107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRURTZUN

Udal ordenantza, eguzki-energia berriztagarriko instalazioak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irurtzungo Udalak, 2022ko abenduaren 22an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Eguzki-energia berriztagarriko instalazioak arautzen dituen udal ordenantza.

Iragarkia 2023ko 57. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 21ean, bai eta Udalaren iragarki-taulan ere, eta horren ondotik jendaurreko aldia iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik; hortaz, behin betiko onetsitzat jotzen da.

Ondotik testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, bete beharrez uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324., 325. eta 326. artikuluetan ezarritakoa (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).

Irurtzunen, 2023ko maiatzaren 9an.–Alkatea, Aitor Larraza Carrera.

ZIOEN AZALPENA

Irurtzungo Udalak konpromisoa hartu duelarik ingurumenaren eta jasangarritasunaren alde, bai eta ekonomiaren deskarbonizazioaren, tokiko garapenaren, herritarren parte-hartzearen eta pobrezia energetikoari aurre egiteko borrokaren alde ere, ezinbestekotzat jotzen du energia berriztagarriek aurrera egin dezaten herrian.

Horren erakusgarri, Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Itunari atxiki zaio. Itun hori Nafarroako Gobernuak koordinatzen du Nafarroan, eta berotegi efektuko gasak murrizteko, klima aldaketara egokitzeko ikuspegi komuna hartzeko eta pobrezia energetikoari aurre egiteko helburuak ditu. Horrela, tokiko ekintza gehitu zaio munduko ekimen horri.

Klimaren eta Energiaren gaineko Alkateen Ituna sinatu duten udalek konpromiso hauek hartu dituzte beren gain: lehenik, CO2-aren eta berotegi efektuko beste gas batzuen (BEG) isurketak gutxienez %40 murriztea 2030a baino lehen. Bigarrenik, erresilientzia handitzea, eta horretarako, klima aldaketak eragindako inpaktuetara egokitzea. Hirugarrenik, konpromiso politikoa eramatea tokiko ekintzetara, eta horretarako, tokiko ekintza planak lantzea eta ekintza horien ezarpenari buruzko txostenak aurkeztea.

Zehazki, Ituna sinatu duten toki-erakundeek konpromisoa hartu dute osoko bilkuran erabakia hartu eta bi urteko epean aurkezteko Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plan bat, eta plan horretan bildu beharko dituzte gauzatu nahi dituzten funtsezko ekintzak. Halako planek jaso behar dituzte erreferentziazko emisioen inbentario bat (2005ari dagokiona) eta arrisku eta ahultasun klimatikoen ebaluazio bat.

Erabaki horrekin, tokiko gobernua helburu horien ardurakide izanen da, eta, halaber, KLINA-Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria bete beharko du. Ekimena, orobat, proiektu honen esparrukoa da: Life IP-NADAPTA Proiektua "Helburua: eskualde batean, hots, Nafarroan, klima aldaketara moldatzeko politika inplementatzea modu integratuan, koherentean eta inklusiboan".

Klima aldaketari eta COVID-19aren egungo krisiari emandako erantzunak eskatzen digu gure planetan modu jasangarriagoan bizitzea. Klima-aldaketari aurre egitea premiazko erronka da, sektore guztiei eragiten diena: ekosistemak, biodibertsitatea, azpiegiturak, ekoizpen-sistemak eta osasun- eta elikadura-sistemak.

Gainera, erronka soziala da, konpromiso kolektiboa eskatzen duena. Horretarako behar dira ahalegina, baliabideak, lankidetza eta adostasuna, eta, gainera, behar da eskualdeetako administrazioek eta toki-erakundeek gauzak erraztea, bestela zaila izanen baita erronka honetan arrakasta bermatzea.

Udalak bere gain harturiko konpromiso horiez gain, nabarmentzekoa da Irurtzungo bizilagunek ere konpromiso hori hartu dutela, energia berriztagarria sortzea eta autokontsumitzea interesatzen zaiela adierazi baitute, eta horrek zuzenean nahiz zeharka eragiten dio gizarte osoari.

