106. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

58E/2023 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, langile autonomoen lanbide elkarteei Nafarroan beren jarduera arruntak aurrera eramateko ematen zaizkien dirulaguntzen 2023ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 690082.

Nafarroako Foru Komunitatean 47.000 pertsona baino gehiago daude inskribatuak Gizarte Segurantzaren langile autonomoen araubide berezian. Horietatik 27.000 baino gehiago pertsona fisiko gisa, eta gainerakoak sozietate autonomo gisa. Horiek osatzen dute Nafarroako autonomoen kolektiboa.

Lan Autonomoaren Estatutuari buruzko uztailaren 11ko 20/2007 Legeak, zeina otsailaren 23ko 197/2009 Errege Dekretuaren bidez garatu baitzen, bere 20.1 artikuluan, langile autonomoek lanbide elkarteak osatzeko eskubidea jasotzen du, lege horrexetan aurreikusitako espezialitateetan, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan xedatutakoaren babesean.

Berrikuntza, Enpresa eta Enpleguko kontseilariak maiatzaren 21ean emandako 239/2009 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroa sortu zen.

Lan Autonomoaren Nafarroako II. Planean, bere aurrekariaren ildo beretik, zenbait jarduketa daude jasota 4. ildo estrategikoan ("Enplegu autonomo kalitatezkoa eta erresilientea"). Kolektibo horrentzat aurreikusitako ekintzak artikulatzeko, bada, ezinbesteko eragile dira autonomoen elkarteak. Kolektiboan, izan ere, profil oso desberdinetako eta lanbide askotako pertsonak daude. Ildo horretan, bada, entitate horiei zuzendutako laguntza programak indartu nahi dira, laguntza, aholkularitza, sustapen eta informazio ekintzak egin ditzaten Nafarroako langile autonomoentzat.

Nafarroako langile autonomoen lanbide elkarteak, orobat, Administrazio Publikoaren solaskide garrantzitsuak dira kolektibo horrek sortzen duen jarduera ekonomikoa sustatzeko politika publikoak garatzeari begira, bai eta norberaren konturako eta besteren konturako enpresak eta enplegua ugaltzeari begira ere. Sustapen jarduera horiek interes orokorrekoak dira. Horregatik, Nafarroako 2023ko Aurrekontu Orokorretan aurrekontu-zuzkidura espezifiko bat aurreikusi da haien jarduerei eta mantentzeari laguntzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak.

EBAZTEN DUT:

1. Langile autonomoen lanbide elkarteei beren jarduera arruntak aurrera eramateko ematen zaizkien dirulaguntzen 2023ko deialdia onestea.

2. Dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 20.000 euroko gastua baimentzea ebazpen honetatik sortutako konpromisoei erantzuteko, 2023ko Gastuen Aurrekontuko "Nafarroako autonomoen elkarteentzako laguntzak" izeneko 810012 81500 4819 494105 partidaren kargura:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

810012 81500 4819 494105 Autonomoen elkarteentzako laguntzak

2023

20000

4. Ebazpena eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea deialdiak ez duela ondoriorik sortuko harik eta aipatu aldizkarian argitaratu arte.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 4an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

ERANSKINA.–OINARRI ARAUTZAILEAK

1. oinarria.–Xedea.

Dirulaguntza hauen xedea da langile autonomoen Nafarroako elkarteen funtzionamendu gastuak zati batean finantzatzen laguntzea, elkarte horiek errazago bete ditzaten beren helburuak.

2. oinarria.–Onuradunak.

1. Nafarroako autonomia-eremuko lan autonomoko elkarte profesionalak onuradun izaten ahalko dira, baldin eta, deialdia argitaratzen den egunean, honako baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Nafarroako Langile Autonomoen Lanbide Elkarteen Erregistroan inskribatua egotea.

b) Egoitza propioa edukitzea.

c) Sektorearteko izaera izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskaera-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatuko da hori.

2. Ebazpen honen ondorioetarako, sektorearteko elkartea dela ulertuko da baldin eta sektore ekonomiko hauetatik gutxienez hirutan jarduten duten langile autonomoak biltzen baditu: nekazaritza, industria eta eraikuntza eta zerbitzuak.

3. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea zuzendaritza nagusi honi zuzenean eskuratzeko behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskaeran interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

4. Ezin izanen dira onuradun izan administrazio-zehapen irmorik edo kondena epai irmorik betetzen ari diren erakundeak, edo zehapen eta kondena epai bat betetzeko zain daudenak, kondena jarri denean sexu edo genero diskriminaziotzat hartutako lan praktikak egiteagatik edo onartzeagatik.

3. oinarria.–Jarduera diruz lagungarriak.

