107. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

251/2023 EBAZPENA, maiatzaren 8koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Kirolaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako kirolari eta ikasle egoiliarrentzako 80 plaza betetzeko deialdiaren oinarriak, plaza esleitzen den egunetik (betiere 2023ko irailaren 1etik aurrera) 2023ko ekainaren 30era arteko eperako, oro har, biak barne.

Kirolaren Zuzendariordetzak aurkeztu duen txostenean adierazi du beharrezkoa dela Iruñeko Printzearen Gotorlekua kirol egoitza erabiltzeko aukera guztiei ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko bidea ematea. Hori horrela, deialdi bakar bat egitea proposatu du, oinarriak eta irizpideak ezarriko dituena Nafarroako Kirolaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan kirolari eta ikasle egoiliarrentzako 80 plaza betetzeko.

Deialdiaren epea plaza adjudikatzen den egunean hasiko da, inoiz ez 2023ko irailaren 1a baino lehen, eta gehienez ere 2024ko ekainaren 30ean bukatuko da. Salbuespen izanen dira kirolari egoiliarrak, haien kasuan epea uztailera arte luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimena badute.

Araututako ikasketak egiten dituzten egoiliar guztiek ikasturtea amaitutakoan utzi beharko dute egoitza.

Deialdiaren helburua da bidea ematea karrera duala egiteko, hots, modua egon dadin kirol jarduera eta okupazio akademikoak, pertsonalak eta lanekoak bateragarri egiteko. Horregatik da beharrezkoa Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako plazak betetzeko oinarriak eta irizpideak ezartzea.

Deialdia kirolariei eta ikasleei zuzenduta dago, jarraian adierazten den lehentasun hurrenkeraren arabera:

1. Nafarroako errendimenduko kirolariak (goi mailakoak, goi errendimendukoak, hobekuntzakoak eta oinarriko errendimendukoak).

2. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolariak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

3. Nafarroako klubetako kirolariak, kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferente den edozein kirol klubetako kirol lizentzia dutenak. Kirol kluba erreferentetzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, dagokion modalitatean. Nafarroako Kirolaren Institutuak (NKI) baloratuko ditu, behar bada, erreferente ez den kategoria nazionaleko klub bateko lizentzia duten beste kirolari batzuen kasuak.

4. Nafarroan jaiotako ikasleak edo 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroako Foru Komunitatean erroldatuta daudenak, baldin eta ikasketak egin ahal izateko Iruñean ostatu hartu behar badute.

Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak aztertuko ditu eskaerak, eta ondoren, plazak esleitzea proposatuko du.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakiaren arabera (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, abenduaren 13koan), Nafarroako Errendimenduko Kiroleko kirolariak izateagatik Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan egoiliar plaza lortzen dutenak ostatu kuotak ordaintzetik salbuetsita egonen dira. Nolanahi ere, hartzen dituzten mantenu zerbitzuak ordaindu beharko dituzte, egoitzako Sukalde-Jantoki Zerbitzuaren kudeaketa kontratua esleiturik duen enpresak ezarritako prezioekin bat.

Kirolari egoiliarrak, ez badira Nafarroako errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, bai eta ikasle egoiliarrak ere, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren indarreko prezioak ordaintzera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako moduan (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa). Prezio horietan aldaketak izan daitezke.

Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolaritzat hartzeko baldintzak, horiek baitira errendimenduko kirolaren mailak, zenbait administrazio-xedapen eta -ebazpenetan jasota daude: 9/2012 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola arautzen duena. 240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak. 329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarriko errendimendukoan sartzeko.

Goi mailako kirolarien akreditazioa zehazturik dago Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 16ko 112/2023 Ebazpenean (2023ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 31koa). Gainerako mailak egiaztatzeko, Nafarroako Kirolaren Institutuak berak ziurtagiri bat eman beharko du, interesdunak eskatuta.

Deialdi honetako plazak esleitzearen ondorioetarako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolari izaera lortzen da, zalantzarik gabe, otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean eta maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan eskatutako betebeharrak betez.

