarri guztiak, dela esertzeko dela kontsumizioak gainean jartzeko. Haien arteko desberdintasunak funtzionalitatean egonen dira: eserlekuak izan daitezke pertsona bakarrak erabiltzekoak (aulkiak eta tabureteak) edo gehiagok baliatzekoak (bankuak), eta diseinatuak egon daitezke zutik erabiltzeko (upelak eta tabureteak) edo eserita baliatzeko (mahaiak, aulkiak eta bankuak).

–Babesteko elementuak eta haize-babesak: kontzeptu horretan sartzen dira terrazak hartutako eremua mugatzeko eta perimetroan kokaturiko mahaiak babesteko funtzioa duten elementuak, baldin eta establezimendukoek ekipamendu horiek beren kabuz eraman baditzakete eta ordenantza honetan haientzat ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

–Itxiturak: kontzeptu honetan sartzen dira itxiturako elementuei eusten dien egitura sostengatzaile batekin eratutako elementuak, zeinen funtzioa baita terrazak hartutako espazioaren bolumena mugatzea; elementu horiek erraz desmuntatzeko modukoak izan behar dira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak bete behar dituzte.

–Apaingarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz eraman daitezkeen elementuak, bide publikoan, ostalaritzako edo merkataritzako establezimendu baten ondoan, ezar daitezkeenak, baldintza estetikoak hobetzeko edo establezimenduak eskaintzen dituen produktuak handik igarotzen diren pertsonei ikusarazteko; halakotzat joko dira loreontziak, dekorazioko irudiak, etab., eta horien tankerako beste elementu batzuk.

–Eguzki-babesak edo eguzkitakoak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko elementu guztiak; batzuk eramangarriak dira (eguzkitakoak) eta beste batzuek egitura autosostengatzailea eta desmuntagarria dute (eguzki-babesak). Babes elementua bakarrik terrazaren eremua estaltzeko hedatzen ahalko da, eta ez ditu izanen alboetako babes elementuak; halakoak izanen balitu, itxituraren kategorian sartuko litzateke.

–Eguzki-oihalak: terraza instalazio guztietan paratzen ahalko dira dagokien eraikinaren fatxadari lotutako eguzki-oihal hedagarriak, terrazaren erabiltzaileak eguzki izpietatik babesteko, betiere horizontalki hedatzen badira eta ordenantza honetan haientzat eskatutako baldintzak betetzen badituzte. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak ez bezalakoak dira, azken horiek ezin direlako inola ere eraikinaren fatxadan lotu.

–Berogailuak: kontzeptu honetan sartzen dira terrazak hartzen duen eremua berotzeko erabiltzen diren elementu guztiak; bai berogailu eramangarri autonomoak bai fatxadari erantsita egonik hornidura elektrikoaren instalazio finkoa behar dutenak.

–Galtzadetako gehigarriak: kontzeptu honetan sartzen dira erraz desmunta daitezkeen elementuak, espaloi bat handitzen laguntzen dutenak, terraza bat errazago jartzeko haien gainean.

4. artikulua. Baimenak.

1. Halako instalazioak ezarri baino lehen udal baimena eskuratu beharko da, ordenantza honetan eta aplikatzekoa den araudi sektorialean ezarritakoari jarraikiz.

2. Terrazaren baimen agiria, xehetasun planoa eta/edo proiektu teknikoa, eta ezarritako elementuen homologazioak, edo haien fotokopia, jarduera egiten den tokian egon beharko dira, betiere erabiltzaileek eta herritarrek garbi ikusteko moduan, eta udal agintarien eskura.

3. Organo eskudunak onetsitako baimenean honako alderdi hauek jasoko dira, gutxienez ere: baimenduriko espazioaren neurriak, funtzionamendu orduak, kokalekua, baimendutako zer elementu dauden eta zenbat eta nolakoak diren, eta erabilera mugatzen duten baldintzak.

4. Interes publikoko inguruabarrak tartean daudelako (obra publiko zein pribatuak, ekitaldi publikoak, oinezko kopuru handiak, irisgarritasun kontuak, larrialdiak, bide segurtasunari dagozkion aferak edo beste edozein), ezin bada lurzorua baimenduriko erabilera horretarako egiazki baliatu, baimena baliorik gabe geldituko da inguruabar horiek desagertu arte, eta horrek ez du inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik ekarriko.

5. Halaber, interes publikoaren arrazoiak direla eta, administrazio emaileak bere kabuz eta kalte-ordaina jasotzeko eskubiderik sortu gabe kentzen ahal ditu baimenak, geroago onetsitako baldintza orokorrekin bateraezinak direnean, jabari publikoari kalte egiten diotenean, interes publiko handiagoko jarduerak galarazten direnean edo guztien erabilera trabatzen denean.

6. Baimena emanik, ur-harguneak, estalkiak, erregistroak eta okupazio eremuan diren gainerako instalazioak erabili eta konpondu beharko dira.

7. Baimenak hirugarrenei kalterik egin gabe eta jabetza eskubideari eutsiz emanen dira.

8. Lurzoru publikoan edo erabilera publikoko lurzoru pribatuan kokatutako terrazetan, gehienez 16 mahai eta 64 aulki baimenduko dira establezimendu bakoitzeko, betiere horretarako baldintzak betetzen badituzte. Inola ere ezin izanen da 16 mahai baino gehiago baimendu.

II. TITULUA

Instalazioen ezaugarriak

5. artikulua. Terrazen tipologia.

1. Terrazatzat jotzen da jabari publiko edo pribatuko lur eremua, ostalaritzako jarduerekin zerikusia duen aprobetxamendua izan dezakeena bertan zenbait elementu jarriz, eta establezimenduen barnean egiten den jarduera handitu edo zabaltzeko eremu gisa erabiltzen dena. Instalazio horiek, kasu guztietan, aldi baterako izanen dira.

2.–Era zabalean ulertu behar da "terraza" kontzeptua, hor hainbat tipologia sartuta (mota eta neurri desberdinetako mahai eta aulkiak dituztenak, upelak eta tabureteak, elementu mugatzaileak eta eguzki-oihalak dituztenak edo ez dituztenak). Edonola ere, ordenantza hau aplikatzean, bakarrik baimentzen ahalko dira ordenantza honek aipatzen dituen terraza elementuak dituzten instalazioak, eta elementu horiek Arangurengo Udalean aurkeztutako baimen eskaeran agertu beharko dira eta eskatutako baldintzak bete beharko dituzte.

6. artikulua. Terrazetako elementuak.

1. Oro har, bakar-bakarrik honako elementu hauek eratzen ahal dituzte terrazak: mahaiak eta aulkiak, bankuak, upelak eta tabureteak, babes elementuak eta haize-babesak, itxiturak, apaingarriak, eguzki-babesak edo eguzkitakoak, eguzki-oihalak, berogailuak eta espaloi handitzeak.

2. Terraza eratzen duten elementuen arabera, titularrak eskaeran adieraziko du zer elementuk osatuko duten bere instalazioa, eta ezin izanen du beste elementu bat gehitu, udal baimen osagarria lortu bitarte.

3. Salbuespenezko kasuetan, aurrekoak ez bezalako terraza elementuak paratzen ahalko dira, titularrak dagokion eskaera aurkezten badu, teknikari eskudunak sinatutako proiektu teknikoarekin, hartan garbi adierazten direla elementu horren ezaugarriak eta helburua.

