107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AIEGI

Aldaketa, Etxeko laguntza zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Aiegiko Udalak, 2023ko otsailaren 23an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Aiegiko Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa.

Erabaki horren iragarkia 2023ko 14. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 14an, eta biharamunetik hasita jendaurrean egon zen, hogeita hamar egun baliodunean. Alegaziorik aurkeztu ez zenez, ordenantza hori behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testu osoa argitara ematen, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin (6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa).

Aiegin, 2023ko apirilaren 27an.–Alkatea, Leonardo Camaces Murillo.

UDAL ORDENANTZA, AIEGIN ETXEKO LAGUNTZA ZERBITZUA ARAUTZEN DUENA

Etxeko laguntza zerbitzuak Nafarroako gizarte zerbitzuen eskualde oinarrizko guztietan ezarri ziren Gizarte Zerbitzu Oinarrizkoak arautzen dituen urtarrilaren 16ko 11/1987 Foru Dekretuan babespean. Programa berariazkoak dira, beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten pertsonak beren etxeetan gelditzea bilatzen dutenak eta horretara bideratuak, horretarako etxe, norbanako eta gizarte arloko prestazio multzoa.

Arlo horretan Aiegiko Udalak egin duen araubidea funtsean da Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren Batzorde Betearazleak onetsi zuena, izan ere 2004ko ekitaldiko bukaera aldera lan batzorde bat eratu zen eta hartan parte hartu zuten Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak berak eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak, Oinarrizko Osasun Laguntzako Atalaren bidez; hori guztia toki erakundeen eta gizarte zerbitzu oinarrizkoetako profesionalen eskariari erantzunez.

Erakunde horiek gorpuztu zuten ordenantza eredu bat, eta horixe da orain hain zuzen ere Aiegiko Udalak ia hitzez hitz bere egin duena. Ordenantza eredu horren asmoa izan da guztiendako arautze batera ekartzea Etxeko laguntza Zerbitzuen esku hartzearen alderdi funtsezkoak, eta horrela Nafarroan zerbitzu horiek homogeneizatzeko aitzinapausoak egitea. Landutako gaien artean, aipatzekoak dira zerbitzu eskaintza oinarrizkoaren definizioa, tarifa sistema baten prestakuntza eta, balorazioak egiteko, denendako tresna beraren ezarpena.

1. artikulua. Etxeko laguntza zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ udal zerbitzu bat da, zuzentzen zaiena eguneroko bizitzaren oinarrizko premiak beren ohiko ingurunean betetzeko mugak dituzten herritarrei, eta banakoarendako zerbitzu batzuen prestazioa eskaintzen du aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Xedea da pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekien integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta haren bizi kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren (ELZ) esku-hartzeak oinarritzat dituen printzipioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legean bildutako printzipio orokorrak garatzen dituzte. Hona zein diren:

–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak bultzatzeko eta bermatzeko ardura.

–Prestazioaren unibertsaltasuna eta berdintasuna: mendekotasuna duen edozein pertsonak izan dezan prestazioa eskuratzeko eskubidea, berdintasunaren, ekitatearen eta birbanaketaren zuzentasun irizpideen arabera.

–Beste zerbitzu eta baliabide batzuen osagarri izatea, denek ere helburu izanik pertsonak etxean ahalik eta denbora gehien irautea.

–Prebentziora bideratua egotea, eragozteko edo mugatzeko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta laguntza jasotzen duenak sostenguak eta gizarte harremanak galtzea. Orobat, helburua da autonomia bultzatzea eta handitzea.

–Autonomiaren sustapena: bultzatuko da eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia inguruan eta komunitateko bizitzan moldatzea alor desberdinetan. Nork bere erabakiak hartzea sustatuz, hala eraman nahi den bizimoduaren inguruan nola norberaren lehentasunak hautatzearen inguruan.

–Solidaritatea: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio sozialari mesede egitera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea bultzatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

–Laguntza pertsonalizatua eta integrala: ELZk laguntza pertsonalizatua emanen du behar sozialak modu integralean betetzeko, eta laguntza pertsonalizatua emanen du, behar horiek ezagutzeko aukera eskaintzen duena.

–Erantzunkidetasuna, hau da, mantentzea, babestea eta handitzea familiaren sostengua eta gizarte-sostengu sareak (auzoak, boluntarioak...).

–Laguntza emateko malgutasuna, konbinatuz kasu eta egoera bakoitzean laguntza hoberena emateko aukera ematen duten baliabideak.