Betebehar horiek erabat objektiboak dira, eta Kirol Administrazioak ezin izanen du inolako balorazio subjektiborik egin.

Egoitzak behar bezala funtzionatzeko oinarrizko arauak jasota daude Barne Funtzionamendurako Erregelamenduan, zeina onetsi baitzen Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 13an emandako 173E/2022 Ebazpenaren bidez.

Azaldu beharra dago Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren okupazioaren eta funtzionamenduaren ondoriozko gastuen aurrekontua egina eta sartua dagoela 2023ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan, hain zuzen ere, Nafarroako Kirolaren Institutuari atxikitako zentroei dagozkien gastu-partidetan.

Horrenbestez, azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenak erabilita (foru dekretu horren bidez Nafarroako Kirolaren Institutuaren Estatutuak onetsi ziren, gero ekainaren 2ko 45/2021 Foru Dekretuaren bidez aldatu zirenak),

EBAZTEN DUT:

1. Onestea Nafarroako Kirolaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako kirolari eta ikasle egoiliarrentzako laurogei plaza betetzeko deialdiaren oinarriak, zeinak eranskinean jaso baitira. Plaza horiek esleitzen diren egunetik (betiere 2023ko irailaren 1etik aurrera) 2023ko ekainaren 30era arteko eperako izanen dira, oro har, biak barne, salbu eta kirolari egoiliarren kasuetan, haientzako uztailera arte luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimena badute.

2. Eskabidearen eta erantzukizunpeko adierazpenaren ereduak onestea (II. eta III. eranskinak, hurrenez hurren).

3. Ebazpen hau eta I. eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Agiri horiek eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean eta bulegoetan, Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan eta Larrabide Estadioa Nafarroako kirol teknifikazioaren zentroan.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Ebazpen hau igortzea Administrazio eta Kudeaketa Atalera, Kirolaren Zuzendariordetzara, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzara, Printzearen Gotorlekua kirol egoitzara eta Miguel Induráin Fundaziora, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 8an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

ERANSKINA-OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Xedea.

Oinarri hauen xedea da arautzea Nafarroako Kirolaren Institutuaren Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan kirolari eta ikasleentzako dauden egoiliar plazak esleitzeko prozedura.

2.–Egoitza.

Printzearen Gotorlekua kirol egoitza, Goroabe kalea 36, 31005 Iruña (Nafarroa).

2.1. Erabilgarri dagoen plaza kopurua: 80.

2.2. Ostatua: deialdi honen bidez esleitzen dira Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan ostatu hartzeko plazak, baina bakar-bakarrik plaza esleitzen denetik (inoiz ez 2023ko irailaren 1aren aurretik) eta gehienez ere 2024ko ekainaren 30era arte doan eperako (biak barne). Salbuespen izanen dira kirolari egoiliarrak, haien kasuan epea uztailera arte luzatzen ahalko baita, frogatzen badute beharrezkoa dutela entrenamenduengatik edo lehiaketengatik, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren baimena badute.

Araututako ikasketak egiten dituzten egoiliar guztiek ikasturtea amaitutakoan utzi beharko dute egoitza.

Nafarroako Kirolaren Institutuak, baliabideak errentagarri egitearren, Printzearen Gotorlekua kirol egoitza ixtea erabakitzen ahalko du, egoiliar gutxi batzuk baino ez dauden asteburuetan edo oporraldietan.

Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluak 2017ko azaroaren 10ean hartutako Erabakian xedatutakoarekin bat (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), Nafarroako errendimenduko kirolari egoiliarrak ostatu kuotak ordaindu beharretik salbuetsiak egonen dira. Erabaki horren bidez, Institutuari atxikitako zentroak erabiltzeko gehieneko prezio eta tarifen gaurkotzea eta haien araubidea onetsi ziren.

2.3. Mantenua: deialdi honek ez du otorduetarako gasturik estaltzen.

Jantokiko zerbitzuko gaur egungo prezioak (BEZa barne) honako hauek dira:

–Gosaria: 2,60 euro.

–Bazkaria: 8,22 euro.

–Afaria: 7,16 euro.

–Mantenu osoa: 17,98 euro.

