105. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 19a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

EBAZPENA, Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusiak emana, Buganvilla Solar PV SLri aurretiazko administrazio baimena ematen diona 107,79 MW-eko potentzia instalatuko "Serna I Solar" instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako. Corella eta Tuterako udal-mugarteetan daude kokatuta, Nafarroan

2020ko azaroaren 20an, Buganvilla Solar PV SLk (aurrerantzean, Buganvilla Solar edo sustatzailea) aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen "Serna I Solar" instalazio fotovoltaikorako, modulu fotovoltaikoetan 120 MW eta inbertsoreetan 107,79 MW jartzeko, eta haren ebakuazio-azpiegituretarako.

Espedienteari hasiera eman zitzaion Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionalean, eta izapidetu zen bat etorriz Energia elektrikoa garraiatu, banatu eta merkaturatzeko jarduerak, haren hornidura eta haren instalazioetarako baimenen prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin, eta kasuan kasuko txostenak eskatu zitzaizkien administrazioei, erakundeei eta zerbitzu publikoko edo interes orokorreko zerbitzuetako enpresei, instalazioak haien kargurako ondasunak eta eskubideak ukitzen dituen heinean.

Administrazioaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (ADIF), Iberdrola Redes Inteligentes SAUren, Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Nafarroako Ubideko Ureztatzaileen Komunitatearen erantzunak jaso dira; horietan baldintza teknikoak ezartzen dira eta, kasuren batean, erakunde horietan baimena eskatzeko betebeharra, instalazioak haien eskumeneko ondasunak edo zerbitzuak okupatzen edo gurutzatzen dituelako. Erantzun horien berri eman zaio Buganvilla Solarri, eta hark jakinarazi du aldatu egin direla "Serna I Solar" instalazio fotovoltaikorako, La Serna I azpiestaziorako eta 220 kV-eko linearen trazadurarako bere proiektuak. Era berean, Buganvilla Solarrek eragozpenik jarri ez duenez, ulertzen da onartzen dituela erakundeek ezarritako baldintzak. Aurkeztutako dokumentazio berria igorri zaie erakundeei, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados daudela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Enagás Transporte SAUren erantzuna jaso da. Bertan adierazten denez, "SERNA I" eguzki-parkearen ebakuazio-lineari buruzko dokumentazioaren arabera, aipatutako linea elektrikoaren proiektuan aurreikusita dago aireko hiru gurutzaketa egitea honako gasbide hauekin: 22. eta 23. euskarrien artean, Bartzelona-Bilbo-Valentzia gasbidearekin; 41. eta 42. euskarrien artean, Castejongo gasbidearekin (ETN); eta 47. eta 48. euskarrien artean, Guardián Navarrara doan goi-presioko gasbide adarrarekin. Ondorioz, linearen euskarriak gasbidetik hurbil daudenez, eragin elektriko konduktiboak gerta litezke, euskarrietako lurretan akats-korrontearen dispertsioa gertatzeagatik, eta eragin elektriko induktiboak, gasbidearekiko paralelismoagatik. Gasbidean zer neurritako ukipena eragin dezaketen aztertu ahal izateko, datu gehigarriak bidali behar zaizkie. Buganvilla Solarrek jakinarazi du aldatu egin dela 220 kV-eko linearen trazadurarako bere proiektua. Era berean, Buganvilla Solarrek eragozpenik jarri ez duenez, ulertzen da onartzen dituela erakundeak ezarritako baldintzak. Aurkeztutako dokumentazio berria igorri zaio aipatu erakundeari, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados dagoela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Red Eléctrica de Españaren erantzuna jaso da. Bertan adierazten duenez, ez du eragozpenik eguzki-instalazio fotovoltaikoaren eta 30/220 kV-eko TAEaren aurka, bere instalazioen gaineko ukipenik ez dagoelako. Aldiz, 220 kV-eko aireko eta lurpeko ebakuazio-lineari buruz, jakinarazi du Red Eléctricaren jabetzako lineekiko zenbait paralelismo daudela, eta horiek erregelamenduzkoak direla. Gurutzaketen artean bada bat ez dena gisa horretakoa, zehazki, 400 kV-ko Santa Engracia - Serna linearena. 220/400 kV-eko TAEari eta 400 kV-eko aireko ebakuazio-lineari buruz ere iritzia eman du, eragina izan dezaketelako RdTren etorkizuneko garapenak handitzeko aukeretan, eraginpeko eremua sendotu nahiko balitz. Hori guztia Red Eléctricarekin koordinatu beharra dago. Buganvilla Solarrek jakinarazi du aldatu egin dela 220 kV-eko linearen trazadurarako bere proiektua. Era berean, Buganvilla Solarrek eragozpenik jarri ez duenez, ulertzen da onartzen dituela erakundeak ezarritako baldintzak. Aurkeztutako dokumentazio berria igorri zaio erakundeari, eta inolako erantzunik jaso ez denez erregelamenduzko epean, ulertzen da ados dagoela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.4 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Ez da erantzunik jaso Nafarroako Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusitik, Nafarroako Gobernuaren Industria Zuzendaritza Nagusitik, Corellako eta Tuterako udaletatik, Nafarroako Ubidea SAtik (CANASA) eta Renovables de la Ribera SLtik eta, horrenbestez, ulertzen da ados daudela, aipatutako abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretu horren 127.2 artikuluan xedatutakoaz baliatuz.