2016aren bukaeran, Europako Batzordeak, "Neguko paketea"ren esparruaren barnean, proposatu zuen herritarrak trantsizio energetikoaren erdigunean jartzeko. Zehazki, Energia Berriztagarriak Sustatzeko Zuzentarauak Europar Batasuneko estatuei eskatzen die kontsumitzaileei berma diezaietela daukaten eskubidea nork bere energia berriztagarria ekoizteko, kontsumitzeko, biltegiratzeko eta saltzeko.

Herritarrek eta tokiko agintariek energia berriztagarrien proiektuetan parte hartzeak, tokiko komunitate energetikoen bidez, balio erantsi handia sor dezake energia berriztagarrien tokiko onarpenari dagokionez, bai eta kapital pribatu gehigarria eskuratzeari dagokionez ere. Horrek ekarriko du tokiko inbertsioak egitea, energiaren erabiltzaileek aukera askatasun handiagoa izatea, eta herritarrek neurri handiagoan hartzea parte trantsizio energetikoan.

Horrez gain, herritarrek bultzatu dezakete politikak ezartzea eta sustatu dezakete enpresen gizarte eta ingurumen erantzukizun handiagoa, eta, gainera, parte har dezakete sortutako enpleguan. Lehen mailako erronka teknologikoa eta soziala da karbonorik gabeko energia sistema baterako trantsizioa, eta, orobat, herritarrei energia sektorean rol zentrala emateko aukera ere bada.

Eguzki-energia termiko eta fotovoltaikoa energia berriztagarria da, eta gure udalerrian sustatu nahi dugu, egiazko alternatiba baita, etorkizuna izan dezakeena, ingurumen-inpaktu txikia izateagatik, ingurumenarendako hondakin kaltegarririk ez sortzeagatik, behin ezarririk mantentze-kostu handirik ez izateagatik, eta benetan laguntzeagatik berotegi-efektuko gasak murrizten.

2002/91/EE Zuzentaraua indarrean sartu zen, eta eraikuntzaren gaineko araudira ekarri zen hiru errege dekreturen bidez: Eraikingintzaren Kode Teknikoa (EKT), onetsi zena martxoaren 17ko 314/2006 Errege Dekretuaren bidez eta aldatu zena urriaren 19ko 1371/2007 Errege Dekretuaren bidez; Eraikingintzako Instalazio Termikoen Erregelamenduaren (EITE) berrikuspena; eta Eraikingintzako Ziurtagiri Energetikoa. Horiek guztiak bere barnean hartzen dituen esparrua da Energia aurrezteko eta efizientziaz erabiltzeko estrategiaren Ekintza plana, zeina garatu baitu azaroaren 5eko 38/1999 Legeak (eraikuntzaren antolamenduari buruzkoa), helburua izanik bermatzea pertsonen segurtasuna, eraikingintzaren jasangarritasuna eta ingurumenaren babesa. Horrek guztiak berekin dakar Espainiako eraikingintzaren araudi-esparrua modernizatzea, eta, orobat, herrialdea homologatzea herrialde aurreratuenekin, aintzat hartuz Europar Batasunak arlo honetan dituen helburuak.

Planteatutako helburu horietako batzuk lortzeko beharrezkoa da udalen esku hartzea. Udalek, beren eskumenak baliatuz, eta herritarren errealitatea hobeki ezagutzen dutenez, eguzki-energiaren erabilera sustatu behar dute udal ordenantzen eta hirigintza planen bidez, aldi berean beste behar bat zaintzen dutelarik, alegia, eraikinek ingurunearekin bat egitea eta albait inpakturik txikiena eragiten duten forma eta materialak baliatzea.

Eguzki-energia garatzearen aldeko apustua bateratu behar da bi premia hauekin: batetik, lurraldean modu antolatuan ezarri behar da; eta, bestetik, bermatu behar da natura balio eta hiri balio garrantzitsuenak kontserbatzea, bai eta horien irudia eta paisaia ere, maila guztietan.

Udalerri honek, beraz, konpromiso hori hartu du, eta, horrenbestez, eguzki-energiaren erabilera sustatzeko eta berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko borondate irmoa duelarik, eguzki-energiako instalazioei buruzko ordenantza hau egin du. Arau berri honek hirigintzako udal planeamendua garatzen du, eta haren osagarri da.

I. KAPITULUA

Xedea, esparrua eta definizioak

1. artikulua. Ordenantzaren xedea.