1. Elkarteek Nafarroako langile autonomoak defendatzeko eta haiek ordezkatzeko dituzten helburuak lortzearren egiten dituzten jarduerak izanen dira diruz lagungarriak, batez ere honako hauek:

a) Ekintzaileak eta langile autonomoak babestu eta aholkatzeko ekintzak.

b) Ekintzailetza eta/edo autoenplegua sustatzeko programak.

c) Lan autonomoa sustatzeko komunikazio eta zabalkunde kanpainak, edozein hedabidetan egiten direnak, baita komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien bidez egiten direnak ere.

d) Azterlanak, dokumentazio lanak, analisiak, ikerlanak eta antzeko lanak prestatzea eta argitaratzea.

e) Prestakuntza jarduerak, lan autonomoan hasteko, hobetzeko eta trebatzeko.

f) Biltzarrak, mintegiak eta jardunaldiak antolatzea, ferietan parte hartzea eta antzeko jarduerak.

2. Diruz lagungarriak izanen dira, orobat, elkarteek langile autonomoak defendatzeko eta haiek ordezkatzeko dituzten helburuak lortzearren egiten dituzten jarduerak.

4. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Elkarteak 2023ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten dituen gastu orokorrak izanen dira diruz lagungarriak, hurrengo ekitaldiko otsailaren 1a baino lehen benetan ordaintzen badira eta kategoria hauetako batean sartzen badira:

a) Soldatak.

b) Gizarte Segurantzako kotizazioak.

c) Errentamenduak eta kanonak.

d) Konponketak eta kontserbazioa.

e) Profesional independenteen zerbitzuak.

f) Aseguru primak.

g) Bulegoko materiala, fotokopiak eta inprenta.

h) Komunikazioak.

i) Hornidurak.

j) Kuotak, hala argitalpenen harpidetzetakoak eta jardueretan inskribatzekoak, nola Espainiako edo nazioarteko beste erakunde batzuetako partaide izateko ordaintzen direnak, ordaindutako kuoten ehuneko hirurogeita hamabost estali arte, gehienez.

2. BEZa gastu diruz lagungarritzat hartuko da, baldin eta onuradunek egiten dituzten jarduerak BEZetik salbuetsiak badaude eta onuradunek kenkaria egiteko eskubiderik ez badute. Tratamendu fiskal hori Nafarroako Zerga Ogasunaren ziurtagiriaren bidez justifikatuko da.

3. Funtzionamendu-gastuen kontzeptuan dirulaguntzetarako kontratatutako langileen hileko nomina bakoitzaren soldata-kostuen zenbatekoak gastu diruz lagungarritzat hartu ahal izanen dira, gehienez ere hileko zenbateko batera iritsi arte. Zenbateko hori askotariko ondorioak dituen errentaren adierazle publikoa (IPREM) halako 4 izanen da 2023an. Lanaldi partzialeko kontratua duten langileen kasuan, diruz laguntzen ahal den zenbatekoa egiten duten lanaldiaren araberakoa izanen da.

5. oinarria.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Organo kudeatzaileak diruz lagungarritzat hartzen duen gastuaren %70ekoa izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa. Entitate onuradun bakoitzak 5.000 euro jaso ditzake gehienez. 5.000 euroko zenbateko hori gainditu daiteke baldin eta 7.1 oinarrian adierazten den kasua gertatzen bada.

6. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta argitalpen egunaren egun baliokidean bukatuko da.

2. Eskaerak telematikoki aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.navarra.es/eu/) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

3. Laguntza eskaeran adierazi behar da elkarte eskatzaileak baduela gaitutako helbide elektroniko (GHE) bat eta harpidetua dagoela Nafarroako Gobernuak jakinarazpen elektronikorako gaitutako prozeduretan.

4. Dokumentazio hau aurkeztu behar da laguntza eskatzeko, laguntzen fitxan eskura dauden ereduen arabera:

a) Eskaera-orria, elkartearen datuekin eta laguntzen bateragarritasunari buruzko aitorpenarekin.

b) Aurreikusitako jardueren proiektua, helburuak eta aurreikusitako kronograma deskribatuta, horien balorazio ekonomikoa eta dirulaguntza eskatzeko arrazoi diren gastu guztien aurrekontu xehatua barne.

c) Onuradun izateko baldintzak (2. oinarrikoak) betetzearen erantzukizunpeko adierazpena.

d) Hala badagokio, aurkeztu behar den dokumentazio osagarria (laguntzen fitxan zehaztuko dena).

5. Eskaerak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, Lan Autonomoaren Atalak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko dio, hala egin ezean, eskaeran atzera egiten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Hala xedatzen baitu 16.8 eta 66.6 artikuluetan urriaren 1eko 39/2015 Legeak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoak, ez dira aurkeztutzat hartuko laguntzen fitxan dagoen eredura egokitzen ez diren eskaerak, ezta aipatutako fitxa erabiliz telematika bidez aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

7. oinarria.–Dirulaguntza emateko irizpideak.

