107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ORISOAIN

Ordenantza fiskala, hirigintza-espedienteak izapidetzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Orisoaingo Udalak, 2023ko otsailaren 22an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Orisoaingo Udalaren Hirigintza-espedienteak izapidetzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2023ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 14an, bai eta Orisoaingo Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan ere; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Orisoainen, 2023ko maiatzaren 4an.–Alkatea, Alexandre Duró Cazorla.

ORDENANTZA FISKALA, HIRIGINTZA-ESPEDIENTEAK IZAPIDETZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Honako hau da tasen zerga-egitatea:

Zerbitzu publiko bat egitea edo tokiko eskumeneko administrazio jarduera bat egitea zuzenbide publikoko araubidean, hirigintza-baimenak izapidetzearekin zerikusia duena eta partikularki subjektu pasiboari dagokiona, eragiten diona edo onura dakarkiona; hori guztia, bat etorriz Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen 100. artikuluan eta harekin bat heldu diren arauetan xedatutakoarekin.

Batzuk aipatze aldera, ordainarazpena aplikatuko zaie honako hauekin loturiko administrazio zerbitzuei:

2.1. Lurzoru, lurgain edo lurpearen besterentze eta desafektazio espedienteak izapidetzea, interes partikularra dela eta.

2.2. Partikularrek eskaturiko hirigintza tresnak izapidetzea, jabari eta erabilera pribaturako direnean eta udalerriaren onurarako egiten ez badira:

(a) Plan bereziak.

(b) Xehetasun azterketak.

(c) Arestian adierazitako tresnen aldaketak, Udal Plan Orokorrekoak eta plan partzialetakoak.

3. artikulua. Salbuespenak.

Honako hauek salbuetsirik daude ordenantza honen xedeko tasa ordaintzetik:

(a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta bere helburuak betetzeko sortzen dituen entitate juridikoak.

(b) Mankomunitateak, udalen batasunak, eta administrazio barrutiak, baldin eta Orisoaingo Udala kide bada, bai eta horiek beren helburuak betetzeko sortzen dituzten entitate juridikoak ere.

4. artikulua. Subjektu pasiboa.

Ordenantza honetan ezarritako tasen subjektu pasiboak dira pertsona fisiko eta juridikoak, eta nortasun juridikorik izan ez, baina unitate ekonomiko edo ondare bereizia diren entitateak, baldin eta hirigintzako jarduketak eskatzen badituzte, edo onura hartzen badute edo ukituta gertatzen badira egindako hirigintzako jarduketen edo emandako lizentzien ondorioz edo aurkeztutako erantzukizunpeko adierazpenen edo aurretiazko komunikazioen ondorioz.

Eraikitzaileak eta obra kontratistak zergadunaren ordezkoak izanen dira, lurzoruari eta hiri antolamenduari buruzko araudian jasotako hirigintzako lizentziak emateko ezarri diren tasetan.

5. artikulua. Zerga-oinarria.

Kargaren zerga-oinarria kalkulatzeko, tarifen eranskinean ezartzen denaren arabera betiere, honako hauek hartuko dira kontuan:

a) Zenbateko finko bat.

6. artikulua. Karga-tasa.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

7. artikulua. Kuota.

Kuota izanen da ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa zerga-oinarriari aplikatzearen ondoriozkoa edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

8. artikulua. Sortzapena.

Tasa eta, beraz, ordaindu beharra sortzen da zerga-egitatea osatzen duen udal zerbitzua edo jarduera egiten hasten denean, Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 107. artikuluari jarraikiz.

Horren ondorioetarako, zerbitzu edo jarduera horren hasieratzat joko da hirigintza-baimenaren eskaera aurkezten den eguna, ordenantza fiskal honen xedekoa bada.

9. artikulua. Kudeaketa arauak.

Tasaren kuota ordaindu beharko da borondatezko kobrantzarako epearen barnean (30 egun), behar den likidazioa jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

Udal administrazioak egiaztatuko du likidazioak eta autolikidazioak ordenantza honen arauak zuzen aplikatuz egin direla eta, beraz, kalkulatutako oinarri eta kuotak arau horien emaitza direla.

Udal administrazioa likidazioekin edo, hala behar badu, autolikidazioekin ados ez badago, likidazioak eginen ditu, gaizki aplikatutako kontzeptuak edo datuak eta akats aritmetikoak zuzenduta, berandutze-interesak kalkulatuko ditu eta behar diren zehapenak ezarriko ditu. Era berean, subjektu pasiboak aitortu ez dituen zerga-egitateen likidazioa eginen du.

10. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hausteei eta zehapenei dagokien orotan, arlo horretan indarra duen araudian xedatutakoari jarraituko zaio.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, aplikatuko da xedaturik dagoena, tasa eta prezioen alorrari dagokionez, Ordenantza fiskal orokorrean, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean.

Bigarrena.–Ordenantza fiskal honek, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera onetsi ondotik, indarra hartuko du eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu, Nafarroako Aldizkari Ofizialean testua oso-osorik argitara eman eta biharamunean.

TARIFEN ERANSKINA

1. Partikularrek eskaturiko hirigintza tresnak izapidetzea, jabari eta erabilera pribaturako direnean eta udalerriaren onurarako egiten ez badira:

1.1. Xehetasun-azterketa bakoitza eta haren aldaketak izapidetzeagatik.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostu osoa.

1.2. Xehetasun-azterketa bakoitza eta haren aldaketak izapidetzeagatik.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostu osoa.

1.3. Udal plan orokorraren edo plan partzialaren aldaketa bakoitza izapidetzeagatik.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostu osoa.

2. Lurzoru, lurgain edo lurpearen besterentze eta desafektazio espedienteak izapidetzeagatik, interes partikularra dela eta.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostu osoa.

3. Beste baimen, lizentzia eta erantzukizunpeko adierazpen batzuk izapidetzeagatik, lurralde-antolamenduari eta hirigintzari buruzko araudian jasorik daudenak eta aurreko epigrafeetan aipatu ez direnak.

–Espedientea izapidetzeko egiten diren txostenen kostu osoa.

Iragarkiaren kodea: L2307155