Ordenantza honen xedea da arauak ezartzea instalazioak ezartzeko, eguzki-energia biltzeko eta aprobetxatzeko, teknologia fotovoltaikoaren eta termikoaren bidez, Irurtzungo udal-mugartean.

2. artikulua. Aplikazio-eremua.

1. Ordenantza honetako determinazioek eguzki-instalazioak (termikoak eta fotovoltaikoak) arautzen dituzte, hiri-lurzoruan (finkatuan eta finkatugabean), urbanizagarrian eta urbanizaezinean.

3. artikulua. Definizioak.

1. Eguzki-energia biltzeko elementuei panelak edo plakak deituko zaie ordenantza honetan. Bi panel mota sartzen dira, egiten duten bihurketa energetikoaren arabera: energia termikoa edo energia elektrikoa:

a) Eguzki instalazio termikoak: fluido bat berotzeko, eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dutenak dira. Erabiliko dira etxeko ur beroa lortzeko eta espazioak girotzeko.

b) Eguzki-instalazio fotovoltaikoak: eguzki-erradiaziotik datorren energia baliatzen dute energia elektrikoa sortzeko; horretarako, zenbait material erdieroaleren propietateez baliatzen dira, elektrizitatea sortzen baitute eguzki-erradiazioaren eraginpean jartzen direnean.

2. Ordenantza honek berdin arautzen ditu panel fotovoltaikoz zein termikoz osatutako eguzki-instalazioak, kontuan hartuta haiek kokaturik dauden lurzoruaren hirigintzako sailkapena.

II. KAPITULUA

Instalazioak, hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian

4. artikulua. Bizitegi erabilerako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian kokatutako instalazioak.

1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Baimenduko da eguzki-panelak jartzea eraikinen estalki inklinatuetan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Plakak estalkiaren isurkietan integratu behar dira, isurkien inklinazio berarekin eta isurkien planoa eta orientazioa mantenduta, eta estalkiaren puntu batean ere ezin dira isurkien planotik 30 zentimetro baino gehiago irten. Oinplanoan jarriz gero, sortu behar dute forma erregularreko eremu bat edo gehiago.

b) Horiek guztiak gutxienez 1 metro bereiziko dira fatxadetako planoetatik, eta 1,5 metro mehelin, ertz eta gailurretatik. Distantzia horiek proiekzio horizontalean neurtuko dira.

c) Kalera ematen duten fatxadetan eta/edo estalkiaren gainean ezin izanen da inolako elementu osagarririk instalatu, ezta horietan ikusgai geratu ere, hala nola andelak, metagailuak, kontagailuak, inbertsoreak, panel elektrikoak, kanalizazioak eta abar. Horiek guztiak bide publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira, dela eraikinaren barnean, dela barnealdeko fatxadan. Behar bezala justifikatzen baldin bada kokapen horien ezintasun teknikoa, salbuespenez baimentzen ahalko dira, baldin eta bista horien inpaktua minimizatzeko neurriak hartzen badira eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

3. Eguzki-panelak instalatzen ahal dira eraikinetako estalki lauetan, baldin eta honako baldintza hauek betetzen badira:

a) Espazio publikotik ez ikusteko moduan jarri beharko dira; karelen bidez ezkutatuta egon beharko dute, eta karelen goreneko altueratik behera betiere. Estalki laua –eta, ondorioz, instalazioa– osorik edo zati batean ikusteko aukera ematen duten beste elementu batzuk baldin badaude (barandak, beirak, etab.), ezin izanen da instalatu aipatutako kokalekuan, salbu eta instalazioarekin batera proiektatzen badira bista horiek eragozteko neurriak eta Udalak bere oniritzia ematen badu.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen karelen garaiera eta/edo ordenantzei jarraikiz panelak ezkutatzeko baimenduriko eraikuntza elementuen garaiera.

4. Hiri-lurzoru finkatuan dauden eraikinetan, ezin da eguzki panelik instalatu fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan.

5. Hiri-lurzoru finkatugabean edo urbanizagarrian antolamendu edo eraikuntza baliabide egokien bidez garaturiko obra berriko eraikinetan baimenduta egonen da fatxada, balkoi, begiratoki edo antzekoetan eguzki panelak instalatzea, baldin eta fatxadako planoan eta/edo fatxadaren eraikuntza elementuetan txertatzen badira (leihoak, barandak, karelak, etab.) eta dagokion altxaeraren azaleraren %30 baino gehiago hedatzen ez badira.

