107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Ordenantza fiskala, ordezko betearazpen-espedienteak eta aurri-egoeren espedienteak izapidetzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalak, 2023ko otsailaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Orisoaingo Udalaren Ordezko betearazpen-espedienteak eta aurri-egoeren espedienteak izapidetzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 14an, bai eta Orisoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2023ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Alexandre Duró Cazorla.

ORDENANTZA FISKALA, ORDEZKO BETEARAZPEN-ESPEDIENTEAK ETA AURRI-EGOEREN ESPEDIENTEAK IZAPIDETZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

1) Honako jarduera hauek egin eta honako zerbitzu hauek ematea da zerga-egitatea:

(a) Betearazpen subsidiarioko espedienteak izapidetzea eta/edo ebaztea, betearazteko agindu bat bete ez izanak eraginda edo, orobat, ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanak eraginda, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bat aintzat hartu ez bada.

(b) Ofizioz zein edozein interesdunen eskariz hasitako aurri-egoeraren espedienteak izapidetzea eta/edo ebaztea.

2) Ordainarazpena sortzea ekarriko dute, nahiz eta zerbitzuak ez izan interesdunek eskatuak, interesdunek berek eragiten dituzten zerbitzuek edo, bereziki, haien mesederako diren horiek, eta, orobat, ondasunak berreskuratzeko presa dela medio eman beharreko zerbitzuek, edo ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio.

3. artikulua. Subjektu pasiboa.

Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hurrengook, alegia:

(a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

(b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

(c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:

(a) Ordezko betearazpena eta partikularrendako sorospenak: betearazpenaren edo egindako zerbitzuaren kostu osoa izanen da.

(b) Beste kasu batzuetan: zenbateko finko bat izanen da.

5. artikulua. Karga-tasa eta kuota.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Kuota izanen da ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

Hori guztia, deusetan eragotzi gabe eraikuntzen, instalazioen eta obren gaineko zergaren likidazioak, eta obrak edo zerbitzuak egiteagatik egon litezkeen gainerako ordainarazpenak.

6. artikulua. Tasaren sortzapena.

Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazteko aginduaren, betearazpen subsidiarioaren edo aurri-egoeraren espedientea hasten denean; edo, aurretiazko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo sorospena ematen denean.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Udalak zilegi izanen du, betiere, enpresa pribatu bat kontratatzea ordenantza honek aipatzen dituen zerbitzuak emateko.

8. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du hasten den zehapen-espedientetik –halakorik irekiz gero– sortzen diren zehapenen aurrean, lurralde-antolamenduari eta hirigintzari buruz indarrean den araudian ezarritakoa betez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da xedaturik dagoena, tasa eta prezioen alorrari dagokionez, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Ordezko betearazpenak.

–Kuota ezartzeko, %150 aplikatuko da zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean.

2. epigrafea.–Aurri-egoeraren espedienteak.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostua.

–Udalak egiten badu obra, aplikatuko da ordezko betearazpenei buruz ezarritakoa.

Iragarkiaren kodea: L2307156