4. Terrazako elementu bat ere ezin izanen da zoladuran finkatu, salbuespenezko baimen berariazkoa lortzen ez bada behintzat; beraz, elementu guztiak eramangarriak edo erraz desmuntatzekoak izanen dira, kasuen arabera.

6.1. artikulua. Terrazaren okupazio dentsitatea.

1. Zeinahi ere diren instalazioan erabiltzen diren elementuak, terrazatako erabilitako espazioaren okupazioak, oro har, honako dentsitatea izanen du gehienez ere: mahai 1 (0,80 m zabal eta 1,60 m luze, gehienez) eta 4 aulki (hau da, 4 lagun 4 m²-ko, pasabidea barne).

2. Terrazak hartzen duen espazioa garbiro eta era iraunkorrean egonen da mugatua, zehaztuko den seinalizazio sistema baten bidez: baimendutako azalera mugatzen duen poligonoaren erpinetan jarritako pintura markak edo antzeko zerbait.

6.2. artikulua. Elementuen neurriak eta ezaugarriak.

1. Ezaugarri orokorrak.

–Altzariek diseinu eta tratamendu bateratua izan beharko dute, eta ingurunearekin bat datozen koloretakoak izanen dira.

–Salbuespenik gabe, elementu bat ere ez da aterako terrazarako baimendutako eremutik.

–Ordenantza honetan berariaz baimentzen diren elementuak bakarrik finkatuko dira zoruan edo eraikinaren fatxadan, besterik ez.

–Oro har, haien ezaugarriek eta neurriek aukera emanen dute berehala kentzeko, ohiz kanpoko baliabiderik erabili gabe.

2. Elementu bakoitzaren ezaugarriak:

–Mahai eta aulkiak:

Mahai karratuak baimentzen dira, gutxi gorabehera 80 zentimetroko aldea dutenak. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira. Haiek egitean erabilitako materialen arabera, lurreko euskarriek gomak edo neoprenoak izanen dituzte, zarata txikiagotzeko.

–Banku eta mahai linealak:

Salbuespenez, eta aldez aurretik eskaera arrazoitua eginik, baimena ematen ahalko da aurreko atalean deskribatutakoak baino neurri handiagoko banku eta mahaiak jartzeko. Eskaeran azaldu beharko da, elementu horien neurriak eta ezaugarriak ez ezik, titularrak non eta nola gordeko dituen altzari horiek jardueraren funtzionamendu orduetatik kanpo, oporretan, etab.

–Upelak eta tabureteak:

Upelak eta tabureteak jar daitezke, haien pisu eta neurriengatik eramateko modukoak badira; upelek gutxi gorabehera 60 cm-ko aldea edo diametroa eta 1,20 metroko garaiera izanen dute, eta tabureteen garaiera upelari egokitutakoa izanen da. Erraz garbitzeko moduko materialekoak izanen dira.

Tabureteen hanken azpian gomazko edo neoprenozko babesak jarriko dira, arrastaka eramatean ahalik eta zaratarik txikiena egin dezaten.

–Babesteko elementuak eta haize-babesak:

Oro har, babesteko elementuen bidez mugatuko da terraza, eta haien garaiera 0,90 eta 1,20 metroen artekoa izanen da. Espazio-eremu berean daudenak forma eta kolore berekoak izan beharko dira. Haizea ibiltzen den lekuetan, haize-babesak paratzea baimentzen ahalko da, eta haien garaiera 1,60 metro bitartekoa izaten ahalko da gehienez ere. Elementu mugatzaileak gardenak izanen dira 100 cm-ko garaieratik aurrera. Ezin izanen dira lurrean lotu, eta haien euskarri moduan, oro har, barruko aldean jarritako kontrapisua erabiliko da, landareontzia edo antzeko zerbait, elementuaren egonkortasuna bermatzeko adinako pisua duena. Elementu hauen gehieneko luzera eta, oro har, pisua eta neurriak egokiak izanen dira, elementuak, kendu behar direnean, azkar kendu ahal izateko, prozedura arrunten bidez, establezimenduak dituen bitartekoak erabilita.

Ingurumen edo/eta soziologia arrazoiak direla-eta, udalak komenigarritzat jotzen badu, babes-elementu horiek estaltzera eta ixtera behartu ahal izanen du.

–Eguzki-babesak eta eguzkitakoak:

Eguzki-babesak, oro har, oinezkoen eremuetan edo bulebarretan jartzen ahalko dira bakarrik, eta, baimentzeko, ezinbesteko baldintza izanen da teknikari eskudunak sinaturiko proiektu teknikoa aurkeztea.

Eguzkitakoak eramangarriak izanen dira eta, beraz, egitura arina eta tolesgarria izanen dute.

Eguzki-babesek egitura autosostengagarri eta desmuntagarria eduki beharko dute, beren ezaugarri eta neurriekin bat datorrena, eta, horretarako, egitura arina izanen da eta modu ez solidarioan mihiztatuta egonen da, ezin izanen da lurrean edo eraikinaren fatxadan lotu, ezta bide publikoko beste ezein elementutan ere, eta zilegi izanen da beheko aldean kontrapisuak jartzea, landareontziz edo antzekoz osatuta, elementuaren egonkortasuna ziurtatzeko adinako pisuz.

Eguzki-babesen eta eguzkitakoen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Espazio-eremu berean daudenak forma eta kolore berekoak izan beharko dira. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez eta 3,50 metro gehienez, eta kasuan kasuko fatxadako edozein baoren azpialdeko ertzetik behera kokatuko dira. Elementu horiek ez dute inola ere izanen terrazarako baimenduriko eremutik irteten den elementurik.

–Eguzki-oihalak:

Oro har, edozein terraza instalaziok babesgarri hau izan dezake.

Elementu horiek eraikinaren fatxadan soilik lotzen ahalko dira, eta tolesgarriak edo bilgarriak izanen dira. Eguzki-oihala plano horizontalean edo makurtuan hedatu beharko da, debekatuta daudelarik alboko eguzki-oihal mota guztiak.

Eguzki-oihalen babes elementua oihalezkoa izanen da, olana edo antzekoa. Espazio-eremu berean daudenak forma eta kolore berekoak izan beharko dira. Elementu horiek 2,20 metroko garaiera izanen dute gutxienez, garaiera hori isurkiaren beheko ertzeraino neurtuta, halakorik badute, eta gehieneko garaiera 3,50 metrokoa izanen da; betiere kasuan kasuko fatxadako edozein baoren azpialdezko ertzetik behera kokatuko dira.

–Berogailuak:

homologaturiko ereduak baizik ezin izanen dira jarri, eta kontsumo baxukoak izanen dira; ingurumenaren jasangarritasuna txukun errespetatuz instalatuko dira.

Berogailuak eramangarriak eta aise desmuntatzeko modukoak izanen dira eta, hortaz, ezin izanen dira zolan tinkaturik egon. Diseinuak (dimentsioak, pisua etab.) aukera emanen du lekuz aise aldatzeko establezimenduaren baliabideak erabiliz; arrazoi beragatik, gas-berogailuen kasuan, erregai-botila kentzen ahalko da modu independentean.

Argindarrez elikatzen diren berogailuen kasuan, hornidura elektrikoa instalatu behar denean, soilik onartuko da eraikinaren fatxadan paratzea hori, edo integratua itxituren edo eguzki-babesen egituran, terraza elementu horiez hornituta badago.

Kasu horietan, instalazio elektrikoa diseinatuta egonen da titularrak azkar eta aise desmuntatu ahal izateko, inolaz ere ez galarazteko ixteko elementuaren edo eguzki-babesaren desmuntaia.