Nolanahi ere, prezio horietan aldaketak izan daitezke, Nafarroako Kirolaren Institutuak onetsi beharko dituenak.

Halaber, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean xedatutakoarekin bat, baliteke Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako mantenu zerbitzurako laguntzak ematea, baina, bakar-bakarrik, goi mailako eta goi errendimenduko kirolarientzat. Balizko laguntza horiek emanen dira kasuko dirulaguntza deialdiaren oinarri arautzaileetan onesten diren baldintzetan eta horretarako dagoen aurrekontu kreditu erabilgarriaren arabera.

Laguntza horiek ezarriz gero, honako hauek izan daitezke diruz laguntzen ahal diren zenbatekoak:

–Goi mailako kirolariak: mantenu kostuaren %100 arte.

–Goi errendimenduko kirolariak: mantenu kostuaren %50 arte.

Egoiliarrak, ez badira errendimenduko kirolariak edo Nafarroako Kirolaren Institutuaren laguntzen edo salbuespenen onuradunak, beharturik daude ostatuaren eta mantenuaren prezioak ordaintzera, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakiaren bidez ezarritako moduan (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa).

3.–Onuradunak.

Honako hauek eskatzen ahalko dute plaza Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan:

–Nafarroako goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako eta oinarriko errendimenduko kirolariak, baldin eta 14 eta 30 urte bitarte badituzte 2022ko abenduaren 31n.

–Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolariak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira eta 14 eta 30 urte bitarte badituzte 2022ko abenduaren 31n.

–Nafarroako klubetako kirolariak, kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferente den edozein kirol klubetako kirol lizentzia dutenak, baldin eta 14 eta 30 urte bitarte badituzte 2022ko abenduaren 31n. Kirol kluba erreferentetzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, dagokion modalitatean.

–Nafarroan jaiotako ikasleak edo 2023ko urtarrilaren 1a baino lehen Foru Komunitatean erroldatuta daudenak, baldin eta ikasketak egin ahal izateko Iruñean ostatu hartu behar badute eta 2023an 16 eta 26 urte bitarte beteko badituzte –biak barne–.

–Aurreko baldintzak bete gabe ere, plaza hutsak egonik, Nafarroako Kirol Institutuaren oniritzia jasotzen duten pertsonak.

4.–Betebeharrak.

Plaza eskatzen dutenak ezin dira egon zehapen administratibo irmo edo kondena-epai irmo bat betetzen, ez eta zehapen edo kondena-epai bat bete zain ere sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

Eskaera aurkezten duten guztiek familia-bizilekua Iruñetik 15 kilometro baino gehiagora dagoen udalerri batean dutela frogatzeko moduan egon beharko dute.

4.1. Ikasle egoiliarrek eta ikasketa arautuak egiten dituzten kirolari egoiliarrek bete beharreko baldintzak:

–Unibertsitateaz kanpoko ikasketa arautuak edo unibertsitate ikasketak egiten egotea Iruñeko edo Iruñerriko ikastetxe ofizialetan.

–DBH eta erdi mailako Lanbide Heziketa: egindako azkeneko ikasturteko irakasgai guztiak gaindituak izatea.

–Batxilergoa eta goi mailako Lanbide Heziketa: egindako azkeneko ikasturtean, gehienez ere bi irakasgai izatea gainditu gabe.

–Unibertsitateko ikasketak: egindako azken ikasturtean zenbat kreditutarako matrikula egin, horien %50 gutxienez gaindituak izatea.

–Graduatu ondoko ikasketak, masterrak, doktorego ikastaroak edo antzekoak egiten egotea.

4.2. Ikasketa arautuak egiten ari ez diren kirolariek egiaztatu beharko dute azkeneko hamabi hilabeteetan lan jardueraren bat egin dutela hiru hilabetez gutxienez.

4.3. Aurreko apartatuetan ezarritakoa bete gabe, kirol helburu bereziki nabarmen bat prestatzen ari diren kirolarien kasuan, Kirolaren Zuzendariordetzak baloratuko du.

