107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

PETILLA ARAGOI

Ordenantza, arautzen dituena instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak. Behin betiko onespena

Petilla Aragoiko Udalak, 2003ko martxoaren 3an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Petilla Aragoiko udalerrian instalazio, eraikuntza eta obretarako laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Hasiera batez onesteko erabakia 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 21ean, eta inork ez du jendaurreko epean alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik emanen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, jarraikiz xedatutakoari Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan.

Petilla Aragoin, 2023ko maiatzaren 12an.–Alkatea, Florentino Aguas Arilla.

ORDENANTZA, ARAUTZEN DITUENA INSTALAZIO, ERAIKUNTZA ETA OBRETARAKO LAGUNTZAK

1. artikulua. Xedea eta aplikazio-eremua.

Ordenantza honen xedea da Petilla Aragoiko Udalak honako hauei laguntza emateko ezarritako dirulaguntzak arautzea:

Petilla Aragoiko udal mugartean kokaturiko instalazio, eraikuntza eta obrei.

2. artikulua. Onuradunak.

Udalak pertsona fisikoei dirulaguntzak emateko, beharrezkoa izanen da titularrak udalerrian erroldaturik egotea, Udalean lizentzia eskatzen denean, eta dirulaguntzaren xede den obraren titularrak izatea.

3. artikulua. Dokumentazioa.

Laguntzak tramitatzeko, Petilla Aragoiko udalerrian benetan bizitzeaz gain, beharrezkoa izanen da Udalean aurkeztea proiektu ikus-onetsia edo memoria baloratua, edo, obra txikien kasuan, obraren deskribapena eta obra gauzatzeko aurrekontua.

Dokumentazio honekin batera:

–Laguntzen eskabidea.

–Nortasun agiri nazionala.

–Obra akaberaren ziurtagiria, teknikari eskudunak sinatua, halakorik bada.

–Banketxea eta kontu zenbaki osoa, laguntza kontu horretan ordaintzeko.

–Laguntzaren xedea den jabetzaren eskritura edo, halakorik ez bada, titulartasuna frogatzeko behar den agiria.

4. artikulua. Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntza hauek emanen zaizkio justifikatutako inbertsioari:

Eraikuntza, instalazio eta obretarako, obra gauzatzeko aurrekontuaren ehuneko 2,5eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere lau mila euro (4.000 euro).

Obra lizentzia eskatzen dutenek ordainduko dituzte udal teknikari eskudunek edo haiekin parekatutakoek egindako txostenak, salbu eta beharrezkoak diren txostenak, Petilla Aragoiko Udalaren Biztanleen Erroldan alta emanik daudenentzat, baldin eskaera egin baino urtebete lehenago badaude alta emanik.

Onuradunek egunean izan behar dituzte Petilla Aragoiko Udalarekiko zerga-betebeharrak.

5. artikulua. Laguntzak ematea.

Behin obra-lizentzia emandakoan, Udalak egiaztatuko du ea eskatzailea erroldaturik dagoen, eta, hala bada, egoki den dirulaguntza aplikatuko du, eta zenbatekoa zehaztuko du ordenantza honetan xedatutakoaren arabera.

Espedientea erabat osaturik dagoenean eta egindako inbertsioa behar bezala frogatzen denean ordainduko dira laguntzak.

Obra bukatutakoan, Petilla Aragoiko Udalari jakinaraziko zaio, ikuskatzera joan dadin eta eskariaren gaineko ebazpena eman dezan.

Espediente bakoitzari dagozkion laguntzak likidatuko dira behin obrak bukaturik, baldin jarraitu badiete obra lizentziari, lehen erabileraren lizentziari -horrelakorik izanez gero-, eta udal teknikari eskudunen edo haiekin parekatutakoek emandako txostenei.

Ikusten bada eskatzaileak ordenantza honetan ezarri diren baldintzetakoren bat ez duela betetzen, dirulaguntza lortzeko eskubidea galduko du, eta zilegi izanen da beste era bateko egintzak ere abiaraztea.

6. artikulua. Betebeharrak.

Udalak noiznahi eska diezaieke datu edo agiri gehiago eskatzaileei, espedientea argitzeko; horretarako, hogeita hamar egun balioduneko epea emanen die, eskatutako agiriak aurkezteko. Epe hori eskatzaileak aipatu agiriak aurkeztu gabe iragaten bada, espedientea artxibatu eginen da, beste inolako tramiterik gabe.

Araudi honetan zehaztutako baldintzak betetzen ez badira, onuradunak emandako datu edo argibideetan faltsukeriarik edo itxuragabekeriarik baldin badago eta laguntzak emateko eta ordaintzeko gertaerak edo inguruabar erabakigarriak ezkutatzen badira, emandako dirulaguntzak deuseztatzen ahalko dira, eta jasotakorik bada, itzuli egin beharko da.

Orobat, ordenantza honetan arautzen diren laguntzak galduko dira baldin eta eskatzaileak ez baditu betetzen obra lizentzia emateko ezarritako baldintzak.

7. artikulua. Dirulaguntzaren kalkulua.

Dirulaguntza kalkulatzeko, ez da kontuan izanen lizentzia eskatzaileak jasandako BEZa.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta indarra hartu ondoren aplikatuko zaie udal erregistroan aurkezten diren eskaerei.

Iragarkiaren kodea: L2307497