Ezin izanen da inolako kable elektrikorik paratu bide publikoko zoruan.

Fatxadaren ondoan oinezkoak oztoporik gabe igaro daitezen, paramentu honi finkatutako berogailuen osagai bat ere ez da egonen 2,20 metroko altueraren azpitik.

6.3. artikulua. Elementuen segurtasuna.

1. Istripurik ez sortzeko maneran diseinatu eta kokatuko dira elementu guztiak. Jabearen erantzukizuna izanen da baldintza horiek mantentzea.

2. Eguzki-babesak eta eguzkitakoak, eta haize bortitzak kaltetu dezakeen beste edozein elementu, tolesten edo jasotzen ahalko dira, haizearen abiadura denean haien egileak segurtasunerako gehieneko abiaduratzat jotakoa bezalakoa edo handiagoa. Eguzki-babesen kasuan, proiektu teknikoak adierazi beharko du zer kalkulu hipotesien arabera diseinatu diren elementu hauen egiturak.

3. Terraza haizeak tai gabe jotzen duen alde batean kokaturik egoteagatik egoerak hartaratzen badu, baimena ematen ahalko da haize-babesak paratzeko. Nolanahi ere, Udalak babesteko elementu hauek paratzeko galdatzen ahalko du, beharrezkoa iruditzen zaionetan.

4. Segurtasun-arrazoiengatik, inola ere ez da onartuko terrazako elementuak bide publikoan biltegiratzea.

5. Ikusmen-desgaitasuna dutenek hauteman ahal izateko, terrazako elementuen zati bat ere ez da aterako baimendutako eremutik kanpo; orobat, ez da onartuko baimendutako eremuaren perimetroan elementuak jartzerik (elementu mugatzaileak, haize-babesak, itxiturak edo eguzki-babesak), baldin eta haien azpiko ertza 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago zoladuratik. Arrazoi beragatik, elementu hauetako bakoitzaren gutxieneko garaiera 90 zentimetrokoa izanen da, zoladuratik gora, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa izanen da gehienez.

6. Terrazek irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bete beharko dituzte, genero-ikuspegia txertatuta.

7. artikulua. Apaingarriak.

1. Apaingarriak jartzeko baimena ematen ahalko da (loreontzi-euskarriak, lore-askak edo antzekoak) ostalaritzako establezimenduetan, establezimenduak bere jardunari lotutako terraza izan ala ez izan. Elementu hauetako mota bat bakarrik ezartzen ahalko da establezimendu bakoitzeko; publizitate mezuren bat badute, kokatzen diren establezimenduari buruzkoa izaten ahalko da bakarrik.

2. Oro har, ez da argindarra behar duen elementurik baimenduko. Karrika edo etxesailen baterako proiektuen salbuespenezko kasuetan baino ez dira onartuko argindarra behar duten elementuak eta halakoetan bete beharko da Behe Tentsioko Erregelamendu Elektroteknikoa eta aplikatzekoa den araudia.

3. Elementu hauen gehieneko altuera 1,60 metrokoa izanen da, eta ez dute hartuko 80 × 80 cm-ko azalera baino handiagoa, proiekzio horizontalean.

4. Establezimenduaren beraren fatxadako mugen arteko eremuan baizik ezin dira jarri, eta ezin dira okupatu aldameneko saltokietako edo atarietako eremuak.

5. Elementu horiek fatxaden kontra jarriko dira eta ez dira metro 1 baino gehiago aterako, salbu eta udal agintaritzak berariaz bestelako antolamendu bat baimentzen badu behar bezala justifikaturiko kasuetan, erabili beharreko elementu motak hala eskatzen duelako, eta betiere espaloiaren ezaugarriek posible egiten badute oinezkoendako ohiko joan-etorria mantentzea.

6. Ikusmen-desgaitasuna dutenen segurtasuna bermatzearren, berariaz debekatuta dago tripode tankerako elementuak edo antzekoak paratzea.

7. Ezin izanen dira finkatu lurrean edo eraikinaren fatxadan edo bide publikoko beste edozein elementutan, eta diseinu egokia izanen dute bere kabuz egonkorrak izateko.

8. Apaingarriek ezin izanen dituzte inola ere trabatu edo mugatu establezimendura edo aldameneko atari, garaje eta abarretara sartzeko edo handik ateratzeko baldintzak.

9. Ikusmen-desgaitasuna dutenek hauteman ahal izan ditzaten, ez dira baimenduko apaingarriak, baldin eta haien azpiko ertza zoladuratik 15 zentimetro baino distantzia handiagora badago. Arrazoi beragatik, elementu bakoitzaren gutxieneko altuera 90 zentimetrokoa izanen da, eta elkarren jarraian dauden elementuen arteko distantzia 15 zentimetrokoa, gehienez; muga honetan salbuespen izanen dira landareontziak, uste delako gaineko landareei esker erraz hautematen ahal direla.

8. artikulua. Eguzki-oihalak.

1. Ordenantza honek ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan eguzki-oihalak jartzeko baimena aurreikusten du.

2. Ostalaritzako establezimenduei lotutako terrazetan ezartzen diren eguzki-oihalek honako muga hauek izanen dituzte:

–Eguzki-oihala eratzen duten elementuetako bakar bat ere, salbuespenik gabe, ezin izanen da atera terrazarako baimendutako eremutik; hau da, erabat hedatu ondoren, eguzki-oihalak espaloiaren planoan duen proiekzio horizontalak ez ditu gaindituko baimendutako eremuaren mugak.

–Eguzki-oihala elementu isolatua izan beharko da, hau da, ez du atal komunik izanen mugatzeko edo babesteko beste elementu batzuekin (itxitura, bereizgarri, eguzki-babes, haize-babes edo antzekoekin), eta ez da inola era lotuta egonen terrazako beste elementuekin.

–Berariaz debekatzen dira batzuetan terrazaren eremua mugatzeko erabiltzen diren alboko eguzki-oihalak; haien lekuan, titularrak eskatzen ahalko du babesteko elementuak edo haize-babesak paratu ahal izatea.

–Eguzki-oihalek haien establezimenduaren publizitatea izaten ahalko dute bakarrik; titularrak publizitateko bestelako mezuak jarri nahi baditu, ostalaritzako jarduerarekin zerikusia izan beharko dute eta diseinu apala. Gehienez ere babes-elementuaren tamainaren %10eko azalera hartzen ahalko dute.

3. Baimendutako ordutegitik kanpo, bilduta egon beharko dute.

III. TITULUA

Bide publikoaren baldintzak

9. artikulua. Terrazak jartzeko baimenaren baldintza orokorrak.

1. Bide publikoetan terrazak eta apaingarriak paratzen direnean, eremu horien erabilera orokorra errespetatu beharko da, lehentasuna baitu. Hortaz, ez diete traba eginen oinezkoen joan-etorriei, ezta kalterik ere oinezkoen edo ibilgailuen segurtasunari.

2. Udal agintari eskudunek instalazio horietarako baimenari ezetz esan diezaiokete honelako inguruabarrak tarteko:

–Bide segurtasunari kalte egiten zaionean (ikuspena gutxitzea, gidariak arreta galtzea) edo oinezkoen joan-etorria nabarmen zailtzen denean.

  • Inguruko eraikinen eta lokalen segurtasunean (ebakuazioa) eragina dutenean.

–Berdeguneak edo lorategiak okupatzen dituztenean.