4.4. Salbuespen gisa, Kirolaren Zuzendariordetzak ezarritako baldintzak betetzen ez dituen eskaera justifikaturen bat onar daitekeen baloratuko du, behar bada.

5.–Eskaerak.

5.1. Eskabidea (II. eranskina) aurkeztea.

Kirolari egoiliarren kasuan, kirolariek beraiek aurkezten ahalko dute eskaera, edo, bestela, haien izenean, Nafarroako kirol federazioek edo federazio nazionalek, edo kategoria nazionalean ordezkaritza duten eta Nafarroan erreferente diren klub nafarrek. Kirol kluba erreferentetzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, dagokion modalitatean.

Ikasle egoiliarren kasuan, ikasleek beraiek aurkezten ahalko dute eskaera, edo haien aitak, amak edo legezko ordezkariak.

Eskabideak elektronikoki aurkezten ahalko dira Nafarroako Atarian (www.nafarroa.eus), "Tramiteak" atalean dagoen deialdiaren fitxan, "Tramitatu" aukeratuz. Horretarako, fitxan eskuragarri dagoen eredua erabiliko da (II. eranskina).

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren Erregistroan aurkezten ahalko dira (Nafarroa Arena-Kirolaren Etxea, Aizagerria plaza 1; 31006, Iruña), II. eranskinean jasotako ereduaren arabera, bai eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz ere.

Eskaera postaz aurkezten bada, interesdunak dagokion gordekinaren bidez frogatu beharko du zein egunetan egin zuen igorpena posta bulegoan, eta, egun horretan berean, dirulaguntza kudeatzen duen organoari iragarri beharko dio eskaera igorri duela, rentidad@navarra.es helbide elektronikora mezu bat bidaliz. Bi baldintza horiek betetzen ez badira, ez da onartuko eskaerak aurkezteko epetik kanpo jasotako dokumentaziorik.

Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Nolanahi ere, eta plaza hutsik dagoen bitartean, horiek eskatzeko aukera izanen da, aurreko paragrafoan aipatutako epea bukatu bada ere.

Eskaerak aurkezteak berekin dakar deialdi hau bete-betean onartzea, aurkeztutako datuen zehaztasun eta egiazkotasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpena eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren barne funtzionamendurako Erregelamenduaren arauak ezagutzea eta onartzea (erregelamendu hori Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 13ko 173E/2022 Ebazpenaren bidez onetsi zen.

5.2. Dokumentazioa.

5.2.1. Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak:

a) Kirolari egoiliarrek eta ikasle egoiliarrek, biek, aurkeztu beharreko dokumentazioa:

–II. eranskinean zehaztutako eskabidea.

–Karneteko neurriko argazki bat.

–NANaren fotokopia.

–2023ko urtarrilaren 1a baino lehen Nafarroan erroldatuta egotearen ziurtagiria, edo halakorik ez duenak, kirol fitxa, egiaztatzen duena kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferentea den kirol klub bateko kide dela 2023-2024 denboraldian (hau da, Nafarroako Foru Komunitatean dagokion modalitatean kirol maila goreneko klub bateko kide izatea).

–Kasua bada, familia ugariko kidea dela egiaztatzea.

–Anai-arrebek plaza eskatuz gero, familia liburuaren kopia.

–Ikasketa arautuak egiten ari direnek, 2022-2023 ikasturteko kalifikazioen ziurtagiria. Eskaera aurkezteko unean halakorik ez badute, geroago aurkeztu ahal izanen dute, betiere 2023ko uztailaren 15a baino lehen.

b) Kirolari egoiliarrek aurkeztu beharreko dokumentazioa:

III. eranskineko erantzukizunpeko adierazpena. Nolanahi ere, Kirolaren Zuzendariordetzak beharrezkoak diren egiaztapen guztiak egiten ahalko ditu, bai eta bestelako informazio gehigarria eskatu ere, egiaztatzeko ea betetzen diren otsailaren 22ko 9/2012 Foru Dekretuan, martxoaren 30eko 240/2015 Ebazpenean eta maiatzaren 29ko 329/2015 Foru Aginduan ezarritako baldintzak, eskatzaileak errendimenduko kirolaritzat hartzearren.

