11. ALDIZKARIA - 2023ko urtarrilaren 17a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

578/2022 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, proba librerako deialdia egiten duena 18 urtetik gorako pertsonek 2023. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskura dezaten Nafarroako Foru Komunitatean.

Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena eman du. Ebazpenaren helburua da 2023. urtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librerako deialdia egitea eta probak egiteko jarraibideak ematea.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak egindako aldaketaren ondoren, helduen hezkuntzari eskaintzen dio I. tituluaren IX. kapitulua, eta 68.2 artikuluan ahalmena ematen die hezkuntza administrazioei, nork bere eskumenen esparruan, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba antolatzeko aldian behin.

Deialdia indarreko araudian ezarritakoaren arabera egin behar da, bereziki, hurrengo xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz:

–24/2015 Foru Dekretua, apirilaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitatean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena. Haren bosgarren xedapen gehigarriak adierazten du pertsona helduek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzen ahalko dutela Hezkuntza Departamentuak antolatzen duen proba gainditzen badute.

–3/2010 Foru Agindua, urtarrilaren 14koa, Nafarroako Foru Komunitatean hemezortzi urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librea arautzen duena.

–10/2018 Foru Agindua, urtarrilaren 25ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duena.

–984/2021 Errege Dekretua, azaroaren 16koa, Lehen Hezkuntzako ebaluazioa eta promozioa arautzen dituena, bai eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ebaluazioa, promozioa eta titulazioa ere.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek prozesuaren inprimakietan ematen dituzten datuak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak tratatuko ditu, estatistika aldetik erabiltzeko eta prozedura honen ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko.

Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabiltzen ahalko dira Hezkuntza Departamentuko Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten duten pertsonak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea 2023. urtean eginen diren 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko proba librearen bi deialdiak.

2. Jarraibideak ematea, ebazpen honen eranskinetan xedatutakoarekin bat, deialdia egiteko eta proba hori gauzatzeko.

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialera igortzea, argitara daitezen, eta, orobat, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikasketak Antolatzeko Atalera eta Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora, Eskolatze Bulegora eta "Félix Urabayen" Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutura, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2022ko abenduaren 16an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Jarraibideak, 18 urtetik gorako pertsonek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librerako deialdia egiteko eta proba hori gauzatzeko 2023. urtean

1.–Proba librea.

Proba librearen helburua da 18 urtetik gorako pertsonei aukera ematea gure hezkuntza sistemako oinarrizko titulazioa zuzenean eskuratzeko, baldin eta erakusten badute Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren helburuak eta behar diren konpetentzien eskuratze-maila egokia lortu dituztela.

2.–Baldintzak.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librean parte hartzen ahalko dute 2023. urtean hemezortzi urtetik gorakoak diren pertsonek edo urte horretan adin hori betetzen dutenek.

Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzak ofizialki egiteko matrikulatutako pertsonek, proba librean izena eman nahi badute, ikasketa haietako matrikulari uko egin beharko diote abenduaren 24a baino lehen, otsaileko deialdian parte hartu nahi badute, eta apirilaren 19a baino lehen, ekaineko deialdian parte hartu nahi badute.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan matrikulaturik dauden pertsonek ez dute zilegi izena ematea proba librea egiteko.

Proba egiteko, beren nortasuna frogatzeko eskatuko zaie izangaiei, NANa, atzerritarren identifikazio zenbakia (AIZ) edo pasaportea aurkeztuz.

3.–Proba egiteko eguna eta tokia.

Proba otsailaren 6an (1. deialdia) eta ekainaren 5ean (2. deialdia) eginen da.

Proba "Félix Urabayen" Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan (NHBHI) eginen da (Bartolomé de Carranza kalea 5, Iruña).