1. Laguntza hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira, haien artean lehentasun-hurrenkera bat ezartzeko, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, balorazio handiena eskuratzen duten eskaerei 5. oinarrian ezarritako laguntza intentsitatea aplikatuko zaie modu proportzionatuan, deialdi honetarako aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua agortu arte.

Eskaerak baloratu eta 5. oinarrian adierazitako intentsitateari jarraikiz irizpideak aplikatu ondoren kreditu baimendua gelditzen bada banatu gabe, diru hori modu proportzionalean banatuko da elkarte onuradun guztien artean, oinarri honetan ezarritako balorazio irizpideen arabera lortzen duten puntuazioari jarraikiz, eta, betiere, bakoitzak aurkeztutako aurrekontuaren %70 gainditu gabe.

2. Hauek dira eskaerak baloratzeko irizpideak:

1.–Eskaera eguna baino sei hilabete lehenagotik elkarte eskatzailearen plantilla osatzen duten langileen kopurua:

–0 eta 1 langile artean: 5 puntu.

–2 langile edo gehiago: 7 puntu.

–Plantillan langile emakumerik bada, beste puntu bat emanen da.

2.–Biltzarrak, mintegiak eta jardunaldiak antolatzea, ferietan parte hartzea eta antzeko jardueretan izatea 2022. urtean:

–2 eta 4 ordu bitarteko ekitaldi bakoitzeko: 5 puntu.

–4 ordutik gorako ekitaldi bakoitzeko: 7 puntu.

–Lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztera bideratutako ekitaldi bakoitzeko beste 3 puntu emanen dira.

3.–Lan autonomoa sustatzeko komunikazio eta zabalkunde kanpainak egitea 2022an, edozein hedabidetan, baita komunikazioaren eta informazioaren teknologia berrien bidez ere:

–Kanpaina bakoitzeko: 5 puntu.

–Komunikazio eta zabalkunde kanpainen helburua bada lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztea, beste 3 puntu emanen dira.

4.–Prestakuntza jarduerak, 2022. urtean lan autonomoan hasteko, hobetzeko eta trebatzeko:

–Jarduera bakoitzeko: 5 puntu.

–Prestakuntza jardueren helburua bada lan autonomoan genero desberdinkeria desagerraraztea, beste 3 puntu emanen dira.

5.–Ekintzaile autonomoei babesa eta aholkuak emateko ekintza pertsonalizatuak egitea, hala aurrez aurre nola bide telematikoak erabilita:

–Babesa eta aholkuak emateko ekintzetara bideratutako 10 ordu bakoitzeko: 5 puntu.

6.–Azterketak, dokumentazio lanak, analisiak, ikerlanak eta antzeko lanak prestatzea eta argitaratzea:

–Jarduera bakoitzeko: 5 puntu.

–Jarduketa horien helburua bada lan autonomoaren esparruan izaten den genero desberdinkeria ikusaraztea, aztertzea eta mahai gainean jartzea, beste 3 puntu emanen dira.

3. Gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten eskaerek ezin dute dirulaguntzarik jaso.

4. Eskatzaileek lortutako puntuazioetan berdinketa gertatuz gero, langile kopuruari buruzko irizpidean lortutako puntuazioaren arabera ebatziko da.

8. oinarria.–Dirulaguntza ematea.

Lan Zerbitzuak 7. oinarrian ezarritako balorazio irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek dirulaguntza lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da dirulaguntza ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe hori berariazko ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsitzat joko da. Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

9. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Oro har, diruz lagundutako zenbatekoa ordaintzeko, erakunde onuradunek justifikatu beharko dute diruz lagundutako jarduerak egin dituztela, 11. oinarrian ezarritakoaren arabera.

2. Aurrekoa gorabehera, erakunde onuradunek konturako ordainketa bat eskatu ahal izanen dute, uztailaren 31 baino lehen, 2023ko lehen seihilekoan egindako jardueretarako. Horretarako, aldi horretan gauzatutako jardueren memoria aurkeztu beharko dute, zehaztuta sortu diren gastuetatik zein diren diruz lagungarriak. Konturako zenbatekoak jasotzeak ez du onuraduna inola ere salbuetsiko justifikatzeko dokumentazioa 11. oinarrian adierazitako epean aurkeztetik.