6. Eguzki-panelak jar daitezke lurzoru libre pribatuan, honako baldintza hauek betez gero:

a) Instalazioa soilik baimenduko da baldin eraikin kontsumitzaileak lehendik badaude edo aldi berean obra-lizentzia ematen bada horietarako.

b) Baimenduta dago panelen orientazioak aldatzea eguzki-energia hobeki aprobetxatzeko.

c) Panelak lurzoruaren gainean bermaturik paratuko dira. Instalazioak –euskarriak eta beste elementu batzuk barne– ezin izanen dira 1,60 metro baino altuagoak izan, lurretik neurtuta.

d) Okupatutako gehieneko azalera %40koa izanen da, eta gehienez ere 40,0 m²-koa. Azterlan bat aurkeztuko da eraikin mugakideen gaineko balizko eraginei buruz, batez ere balizko islei dagokienez eta eraikin horien gaineko balizko ispilu efektuari dagokienez, eta, hala badagokio, azterlan horretan jasotakoa bete beharko dute.

5. artikulua. Instalazioak, zuzkidura, industria edo hirugarren sektoreko erabileretarako hiri-lurzoruan eta lurzoru urbanizagarrian.

1. Baimenduko dira inguruko eraikinen energia premiak partzialki edo osorik betetzeko eguzki-instalazioak, dela etxeko ur berorako (eguzki-instalazio termikoak), dela autokontsumorako edo salmentarako elektrizitatea sortzeko, indarrean dagoen araudiari jarraikiz.

2. Udalak uste badu ikusmen edo ingurumen inpaktua izan daitekeela, inpaktu hori minimizatzeko neurriak eskatzen ahalko ditu, bai eta proiektuaren infografiak ere.

III. KAPITULUA

Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean

6. artikulua. Instalazioak, lurzoru urbanizaezinean.

1. Eguzki-energia erabiliz energia elektrikoa lortzeko instalazioen ezarpena lurzoru urbanizaezineko lurzoru librean (eguzki-parkeak) berariaz arautua dago indarreko araudi sektorial autonomikoan (64/2006 Foru Agindua, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak emana), eta bete behar ditu, halaber, Udal Plan Orokorrean lurzoru urbanizaezinaren kategoria eta azpikategoria bakoitzerako ezarririko erabilera baimenduak edo baimengarriak, eta jasotzen direnak 2. Lurralde Antolamenduko Plana (2. LAP) - Nafarroa Atlantikoa izenekoan.

2. Eraikin berriei loturiko instalazioen kasuan, beharrezkoa izanen da ezartzekoa den jarduera berriak Lurralde Antolamenduaren eta Hirigintzaren arloko departamentu eskudunaren arauzko baimena lortzea, hala badagokio, lurzoru urbanizaezinean ezartzeko.

3. Lehendik badiren eraikinetan, eguzki panelek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Ezin izanen dira paratu ez fatxadetan, ez balkoietan ez begiratoki eta antzekoetan.

b) Baimenduta dago estalki lauen edo zabaltzen gainean paratzea, eta ez dago mugarik azalerari nahiz orientazioari dagokionez.

c) Estalki inklinatuetan, estalkiaren planoetan bermaturik jar daitezke, eta panelen orientazioak alda daitezke eguzkia hobeki aprobetxatzeko, non eta ez duten gainditzen 0,60 metroko garaiera inongo tokitan, isurialdeko planoarekiko zut neurtuta. Okupatutako azalera gutxienez 1 metro bereiziko da isurkiaren perimetrotik, eta fatxadara, mehelinetik, ertzera edo gailurrera bitarte. Estalkiaren azaleraren %80 okupa daiteke gehienez, proiekzio horizontalean neurtuta.

Instalazioak planteatzeko eraikinek legezkoak izan beharko dute, edo haien garaian indarrean zen legediaren arabera ezarriak. Hala ez bada, haietan jarduketa berri bat egiteko eskaerak bildu beharko du, orobat, lehendik dauden erabileren eta jarduketa eta eraikuntzen legeztatzea.

