106. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2023ko maiatzaren 10ean hartua, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana 2023rako.

2022ko udan jazo ziren baso-suteak aztertu eta gero, Espainiako Gobernuak abuztuaren 1eko 15/2022 Errege Lege-dekretua onetsi zuen (baso-suteen arloan presako neurriak hartzekoa). Gero, irailaren 20ko 17/2022 Errege Lege-dekretuko azken xedapenetako lehenak aldatu zuen.

Arau horrek, hain zuzen, Mendiei buruzko azaroaren 21eko 43/2003 Legea aldatu zuen, eta haren helburua zen lehenbailehen aplikatzeko neurri batzuk ezartzea, ahalik eta lasterren aurre egiteko larrialdi klimatikoko egungo egoerari.

Errege Lege-dekretuak, zehazki, aldaketak sartzen ditu Mendiei buruzko Legean baso-suteei aurre egiteko hiru eremuetan: prebentzioan, itzalketan eta ukitutako baso-lurrak mantentzeko eta berroneratzeko lanetan. Hala, esparru horretan, ezartzen du autonomia-erkidegoek, baso-suteen arrisku orokorraren aurrean, urtero egin eta onetsi behar dituztela baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko planak.

Plan horiek garatu beharreko jarduera guztiak bildu behar dituzte, eta dagokion autonomia-erkidegoaren lurralde osoa hartu behar dute.

Nafarroako Gobernuak, 2022ko azaroaren 30ean hartutako erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022) onetsi zuen.

Hortaz, zilegi da Nafarroako Foru Komunitateko jardun esparrua osatzea baso-suteen aurkako borrokaren arloan, eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana onestea 2023rako.

Planean jasota daude Mendiei buruzko azaroaren 21ko 43/2003 Legearen 48. artikuluan eskatzen diren edukiak, eta eranskin gisa ageri dira honako hauek: Nafarroako Foru Komunitateko Baso-suteetarako Babes Zibileko Larrialdi Plan Berezia (INFONA 2022); Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana 2023rako; Lurzoru urbanizaezinean sua erabiltzea arautzen duen araudia, baso-suteak prebenitze aldera, eta, orobat, administrazio honen eskumenekoak diren baimenak, jarraikiz aipatutako artikuluaren d) letrako 6. puntuan adierazitakoari.

Baimen horiek, hain zuzen, finkatu dira kontsulta egin ondoren Foru Komunitateko Administrazioko departamentu guztiei. Honako hauek bidali dituzte balorazioak: Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Gazteriaren Institutuak.

Horiek guztiak horrela, bada, Nafarroako Gobernuak, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren proposamenari jarraikiz,

ERABAKITZEN DU:

1. Onestea Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana 2023rako, bai eta haren eranskinak ere. Eranskinak, hain zuzen, erabaki honi atxiki zaizkio.

2. Erabaki honetan xedatutakoa aplikatuko da galarazi gabe babes zibilaren arloko eskumena duen organoak Nafarroako babes zibilaren eta larrialdien arretaren arloko araudia aplikatuta hartzen dituen gainerako esku-hartze eta/edo oneratze neurri guztiak.

3. Aurreko puntuan xedatutakoa gorabehera, Nafarroako Gobernuak planaren 4. eranskineko baimenak (4., 5. eta 6. taldeetakoak) aldatu, edo are bertan behera utzi ahal izanen ditu, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.

4. Ingurumeneko zuzendari nagusiak, basoen arloko administrazioa den aldetik, planaren 4. eranskineko baimenak (1., 2. eta 3. taldeetakoak, nekazaritza eta basogintza arloko lanbide jarduera) aldatu, edo are bertan behera utzi ahal izanen ditu, baldin eta baldintza meteorologikoek edo interes orokorreko beste inguruabar batzuek hala eskatzen badute.

5. Erabaki hau igortzea Nafarroako Gobernuko departamentu guztietako idazkaritza tekniko nagusietara, behar diren ondorioak izan ditzan.

6. Erabaki hau eta eranskinak argitaratzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan, eta Gobernu Irekiaren Atarirako esteka jartzea, han argitaratuko baita Nafarroako Foru Komunitatean baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana 2023rako.

Iruñean, 2023ko maiatzaren 10ean.–Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkaria, Javier Remírez Apesteguía.

Baso-suteak prebenitzeko, zaintzeko eta itzaltzeko urteko plana 2023rako.

Iragarkiaren kodea: F2307421