Hezkuntza Departamentuak proba egiteko erraztasunak emanen dizkie inskribatutako presoei eta soldadu kuarteleratuei, aipatutako ikastetxera joateko zailtasun handiak baitituzte. Kasu horietan, departamentuko teknikari bat kartzelara edo kuartelera joanen da, ariketak eramanen ditu, ezarritako egun eta orduetan, eta behar bezala egin daitezen arduratuko da. Proba bukatutakoan, ariketak gutun-azal batean sartuko ditu eta epaimahaiburuari emanen dizkio.

4.–Proba egiteko izen ematea.

4.1. Alderdi orokorrak.

Otsaileko deialdirako izena emateko epea urtarrilaren 18tik 25era artekoa izanen da, bi egunak barne. Ekaineko deialdirako, berriz, maiatzaren 12tik 19ra artekoa izanen da, biak barne.

Inskripzioak formalizatuko dira Iruñeko "Félix Urabayen" NHBHIko Idazkaritzan, Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako tokietan edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez (erregistro elektroniko hori ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuak arautu zuen).

Izena emateko orria ebazpen honen II. eranskinean ageri den ereduaren araberakoa izanen da. Horrekin batera, agiri hauen fotokopia aurkeztuko da:

–NANa, AIZa edo pasaportea.

–Ikasketen ziurtagiria, hiru jakintza esparruetakoren batetik salbuetsia izan nahi dutenen kasuan, urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduaren eranskinaren arabera.

–Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzetako matrikulari uko egin izanaren justifikazioa, irakaskuntza horiek egiten ari baldin bada.

–Desgaitasunaren ziurtagiria, izangaiak egokitzapen neurriren bat behar baldin badu.

Aurreko puntuan adierazten diren egiaztagirien fotokopiak aurkeztu dituzten pertsonek jatorrizko egiaztagiriekin agertu beharko dute probetara, epaimahaiak, egiazta dezan, egokitzat jotzen badu, aurkeztutako kopiekin bat datozela.

Proba libreko ariketak gaztelaniaz edo euskaraz egin daitezke, izangaiak nahi bezala. Horretarako, izena emateko fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Komunikazioaren esparruko ariketak egiteko, ezin izanen da erabili gaztelaniazko edo euskarazko hiztegirik, ez eta atzerriko hizkuntzen hiztegirik ere. Zilegi izanen da oinarrizko kalkulagailu programaezina erabiltzea esparru zientifiko-teknologikoko ariketetan. Atzerriko hizkuntzaren ariketa frantsesez edo ingelesez egiten ahalko da, izangaiak nahi bezala. Horretarako, izena emateko fitxan, aukeratzen den hizkuntza adieraziko da.

Ez da zilegi sakelako telefonoa erabiltzea ezein ariketatan.

4.2. Proba librean izena ematen duten pertsonen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

Behin-behineko zerrendak urtarrilaren 26an (1. deialdiarena) eta maiatzaren 22an (2. deialdiarena) argitaratuko dira, "Félix Urabayen" NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko "2023an DBHko graduatu titulua eskuratzeko proba" izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Zerrenda horietan adieraziko da izena eman duten eskatzaileen artean zein onartu diren proba egiteko eta zein baztertu, baztertzeko arrazoiak adierazita. Zerrenda horietan, gainera, salbuetsia(k) d(it)u(z)ten jakintza esparrua(k) adieraziko d(ir)a, bai eta izangai batzuek proba egiteko eskaturiko egokitzapenak ere.

Izangaiek egoki iruditzen zaizkien alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko zerrendaren kontra, urtarrilaren 27tik otsailaren 1era (1. deialdian) eta maiatzaren 26tik 29ra (2. deialdian). Alegazioen idazkia III. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, eta ikastetxeko zuzendariari zuzenduko zaio. Erreklamazio horiek ikastetxeko Idazkaritzan aurkezten ahalko dira edo f.urabayen@educacion.navarra.es posta elektronikoaren bidez igortzen ahalko dira.