–Hiri altzarien edo ekipamenduen (bankuak, iturriak, etab.) erabilera galarazten dutenean, edo modu larrian zailtzen.

3. Oro har, terraza non jarri nahi den, karrika horretara ematen duen fatxada duten establezimenduei baino ez zaie baimenik emanen terrazak eta antzeko elementuak jartzeko.

Oinezkoendako karriketan edo salbuespenezko beste kasu batzuetan, bestelako kokalekuak eta bestelako neurriak ere onartzen ahalko dira, eta alderdi horiek baimenaren ebazpenean jasoko dira.

4. Udal agintari eskudunak terrazak eta gisako elementuak ez baimentzeko edo mugatzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak hala eskatzen badu, arrazoi hauek tarteko: trazadura, kokapena, bide segurtasuna, obra publiko edo pribatuak, oinezkoen joan-etorri handia, saturazioa, ikuspena edo irisgarritasuna, paisaia edo ingurumen aldetik intereseko alderdiak izatea edo antzeko beste edozein inguruabar dela eta.

5. Oinezkoendako eremuetan terrazak eta antzeko elementuak paratzeko eskabideak kasuan kasuko ezaugarri berezien arabera ebatziko dira, betiere kontuan hartuz ingurunea, begi-inpaktua, jendearen eta ibilgailuen joan-etorria, irisgarritasunaren gaineko araudia, atarietako sarbideak eta egokitzat jotzen diren gainerako inguruabar guztiak.

6. Terrazak dituzten establezimendu guztietan, nahitaezkoa izanen da Arangurengo Udaleko arloek egiten dituzten informazio eta/edo sentsibilizazio kanpainetan laguntzea.

7. Establezimenduak publizitatea edo komunikazioa erabiltzen badu, hura ez da sexista izanen, eta ez du genero-estereotipoetan sakonduko, pertsonak giza duintasun gutxiago edo gehiagorekin azalduz, sexuaren, sexu-orientazioaren, sexu-identitatearen eta/edo genero-identitatearen arabera, edo sexu-objektu soil gisa azalduz, eta ez du emakumeen aurkako indarkeria justifikatu edo hutsalduko, edo indarkeria hori gauzatzera bultzatuko.

10. artikulua. Bide publikoan terrazak instalatzeko baldintzak.

1. Oro har, ikusmen-desgaitasuna dutenen joan-etorriak ez oztopatzeko, terrazak kokatuko dira espaloiaren zintarriaren ondoan; betiere terrazei lotutako establezimendua zein eraikinetan dagoen, bada eraikin horren espaloiaren zintarriaren ondoan. Establezimenduaren fatxadaren zabalera bera edo txikiagoa izanen du terrazak, eta establezimenduaren parean kokatuko da, zintarriarekiko era paraleloan, oinezkoak igarotzeko lekua utzita eraikinaren fatxadaren ondoan.

Hala ere, udal agintaritzak aldez aurretik baimen arrazoitua emanda, establezimenduaren fatxadari itsatsitako terrazak jar daitezke; kasu horietan, terrazak bere perimetroan mugatuko dira babes elementuekin edo haize-babesekin, eraikinaren fatxadaren luzapena balira bezala, betiere instalazioak ikusmen-desgaitasuna dutenen joan-etorria ahalik eta gutxien oztopatzeko moduan; betebehar hau ez da aplikatuko fatxadaren ondo-ondoan jarritako upel lerro batez osaturiko terrazetan.

2. Oro har, terraza espaloiaren zintarriaren paraleloan jartzen denean, luzetara jarriko da, espaloi ertzarekin hegiz hegi, eta zintarritik 80 zentimetro bederen urrunduta, aparkaturiko ibilgailuetako bidaiarien sarrera-irteerak ez oztopatzeko, non ez dagoen 110 cm-ko garaiera duen babes-hesiren bat, halakoetan gutxienez 10 zentimetroko tartea gorde beharko baita.

3. Orobat, eta arau orokor gisa, establezimendu batek lortzen duenean zintarriaren ondoan kokaturiko eremu batean terraza jartzeko baimena, ez du lortzen ahalko fatxadaren ondoan beste terraza eremu bat jartzeko baimenik, horrela oinezkoek ez baitira ibili beharko bide publikoan bi terraza eremuren artean. Aipatu mugaren salbuespena da fatxadaren ondo-ondoan upel lerro bat jartzea.

4. Hiri diseinu bateratua eta oinezkoen zirkulazio normala bultzatzearren, zenbait establezimenduk eskatzen badute baimena beren terraza espaloi tarte berean jartzeko, ez dira aldi berean baimenduko terraza batzuk fatxadaren ondoan eta beste batzuk espaloiaren zintarriaren lerroan edo galtzadaren gainean; udal agintaritzak irizpide berari jarraituko dio guztietarako eta, kasu orokorrerako azaldu den moduan, terrazak galtzadaren zintarriaren ondoan jartzeak izanen du lehentasuna.

5. Oro har, ezin izanen da terrazarik jarri oinezkoendako pasabideen parean, desgaitasuna dutenentzat erreserbatutako aparkalekue parean, ez eta autobus geralekuen eta edukiontzien parean ere; halako tokietan jartzen ahalko da, terraza eraikinaren fatxadaren ondoan jartzeko baimena ematen denean eta, gainera, terrazaren eta espaloi ertzaren artean gutxienez ere 4 metroko tartea dagoenean oinezkoak pasatzeko.

6. Oro har, ez da terrazarik baimenduko ez ataripeetan, ez arkupeetan, ezta estalitako bide tarteetan edo antzekoetan ere. Terraza eta establezimenduaren artean ataripe bat dagoenean, terraza eraikinaren kanpoko lerrokaduraren ondo-ondoan kokatuko da, ataripetik kanpo. Salbuespenez eta arrazoituta, kanpoko espaloiak ez duenean terraza paratzea baimentzeko adinako tamainarik eta ataripea behar bezain handia denean horretarako, udal agintaritzak baimentzen ahalko du ipintzea terraza ataripe edo arkupearen barruan. Erabilera publikoko espazio pribatua bada, espazio horren jabe den auzotarren erkidegoaren baimena izan beharko du.

7. Establezimendua oso estua izateagatik terraza egokirik paratu ezin denean, salbuespenez eta udal agintaritzak aldez aurretik baimenduta, terraza hori alboko eraikinetako baten fatxadaren parean jar daiteke. Kasu horretan, ezinbesteko baldintza izanen da establezimendu horren titularraren berariazko baimena adierazten duen agiria aurkeztea; udal baimena baliogabetuta geratuko da, establezimenduaren titularrak bere baimena ukatzen duen unean.

10.1. artikulua. Espaloietako terrazak.

1. Terrazak espaloietan kokatzen direnean, gutxienez ere gorde beharko da oinezkoendako pasabide bat, 1,80 metroko zabalera duena eta oztoporik gabea. Oinezkoendako pasabidea baldin badago terraza eremu baten eta fatxada ondoko upel lerro baten artean, oinezkoen pasabidearen gutxieneko zabalera 2,50 metrora arte handituko da.

2. Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera hori proiekzio bertikal osoan errespetatu beharko da, eta gutxienez 3,50 metroko garaiera arte oztoporik gabea izanen da, zabalera eta luzera guztian. Horren ondorioz, terrazako elementu bakar batek ere ezin ahalko du baimendutako eremua gainditu, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako aipatu pasabidean sartu ere.

3. Oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak handitzen ahalko dira, betiere udal teknikarien iritzi arrazoituaren ondorioz, eta oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuengatik.

4. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, honako hauek joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak, bidegorriak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, 4,50 metroko garaiera bitarte, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

10.2. artikulua. Oinezkoendako eremuetako terrazak.

1. Oinezkoendako eremuetan terrazak jartzen direnean, ibilgailu ofizialak –suhiltzaileenak, poliziarenak, anbulantziak, garbiketakoak eta abar– pasatzeko moduko oinezkoendako pasabide bat gorde beharko da, oztoporik gabeko 4 metroko zabalera duena gutxienez ere; oztoporik gabeko pasabide honen galibo altuera 4,50 metrotik gorakoa izanen da.

2. Oinezkoendako pasabidearen gutxieneko zabalera hori proiekzio bertikal osoan errespetatu beharko da, eta gutxienez 4,50 metroko garaiera arte oztoporik gabea izanen da, zabalera eta luzera guztian. Horren ondorioz, terrazako elementu bakar batek ere ezin dezake baimendutako eremua gainditu, ezta oztoporik gabeko oinezkoendako aipatu pasabidean sartu ere.

3. Oinezkoendako pasabide libre horren ezaugarriak handitzen ahalko dira, betiere udal teknikarien iritzi arrazoituaren ondorioz, eta oinezkoen joan-etorriarekin zerikusia duten arrazoi justifikatuengatik.

4. Oztoporik gabeko zabalera hori neurtzerakoan, ondokoak joko dira zabalera mugatzen duten oztopotzat: hiri altzariak, landareontziak, farolak, markesinak, zutoinak, hesiak, bidegorriak eta espaloietan edo proiekzio bertikalean dagoen beste edozein elementu, 4,50 metroko garaiera bitarte, ondoko terrazek hartzen duten eremua barne.

5. Terraza 10 metrotik gorako zabalera duen oinezkoendako eremu batean badago eta oinezkoendako kale horren ezaugarriak direla-eta hala egiterik badago, fatxaden ondoan edo oinezkoendako eremuaren erdialdean jarri ahalko da terraza, Udalak zer erabakitzen duen, kontuan hartuz kalearen diseinua eta neurriak, ibilgailuen eta oinezkoen joan-etorria, ingurunearen baldintza estetikoak eta abar. Terrazak fatxadaren ondoan jartzen badira, kalearen erdialdean oinez ibiltzeko moduko tarte bat dagoela bermatuko da beti. Tarte horrek ez du inolako oztoporik izanen eta gutxienez ere 4 metroko zabalera izanen du. Terraza kalearen erdialdean jartzen bada, terrazaren bi aldeetan oinez ibiltzeko moduko bi pasabide daudela bermatuko da. Pasabide bakoitzak 3 metrotik gorako zabalera izanen du, eta bi aldeetako establezimenduek terrazarako eremu hori partekatu beharko dute.

10.3. artikulua. Terrazek galtzada okupatzea.

1. Salbuespenez eta arrazoituta, espaloiek ez dutenean behar adinako tamaina terrazak 9.1 artikuluan ezarritako baldintzen arabera paratzeko, udal agintaritzak baimena ematen ahalko du galtzadetan gehigarriak ezartzeko, terraza haien gainean paratzeko. Espaloiak behar adinako tamaina badu terraza normala paratzeko, ez da baimenik emanen galtzadan gehigarria ezartzeko.

2. Oro har, galtzaden gehigarrietan paratzen diren terrazek espaloietako terrazen baldintza orokor berberak bete beharko dituzte, baina muga batekin: oinezkoei eta ibilgailuei ez diete inolaz ere eragotzi behar bide publikoan normal ibiltzea.

3. Galtzadaren okupazioa egitura eramaile baten bidez eginen da, galtzadaren zoladura ondoko espaloiaren zoladurak duen maila berera igotzeko aukera ematen duena, galtzadetarako sarbidean irtengunerik eta eskailera-mailarik ez duelarik.

4. Instalazioa eginen da metalezko bastidore modularrez osatutako elementuen bidez, espazio erabilgarriaren formara eta neurrietara egokitzen ahal baitira; kanpoaldean erabiltzeko egokia den zurezko zorua jarriko da horien gainean. Bestelako edozein instalazio tekniko paratzeko udal agintari eskudunaren baimena beharko da.

5. Oro har, galtzadaren gehigarrietan terrazak instalatzean establezimenduaren fatxadaren parean dauden aparkatzeko tokiak soilik hartuko dira, halakorik baldin badago, eta ez dituzte inola ere okupatuko beste leku batzuetako aparkalekuak. Egituraren neurriak ezin izanen dira izan, oro har, establezimenduko fatxadaren zabalera eta aparkatzeko eremu okupatuaren sakonera baino handiagoak, eta betiere aparkatzeko toki okupatuen tipologia eta ezaugarrietara egokitu beharko dira (ilaran edo baterian).

Baterian aparkatzeko eremu batean jartzen diren terrazen kasuan, terrazako elementuen eta ondoko aparkalekuak inguratzen dituen lerroaren artean gutxienez ere metro bat utzi beharko da. Neurri hori proiekzio horizontalean hartuko da galtzadaren gainean.

6. Galtzadan instalatutako terrazarako sarbide bakarra ondoko espaloitik eginen da; instalazioaren ezaugarriek eragotziko dute fisikoki sartzea galtzadako edo aparkatzeko eremuko edozein puntutatik. Horretarako, eta terrazan dauden pertsonak babesteko, elementu zurrun bat jarriko da, erabiltzaileak ibilgailuetatik babesteko; elementu islatzaileak izan beharko dituzte eta behar bezala seinaleztatuta egon, ongi ikusi ahal izateko.

7. Instalazioaren diseinuak ahalbidetuko du galtzadako euri urak husteko sistemaren ohiko funtzionamendua, baita beste edozein instalazio edo zerbitzu publikorena ere. Bereziki, terrazaren muntadurak ez du trabarik eginen zerbitzu publikoetako oinarrizko elementuen sarbidean edo funtzionamenduan (estolda-zuloak, kutxeten estalkiak, putzuak eta abar)

8. Eguzki-babesak edo eguzkitakoak jartzeko eskaera egiten bada, 6.2 artikuluan elementu horientzat ezarritako neurriak eta ezaugarriak beteko dira, salbuespen batekin: galtzadaren gehigarriaren perimetroan jartzen diren mugatzaileek gehienez ere 2,50 metroko garaiera izanen dute, galtzadaren mailatik neurtuta, ez dadin inolaz ere galarazi galtzadako trafikoaren zirkulazioa arautzen duten elementuak behar bezala ikustea.

9. Instalazio guztia, beste edozein terraza bezala, erraz desmuntatzekoa izanen da eta, beraz, ezin izanen da zoladuran lotu, eta diseinuak (neurriak, pisua etab.) aukera emanen du erraz lekualdatzeko eta terrazaren instalazioaren azpian dauden kutxeta edo zerbitzuetara iristeko, mantentze-lanak egite aldera; erraz desmuntatzeko baldintza hau aplikatuko zaie orobat terrazak izan ditzakeen elementu edo instalazio guztiei.

10. Mota honetako terrazak instalatzeak proiektu teknikoa egitea eskatuko du, teknikari eskudun batek sinatua. Bertan argi eta garbi justifikatu beharko da aurreko zehaztapenak betetzen direla, baita terraza salbuespenezko leku horretan jarri nahi izateko arrazoiak ere. Halaber, proiektu teknikoak funtzionamendu eta segurtasun baldintzak bermatuko ditu, bide publikoan ibiltzen diren oinezkoentzat eta ibilgailuentzat.