–Federazioko edo klubeko zuzendari teknikoaren txostena, dagokion lehendakariaren oniritziarekin. Txosten horretan, honako hauek zehaztuko dira kirolari bakoitzari dagokionez:

  • 2023-2024 denboraldiko kirol proiekzioa eta kirol helburuak.
  • Kirol ibilbidea (azken hiru urtekoa gutxienez).
  • Kirol plangintza, besteak beste entrenamenduko arduraduna, tokia eta entrenatzeko ordutegiak adierazita.
  • Kirolariaren jarraipena egiteaz arduratzen den tutorearen izena eta harremanetarako datuak (telefonoa eta helbide elektronikoa).

–Kirolari, federazio edo klub eskatzaileak bere eskaerari laguntzeko interesgarritzat jotzen duen bestelako dokumentazioa.

c) Ikasle egoiliarren dokumentazioa:

–2022-2023 ikasturterako Hezkuntza Departamentuaren beka jaso dutenek adjudikazioaren kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

–Kasua bada, 2022-2023 denboraldiko federatu txartelaren kopia.

5.2.2. Ikasturtea hasi baino lehen aurkeztu beharreko dokumentazioa (2023ko irailaren 1a baino lehen):

–Ikasketa arautuak egiten ari direnek 2023-2024 ikasturtean eginen dituzten ikasketei dagokien matrikularen kopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

–4.2 puntuan aipatutako kirolariek lan kontratua edo antzekoa aurkeztu beharko dute, lan jarduera justifikatzeko.

5.2.3. Akatsak eta aurkeztu gabeko dokumentazioa zuzentzea.

Agiriren bat falta dela ikusiz gero edo agiriak akastunak badira, bost egun natural emanen zaizkio interesdunari, jakinarazpena egiten denetik aurrera, akatsa zuzen dezan edo agiria aurkez dezan. Eskatutako dokumentazioa zuzentzen ez badu, ulertuko da bere eskaera bertan behera utzi duela.

6.–Balorazioa.

6.1. Kirolari egoiliarrak:

Kirolari egoiliarren eskaerak honako talde hauetakoren batean sartuko dira:

a) Goi mailako, goi errendimenduko, hobekuntzako edo oinarriko errendimenduko kirolariaren katalogazioa, honako arau hauetan xedatutakoari jarraikiz:

–9/2012 Foru Dekretua, otsailaren 22koa, Nafarroako Foru Komunitateko errendimenduko kirola eta goi mailako kirolarien zerrenda arautzen dituena.

–240/2015 Ebazpena, martxoaren 30ekoa, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako goi mailako kirolaritzat hartzeko bete behar diren kirol betebehar teknikoak aldatzeaz gainera, arautzen dituena bai Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolari izaeraren iraunaldia, bai Foru Komunitateko kirol administrazioak Nafarroako errendimenduko kiroleko epaile, teknikari eta kirolariei ematen dizkien prestazioak.

–329/2015 Foru Agindua, maiatzaren 29koa, Gizarte Politiketako kontseilariak emana, prozedura arautzen duena Nafarroan goi errendimenduko kirolean, hobekuntzako kirolean eta oinarrizko errendimendukoan sartzeko.

–112/2023 Ebazpena, martxoaren 16koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako kirolari, teknikari eta epaileen behin betiko zerrenda onesten duena (2023ko 65. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 31koan).

b) Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolarien katalogazioa, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira. Hori frogatzeko, kasuan kasuko federazio nazionalak egiaztagiri bat eman beharko du, eta hartan adierazi ostatua eskatzen ari den kirolaria atxikirik dagoela Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa kirol teknifikazioaren zentroan garatzen den teknifikazio programa nazional bati.

c) Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferente den edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolarien katalogazioa. Kirol kluba erreferentetzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, dagokion modalitatean. Hori frogatzeko, kasuan kasuko klubak kirol fitxa eman beharko du, eta hartan adierazi ostatua eskatzen ari den kirolaria atxikirik dagoela kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferente den klub bati, 2023-2024 denboraldian (NKIk baloratuko ditu, behar bada, erreferente ez den kategoria nazionaleko klub bateko lizentzia duten beste kirolari batzuen kasuak).