Orobat, eskaera jendaurrean jarri zen, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan eta aipatutako abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoarekin bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu baitzen 2021eko maiatzaren 18an (geroago, 2021eko maiatzaren 29an, akats zuzenketa argitaratu zen), eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean 2021eko maiatzaren 27an. Zenbait alegazio jaso ziren, eta sustatzaileak erantzun egin zituen.

Alegazio horien artean, batzuk nabarmen daitezke:

–Moncayoko Ur Mankomunitateak eskatu du bere instalazioen gaineko ukipenak ikertu daitezela. Buganvilla Solarrek erreferentziako plano bat eskatu dio Moncayoko Ur Mankomunitateari, ur hodiaren bi kutxatilaren koordenatuak jasotzen dituena. Emandako informazioarekin, Buganvilla Solarrek esan du aski dela balizko ukipenera dagoen distantzia.

–Nafarroako Autobideak SAk (AUDENASA) adierazi du kontuan izan behar dela autobidearen mantentze-lanetan eta, bereziki, bide-zoruak sendotzeko aldian behin egiten diren lanetan, 9 metrotik gorako garaiera duten makinak erabili behar direla (zabalgailuen gainean asfaltozko nahasketak deskargatzen dituzten kamioiak, eta horiekin aurrera egiten dutenak). Hori dela-eta, ezinbestekotzat jotzen du AP-15eko galtzadaren eta N-113 errepidearekin lotzeko adarraren gaineko kableetarako proiektatutako gutxieneko altuera 13 metrokoa izatea. Buganvilla Solarrek erantzun du aldatu egin dela 220 kV-eko linearen trazadurarako bere proiektua.

–Solen Desarrollos SLU, EDP Renovables España SLU eta Enerfin Sociedad de Energía SLU sozietateek adierazi dute beren jabetzako instalazioetan ukipenak eragin ditzakeela, eta proiektu fotovoltaikoa aldatzeko eskatzen dute. Buganvilla Solarrek erantzun egin ditu aurkeztutako alegazioak, eta jakinarazi du aldatu egin dela 220 kV-eko linearen trazadurarako bere proiektua.

Era berean, proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterketaren separatak bidali zitzaizkien, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarritakoari loturik egindako txosten eskaerekin batera, honako hauei: Nafarroako Gobernuko Osasun Zuzendaritza Nagusia, Babes Zibileko eta Larrialdietako Agentzia, Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusia, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentua, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentua, Madrilgo Biodibertsitate Zuzendaritza Nagusia eta WWF España (WWF/Adena).

Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloak txostena eman zuen 2021eko abenduaren 1ean, eta aurrerago eguneratze batzuekin osatu.

Kontuan izanik ezen, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 42. artikuluak ezartzen duenez, organo substantiboak behar bezala kontuan hartu beharko duela, proiektua baimentzeko prozeduran, egindako ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa.