Arangurengo Udalak instalazioek jarraitu beharreko eredua ezartzen ahalko du; hori jarraitu beharreko ildotzat hartuko da aipatu proiektu teknikoa prestatzean.

IV. TITULUA

Funtzionamendurako baldintzak

11. artikulua. Funtzionamendurako baldintza orokorrak.

1. Baimenen edo kontzesioen titularrek behar bezain garbi eta apain mantendu beharko dituzte instalazioak, bai eta horien eraginpeko esparru hurbilena eta instalazioak osatzen dituzten elementu guztiak ere. Horretarako, hondakinak bildu eta gordetzeko elementu egokiak eduki beharko dituzte.

2. Baimenen edo kontzesioen titularrak terrazen erabileraz arduratuko dira eta haien eskura dauden baliabideak jarri beharko dituzte establezimenduaren erabiltzaileek auzokoei trabarik ez egiteko.

3. Ordenantza honen xede diren instalazioei aplikagarriak izanen zaizkie baldintza higieniko-sanitarioak eta kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko baldintzak arautzen dituen araudi orokorrean jasotako xedapenak.

4. Arau orokor gisa, debeku da honelako elementuak paratzea:

a) Ur hornidurako, saneamenduko eta/edo elektrizitateko harguneak.

b) Salmenta-makinak, salgaia zeinahi delarik, eta edariak eta/edo jakiak prestatzeko instalazio osagarriak edo antzeko beste edozein.

c) Josteta makinak, ausazko jokoen makinak, billarrak, futbolinak edo antzeko beste edozein.

d) Irudi eta/edo soinu erreproduzigailuak, hala nola musika-ekipoak, bozgorailkuak, telebistak edo beste edozein (ekipo informatikoak, karaokeak, etab.)

e) Haurrendako josteta makinak jarri ahal izateko udal agintarien baimen berariazkoa beharko da.

5. Arau orokor gisa, debeku da honelakoak egitea:

a) Ez da deus ere zoladuran edo eraikinaren fatxadan finkatzen ahalko (eguzki-oihalak eta berogailu elektrikoak izan ezik), salbu eta lizentzian aukera hori berariaz aurreikusten bada.

b) Establezimenduaren kanpoaldean ezin izanen da produkturik, gairik edo hondakinik gorde edo pilatu, ez funtzionamendu orduetan ez bestelakoetan, bai estetikari eta itxurari lotutako arrazoiengatik bai higieneari dagozkion arrazoiengatik.

12. artikulua. Terrazen funtzionamendurako baldintzak.

1. Jarduera nagusiak baimenduta daukan ordutegia zein den ere, hari lotutako terrazako zerbitzuan jarraian ezartzen diren denbora mugak beteko dira:

a) Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra, ordutegia 9:00etatik 23:00etara bitartekoa izanen da, eta ordubete gehiago luzatu ahal izanen da ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan.

b) Ingurumen aldetik sentikorrak diren eremuetan kokatutako ostalaritzako establezimenduek 9:00etatik 23:00etara bitarteko ordutegia izanen dute urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, eta ostiraletan, larunbatetan eta jaiegunen bezperetan 30 minutu gehiago luzatu ahal izanen dute.

c) Industrialdeetan kokatutako ostalaritzako establezimenduen ordutegia izanen da astelehenetik ostiralera 06:00etatik 22:00etara, eta larunbatetan, 07:00etatik 14:00etara. Igande eta jaiegunak itxita egonen dira.

d) Aitzineko apartatuetan agindu denagatik ere, Udalak, alkatetzaren ebazpen baten bidez, murrizten ahalko du ordutegia, arrazoituta, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintzakoak kontuan hartuta, edo inguruko bizilagunei eragozpenak sortzen dizkieten zaratak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada.

f) Arangurengo festetan eta bestelako egun berezietan, funtzionamendurako bestelako ordutegi batzuk finkatzen ahalko ditu Udalak.

2. Terrazen betebehar berariazkoak:

a) Erabiltzaileek eta udal agintariek ikusteko moduan jarriko dira prezioen zerrenda eta terrazaren planoa, establezimenduaren kanpoaldetik argi ikusteko eran, dela atean dela itxitura beiraztatuetan; informazio hori altuera egokian jarriko da, ongi argiztatuta. Udal agintaritzak dokumentu eredu bat ezar dezake, establezimenduek ikusgai jartzeko.

b) Terraza funtzionamenduan dagoen bitartean, ezin izanen dira inolaz ere bide publikoan pilatu edo gorde terrazaren elementuak.

c) Terraza zabalik ez dagoenean, hots, orduetatik kanpo edo oporrak direla-eta establezimendua itxita dagoenean, honela pilatu eta gorde beharko dira terrazaren elementuak:

–Lokalaren jarduerarako baimendutako ordutegia bukatu ondoren, titularrak egunero kendu beharko ditu bide publikotik honako elementu hauek: upelak eta tabureteak, azalera babestuaren 9 metrotik beherako eguzkitakoak (eusteko oinak barne), apaingarriak eta estufa eramangarriak, aparatua nahiz erregai-botilak. Bide publikoan geratzen diren mahaiak eta aulkiak ez erabiltzeko moduan utziko dira.

–Oporraldietan, titularrak terraza osatzen duten elementu guztiak kendu beharko ditu bide publikotik, salbu eta beren ezaugarriak direla-eta desmuntatze zaila dutenak edo baliabide arrunten bidez lekualdatzen ahal ez direnak. Ordenantza honetan ezarritakoaren arabera, honako elementu hauek dute izaera hori: itxiturak, eguzki-babesak eta eguzki-oihalak. Beraz, horiek guztiak uzten ahal dira bide publikoan. Horren ondorioz, 9 metro koadrotik gorako eguzkitakoak eta haiei eusteko oinak kendu egin beharko dira. Oporralditzat hartuko da establezimendua itxita dagoen astebetetik gorako denbora-tarte oro.

d) Titularrak lokalaren funtzionamendu-ordutegia amaitu eta berehala kendu beharko ditu elementu horiek bide publikotik, eta bide publikotik kanpo biltegiratu beharko ditu, lokal itxi batean, establezimenduan bertan edo erabilera horretarako baldintza egokiak betetzen dituen beste edozein lokaletan.

e) Bide publikoan uzten ahal diren elementu guztiak modu antolatuan bildu beharko dira, betiere terrazarako baimendu den eremuaren barnean.

f) Titularrak terraza itxi beharko du, baldin eta erabiltzaileek eragozpenak eragiten badizkiete bizilagunei, eta eragotziko du, halaber, erabiltzaileek janari-edariak terrazarako baimendutako eremutik kanpo ateratzea.

g) Arau orokor gisa, kanpoaldean ezin izanen dira paratu terrazan zerbitzatzeko lagungarriak diren barrak edo bestelako elementuak, janari-edariak lokaletik beretik zerbitzatu beharko baitira.

h) Titularrak erabiltzaileen soinu edo ingurumen eraginak minimizatu beharko ditu, horretarako behar besteko neurriak hartuz, eta eremuan bizi diren pertsonen atsedena ahal den gehien bermatuz.

i) Titularrak, terrazaren jarduerarako baimendutako ordutegia amaitu ondoren, terrazaren azalera osoa garbitu beharko du, eta terrazaren erabiltzaileek haren inguruan sortu ahal izan dituzten hondakinak bildu beharko ditu.