6.1.1. Kirolaren Zuzendariordetzak aurkeztutako eskaerak aztertuko ditu, eta zerrenda bat osatuko du honako irizpide hauen arabera:

Plaza horiek lortzeko lehentasuna izanen dute, jarraian ezartzen den lehentasun-ordenan, honako kirolari hauek:

1. Goi mailako kirolariak.

2. Goi errendimenduko kirolariak.

3. Hobekuntzako kirolariak.

4. Oinarriko errendimenduko kirolariak, 14 urtetik 16 urtera bitartekoak (biak barne, 2022ko abenduaren 31rako).

5. Teknifikazio programa nazionalen barruan dauden kirolariak, baldin eta programak Nafarroako Gobernuaren Larrabide Estadioa kirol teknifikazioaren zentroan garatzen badira.

6. Kategoria nazionalean ordezkaritza duen eta Nafarroan erreferente den edozein kirol klubetako kirol lizentzia duten kirolariak. Kirol kluba erreferentetzat jotzeko, Nafarroako Foru Komunitatean kirol maila gorenekoa izan beharko du, dagokion modalitatean.

6.1.2. Errendimenduko kirol maila bakoitzaren barruan, lehentasuna izanen dute kirolari hauek:

1. 2022-2023 denboraldian plaza izan dutenak Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan.

2. Kasuan kasuko kirola egituratzeko proiektu bat garatzeko asmoz lankidetza hitzarmen bat sinatu duen klub baten emakumeen talde erreferente bateko kide direnak.

3. Familia-bizilekutik Iruñera dagoen distantzia kontuan hartuta, distantziarik handiena dutenak.

4. Familia ugariko kide direnak.

5. Kirolarien adinaren arabera:

–1. 14 eta 24 urte bitartekoak, lehentasuna emanez adinez nagusiagoei.

–2. 25 eta 30 urte bitartekoak, lehentasuna emanez adinez txikiagoei.

Kontuan hartuko den adina eskatzaileek 2022ko abenduaren 31n dutena izanen da, eta kirol katalogazioa, eskaera egiteko unekoa.

6. Eskaerak aurkezteko ordena.

Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die Nafarroako Kirolaren Institutuko Kirolaren Zuzendariordetzak kasuan kasuko federazioei edo kirolari eskatzaileei.

Plazak kirolari egoiliarrei esleitu ostean, gainerako plazak eskaera egiten duten ikasle egoiliarrei esleituko zaizkie:

6.2. Ikasle egoiliarrak:

Batzorde batek aztertuko ditu eskaerak, eta zerrenda bat osatuko du, ondoko irizpideen arabera. Batzorde hori Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako Kudeaketa Bulegoko buruak, Azpiegiturak Kudeatzeko Ataleko buruak eta unitate horretako teknikari batek osatuko dute.

6.2.1. Lehentasun irizpideak eta ordena:

a) Lehenik eta behin, lehentasuna izanen dute 2022-2023 ikasturterako plaza lortu eta aldi horretan egoitzan bizi izan ziren ikasle egoiliarren eskaerek.

b) Bigarrenik, lehentasuna emanen zaie 2022-2023 ikasturterako plaza lortu zutenen anai-arrebei, baldin eta plaza eskatzen badute 2023-2024 ikasturterako.

c) Gainerako eskaerak kontuan hartuko dira, baldin eta deialdi honetan eskatutako baldintza guztiak betetzen badituzte.

6.2.2. Eskaeren kopuruak gainditzen badu deialdi honetan ezarritako gehieneko plazen kopurua, baremo hau aplikatuko da azken apartatu horretako eskaeren artean:

a) 2022-2023 ikasturteko kalifikazioak:

–8,5 eta 10 arteko batez besteko nota: 12 puntu.

–7,1 eta 8,4 arteko batez besteko nota: 10 puntu.

–6,1 eta 7 arteko batez besteko nota: 8 puntu.