2021eko urrian, sustatzaileak proiektua aldatzeko gehigarri bat aurkeztu zuen: ez da izapidetu ondorio substantiboetarako; aitzitik, aintzat hartu da ingurumeneko ondorioetarako.

Instalazioaren proiektuari eta haren ingurumen-inpaktuaren azterketari (aurrerantzean, IIAZ) ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura egin zaie, eta aldeko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin da (aurrerantzean, IIAD edo ingurumen-inpaktuaren adierazpena), zeina zehaztu baita Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren 2022ko maiatzaren 31ko Ebazpenaren bidez. Ebazpen horretan, ingurumen arloko baldintzak ezartzen dira, egindako ingurumen-ebaluazioaren ondoriozkoak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak barne. Behar bezala argitaratuta dago Estatuko Aldizkari Ofizialean.

IIADan ezarritakoaren arabera, proiektuari aplikatuko zaizkio ezarritako ingurumen arloko baldintzak, prebentzio-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak eta, hala badagokio, IIAZn jasotako jarraipen-neurriak, jendaurreko informazioaren eta kontsulten ondoren onetsitakoak, eta informazio gehigarrian proposatutakoak, betiere IIADan xedatutakoaren aurkakoak ez badira.

Ezertan galarazi gabe IIADan proiektuari ezarritako baldintza guztiak bete behar direla, hura baita nahitaezko txosten erabakigarria, ezartzen duena zer baldintzatan gara daitekeen proiektua gauzatzen eta ustiatzen den bitartean, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 41. artikuluarekin bat, proiektua definitzeko, bereziki eta besteak beste, IIADan xedatutako baldintza eta neurri hauek hartuko dira kontuan, eta, hala badagokio, horretarako beharrezkoa den dokumentazioa aurkeztuko da:

–Ez da jarraitzailerik instalatuko %10etik gorako malda duten tokietan, ezta ibarbideen hondoan ere, ibarbide horietan ura ibil badaiteke euri asko egiten duenean edo azaleko hidromorfologia edafikoa (urtarokoa zein iraunkorra) baldin badago. Ibarbide horien hondoak libre egon behar du, panelik edo bestelako oztoporik gabe, eta landaredi belarkara naturalez estalia zabalera nahikoan (2.2. baldintza). 220 kV-eko linea lurperatu eginen da 28. eta 30. euskarrien arteko tartean, ibaiertzeko landarediari ez eragiteko (2.8.a baldintza).

–220 kV-eko linea lurperatu eginen da 35. eta 36. euskarrien arteko tartean, 400/220 kV-eko Las Labradas TAEraino. Lurperatutako linearen oinplanoko trazadura izanen da hasiera batean proiektatutako aireko linearako aurreikusita zegoena bera. Halere, aldaketa txikiak egiten ahalko dira beharrezkoa denean, landaredia naturala duten esparruei kalterik ez eragiteko edo beste azpiegitura batzuekin gurutzatu ahal izateko (2.8.b baldintza).

–Toki egokirik bada, lekuz aldatuko da 400/220 kV-eko Las Labradas TAErako aurreikusia zegoen kokapena, Cierzo mendietako pinudien hegalaren hegoaldera eramanda, 400 kV-eko La Serna TAE azpiestaziotik (REE) hurbil (2.8.c baldintza). Baldintza hori betetzeko balizko jarduketak Red Eléctrica de Españarekin koordinatuko dira, haien jabetzeko instalazioei ukipenik ez eragiteko. Hark egindako txostena ikusirik.

–400/220 kV-eko Las Labradas TAEa eta 400 kV-eko La Serna TAEa (REE) lotuko dituen 400 kV-eko aireko linea lurpean joanen da (2.8.d baldintza).

–Transformazio zentroen, azpiestazioen eta linea elektrikoen proiektuak egokitu eginen dira, trazadurak moldatuta edo bestelako neurri eraginkorren bidez, ez dadin egon etxebizitzarik, erabilera sentikorreko eraikinik edo populaziorik 5.000 V/m-tik gorako eremu elektrikoen edo 100 μT-tik gorako eremu elektrikoen eraginpean. Aipatu proiektuetan berariaz justifikatu beharko da baldintza hori betetzen dela (2.22 baldintza).