Behin betiko zerrendak otsailaren 2an (1. deialdiarena) eta maiatzaren 30ean (2. deialdiarena) argitaratuko dira, Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko "2023an DBHko graduatu titulua eskuratzeko proba" izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Jakintza esparru bateko azterketak egitetik salbuesteko baliokidetasun irizpideak aplikatzearen ondorioz, matrikulatutako pertsonaren batek proba librerako hiru jakintza esparruak gaindituak baldin baditu, azterketa egiteko finkatutako egunean eta orduan agertu beharko du. Hala, epaimahaiak izangaiei deitzeko ekitaldian jakinaraziko zaio ez duela probako ariketa bat bera ere egin beharrik, eta aktan jasoko da aurkezten dituen egiaztagirietako kalifikazioekin, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamenean ere agertuko da.

5.–Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia eratzea.

Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendariak izendatutako du epaimahaia, ebazpen baten bidez, "Félix Urabayen" NHBHIko zuzendariak proposaturik. Proposatutakoak ikastetxe horretan ari diren Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko edo irakasleen kidegoko irakasleak izanen dira. Horiekin batera, bost ordezko ere izendatuko dira. Epaimahaiak, bere ebaluazio lana ongi egiteko, zilegi izanen du aholkularien laguntza eskatzea, hala behar dela iruditzen bazaio.

Epaimahaian epaimahaiburu bat eta lau epaimahaikide izanen dira, eta azken horietako bat idazkari arituko da.

Epaimahaia osatzean, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru esparruetatik gutxienez irakasle bana egon dadila bermatuko da.

2023. urteko bi deialdietan, hots, otsailekoan eta ekainekoan, epaimahai bera arituko da. Deialdiren batean 150 izangaik baino gehiagok ematen badute izena, bigarren epaimahaia izendatzen ahalko da.

Bi deialdi horietako batean epaimahai bat baino gehiago baldin badago, proba izangai guztientzat berdina izanen da, kontuan hartu gabe zer epaimahairi dagozkion, eta ariketak aldi berean eginen dira, egun bakar batean, goizez eta arratsaldez.

5.2. Epaimahaiaren eginkizunak.

Epaimahaiak honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko probaren antolaketa, garapena, egiteko modua eta ebaluazioa koordinatzea.

b) Epaimahaiko kide gisa dagozkion eginkizunak betetzean behar den konfidentzialtasuna gordetzea.

c) Proba prestatzea eta proba ebaluatzeko eta kalifikatzeko irizpideak ezartzea, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak gainbegiratuta.

d) Proba erreferentziazko araudira egokitzen dela zaintzea.

e) Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan deialdi honi buruzko informazio guztia argitaratzea, baita onartuen eta ez onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak ere, eta horiei aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

f) Probaren egokitzapenak zehaztea desgaitasunen bat dutenentzat.

g) Desgaitasunagatiko egokitzapenen eskaerei buruzko erreklamazioak ebaztea.

h) Probara joatea, eta modu egokian gauzatzen dela zaintzea.

i) Ariketak egiten direnen unean, aditzera ematea emaitzak noiz jarriko diren jendaurrean, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta ziurtagiriak noiz eta nola jasoko diren.

j) Finkatutako epeetan proba zuzentzea eta kalifikatzea, ariketak zuzentzeko ezarritako irizpideak aplikatuz.

k) Félix Urabayen NHBHIko iragarki-taulan eta dagokion tramiteen fitxan argitaratzea probaren behin-behineko eta behin betiko emaitzak, eta horiei aurkeztutako erreklamazioak ebaztea.

l) Probaren deialdiaren memoria prestatzea, deialdi bakoitzean.

m) Hezkuntzako zuzendari nagusiak zehazten duen beste edozein eginkizun.

5.3. Konpentsazioak.

Epaimahaikideek konpentsazio ekonomikoa jasoko dute betetako eginkizunengatik.

6.–Probaren egitura, egiteko modua, ebaluazioa eta kalifikazioa, emaitzen argitalpena, erreklamazioak eta dokumentazioa.

6.1. Probaren egitura.

Proba libreak hiru zati izanen ditu, hots, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako hiru jakintza esparruetako bakoitzerako bat: komunikazioarena, zientifiko-teknologikoa eta soziala.