–5 eta 6 arteko batez besteko nota: 6 puntu.

b) Familia bizilekutik Iruñera dagoen distantzia:

–15 eta 30 km artean: 3 puntu.

–30 km baino gehiago: 6 puntu.

c) 2022-2023 ikasturtean Hezkuntza Departamentuaren beka hartu izana: 3 puntu.

d) Familia ugariko kide izatea: 3 puntu.

e) Anai-arreba batek baino gehiagok egitea eskaera: 3 puntu.

f) Federaturik egotea 2022-2023 denboraldian: 3 puntu.

6.3. Eskainitako plaza guztiak bete ondoan, gainerako eskaerak erreserban geldituko dira, eta baja baten ondorioz plazaren bat hutsik geldituz gero onartzen ahalko dira.

7.–Ebazpena.

7.1. Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ebatziko du eskaeren gainean, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik hiru hilabeteko epean gehienez ere, Kirolaren Zuzendariordetzak eta Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren Zuzendariordetzak elkarrekin eginen duten proposamena kontuan harturik.

7.2. Eskaerak ebazteko epea bukatzen bada berariazko ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsitzat joko da.

7.3. 5.2.1 puntuan eskatutako dokumentuak aurkezteko epea amaitutakoan, Nafarroako Kirolaren Zuzendari kudeatzaileak emanen duen ebazpen baten bidez onetsiko da 2023-2024 ikasturterako esleitu diren egoiliar plazen behin-behineko zerrenda.

7.4. Ostatua ordaindu behar dutenek, ostatuagatiko hileko kuotaren adinako ordainketa egin beharko dute hamabost egun naturalean, behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpena jakinarazten denetik aurrera zenbatzen hasita. Diru hori 2024ko maiatzeko ordainketari dagokio (egonaldiaren azken hilabeteari, alegia). Zenbateko hori itzuliko da baldin eta plazari uko egiten bazaio ostatu hartu baino lehen eta 2023ko irailaren 15erako beranduenez; aldiz, zenbatekoa ez da itzuliko egoitzan baja hartzen bada ikasturtea amaitu baino lehen.

7.5. Behin betiko zerrenda onetsiko da behin-behineko zerrendan ageri diren esleipendunek oinarriotan eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu ostean.

7.6. Behin betiko ebazpena onetsi ondoren aurkezten diren eskaerak NKIko zuzendari kudeatzaileak ebatziko ditu, hilabete batean gehienez ere.

8.–Esleipena.

8.1. Plaza esleitzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

–Arestian aipatutako ostatuagatiko hileko kuota ordaintzea, ordaindu behar den kasuetan.

–Aurreko egonaldiei dagozkien hilabeteko kuota guztiak ordainduak izatea.

–Plaza esleitzeko aintzat hartutako merezimenduak eta baldintzak mantentzea edo hobetzea.

–Ez egotea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako zuzendariaren kontrako txostenik, plaza berritzen dutenen kasuan.

–Kirolari egoiliarren kasuan, entrenamendu plana betetzea, astelehenetik ostiralera, plan horren ondoriozkoa baita ostatu hartzeko eskubidea.

8.2. Egoiliar plaza bat esleiturik izatea honetarako eskubidea dakar:

–Ostatu hartzeko 8 hilabetez, urriaren 1etik maiatzaren 31era arte gutxienez (Gabonetan eta Aste Santuan salbu). Zerbitzua hilero fakturatuko da, hilabete bakoitzaren lehenbiziko hamabost egunen barruan. Irailean eta ekainean, berriz, ostatu egunak aste oso bakoitzeko ordainduko dira.

–Guelbenzu jolaslekua erabiltzeko, ezartzen diren baldintzetan eta NKIren oniritziarekin, betiere.

–Egoitza larunbat, igande eta jaiegunetan erabiltzeko, baldin eta justifikatzen bada premia dagoela, entrenamenduak, lehiaketak edo behar akademikoak direla eta.

8.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak atzera botatzen ahalko du, osorik edo partez, emandako plaza erabiltzeko eskubidea, honako kasuotan:

–Barne araudia ez betetzea.