–Koordinazioa gainerako baliabideekin, izanik horiek instituzionalak nahiz sostengu informalekoak, esku hartzearen sinergia hobetzeko, eta eraginkortasun handiagoa bermatzeko.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu erantzuna ematea autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabalari.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzailearen etxean egiten baita batez ere.

–Integrala, osotasunean heltzen baitie bizikidetza unitateen beharrei.

–Prebentiboa, ahalegina egiten baitu eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalek okerrera egitea eta sostenguak eta gizarte harremanak galtzea, baita inor beharrik gabe zentro batera eramatea ere, salbu eta zentroan bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, bateratu baitaiteke oinarrizko beste laguntza batzuekin, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, lagunduko duena erabiltzailearen beharrak betetzen haren gaitasunak indartuz, bere aldaketaren eragile eginez eta familiaren partaidetza bultzatuz.

–Teknikoa, esku hartzeko oinarritzat hartzen dituena teknikoki planifikatutako eta egindako jarduerak, behar bezala kualifikatutako profesionalek planifikatu eta egin ere, gainbegiraturik.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak behar baititu bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena, baliabide egokienak konbinaturik.

–Oinarritzat duena errespetatzea laguntza hartzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen hobespenak, betiere bat badatoz bizitza-kalitate egokiaren bermearekin, ELZren eskaintzaren barruan.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak honako helburu hauek ditu:

–Laguntza ematea, pertsonek beren ohiko ingurunean iraun dezaten ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin, prebenituz eta saihestuz zentro batean sartzea beharrik gabe eta, hala, ingurunetik deserrotzea. Horretarako, alternatiba egokia ematea.

–Lortzea pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa, zeinek ahalbidetuko baitute ahalik eta autonomia handiena izatea, ohitura osasungarriak bultzatzea eta norberaren segurtasuna eta autoestimua handitzea.

–Ohiko bizilekuan eskaintzea prestazio multzo bat, erraztuko eta lagunduko duena eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea, modu integralean.

–Jarduketak koordinatzea parte hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun eta gizarte sarearekin, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea eraginkorragoa eta efizienteagoa izan dadin.

–Hobetzea oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena, horretarako sendotuz familia, auzo eta adiskidetasun loturak, bultzatuz eta indartuz lankidetza handiagoa izatea sostengu sare naturalek, bereziki familiarenak, behar bezalako sostenguak emanik zaintzaileei.

–Autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten krisi pertsonal eta/edo familiarren unean uneko egoeretan laguntza ematea, pertsonarendako laguntzari lehentasuna emanez etxeko mantentze-lanen (garbiketen) gainetik. Azken hauek aldi baterako uzten ahal dira zerbitzuaren premiengatik.

–Bultzatzea zerbitzuaren hartzaileen gizarte-harremanak eta jarduerak, haien komunitate ingurunean, prebenitzeko isolatze eta bakardade arazoak.

–Bultzatzea eta bideratzea komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala, indargarri gisa, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Aiegin erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, baldin bizia beren gain egiteko mugaturik badaude oinarrizko jardueretan eta tresna bidezkoetan, eta horien ondorioz beren kasa bete ezinean badabiltza premia pertsonal eta sozialak eta laguntza behar badute beren ohiko bizilekuan jarraitu ahal izateko, bereziki mendekotasun aitortua dutenek.

Erabiltzaile izateko, hauek izanen dute lehentasuna:

1. Mendekotasun aitortua dutenek.

2. %33ko edo hortik gorako desgaitasuna dutenek, baldin horrek larriki eragiten badio autonomia pertsonalari.

3. Autonomia pertsonalean zailtasunak dituzten adinekoek.

4. Familia-unitateek, baldin, bertan adin txikikoak edo beren buruaz baliatzeko zailtasuna duten lagunak izanik, eguneroko bizitzako jardueretan etxean berean behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete, edo, gizarte, ekonomia edo kultura aldetik, haien egoerak komenigarri egiten badu etxez etxeko laguntza, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Premia-egoera horren aurrean, lehentasuna izanen dute arretaren intentsitate-premia handiena dutenek balorazio tekniko mediko eta sozialaren arabera eta karga-eskala progresiboaren arabera.

Lehentasuna emanen zaie ELZren arreta ordu bermatuei erabiltzaile bakoitzaren Banakako Arreta Proposamenaren arabera (BAP). Bermatu gabeko arreta orduak aldatzen ahalko dira BAPen ELZko orduak bermatuta dituzten beste pertsona batzuk ELZra sartzeagatik.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

Honako profesional hauek osatuko dute etxeko laguntza zerbitzuko lantalde oinarrizkoa:

–Gizarte-langilea: eskaria jasotzea dagokio eta, orobat, haren ardura dira kasua aztertzea eta baloratzea, komeni den esku-hartze programa diseinatzea eta proiektua gainbegiratzea, haren jarraipena egitea eta ebaluatzea.