V. TITULUA

Araubide juridikoa eta zehapenen araubidea

I. ATALA

Terrazen araubide juridikoa

13. artikulua. Udal lizentzia.

1. Terrazak edo bestelako elementuak eta osagarriak paratu baino lehen udal baimena beharko da. Arangurengo Udalaren organo eskudunak emanen du baimen hori.

2. Irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuaren arabera taberna, kafetegi, jatetxe eta taberna gisa sailkaturiko establezimenduei soilik emanen zaie baimena terraza edukitzeko.

3. Horretarako, interesdunak behar den eskabidea aurkeztu beharko du Erregistro Orokorrean, honelakoak zehaztuz:

a) Eskatzailearen izen-abizenak, sexua edo sozietatearen izena.

b) Titularraren datuak, sexua, helbidea, telefonoa eta NANa eta, hala behar denean, IFK zenbakia.

c) Jarduera nagusiaren eta terrazaren izena eta kokapena.

d) Terraza eratzen duten elementuak, 3. artikuluaren arabera ezarritako sailkapenaren arabera.

e) Memoria idatzia eta dokumentazio grafikoa, honako hau jasotzen duena:

–Lokala non dagoen adierazten duen planoa.

–Xehetasun planoa, eskala egokian. Bertan instalazioak ukitutako eremua deskribatu behar da, haren elementu guztien kokapena (mahaiak, aulkiak, haize-babesak eta abar), dauden oztopoak (trafiko seinaleak, zuhaitzak, hiri altzariak eta abar), eta baita udal zerbitzuetan izan dezaketen eragina ere (ura, saneamendua, gasa).

–Terrazaren elementu guztien deskribapena.

–Terrazako elementuak bide publikotik kendu behar direnean, titularrak haiek gordetzeko erabiliko duen lokalaren deskribapena.

4. Aurreko eskaerarekin batera, kasuen arabera, dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) Terraza beste establezimendu baten parean ezartzeko eskaera egiten denean, haren titularraren baimen berariazkoa.

b) Terraza erabilera publikoko espazio pribatuak okupatuz ezartzeko eskaera egiten denean, ukitutako jabeen erkidegoaren baimen berariazkoa.

c) Erantzukizun zibileko asegurua sinatu izanaren egiaztagiria, 300.000 euroko berme-estaldura duena.

14. artikulua. Baimenaren ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa nahiz juridikoa egin ondoren, Udaleko agintari eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Udalak jakiten badu baimenaren eskatzailea, eta behar den udal lizentziaren titularra, ez dela egiazki jardueraz arduratzen dena, ezezkoa emanen dio baimenari. Eskatzaileak Arangurengo Udalarekin zorren bat edo beste duenean ere, baimenari ezezkoa emanen zaio.

15. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, hartuko duten azalera, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

2. Lizentzia prekarioa izanen da beti, eta udal agintaritzak agintzen ahalko du baimendutako instalazioak bide publikotik kentzeko, hala egin behar denean trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrengatik. Gastuak partikularraren kontura izanen dira, eta ez du kalte-ordainetarako eskubiderik izanen.

3. Lizentziaren titularra behartua dago instalazioak okupatutako eremuan eragindako kalte guztiak konpontzera.

4. Lizentzia eskuratuta eta tasa ordainduta, lizentzian zehazturiko espazio publikoko puska erabiltzeko ahalmena izanen du titularrak.

5. Aldameneko eraikinean edo establezimenduaren eraikin berean jarritako aldamioek eta/edo markesinek terrazari eragiten diotenean, udal agintaritzak ezezkoa eman diezaioke terrazaren instalazioari.

6. Baimenek ostalaritzako establezimenduetako titularrei terrazak paratu eta zuzenean ustiatzeko ahalmena ematen diete; ezin dira, hortaz, ez errentan eman ezta hirugarrenei inola ere laga ere.

16. artikulua. Indarraldia eta berritzea.

1. Lizentziak gehienez ere hamabi hilabeterako emanen dira, eta zein urtetan ematen diren, ezin dute inola ere urte natural hori gainditu. Indarraldi hau, betiere, etenik gabekoa izanen da.

2. Indarraldia bukatutakoan titularrak ez badu beste lizentzia bat lortu hurrengo ekitaldirako, okupaturiko eremua lehengoratu beharko du, instalazio guztia kenduz.

3. Lizentziak automatikoki berrituko dira, eta ez da inolako agiririk aurkeztu beharko non ez den terrazan aldaketarik egin; izan ere, halakoetan aurreko paragrafoa aplikatuko da eta berriz eskatuko terrazarako baimena.

4. Titularra aldatzen bada, hori jakinarazi beharko da, eta une horretan berrituko da automatikoki.

II. ATALA

Zehapen araubidea

17. artikulua. Ikuskapenak.

Udalak beteko ditu ikuskapen eta zainketa lanak, ordenantza honetan ezarritako arauak zorrotz betetzen direla begiratzeko, bai jarduera egiteko moduari bai gainerako manuei dagokienez.

18. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Alkatetzak, badaezpadako eta berehalako neurri gisa, bide publikoan lizentziarik gabe paraturiko terrazak edo bestelako elementuak kentzen ahalko ditu, eta orobat biltegiratzen horretarako bereizitako tokiren batean; hori guztia, arauzko zehapenak jartzeaz gain.

2. Terrazak edo bestelako elementuak ezarritako lizentzian zehazturiko baldintzekin bat etorri gabe instalatu badira, udal agintaritzak egintza horiek berehala bertan behera uzteko xedatuko du. Instalazioaren titularrak ez badu instalazioa kentzen edo ez badu terraza egokitzen emandako lizentzian ezarritako baldintzetara, kautelazko eta berehalako neurri gisa, subsidiarioki betearaziko da agindutakoa.

3. Lizentziaren indarraldia bukatutakoan terrazak edo bestelako elementuak bertan egotea, zehapen kontuei dagokienez, udal baimenik ez izatearen parekoa izanen da.

19. artikulua. Betearazpen subsidiarioa.

1. Espazio publikoan paraturiko elementuak aitzineko artikuluan xedatuaren arabera kentzea legezkotasuna leheneratzea dela ulertuko da. Leheneratze horren erantzuleak ez badu bere borondatez hura gauzatzen, Udalak instalazioa kenduko du eta horretarako bereizitako tokiren batean biltegiratuko du. Instalazioa handik eramateko, jabeak behar diren gastu, kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aldez aurretik.

2. Kapitulu honetan xedatutakoaren arabera kendutako elementuak gehienez ere 3 hilabetez biltegiratuko dira. Interesdunak ez baditu epe horretan jasotzen, Udalak elementu horiek suntsitu, saldu edo lagatzeko ahalmena izanen du.