–Ingurumena zaintzeko programa osatu eta aldatu beharko da, IIADan ezarritako baldintzen arabera.

Onespenaren aurretik, IIAZn eta IIADan ezarritako baldintza eta neurri bakoitza zehaztu eta aurrekontuan sartu beharko ditu sustatzaileak, proiektuan nahiz haren eranskin batean, xehakatuta, halako eran non aipatutako IIADan zehaztutako neurri bakoitza identifikatzen ahalko baita.

Aipatutako IIADan ezarritakoa alde batera utzi gabe, gerta daiteke abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan aurreikusitakoaren arabera izapidetu behar izatea Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan xedatutako nahitaezko baimenak.

Arestian aipatutakoa kontuan hartuta, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa aplikatuko da aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioetan aldaketa egiteko eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak betetzeko.

Kontuan harturik Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1. artikuluaren arabera ezin izanen dela sorkuntzarako instalazioetako administrazio baimenik eman titularrak ez baditu aldez aurretik lortu banaketa- edo garraio-sareetan sartzeko eta konektatzeko baimenak.

Proiektuak garraio-sarera sartzeko baimena lortu du, sarera sartzeko bidegarritasun txostenaren bidez, konexiorako baldintza teknikoen betetzeari buruzko txostenaren bidez eta konexiorako baldintza teknikoen egiaztapenari buruzko txostenaren bidez, Red Eléctrica de España SAUren jabetzako 400 kV-eko La Serna azpiestazioan.

Beraz, energia elektrikoaren ebakuazio-azpiegiturak garraio-sarearekin lotuko du parke fotovoltaikoa, 220 kV-eko La Serna azpiestazioaren bitartez (Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa), azpiestazio horretan garraio-sarearen posizio berri bat jarriz.

Garraio-sareak 400 kV-eko La Serna azpiestazioan izanen duen posizio berria berariaz planifikatua dago indarreko plangintzan, hots, "Energia Elektrikoaren Garraio Sarearen Garapen Plana, 2021-2026" delakoan, zeina Ministroen Kontseiluaren 2022ko martxoaren 22ko Erabaki bidez onetsi baitzen (2022ko apirilaren 19ko Estatuko Aldizkari Ofiziala). Trantsizio energetikorako eta kontsumitzaileen babeserako premiazko neurriei buruzko urriaren 5eko 15/2018 Errege Lege-dekretuaren laugarren xedapen gehigarriarekin bat etorriz antolatu da jarduketa hori, indarreko plangintzan sartua baita.

Abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 123.2 artikuluaren ondorioetarako, 2020ko urriaren 7an, Buganvilla Solar PV SLk, Jorge Energy SLk, Planta Solar Opde 39 SLk, Planta Solar Opde 40 SLk eta Planta Solar Opde 41 SLk akordio bat sinatu zuten batera eta elkarrekin koordinatuta ateratzeko energia, 220 kV-eko SE La Serna azpiestazioaren bitartez, "FV Serna I Solar" instalazio fotovoltaikotik eta "P.E San Adrian", "P.E. Salto del Lobo", "P.E. Valentuña" eta "P.E. Lorbes" haize-parkeetatik (haize-parke horiek espediente honen irismenetik kanpo daude).

Ezertan galarazi gabe ebazpen honekin, ingurumen-inpaktuaren adierazpenarekin eta sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzekin bat egin beharreko aldaketak, ebakuazio-azpiegituran honako jarduketa hauek aurreikusten dira:

–Aireko eta lurpeko 5 linea, 30 kV-ekoak, "Serna I Solar" instalazio fotovoltaikoa lotzen dutenak 30/220 kVeko Serna I azpiestazioarekin.

–30/220 kV-eko Serna I azpiestazioa.

–220 kV-eko aireko eta lurpeko linea, Serna I azpiestazioa lotzen duena 220/400 kV-eko Las Labradas aspieztazio biltzailearekin; ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

–220/400 kV-eko Las Labradas azpiestazioa.

–220 kV-eko goi tentsioko aireko linea, 220/400 kV-eko Las Labradas azpiestazioa lotzen duena 400 kV-eko La Serna azpiestazioarekin; ebakuazio-azpiegitura komunaren parte da.