–Familia-langilea: berari dagokio egitea eginkizun pertsonalak eta etxekoak, eta laguntza ematea ohiturak eta gaitasunak sortzeko eta mantentzeko; horrez gain, aldian behin balorazioa eta txostenak egin beharko ditu, bere esku-hartze etengabeak dakarren bilakaeraz.

Aipatutako lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, baldin espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio.

–Administrariak: eginen dituzte zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak.

Prestazioak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste profesional batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: arduratzen da heziketa lanak egiteaz erabiltzailearekin, haren familiarekin eta inguruarekin, eta, hala, laguntzen du eskuratzen gaitasunak eta trebeziak, on egiten diotenak bizikidetzako gunearen familia-autonomiari.

–Psikologoa: esku hartu behar du sostengu psikosoziala behar duten egoeretan, baita begiraleei sostengu eta aholku emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

–Beste profesional batzuk: eragile soziokulturalak, enplegu teknikariak, berdintasun teknikariak...

7. artikulua. Zerbitzua eskuratzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza zerbitzua nork nola erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Ea onuradun izan daitezkeenek zenbaterainoko autonomia funtzionala duten, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak egiteko (Barthel eskala, oinarrizko eskala eta EZLren intentsitateak kalkulatzen dituena).

–Ebazpena, aitortzen dituena, batetik, mendekotasun-egoera eta, bestetik, autonomiaren aldeko eta mendekotasunari arreta eskaintzeko sistemako prestazioak jasotzeko eskubidea.

Mendekotasuna dutenek aukera izanen dute araudi indardunaren arabera dagokien arreta-intentsitatea jasotzeko:

–ELZren intentsitatea, mendekotasun-mailaren arabera:

  • III. maila: Mendekotasun handia. 46-70 ordu hilean.
  • II. maila. Mendekotasun larria. 21-45 ordu hilean.
  • I. maila. Mendekotasun moderatua. 20 ordu hilean, gehienez ere.

–Sare naturalaren eta bereziki familiaren eta bizikideen sostengua ote duten.

–Onuradun izan nahi duenaren egoera soziofamiliarra.

Horretarako, erabiliko dira egungo araudiari jarraikiz indarrean dauden balorazio eskalak.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

8.1. Etxeko arretaren intentsitatea ezarriko da ordenantza honetako balorazio eskalen eta mendekotasun mailaren arabera, eta onuradunekin adostuko. Jarduketa hauetariko batzuk (edo guztiak) bilduko ditu:

1. Sostengu eta arreta pertsonalerako jarduketak. Lehentasuna izanen dute gainerako jardueren gainetik. Hona hemen, eguneroko oinarrizko zereginetan, sostengu pertsonaleko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra egitea.

–Ohean direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Pixoihalak aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta zaintzea, ongi egon dadin.

–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitzea eta idortzea, azazkalak limatzea eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa).

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak).

Ez dira sartzen profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea, betiere ibilgailu partikularrak erabili gabe.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraikiz.

–Patologiei egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Sendagileek agindutako botikak behar bezala hartzen direla begiratzea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, botika injektagarriak izan ezik.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdiei erreparatzea (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...) eta, beharrezkoa bada, haren berri ematea lantalde profesionalari.

–Gaitasun fisiko eta mugimenduzkoak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (mobilizazio pasiboak, kremak, pomadak igurtziz ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Ezagutzaren gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraituz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzekoak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu kolektoreak, zundako poltsak aldatzea...).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen laguntzako teknikak aplikatzea larrialdietan.

2. Etxeko lanetan sostengua emateko jarduketak. Honako hauek hartuko dira etxeko lanetan sostengu emateko jarduketatzat:

2.1. Erabiltzailearen elikadurari lotuak, hala nola:

–Elikagaiak prestatzen laguntzea.

–Elikagaiak prestatzen laguntzea (berotu, mahaia jarri, otordua banatzea).

–Prestatutako janaria etxeetan banatzeko zerbitzua.

–Baxera eta/edo janaria prestatzean erabilitako tresnak biltzea eta garbitzea.

2.2. Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosgaien zerrenda prestatzen laguntzea.

–Erosketak egitea (oinarrizko produktuak, eguneroko bizitzarekin zerikusia dutenak).

–Erositakoa etxera eramatea.

–Erosketak antolatzen laguntzea.