Hiru jakintza esparruetako ariketek urtarrilaren 25eko 10/2018 Foru Aginduaren I. eranskinean agertzen den curriculuma izanen dute oinarri. Agindu horren bidez, Helduentzako Bigarren Hezkuntzako irakaskuntzen curriculuma ezarri zen Nafarroako Foru Komunitatean.

Komunikazioaren esparruari dagokion zatiak ariketa hauek izanen ditu:

–Gaztelania: Gaztelaniaren moduluei buruzko edukiak izanen ditu.

–Euskara (proba euskaraz egiten dutenentzat bakarrik): Euskararen moduluei buruzko edukiak izanen ditu.

–Atzerriko Hizkuntza: Atzerriko Hizkuntzaren moduluei buruzko edukiak izanen ditu. Izangaiek Frantsesa edo Ingelesa aukeratzen ahalko dute.

Esparru zientifiko-teknologikoko ariketek Matematika-Teknologia eta Natura eta Osasuna moduluetako edukiak izanen dituzte.

Esparru sozialeko ariketen erreferentzia Gizartea moduluetako edukiak izanen dira.

Inskribatzeko unean, agiri bidez, desgaitasunen bat dutela frogatzen duten pertsonek proba baldintzarik egokienetan egin dezaten, Hezkuntza Departamentuak behar diren neurriak hartuko ditu eta behar diren baliabide teknikoak eta langileak jarriko ditu.

6.2. Egiteko denbora.

Ariketak egun bakarrean eginen dira, goizez eta arratsaldez.

Otsaileko deialdian, goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta esparru zientifiko-teknologikoko ariketa egiteko izanen da. Ariketa horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta komunikazioaren esparruko eta esparru sozialeko ariketak egiteko izanen da. 3 ordu erabiliko dira gehienez: 2 ordu hizkuntzaren esparruko ariketa egiteko, eta ordu 1 esparru sozialeko ariketa egiteko. Saio horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Ekaineko deialdian, goizeko saioa 10:00etan hasiko da, eta komunikazioaren esparruko eta esparru sozialeko ariketak egiteko izanen da. 3 ordu erabiliko dira gehienez: 2 ordu hizkuntzaren esparruko ariketa egiteko, eta ordu 1 esparru sozialeko ariketa egiteko. Saio horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

Arratsaldeko saioa 16:00etan hasiko da, eta esparru zientifiko-teknologikoko ariketa egiteko izanen da. Ariketa horrek 3 ordu iraunen du gehienez.

6.3. Kalifikazioa.

Probaren kalifikazioa orokorra izanen da hura osatzen duten hiru esparruetako bakoitzean. Emaitzak honela jasoko dira: gutxiegi (G), nahikoa (N), ongi (O), oso ongi (OO) eta bikain (B). Kalifikazio horrekin batera, batetik hamarrera bitarteko adierazpen zenbakizkoa ere emanen da, dezimalik gabe, baliokidetasun hauen arabera:

–Gutxiegi: 1, 2, 3 edo 4.

–Nahikoa: 5.

–Ongi: 6.

–Oso ongi: 7 edo 8.

–Bikain: 9 edo 10.

Gutxiegi kalifikazioa (G) negatiboa izanen da, eta gainerako laurak positiboak.

Izangaiak salbuetsiak dituen esparruetan Salbuetsia (SALB) adieraziko da, eta horrekin batera agertuko dira salbuespena egitea ahalbidetu duten ikasgaien, esparruen, moduluen edo multzoen batezbesteko aritmetikoaren ondoriozko kalifikazioa eta zenbakizko nota.

Aurreko deialdietan gainditutako esparruak ADG letren bidez adieraziko dira, eta horrekin batera, kalifikazioa eta zenbakizko nota jasoko dira. Gai kalifikazioa nahikoaren baliokidea izanen da, beharrezkoak diren ondorioetarako.