–Instalazioak behar bezala ez erabiltzea behin eta berriz.

–Ebazpen honetan ezarritako betebeharrak ez betetzea.

–Eskaeran datu faltsuak jartzea.

–Aparteko egoerak, zeinen ondorioz Nafarroako Gobernuaren esku utzi beharko liratekeen egoitzako logelak edo instalazioak. Hori gertatu zen, esaterako, COVID-19ak eragindako pandemian.

9.–Betebeharrak.

a) Errendimenduko kirolarien betebeharrak:

–Norberaren kirol proiektua edo programazioa betetzea, helburuak lortzearren.

–Kirol helburuak eta garapen pertsonala betetzeko moduko bizimodua izatea.

–Hautatzen duten guztietan Nafarroa ordezkatzea.

–Kirolaren Zuzendariordetzatik deitutako bilera edo osasun azterketetara joatea.

b) Gainerako egoiliarren betebeharrak:

–Ordaintzea Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Gobernu Kontseiluaren 2017ko azaroaren 10eko Erabakian ostaturako ezarritako prezioak (2017ko 237. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abenduaren 13koa), edo, kasua bada, Nafarroako Kirolaren Institutuak ezartzen dituen prezioak.

–Ordaintzearen erantzukizuna egoiliarrari dagokio bakar-bakarrik, hirugarren baten bidez ordaintzen badu ere.

c) Betebehar komunak.

–2.3) oinarrian adierazten diren laguntzak onestea galarazi gabe, egoiliar guztiek egoitzako sukalde-jantoki zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunak ezartzen dituen prezioak ordaindu beharko dituzte, 2.3 oinarrian ezarritako zenbatekoen arabera. Prezio horietan aldaketak egiten ahalko dira; aldaketa horiek Nafarroako Kirolaren Institutuak ontzat eman eta onetsi beharko ditu.

–Astelehenetan, astearteetan, asteazkenetan eta ostegunetan jantokiko zerbitzu osoa erabiltzea (gosaria, bazkaria eta afaria), eta ostiraletan, gosari zerbitzua, gutxienez. Betebehar horretatik salbuesteko, ezinbesteko arrazoiak justifikatu beharko dira, eritasuna, esate baterako, edo txapelketa edo topaketaren batera joatea eta, horren ondorioz, ezinezkoa gertatzea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan egotea.

–Aurreko paragrafoan aipatutako arrazoiren batengatik jantoki zerbitzua erabili behar ez bada, 24 ordu lehenago jakinarazi beharko da; izan ere, ez bada horren berri ematen ezarritako epean, erabili ez den zerbitzua ordaindu beharko zaio, hilabetea bukatutakoan, zerbitzua ustiatzeko kontzesioa duen enpresari.

–Betetzea Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren Barne Funtzionamendurako Erregelamenduan (Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak maiatzaren 13an emandako 173E/2022 Ebazpenaren bidez onetsia) ezarritako arauak, bai eta erregelamendu hori aplikatzeko egoitzako zuzendariak ematen dituen jarraibideak ere.

–Guelbenzu jolaslekua erabiltzeko ezarritako arauak errespetatzea.

–Printzearen Gotorlekua kirol egoitzaren Zuzendaritzak egiten dituen bilera-deietara bertaratzea.

10.–Jarraipen Batzordea.

Jarraipen Batzorde bat ezarri da, honako kide hauek osatua: Kirolaren zuzendariordea, Larrabide Estadioa Kirol Teknifikazioaren Zentroko zuzendaria, Azpiegituren eta Garapen Estrategikoaren zuzendariordea (Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako arduradun gisa), Entitateen eta Kirol Errendimenduaren Ataleko burua eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzako Kudeaketa Bulegoko burua.

11.–Publikotasuna.

Oinarri hauek, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gain, interesdun guztien eskura jarriko dira Nafarroako Kirolaren Institutuko bulegoetako iragarki-tauletan, Larrabide estadioan eta Printzearen Gotorlekua kirol egoitzan.

12.–Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra eta hura aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, aurkaratu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F2307273