2.3. Loturik daudenak erabiltzailearen oinetako eta arropa pertsonalak eta etxeko arropak zaintzearekin, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatzea eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatzea eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratzea eta mantentzea, baldin joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada (botoiak, urratuak).

–Ikuztegi zerbitzua kanpoan (garbitu eta lisatzea).

Erabilera arrunteko arroparekin eginen da jarduera hau.

2.4. Etxebizitzako mantentze-lanei lotuak, hala nola:

a) Bizitegiaren mantentze lana:

–Jarduera/zeregin arruntak:

  • Oheak egitea.
  • Erratza pasatzea.
  • Xurgagailua pasatzea.
  • Mopa pasatzea.
  • Hautsa kentzea.
  • Lanbasa pasatzea.
  • Beirak garbitzea.
  • Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea.
  • Sukaldea garbitzea.
  • Komuna garbitzea.
  • Espazio komunak, hala nola atariak edo eskailerak.

–Jarduera/zeregin bereziak: Gehienez ere urtean behin eginen dira, zerbitzu berak haien aukeren arabera ezarritako aldietan. Salbuespenez, ELZko taldeak proposatuta, bestelakoak egiten ahalko dira.

  • Sabaiak garbitzea.
  • Errezelak garbitzea.
  • Lanparak garbitzea.
  • Etxetresna elektrikoak garbitzea (salbu hozkailua, sukaldea eta mikrouhin labea).
  • Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.
  • Zikin-markak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, eserleku-bizkarrak eta abar).

b) Etxeko konponketa errazak:

Etxeko konpontze lan errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuta laneko arriskuen prebentzioa langilearentzat.

Ez dira sartzen lanbideen ezagutza berariazkoa edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

c) Etxebizitzako hornidura eta azpiegituraren egoera orokorra kontrolatzea eta jarraipena egitea.

–Egiaztatzea behar bezala daudela eta funtzionatzen dutela etxebizitzaren egitura eta instalazioak (gasa, hoditeria, elektrizitatea, berogailua eta telefonoa).

–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea edo dagokion erabiltzaile, familia edo teknikariarengana igortzea.

3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Honako hauek hartuko dira laguntza psikosozialeko jarduketatzat:

Laguntzazko prozesu batean egiten direnak, bideraturik daudenak eremu pertsonal, familiar edo sozialean azaldutako egoerak gainditzera; hala, bultzatuko da lagundutako pertsonak sentitzea baloratuak eta sare sozialeko kide.

a) Jarduketa psikosozioedukatiboak:

jarduera eta lan horiek, oinarri harturik hezkuntzaren ikuspegia eta estrategia, helburu dute eskuratzea, berreskuratzea, ikastea eta erabiltzea oinarrizko trebetasunak, jokabideak eta iaiotasunak, ahalik eta handiena izan dadin erabiltzailearen eta bere ingurunearen autonomia.

–Laguntza emozionala ematea bizitzako egoeretan (bakardadea/isolamendua; mendekotasuna, edo ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea; dolua...).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (irudi pertsonala, onarpena, balioespena eta norberarekiko konfiantza).

–Jarrera positiboak indartzea, familiaren dinamikan azaltzen diren egoerak gainditzeko (errespetua, onarpena, entzutea...).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea, etxeko higienea, ariketa fisikoa...).

–Eskuratzea eta garatzea autozaintza eta autonomia pertsonalerako ohiturak eta trebetasunak. (Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta tresna bidezkoak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratzea eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientazioa eta trebakuntza.

–Etxeko antolaketarako orientabidea (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa bultzatzearren (zaletasunak).

–Orientatzea, bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko (trebetasun sozialak, asertibitatea...).

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientazioa ematea.

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Jarduera hauek dira familiaren eta/edo zaintzaileen lana sostengatzeko eta bultzatzeko jarduerak eta zereginak, erabiltzailea zaintzeko eta artatzeko.

–Laguntza emozionala ematea zaintzaileei.

–Orientazioa, aholkua eta jarraipena ematea erabiltzailea zaintzeari eta artatzeari lotutako gaien gainean.

–Jarraibideak eta abileziak ematea, aurre egiteko zaintze eta artatze laneko hainbat egoerari, eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Informatzea eta orientatzea laguntza teknikoaz, baliabideez eta sostengatzeko beste modu batzuez.