Instalazio horiek beharko dute lurralde-antolamenduan eta hirigintzan eskumena daukan departamentuaren baimena, hala ezartzen duenean hirigintzako legeriak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikulua), galarazi gabe beste baimen edo txosten batzuk ere behar izatea, beste organo edo administrazio batzuen aldetik.

IV. KAPITULUA

Beste xedapen orokor batzuk

7. artikulua. Instalazio bereziak.

Ezohiko neurri gisa, proposatzen ahalko da eraikinetan konfigurazio edo kokapen bereziak dituzten eguzki-panelak jartzeko aukera; betiere beharrezkoa izanen da horiek multzoaren arkitekturan behar bezala integratuta gelditzea. Proposamen horiek, baloratu ondoren, Udaleko Osoko Bilkurak baimendu beharko ditu espresuki.

8. artikulua. Erantzukizunpeko adierazpenaren aurkezpena eta ondorioak.

1. Instalazioa egin aurretik, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko da Irurtzungo Udalean. Adierazpen horretan, dokumentazio hau jasoko da, gutxienez:

a) Irurtzungo Udalaren eredu edo eskabide normalizatuaren araberako erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek gutxienez jasoko dituena: pertsona edo erakunde sustatzailearen eta eraikuntzako gainerako agenteen nortasunaren egiaztapena, instalazioaren kokalekua, higiezinaren katastroko erreferentzia eta higiezinaren tipologia (familia bakarreko etxea, familia anitzeko etxea, pabiloi industriala...), aurrekontua BEZik gabe, instalazioaren potentzia nominala...

b) Instalazioei buruzko proiektu teknikoa, memoria baloratua edo instalazioen deskripzio-agiri teknikoa, aplikatu beharreko araudi teknikoak eskatzen duena.

c) Instalazioaren aurrekontu xehatua. Aurrekontuan jasotzen badira helburu espezifiko horrekin bat ez datozen beste obra batzuk, obra horietako bakoitzari dagokion zenbatekoa behar bezala banakatua aurkeztu beharko da.

d) Obra hasteko aurreikusitako data adierazi beharko da, bai eta hartu beharreko neurriak ere, hondakin hustuketaren (halakorik sortzen bada), ingurumen-arloko alderdien eta bide publikoaren erabileraren inguruan.

e) Instalazioak gauzatu aurretik beharrezkoa izanen den beste edozein baimen (funtsezkoa edo sektoriala).

2. Erantzukizunpeko adierazpenak eskubide bat aitortzea edo erabiltzea ahalbidetuko du, alde batera utzi gabe Administrazio Publikoek esleituta dituzten egiaztapen, kontrol eta ikuskapen ahalmenak. Ondorio guztietarako, pertsona edo erakunde interesduna gaituta dago instalazioa gauzatzeko, erantzukizunpeko adierazpena eta eskatutako dokumentazioa aurkezten dituenetik aurrera.

9. artikulua. Ikuskapena.

Irurtzungo Udalak bere udalerriko eguzki-instalazioen funtzionamendu ona zainduko du, eta ikuskapenak egin edo agiriak eskatzen ahalko ditu, bermatzeko instalazioak egoera onean daudela eta ongi funtzionatzen dutela.

10. artikulua. Diziplina eta ikuskapen araubidea.

Irurtzungo Udalak ikuskapenak egin eta zehapenak ezartzen ahalko ditu ordenantza hau betetzen ez bada, jarraikiz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuari eta aplikatzekoa den araudi sektorialari (1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legea).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.–Udalak hobari lerro bat onar dezake urtero, ordenantza honen aplikazioa sustatzeko.

Bigarrena.–Baldin ordenantza honetan araututako gaiei eragiten dieten maila handiagoko arauak egiten badira eta indarrean jartzen badira etorkizunean, automatikoki aplikatuko dira arau horiek, galarazi gabe ondoren ordenantza egokitzea, beharrezkoa den horretan. Aldaketaren bat egiten bada Eraikingintzaren Kode Teknikoan (EKT) eta haren oinarrizko dokumentuetan, Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamenduan (RITE) edo nahitaez bete beharreko beste edozein arauditan –hala Espainiakoan nola Nafarroako Foru Komunitatekoan–, ukitutako artikuluak eguneratu eginen dira, araudi horretara egokitu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza hau indarrean jarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean.

Iragarkiaren kodea: L2307294