10. oinarria.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Dirulaguntza jasotzen duten onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasita hilabeteko epean, telematikoki aurkeztea dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena, laguntzen fitxan eskura dagoen ereduaren araberakoa. Adierazpen hori beti aurkeztu behar da, gardentasun betebeharra izan (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluko baldintzak betetzeagatik) edo ez izan (kasu horretan, inguruabar hori adieraziko da adierazpenean).

b) Diruz lagundutako jarduketak egin eta justifikatzea oinarri hauetan ezarritako moduan.

c) Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala sartzea diruz lagundutako jarduketak direla-eta zabaldutako materialean.

d) Jasotako laguntzari buruzko publizitatea egitea webgune korporatiboan, proiektuaren finantzaketa publikoa dela zabalduz.

e) Laguntzak kudeatzen dituen organoari jakinaraztea beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu direla diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko, 13. oinarrian aurreikusitako ondorioetarako.

f) Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzen ahalko da, edo, hala badagokio, diru hori itzuli beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, ordaindu beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa doitzen ahalko da proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

Zehazki:

a) Azkenean gauzatzen den proiektu zatiaren aurrekontua dirulaguntza emateko ebazpenean onartutakoaren %60tik beherakoa bada, emandako laguntzaren %50 ordainduko da.

b) Gauzatutako proiektuaren aurrekontua ez bada iristen dirulaguntza emateko ebazpenean onartutako aurrekontuaren % 40ra, emandako laguntza kobratzeko eskubidea galdu dela adieraziko da.

11. oinarria–Diruz lagundutako jarduera justifikatzea eta espedientea likidatzea.

1. Entitate onuradunek 2023ko abenduaren 1a baino lehen justifikatu beharko dituzte egindako jarduketak; horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte telematika bidez, laguntzen fitxatik abiatuta:

a) Jarduketa justifikatzeko memoria. Bertan, dirulaguntza honen finantzaketarekin egindako jarduerak zehaztuko dira eta, hala badagokio, 7. oinarriko 2.2 eta 2.4 apartatuetan adierazitako ekintzetan emandako ordu kopurua adieraziko da.

b) Memoria ekonomikoak, hauek bilduta, behar bada:

–Langile gastuetarako:

1. Jarduketa diruz lagungarriak egin dituzten pertsonen izenen zerrenda, adierazita haien lanaldia, lan egindako orduak eta proiektuaren kostuari egozten zaion ehunekoa.

2. Nominen eta Gizarte Segurantzako kuoten kotizazio-agirien kopia.

3. Aurreko paragrafoetan zerrendatutako gastuen ordainagiriak.

–Gainerako gastuetarako:

1. Diruz lagundu beharreko jardueretan sartutako fakturen zerrenda zenbakitua, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta faktura horiek ordaindu izanaren egiaztagiriekin duten lotura korrelatiboa.

2. Aurreko paragrafoan zerrendatutako faktura eta frogagirien kopia. Dirulaguntzaren erakunde onuradunaren izenean egon beharko dute. Eskudirutan egindako ordainketak edo hartze-agiriak ez dira onartuko.

2. 4. oinarrian ezarritakoaren arabera, 2023an sortutako gastuei dagozkien fakturak baino ez dira onartuko. Hala ere, onuradunek ez badituzte urteko azken hiruhilekoari dagozkion gastuen eta/edo ordainketen frogagiri guztiak, berariaz adierazi beharko dute hori justifikazio-memorian, eta, beraz, 2024ko otsailaren 29ra arteko epea izanen dute dagozkien frogagiriak aurkezteko.

3. Azken jarduketa-memoriak aurkeztuta eta 11. oinarrian adierazitako frogagiriak egiaztatuta, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak likidazioa egiteko eta espedientea bukatzeko ebazpena emanen du, justifikatu gabeko kopuruak edo dirulaguntzaren baldintzekin bat ez datozenak itzultzeko eskaerarekin, halakorik bada. Kasu horretan, dagozkion berandutze-interesak aplikatuko dira, egindako azken ordainketaren egiazko datatik likidazio ebazpenaren egunera arte doan epearen gainean kalkulatuak.

12. oinarria.–Bitarteko elektronikoen bidezko komunikazioak.

1. Laguntzen eskaera eta erantsi beharreko dokumentazio guztia telematika bidez aurkeztuko dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan, laguntzei dagokien fitxaren bidez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko tramiteen katalogoaren barnean (www.nafarroa.eus).

2. Administrazio egintzen jakinarazpena eta laguntza hauek emateko prozeduraren barruan egiten diren jarduketa guztien komunikazioak telematika bidez eginen dira, entitate eskatzaileen gaitutako helbide elektronikoaren bidez (GEH).

13. oinarria.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

1. Dirulaguntza honekin batera, helburu bera duten beste batzuk ere jaso daitezke, beste administrazio publiko batzuenak, beste entitate pribatu edo publiko batzuenak edo partikularrenak.

Nolanahi ere, bateragarria izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta Nafarroako enpresa sektore publikoak emandako beste edozein dirulaguntzarekin, baldin eta laguntza horrek jarduera bera eta kostu bera estaltzen ez baditu.

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

14. oinarria.–Emandako dirulaguntzaren publizitatea.

Lan Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak Ogasuneko eta Administrazio Publikoetako Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion eta emandako diru kopurua.

15. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute oinarri arautzaile hauen aurka, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2306804