–Autozaintzarako jarraibide, abilezia eta jarreretan lagundu eta orientatzea, bai eta estresaren eta gainkargaren prebentzioan ere.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu sozio-komunitarioko jarduerak. Honako hauek dira sostengu sozio-komunitarioko jarduerak:

Jarduera eta zeregin hauek helburu izanen dute mantentzea eta bultzatzea erabiltzaileak parte har dezala bizitza sozialean eta harremanetan, baita hobeki ezagut eta erabil ditzala ere komunitatearen baliabideak. Zehazki, honako jarduera eta zeregin hauek dira:

–Lagun egitea etxetik kanpo, kudeaketa pertsonaletan laguntzeko.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

–Informatzea eta orientatzea jarduera antolatuez eta baliabide komunitarioen erabileraz.

–Komunitatea sentsibilizatzea dependentzia duten pertsonei buruz.

4. Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk. "Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk" hitzekin honako hauek adierazten dira:

Etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzera bideratutako jarduketak, eta igarotzea beste bizi-egoera batera, ohiko etxebizitza utzi behar duenean, edo beste batera aldatu.

a) Etxean sostengu teknikoa emateko jarduketak.

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa honako hauei buruz: laguntza teknikoak, ahalbidetzen eta sustatzen dutenak etxean zaintza hartzea eta autonomia izatea.

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa, etxea egokitzeko beharrei buruz eta arrisku nahiz oztopo arkitektonikoak kentzeari buruz.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientabidea eta laguntza.

b) Laguntzarako beste baliabide batzuk.

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa, etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak...).

–Balorazioa, informazioa eta orientazioa beste baliabide alternatibo batzuei buruz, etxean bizitzen segitu ordez.

8.2. Zerbitzuen zorroa aplikatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Zerbitzuen zerrenda aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Horrenbestez, zorro horretako jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke erabiltzailea sostengatzea, gainbegiratzea, harekin lankidetzan aritzea, lanak gauzatzea, eta hura hezi edo prestatzea.

b) ELZko profesionalen esku-hartzeak etxeko lanak egitea dakarrenean, haien lana ez da bakar-bakarrik izanen zeregin horiek gauzatzea; aldiz, lotura hertsia izanen du laguntza-harreman bat ezartzearekin, eta horixe da hain zuzen ere ELZren eta merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuen arteko aldea.

c) Zerbitzuen zerrenda ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Banakakoendako esku-hartze planean zehaztu eta bilduko dira zeregin horiek.

d) Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta lanak eginen dira, eta maiz erabiltzen diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egin ahal izateko behar-beharrezkoak direnean.

e) Zerbitzuen zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduerak eta zereginak salbuespenez egiten ahalko dira, honako baldintza hauetan oinarriturik:

–ELZko lantaldeak aldeko balorazio profesionala egitea.

–Oinarrizko premia bat asetzea, ase ezean arrisku egoera bat piztu edo bizi baldintzen hondatzea ekartzen ahal duenean.

–Premia hori estaltzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

–Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko zeregina bilaka ez dadin.

f) Zorroaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

g) Zorroa modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean eta erabiltzailearen baimenarekin.

h) Zerbitzuek erantzukizun eta lan banaketa berdina sustatuko dute, generoko bazterkeriarik gabe, erabiltzaileari eta bere familia eta gizarte inguruari dagokienez.

i) Zorroa aplikatzeak eta etxeko laguntza zerbitzua emateak ez du familia salbuesten erabiltzailearekiko duen erantzukizun legal, sozial eta emozionaletik.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Honako hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpideak eta printzipioak:

–Zerbitzu unitatearen definizioa: Zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera.

–Familia-unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko, erabiliko da PFEZan definitzen den familia-unitatea (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga):

  • Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Berariazko legeen araberako bikote iraunkor bateko kideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimena izanda beraiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-aginte luzatu edo birgaituaren menpe dauden adin nagusiko seme-alabak.
  • Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontzaren bidezko loturarik edo bikote iraunkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bertzearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aitzineko atalean aipatu betebeharrak betetzen badituzte.

Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak:

–Errenta: familia-unitatearen PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak, alokairuen beste errenta batzuez gainera.

–Gastu kengarriak: Kuotan desgrabazioa izateko oinarria eratzen dutenak, ondoko arrazoiak direla eta: pertsonalak, etxebizitza alokairuan hartu edo erostea, eta mendekotasunagatik emandako laguntzaren ingurukoak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko lanak egitea eta bertzelakoak).

–Hileko per capita errenta garbia: Honela kalkulatuko da: aurreko kontzeptuak batu, eta zatitu familia-unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez.

Erabiltzailea ez dagoenean behartua PFEZaren aitorpena egitera, ahalmen ekonomikoa zehaztuko da aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera.

Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egozteko eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

Urtero zehaztuko da kostu zentro bat, eta horri egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren %15, azken bi profesional horiek ere zuzenean parte hartzen baitute zerbitzuaren kudeaketan.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzarako egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren %80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

Tarifaren oinarrizko unitatea:

Etxean zerbitzua ematen benetan iragandako ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.

Laguntza orduaren kostuaren %50 izanen da prezio publikoa edo tarifa.

Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala dagokie familia-unitatearen per capita errenta garbiari eta eskatzailearen mendekotasun-egoerari eta Banakako Arreta Programan (BAP) ELZk bermatutako orduei, eta oinarritzat hartuko du errenta horrek urteko OAEAParekiko duen proportzioa (Ondorio Askotarako Errenta-adierazle Publikoa).

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFA ESKALA, BAP-EN BERMATUTAKO ARRETA ORDUETARAKO

TARIFA ESKALA, MENDEKOTASUNIK EZ DUTEN
EDO BAP-EN BERMATUTA EZ DAUDEN PERTSONEI ARRETA EMATEKO ORDUETARAKO

PCEG (Per Capita Errenta Garbia) < OAEAP

Ordu bakoitzaren prezio publikoaren 0,05

Ordu bakoitzaren prezio publikoaren 0,20

OAEAP < PCEG > OAEAParen %105

Ordu bakoitzaren prezio publikoaren 0,10

Ordu bakoitzaren prezio publikoaren 0,25

OAEAParen %105 < PCEG > OAEAParen %120

2 euroko tarifa ordu bakoitzeko

2,30 euroko tarifa ordu bakoitzeko

OAEAParen %120 < PCEG > OAEAParen %135

3 euroko tarifa ordu bakoitzeko

3,45 euroko tarifa ordu bakoitzeko

OAEAParen %135 < PCEG > OAEAParen %150

4 euroko tarifa ordu bakoitzeko

4,60 euroko tarifa ordu bakoitzeko

OAEAParen %150 < PCEG > OAEAParen %165

5 euroko tarifa ordu bakoitzeko

5,75 euroko tarifa ordu bakoitzeko

OAEAParen %165 < PCEG > OAEAParen %180

6 euroko tarifa ordu bakoitzeko

6,90 euroko tarifa ordu bakoitzeko

OAEAParen %180 < PCEG > OAEAParen %195

7 euroko tarifa ordu bakoitzeko

8,05 euroko tarifa ordu bakoitzeko

PCEG > OAEAParen %195

8 euroko tarifa ordu bakoitzeko

9,20 euroko tarifa ordu bakoitzeko

–Urtero arautuko dira OAEAPa eta prezio publikoaren kostua, dagokion erakundeak adierazitakoaren arabera.

10. artikulua. Esku-hartzeko protokolo teknikoa.

Esku hartzeko protokolo teknikoak jasotzen ditu ondotik adierazten diren urratsak, eta haien edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Eskaera hartzea eta aurkeztea.

–Kasua aztertzea.

–Egoeraren diagnostikoa eta balorazio soziala.

–Banakako Arreta Proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Alderdien arteko konpromisoak formalizatzea.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraitua.

11. artikulua. Kudeaketa arauak: etxeko laguntza zerbitzua emateko administrazio prozedura.

a) Prozeduraren abiatzea:

ELZ emateko prozedura abia daiteke ofizioz edo interesdun baten eskariz:

–Ofizioz. Prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakita, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik. Ofizioz abiatutako prozeduretan, epea kontatzeko, hasiera eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du administrazio prozedura erkideari buruzko araudi indardunarekin.

–Alderdi batek eskaturik. Alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera aurkeztu beharko da aipatutako dokumentazio administratiboa gutxienez, eta behar bezala bete beharko da eskabidea.

Aipatutako dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, eskatzen ahal dira egokitzat jotzen diren agiri osagarriak, aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak aurkeztuko dira Zerbitzuaren Entitate Titularraren Erregistro Orokorrean administrazio prozedura erkideari buruzko araudi indardunean ezarritakoarekin bat; eskabidea erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura tramitatzeko epea.

b) Izapidetzea: Eskabideak ez badauzka exijitzen diren datu eta agiri guztiak, interesdunari eskatuko zaio akatsa zuzentzeko edo aurkeztu ez dituen nahitaezko agiriak eransteko, hamar eguneko epean, eta adieraziko zaio hala egin ezean ulertuko dela eskaeran atzera egin duela, eta artxibatu eginen dela beste izapiderik gabe.

Udalaren ELZko teknikari arduradunek, ikusirik aurkeztutako dokumentazioa, txosten-proposamen bat prestatuko dute, azalduko duena interesa duen bizikidetza-unitatearen premia, eta zehaztuko duena eskatzen den prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna.

Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

c) Ebazpena: Zerbitzua baiesteaz edo ezesteaz ebazpena emateko eskumena duen organoa Udaleko alkatea da, beste inor espresuki eskuordetu ezean.

Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote-zerrendara pasatuko da.

Ematen den ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, gehienez ere hamar eguneko epean, eta hartan jasoko da zerbitzua baietsi edo ezetsi zaion, edo itxarote-zerrendan sartu den harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta, orobat, ebazpenaren kontra zer errekurtso diren bidezko.

Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1. Zerbitzua baietsi ala ezetsi den.

2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, honako hauek gutxienez aditzera emanda:

–Banakako laguntza programa:

  • Egin beharreko lanak/jarduketak.
  • Laguntzaren iraupena.
  • Laguntzaren ordutegia.
  • Astean laguntza emateko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3. Onuradunarentzat ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

4. Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan ebazpen espresurik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu, eta beraz ulertzen ahalko da itxarote zerrendan dagoela, zerbitzuaren aukeren arabera laguntza jaso arte.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari bukaera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta, gerora sortutako arrazoiengatik, prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

d) Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunari edo haren legezko ordezkariari jakinaraziko zaio. Jakinarazpen hori izanen da zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko; bertan zehaztuko da zer prestazio mota emanen dioten, zenbat orduz eta zer tarifa dagokion. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

e) Iraungipena eta etena:

–Iraungipena: Honako egoera hauengatik gertatuko da:

1. Interesdunak hala nahi izateagatik edo uko egiteagatik.

2. Zerbitzua erabiltzeagatik horretarako behar diren baldintzak bete gabe, edo baldintzak betetzeari uzteagatik.

3. Ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

4. Bizilekua beste udalerri batera aldatzeagatik, zahar egoitza batean sartzeagatik edo heriotzagatik.

5. Gerora sortutako arrazoiak direla eta, zerbitzua ematen segitzeko ezintasun materiala gertatzeagatik.

6. Hiru hilabete baino gehiagotan zerbitzua etenda edukitzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

8. Mendekotasuna dutenak lehenestea, eta mendekotasunik ez dutenen arreta edo bermatu gabeko orduena bertan behera uztea eta ordu bermatuak dituztenei ematea.

ELZtik irteteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; delako agirian, erabiltzaileari dagozkion datuak eta irteteko arrazoiak agertuko dira, baita zerbitzutik gelditzeko eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, adierazirik arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna.

Bajaren arrazoiak bigarren eta hirugarren kasuak badira, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

–Etenaldia: Zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da ondorioa.

Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

f) Ebaluazioa, jarraipena eta berrikuspenak:

–Jarraipena eta balorazioa:

Behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Familia-unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

–Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu baldin bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, ikusirik baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak.

Zerbitzu egiteko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira. Halakoetan, dagokion toki-erakundeak behar diren aldaketak egiteko eskubidea gordeko du beretako, egokitzeko erabiltzailearen egoerari eta aldi bakoitzean dagoen eskariari. Orobat, sortzen ahal diren aparteko gorabeherei, hala nola zuzeneko laguntza ematen duten langileen (familia langileak) istripuak, laneko bajak edo bestelakoak.

Nolanahi dela ere, aldaketa tramitatzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

g) Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak.

a) Eskubideak: Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

b) Betebeharrak: Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Behar den informazio guztia ematea, ezagutzeko prestazioaren beharra ekartzen duten inguruabar pertsonalak, familiarrak eta sozialak.

–Jarrera egokia eta laguntzazkoa agertzea, prestazioa gauzatzeko.

–Ez eskatzea banakako arreta programatik kanpoko lan edo jarduerarik. Onartzea eta errespetatzea banan-banan esku hartzeko planaren dokumentuak jasotako zeregin edo jarduera arautuak. Aipatu plana sinatu behar dute alderdiek (ELZren arduradunak eta onuradunak edo familiartekoak).

–Zerbitzuko langileak tratatzea haien duintasunari zor zaion begiruneaz.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin badakar etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea.

Betebehar hauetako bat bete ezean, zehapen espedientea irekiko da, eta horren ondorioz ELZko prestazioa aldi baterako eten edo behin betiko iraungitzen ahalko da.

1. ERANSKINA.–ESKU HARTZEKO PROTOKOLO TEKNIKOA

Honako hauek behar ditu ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak:

a) Eskaerari harrera egitea eta aurkeztea:

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremana da; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek laguntzen du izan daitezkeen espektatibak argitzen; orobat, argibideak eta aholku ematen dira etxeko laguntzarako izan daitezkeen beste baliabide batzuez edo eskariari lehen erantzuna ematen ahal lioketen bestelakoez.