–400 kV-eko La Serna azpiestazioa, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa, zerbitzuan dagoena.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legeak enpresa ekimen askea aitortzen du energia elektrikoaren hornidurarako jardueretan aritzeko. Hala ere, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluaren arabera, sustatzaileak egiaztatu beharko du proiektua egiteko gaitasun legal, tekniko eta ekonomiko-finantzarioa duela. Horretarako, ebazpen proposamen bat bidali zaio Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionalari, dagokion txostena egin dezan, abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 127.6 artikuluan xedatutakoa kontuan hartuta.

Merkatuen eta Lehiaren Batzorde Nazionaleko Ikuskapen Erregulatzailearen Salak txostena eman du, 2022ko azaroaren 10ean egin bilkuran onetsi zena.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat, zuzendaritza nagusi honen ebazpen proposamenari buruzko entzunaldia eman zitzaion sustatzaileari. Erantzun gisa, sustatzaileak alegazioak aurkeztu zituen, eta, alegazioak aztertu ondoren, batzuk justifikatutzat jo zirenez gero, ebazpena aldatu zen.

Kontuan izanik abenduaren 26ko 24/2013 Legeak energia elektrikoaren ekoizleen betebeharren artean ezartzen duela energia elektrikoa ekoizteko beharrezkoak diren jarduera guztiak garatu behar direla baimenean aurreikusitako baldintzetan eta, bereziki, instalatutako potentziaren segurtasunari, erabilgarritasunari eta mantentzeari dagokienez eta eska daitezkeen ingurumen arloko baldintzak betetzeari dagokionez.

Energia elektrikoa garraiatzeko eta banatzeko sareetarako sarbideari eta konexioari buruzko abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuak honako hau xedatzen du, bere bosgarren xedapen iragankorrean, errege dekretuak indarra hartzean izapidetzen ari diren instalazio elektrikoen espedienteei buruzkoan:

"1. Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53. artikuluan aurreikusitako baimenen administrazio-izapideen ondorioetarako, azken xedapenetako hirugarrenaren lehenengo puntuaren bidez emandako potentzia instalatuaren definizio berriak ondorioak sortuko ditu izapidetzen hasi ondoren behin betiko ustiatzeko baimena oraindik lortu ez duten instalazioetan.

2. Oro har, errege dekretu honek indarra hartu aurretik instalazio elektrikoak baimentzeko hasitako prozedurei potentzia instalatuaren definizio berria aplikatuko zaie (...)".

Era berean, abenduaren 29ko 1183/2020 Errege Dekretuaren azken xedapenetako hirugarrenak ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen du (errege dekretu horren bidez arautu zen energia-iturri berriztagarrietatik, kogeneraziotik eta hondakinetatik energia elektrikoa ekoizteko jarduera). Hona hemen idazketa berria:

"Instalazio fotovoltaikoen kasuan, potentzia instalatua honako bi hauen artean txikiena izanen da:

a) Instalazioko modulu fotovoltaikoen gehieneko potentzia unitarioen batura, baldintza estandarretan neurtuta, dagokion UNE arauaren arabera.

b) Inbertsorearen gehieneko potentzia edo, hala badagokio, instalazioa osatzen duten inbertsoreen potentzien batura".

Baimen hori ematen bada ere, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkien eta beharrezkoak diren kontzesio eta baimenak beharko dira, bai eta aplikatzekoak diren xedapenek eragindako beste guztiak ere. Halaber, obra egiteko beharrezkoak diren gainerako baimen guztiak eskuratu beharko dira.

Azaldutakoaren ondorioz, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusi honek,

EBAZTEN DU:

Bakarra.–Buganvilla Solar PV SLri aurretiazko administrazio baimena ematea 107,79 MW-eko potentzia instalatuko "Serna I Solar" instalazio fotovoltaikorako eta haren ebakuazio-azpiegituretarako (ondoren zehazten dira), ebazpen honetan jasotako berezitasunekin.

Proiektuaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat eraikitzea, energia elektrikoa sortzeko eta energia hori sarera eramateko.

Hauek dira instalazio fotovoltaiko horren ezaugarri nagusiak, 2021eko martxoko "Serna Solar I PV eguzki-instalazio fotovoltaikoa" proiektuan jasotakoak:

–Teknologia mota: Eguzki-energia fotovoltaikoa.