20. artikulua. Arau-hausteak.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legearen XI. tituluan xedatutakoaren babespean eta ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

1. Hona hemen falta arinak:

a) Terrazaren funtzionamendua ezarritako ordutegitik kanpo luzatzea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak gainditzea.

c) Mahaiak, aulkiak edo osagarriak baimenduriko kokalekutik kanpo paratzea.

d) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea, eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin.

e) Okupaturiko espazioa behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

f) Funtzionamenduko ordutegian, mahaiak, aulkiak eta instalazioko beste elementu batzuk eremu baimendutik kanpo edukitzea tolestuta, pilatuta edo bilduta.

g) Betebehar hau ez betetzea: erabiltzaileek eta udal zerbitzuek ikusteko moduan edukitzea bai terrazako jarduerarako udal baimena, bai ordenantza honek xedaturiko informazio osagarria.

h) Betebehar hau ez betetzea: terrazarako baimendutako eremua mugatzen duten zoruko markak beti agerian edukitzea edo, argi ikusten ez badira, udal agintaritzari abisatzea.

i) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen arinak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

j) Lizentzian ezarritako baldintzak edo ordenantza honetan ezarritako araudia ez betetzea, baldin eta astuntzat edo oso astuntzat jotzeko kasuak ez badira.

2. Hona hemen arau-hauste astunak:

a) Urtebeteko epean, hiru arau-hauste arin egitea.

b) Baimenean jasotako elementuak paratzean (mahaiak, aulkiak edo bestelako elementuak), baimendutako elementu horien kopurua edo neurriak nabarmen gainditzea.

c) Terrazak eta/edo ordenantza honek baimentzen dituen beste elementu batzuk paratzea nahitaezko udal lizentzia edo baimena eskuratu baino lehen.

d) Funtzionamendu ordutegitik kanpo, bide publikoan biltegiratu ezin diren instalazioko elementuak tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea eremu baimenduaren barnean nahiz handik kanpo.

e) Baimendutako eremuaren mugak gainditzea eguzkitako, eguzki-babes edo eguzki-oihalen hegalekin, edo terrazako beste edozein elementuren hegalarekin, oinezko edo ibilgailuendako erreserbaturik dagoen oztoporik gabeko pasabidea inbaditurik.

f) Desobeditzea, Udalak instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko eskatu duenean, udal lizentzia ez izatea edo lizentzian ezarritako baldintzetara ez egokitzea.

g) Araudian espazioen eta pasabide libreen gainean ezarri diren neurriak ez betetzea.

h) Okupaturiko eremua eta ingurua behar bezalako baldintzetan ez edukitzea garbitasunari, segurtasunari eta apaindurari dagokienez.

i) Hiri altzariak edo baimendu gabeko beste euskarriren bat erabiltzea terrazako instalazioari eusteko elementu gisa.

j) Erre daitezkeen instalazioko elementuak (berogailuak, erregai-botilak, plastikozko mahai eta aulkiak eta abar) tolestuta, pilatuta edo bilduta edukitzea, eremu baimenduaren barnean edo handik kanpo, edozein ordutegitan.

k) Onartzea erabiltzaileek auzokoei eragozpen astunak sortzea, edo halako eragozpenak behar bezala ez galaraztea.

3. Hona hemen arau-hauste oso astunak:

a) Urtebetean 3 arau-hauste astun egitea.

b) Ordenantza honek berariaz debekatutako terrazak eta/edo beste elementu batzuk paratzea (ur hornidurako, saneamenduko eta elektrizitateko harguneak, musikako aparatuak edo bozgorailuak, irudi eta soinu ekipamenduak, jolas-makinak edo ausazko jokoak, salmenta makinak, etab.).

c) Larriki eta nabarmen hondatzea bide publikoak edo haietako edozein instalazio eta elementu, izan higigarri nahiz higiezin, ez direnean herritarren segurtasunaren asaldatzeak eragindakoak.

d) Desobeditzea instalazioa edo bertako elementuetako bat kentzeko agindua, udal agintaritzak hala agindu duenean trafikoari, urbanizazioari, interes orokorrari edo udal interesari lotutako arrazoiengatik.

e) Berariaz baimendutakoa ez besteko edozein jardueran aritzea.

f) Bide publikoaren aprobetxamenduagatik ordaindu beharrekoak ez ordaintzea.

g) Terrazako instalazioa paratzea halako moldez non trabatu edo galarazi egiten baita ikustea edo behar bezala erabiltzea udal zerbitzu eta instalazioetarako bide publikoan paratuta dauden elementuak, edo oinezkoen eta ibilgailuen zirkulazioaren segurtasunerako elementuak.

h) Bide publikoko lurzorua okupatzea jendearen joan-etorria oztopatzen duten argitalpen edo elementuekin, edo hiri ingurunea narriatzen dutenekin.

i) Emakidaren titularra edo ohiko laguntzailea ez den beste norbaitek ustiatzea jarduera.

j) Terrazako instalazioaren eskualdatzea, azpierrentamendua edo lagapena.

21. artikulua. Zehapenak:

1. Ordenantza honetako arau-hausteak isunen bidez zehatuko dira, honako eskala honi jarraikiz:

a) Arau-hauste arinak: 60tik 600 eurora bitarteko isuna.

b) Arau-hauste astunak: 601etik 3.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia errebokatzea 7 eta 180 egun bitarteko aldi baterako.

c) Arau-hauste oso astunak: 3.001etik 6.000 eurora bitarteko isuna eta emandako lizentzia errebokatzea.

2. Isuna %50 merkeago ordaintzen ahal da, zehapen prozedura ireki dela jakinarazi ondoko hogeita hamar egun natural iragan aitzin pagatzen bada eta inpugnazio orori uko egiten zaiola dioen idazkia aurkezten bada.

3. Ordenantza honetan xedatutakoaren aurkako arau-hausteen zehapen-prozedurak izapidetuko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legean xedatutakoaren arabera.

22. artikulua. Zehapenen bateragarritasuna.

1. Isuna gorabehera, instalazioa legeztatzen ahalko da, hala egitea bidezkoa bada, eta baimendu gabeko aprobetxamenduari dagozkion tasak eta errekarguak ordaindu beharko dira.

2. Agindu berak tipifikaturiko hainbat arau-hauste egiten badira, hori ez da arau-hauste jarraitutzat joko, banan-banan zehatuko baitira.

23. artikulua. Mailakatze irizpideak.

Zehapenak ezartzerakoan behar den oreka gorde beharko da arau-haustearen astuntasun-mailaren eta ezartzen den zehapenaren artean; hala, aplikatu beharreko zehapena mailakatzeko, jarraikiko zaie legedian administrazio prozedura erkideari buruz jasotzen diren irizpideei eta jurisprudentziak oro har onartzen dituenei.

24. artikulua. Arau-hausteen preskripzioa.

Arau honetan xedaturiko arau-hausteei dagokienez, oso astunek hiru urtera preskribatuko dute, astunek bi urtera, eta arinek sei hilabetera.

Epe horiek zenbatuko dira egintza zehagarria egiten denetik hasita edo, arau-hauste jarraikiak direnean, egiteari uzten zaionetik hasita.

25. artikulua. Zehapenen preskripzioa.

Zehapenek aurreko artikuluan ezarritako epe horiexetan beretan preskribatuko dute, zehapenaren ebazpena irmo bihurtzen denetik zenbatzen hasita.

XEDAPEN GEHIGARRIA

1. Ordenantza honek indarra hartzen duenean funtzionamenduan dauden terrazek sei hilabeteko epea izanen dute terraza eratzen duten elementu guztiak ordenantza honi egokitzeko.

2. Ordenantza honek indarra hartu eta hiru hilabetera, Arangurengo Udalak Terrazen Kontrol Plana abiaraziko du, instalazio guztiak berrikusteko eta bertan ezarritakoari haien elementu guztiak egokitzeko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza fiskal honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra, eta indarrean egonen da harik eta berariaz aldatzen edo indargabetzen den arte.

Iragarkiaren kodea: L2217380