Komunikazioaren esparruaren kalifikazioa aterako da zatien batezbesteko ponderatua aplikatuz, ehuneko hauen arabera:

–Proba gaztelaniaz egiten bada: Gaztelania %75 eta Atzerriko Hizkuntza %25.

–Proba euskaraz egiten bada: Gaztelania %37,5, Euskara %37,5 eta Atzerriko Hizkuntza %25.

Probaren hiru esparruetako kalifikazioak eman ondoren etaparen oinarrizko konpetentziak eta helburuak lortzen dituzten izangaiek etapa hori gaindituta izanen dute eta Epaimahaiak proposatuko ditu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eman dakien.

6.4. Emaitzen argitalpena. Erreklamazioak.

Epaimahaiak aditzera emanen du, ariketak egiten direnean, emaitzak noiz jarriko diren jendaurrean, zein diren erreklamazioak egiteko epeak, eta ziurtagiriak noiz eta nola jasoko diren.

Proba ebaluatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu emaitzak "Félix Urabayen" NHBHIko iragarki-taulan eta tramiteen katalogoko "2023an DBHko graduatu titulua eskuratzeko probak" izeneko fitxan; www.nafarroa.eus atarian sartuta ikusten ahal da fitxa hori.

Probaren kalifikazioekin ados ez badaude, izangaiek idatzizko erreklamazioak (III. eranskineko ereduaren arabera) egiten ahalko dizkiote epaimahaiburuari, emaitzak argitaratu eta biharamunetik hasita bost egun balioduneko epean.

Izangairen bat ez badago ados erreklamazioaren emaitzarekin, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko du Hezkuntza Departamentuari zuzendua, hilabete bateko epean.

6.5. Dokumentazioa.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta aurkezten diren erreklamazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak ebaluazio akta beteko du, ebazpen honen IV. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz, eta jendaurrean jarriko ditu, probaren behin betiko emaitzak ezagutzera emateko.

Probaren ebaluazio aktak proba egiten den ikastetxeko idazkaritzan artxibatuko dira.

Epaimahaiak behin-behineko ziurtagiria eginen die proba librea gainditzen duten pertsona guztiei, V. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz.

Proba librea gainditu ez eta, horrenbestez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua jasotzeko proposatu ezin diren izangaiei, jakintza esparruren bat gainditzen baldin badute, gainditu duten esparrua edo esparruak ziurtatzeko agiri bat eginen zaie, lortutako kalifikazioa eta zenbakizko puntuazioa adierazita, VI. eranskinean agertzen den ereduari jarraikiz. Izangaiei kalifikazioak gordeko zaizkie hurrengo deialdietarako, eta Espainiako lurralde osorako balioko dute.

Proba egiten den ikastetxeko zuzendariak Hezkuntza Departamentura igorri beharko du deialdi bakoitzean proba librea gainditzen dutenei Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua emateko proposamena.

Ikastetxeak, orobat, deialdi bakoitzeko aktaren kopia bat eta ebazpen honen VII. eranskinean agertzen den emaitzen estatistikarako fitxa igorriko ditu Etengabeko Prestakuntzaren Bulegora.

Proban parte hartzen dutenek egindako ariketak ikastetxean artxibatuta gordeko dira 3 hilabetez gutxienez, erreklamazioren bat jartzen denean izan ezik. Kasu horretan, prozesua ebatzi arte gorde beharko dira.

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

II. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulurako proba librean izena emateko inprimakia.

III. eranskina.–Erreklamazio inprimakia.

IV. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua zuzenean eskuratzeko proba librearen ebaluazio akta.

V. eranskina.–Tituluaren behin-behineko ziurtagiria.

VI. eranskina.–Gainditutako esparruen ziurtagiria.

VII. eranskina.–Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua eskuratzeko proba libreko emaitzen estatistikaren taula.

Deskargatu II. eranskinetik VII.era bitarteko eranskinak (DOC).

Iragarkiaren kodea: F2217288