–Potentzia instalatua (ekainaren 6ko 413/2014 Errege Dekretuaren 3. artikuluaren arabera): gutxi gorabehera 107,79 MW.

–Moduluen potentzia, guztira: 119,99 MW.

–Inbertsoreen potentzia, guztira: 107,79 MW.

–Potentzia izendatua, Red Eléctrica de España SAUk emandako sarbide eta konexio baimenetan ezarritakoaren arabera: 94,2 MW. Ondorioz, instalaziotik ateratzen ahalko den gehieneko potentzia 94,2 MW-ekoa izanen da.

–Ukitutako udal-mugartea: Corella, Nafarroan.

Ebakuazio-azpiegiturak jasota daude "Serna Solar I PV eguzki-instalazio fotovoltaikoa" egiteko 2021eko martxoko proiektuan, "30/220 kV-eko Serna I TAE transformazioko azpiestazio elektrikoa" eta "220/30 kV-eko Serna I TAEtik 400/220 kV-eko Labradas TAEra doan 220 kV-eko linea elektrikoa" egiteko 2021eko apirileko proiektuetan, eta "400/220 kV-eko Labradas azpiestazio elektrikoa" eta "Labradas azpiestazio elektrikotik La Serna azpiestazio elektrikora (REE) doan 400 kV-eko goi tentsioko aireko linea, duplex erako zirkuitu bakunekoa" egiteko 2020ko urriko proiektuetan. Honako hauek dira:

–Aireko eta lurpeko 5 linea, 30 kV-ekoak, instalazio fotovoltaikoko transformazio zentroetatik abiatu eta 30/220 kVeko Serna I azpiestazioraino doazenak.

–30/220 kV-eko Serna I transformazioko azpiestazio elektrikoa, Corellan kokatua dagoena, Nafarroan.

–220 kV-eko linea, 30/220 kV-eko Serna I transformazioko azpiestaziotik abiatu eta 220/400 kV-eko Las Labradas azpiestazioraino doana. Lineak 16.606,34 metroko luzera du: 48. euskarrira arte, zirkuitu bakuneko aireko linea izanen da; 48. euskarritik 52. euskarrira, hiru zirkuitu izanen ditu; 52. euskarritik 53A euskarrira, zirkuitu bakunekoa izanen da; 53A euskarritik 54A euskarrira, lurpean joatera pasatuko da, zirkuitu bikoitzarekin; eta 54A euskarritik azken portikoraino, zirkuitu bakuneko aireko linea izanen da. Hauexek dira linearen ezaugarri nagusiak:

  • Sistema: korronte alterno trifasikoa.
  • Tentsio izendatua: 220 kV.
  • Ukitutako udal-mugarteak: Corella eta Tutera, Nafarroan.

–400/220 kV-eko Labradas azpiestazio elektrikoa Tuteran dago, Nafarroan.

–400 kV-eko linea, 400/220 kV-eko Labradas azpiestaziotik abiatu eta 400 kV-eko La Serna aspieztazioraino doana. Lineak 498,27 metroko luzera du, duplex erako zirkuitu bakunekoa da, eta hauexek dira haren ezaugarri nagusiak:

  • Sistema: korronte alterno trifasikoa.
  • Tentsio izendatua: 220 kV.
  • Ukitutako udal-mugartea: Tutera, Nafarroan.

Aurrekoa gorabehera, ekoizpen instalazioak egokitu beharko du ingurumen-inpaktuaren adierazpen horren edukira eta baimen hau izapidetzean sustatzaileak onartutako baldintzetara. Zehazki, ingurumen-inpaktuaren adierazpenean eskatutako baldintzak eta aldaketak bete beharko dira, eta, hala badagokio, ebakuazio-azpiegiturako edozein elementu lurperatu, aplikatzekoa izanen baita abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 115. artikuluan ezarritakoa (errege dekretu horren bidez energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta hornitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedura arautu ziren), aurretiazko administrazio baimena lortu duten sorkuntzarako instalazioen aldaketei dagokienez, eta artikulu horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