Baliabide honen aplikazioaren komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Hartan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

b) Kasuaren azterketa: balorazio tresnak erabiliz, beste baliabide batzuekin koordinatuz (osasuna, hezkuntza), etxean bisitak eginez eta erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solastatuz, baita onuradunak ekartzen duen dokumentazioaren bidez ere, informazioa biltzen da honako hauen gainean: bizikidetza-unitatearen egoera soziosanitarioa, eta zer baliabide dituzten egoerari aurre egiteko pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzoak, komunitatea).

c) Egoeraren diagnosia, honako hauek zehazteko:

–Erabiltzailearen premia zein den.

–Erabiltzaileak bere kasa asetzen ahal dituen premiak.

–Zer premia betetzen ahal dituen haren laguntzan parte hartzen duen sostengu-sare informalak (familia, auzoak, boluntarioak...).

–Zer premia gelditzen diren bete gabe erabiltzailea etxean atxikitzeko, eta horietarik zenbat har litzakeen ELZk bere gain eta horretarako zer beste baliabide behar liratekeen.

d) Banakako laguntzaren proposamena edo esku-hartzearen diseinua, honako hauek zehazteko:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntzaren iraupena.

–Alderdien konpromisoak.

–Koordinazio premiak, bai barnean, segimendu jarraitua egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzaileen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

e) ELZk erabiltzaileei eta familiari ematen dien laguntzaren planteamendua, eta konpromisoak formalizatzea egin beharreko lanen gainean eta tarteko diren guztien dedikazio denboraren gainean.

f) Esku-hartzearen hasiera: familia-langilearen esku-hartzearekin abiatzen da, zuzeneko laguntza emanez programatuaren aplikazioaren bitartez, eta malgutasun eta egokitasun maila handia izanik erabiltzailearen egoeraren bilakaerari dagokionez. Lehenbizian, funtsezkoa da baloratzea ea hasierako laguntza egokia den, baita bestelako sostengurik behar ote duen ere, eta aski ote diren laguntzarako ematen den denbora nahiz esku hartze planean ezarritako jarduketak. ELZaren laguntzaren hasieran, prestazioaren lehen egunean, gizarte-langilea eta familia-langilea izango dira hartzailearen etxean, alderdi guztiek sina dezaten konpromisoen kontratua.

g) Segimendua eta ebaluazio jarraitua: segimenduan, atzematen ahal dira banakakoarendako proiektuan aldaketak egitea dakarten egoerak. Baldin funtsezko aldaketarik izan bada (esaterako familia-unitateko kideen aldaketa, edo hobekuntza bat autonomian edo gizarte eta familiaren sostenguan, sostengu ekonomikoan etab.) kasua berriz baloratuko da. Aldaketak beste baloraziorik ez baldin badakar, esaterako ordutegiaren aldaketa, langileena etab., banakako proiektuan aplikatuko da.

Itxaron zerrendan daudenen egoerak gehienez ere urtebetean berrikusiko dira.

Espedienteari ondoko agiriak gehituko zaizkio:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–Zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proiekturako proposamena.

–Zerbitzuaren baldintzen gaineko dokumentua.

–Alderdiek konpromisoak hartuz gero, haien gaineko dokumentua.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

2. ERANSKINA.–ELZ ESKATZEKO AURKEZTU BEHAR DIREN AGIRIAK

ELZ hartzeko eskaria dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ereduan, eta horri ondotik ematen den dokumentazioa gehituko zaio, familia-unitatearen kide guztiei buruzkoa (9. puntuan ezarritakoari jarraikiz):

–NANaren fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun txostena eta, hala behar bada, onuradun izan daitezkeenen Minusbaliotasunaren Onarpen Agiria, frogatzen duena haren osasun egoera eta bere buruaz baliatzeko gaitasunaren maila.

–Erroldatze eta bizikidetza ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia. Egin ez badu, PFEZaren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta horrekin batean aitzineko ekitaldiko diru-sarreren gordekinak (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu direlako ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak...), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Ziurtagiriak, behar bezala frogatuak, 9. puntuan jasotzen diren gastu kengarrienak, honako hauetatik heldu direnak:

  • Etxebizitzaren alokairua edo erosketa.
  • Familia-unitateko kideen mendekotasunaren ondoriozko laguntza: eguneko zentroa, garraioa, etxeko lanak egitea, bestelakoak...

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, baldin behar badira eskaeraren gaineko ebazpena emateko.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

Iragarkiaren kodea: L2306604