Gainera, beharrezkoa izanen da aurretiazko administrazio baimena lortzea sustatzaileak proiektuetan proposatzen dituen aldaketetarako, baldin eta aldaketa horiek izapidetzean ez badira bete jendaurrean jartzeko eta ukitutako erakunde eta enpresei kontsulta egiteko tramiteak, ondorio substantiboetarako. Horrenbestez, harik eta administrazio baimen hori izan arte, non jaso beharko baitira ingurumen-inpaktuaren adierazpenetik datozen aldaketak eta baita, halakorik behar izanez gero, ondorio substantiboetarako izapidetu ez diren aldaketak ere, sustatzaileak ezin izanen ditu hasi instalazioen kokalekua egokitzeko prestaketa-obrak (abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 131.9 artikuluan aipatzen direnak) instalazioaren zati batean ere, hau da, ez energia ekoizteko parkean, ez ebakuazio azpiegituretan, garraio- edo banaketa-sareekin lotzekoetan barne.

Sustatzaileak izapidetzean onartutako baldintzak bete beharko ditu, bai eta Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren Zuzendaritza Nagusiaren ingurumen-inpaktuaren adierazpenean ezarritako baldintzak ere.

Era berean, bete beharko ditu Sistemaren Operadoreak ezartzen dituen arau teknikoak eta jarduteko prozedurak.

Baimen hau ematen da ezertan galarazi gabe aplikatu beharreko beste xedapen batzuen arabera beharrezkoak diren bestelako kontzesio eta baimenak, eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari dagozkionak; halaber, obra gauzatzeko behar diren gainerako baimenak ere beharko dira.

Ebakuazio-azpiegituraren gainerako zatia, garraio-sarearekin lotu artekoa, ebazpen honen irismenetik kanpo gelditzen da. Dagoeneko zerbitzuan den 400 kV-eko La Serna azpiestazioa da, Red Eléctrica de España SAUren jabetzakoa.

Abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 21.5 artikuluan xedatutakoaren ondorioz, ez da eraikitzeko administrazio baimenik emanen harik eta espedienteek dagokien ebakuazio-azpiegitura eraikitzeko administrazio baimena lortzen duten arte.

Eraikitzeko administrazio baimena lortzeko, hiru hilabete igaro baino lehen, sustatzaileak justifikatu beharko du IIADan eta ebazpen honetan ezarritako baldintzek aurretiazko administrazio baimen honetako potentzia instalatua murriztea dakarten edo ez, eta sartu beharko ditu, hala badagokio, aurkeztutako eskaeran hitzartutako potentzia mantentzeko hartu dituen neurriak; halaber, beharrezko jotzen duen beste edozein elementu aurkeztuko du. Era berean, aurkeztutako exekuzio proiektuari, zeina arloko erregelamendu teknikoen arabera prestatuko baita, aplikatzekoa zaion araudia bete dela egiaztatzeko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, behar den dokumentazioa erantsiko zaio, bai eta IIADan ezarritako baldintzak betetzen direla ziurtatzen duen erantzukizunpeko adierazpena ere, ebazpen honetan adierazitakoarekin bat eta abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.4 artikuluan xedatutakoa betez.

Baimen hau iraungiko da baldin eta aipatu epea iraganda sustatzaileak ez badu eraikitzeko administrazio baimenik eskatu, edo ez baditu eman arestian aipatutako agiriak, exekuzio proiektua gauzatu ahal izateko behar den eraikitzeko administrazio baimena lortzeari begira. Edonola ere, sustatzaileak ezarritako epea luzatzea eskatzen ahalko du, justifikatutako arrazoiengatik, baina beti kontuan harturik Ekonomia berpizteko energia arloko eta beste arlo batzuetako neurriak onesten dituen ekainaren 23ko 23/2020 Errege Lege-dekretuan ezarritako epeak.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 62.2.i) artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Energiaren estatu-idazkariari zuzendua, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Epe hori iraganik errekurtsoa jarri gabe, ebazpena irmoa izanen da ondorio guztietarako. Epeak hilabeteka zenbatzeko, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 30. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

2023ko maiatzaren 5ean.–Zuzendari nagusia, Manuel García Hernández.

Iragarkiaren kodea: E2307245