1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA
79E/2023 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez behin betiko onesten baita aldaketa bat "Sarrigurengo Ekohiria" Berrikuntzaren Hiriko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 10.2 lurzatiaren xehetasun-azterketan, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatua.
A.–Aurrekariak.
Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiak emandako martxoaren 15eko 45E/2023 Ebazpenaren bidez, hasiera batez onetsi zen aldaketa bat "Sarrigurengo Ekohiria" Berrikuntzaren Hiriko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 10.2 lurzatiaren xehetasun-azterketan, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatua.
Ebazpen hori argitaratu zen 2023ko 64. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, martxoaren 30ean, bai eta Nafarroan argitaratzen diren egunkarietan ere, 2023ko martxoaren 22koetan, eta batera egin ziren espedientea jendaurrean jartzeko tramitea eta ukitutako udalari entzunaldia ematekoa.
Ezarritako epean ez da haren aurkako alegaziorik aurkeztu.
2023ko apirilaren 5ean aurkeztu zen 2023ko martxoan sinatutako agiri tekniko baten ale bat, erantzuten diena hasierako ebazpenean jasotako auziei, eta ordezten duena informazio publikoaren tramitean erakutsitako agiria.
B.–Txosten sektorialak.
Ingurumen-ebaluazioari dagokionez, Ingurumen Eraginaren Atalak txosten bat eman zuen, 2023ko otsailaren 9an, eta bertan honako hau ondorioztatu zuen: "Aldaketaren ezaugarriak ikusita, ondorioztatu da aldaketa ez dagoela sartuta ingurumen-ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremuan, jarraikiz abenduaren 9ko 21/2013 Legeari (Ingurumen Ebaluazioari buruzko Foru Legea)".
Espedientean daude, orobat, Babes Zibileko Zerbitzuak eta Iruñerriko Mankomunitateak emandako aldeko txostenak. Azken txosten horrek, 2023ko otsailaren 28koa baita, honako baldintza hau ezartzen du: "beharrezkoa izanen da lurzatia urbanizatzeko proiektuak aurreikus dezala lurzatia gurutzatzen duen euri-uren kolektorea desbideratzea, espazio libreetan barna, haren funtzionalitatea eta mantentze-baldintzak bermatzeko moduan."
Azkenik, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman zuen 2023ko apirilaren 20an, baina baldintza gisa jarri zuen agiriari eranstea Iruñeko aireportuko zortasunen planoak, arauzko planoen artean, eta berariaz agertzea honako paragrafo hau: "Azterketaren xede den eremua sarturik dago Iruñeko aireportuari dagozkion zortasun aeronautikoen eremuen barnean. Txosten honen I. eranskin gisa gehitu diren planoetan, irudikatzen dira Iruñeko aireportuaren zortasun aeronautikoak mugatzen dituzten azaleren maila-lerroak, eremu hori ukitzen dutenak. Lerro horiek zehazten dute zer altuera (itsasoaren mailarekiko) ezin dituzten gainditu eraikinek (haien elementu guztiak barne, adibidez, antenak, tximistorratzak, tximiniak, aire girotuko ekipamenduak, igogailu-zuloak, kartelak, apaingarrien akaberak eta abar), lurraren edo objektu finkoen aldaketek (zutoinak, antenak, haize-sorgailuak –palak barne–, kartelak eta abar), eta bideen edo trenbideen galiboek."
Ofizioz aldatzen da agiri teknikoa, bete daitezen azken txosten horren kontsiderazioak.
C.–Kontsiderazioak.
Ondoren, aztertzen da sustatzailearen azken agiriak nola erantzuten dien ebazpenean jasotako kontsiderazioei, hots, xehetasun-azterketaren aldaketa hasiera batez onesten zuen ebazpeneko kontsiderazioei:
–Kendu egin da memoriako 1.3 apartatuko aipamen bat, esaten duena indarreko xehetasun-azterketa bertan behera geldituko dela, eta ordezturik, aldaketa honen bidez.
–Eskatu da O-3 antolamendu-planoa kentzeko, errepikatzen omen dituelako I-2 eta O-1 planoek jada zehaztutako parametroak. Bada, sustatzaileak justifikatzen du "eduki guztia ez dela errepikatua, eta, hartara, beharrezkotzat jo da aipatutako planoa mantentzea tresna urbanistikoaren barnean".
Azken horri dagokionez, hasierako onespeneko txostenak dioenez, jarraikiz urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretuko 9. artikuluko 1c) apartatuari (foru dekretu horren bidez arautzen da Nafarroako Planeamenduaren Erregistroa eta Nafarroako hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresnak aurkezteko formatua), udalaren hirigintza- eta lurralde-plangintzako tresna guztietan bereizi behar dira informazio- eta justifikazio-dokumentazioa, araudiaren arabera.
Antolamendu berriko O-3 antolamendu-planoa gainjarri da jatorrizko topografian, izenak berak adierazten duen bezala, eta hark informazioa ematen du jatorrizko topografiaz (oraingo sestra-kurbak eta sestra), bai eta eduki arauemailea ere (eraikinaren okupazioa). Eduki horiek jaso dira I.2 planoan (Informazioa: jatorrikoz topografia) eta O.1 planoan (Antolamendu berria: lerrokadurak, sestrak eta espazio libre eta okupatuen antolamendua). Beraz, ezin esan da, sustatzaileak bezala, O-3 planoko eduki guztia ez dela errepikatua; are gehiago: plano horren legendak errepikatzen du O.1 planoko legendaren parte bat.
Plano hori ofizioz kentzen da.
Xehetasun-azterketaren aldaketa ez da aldatu hasierako onespenetik. Hala, bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin (testu hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), baita Udalez gaindiko Plan Sektorialean biltzen diren determinazioekin ere.
Ikusirik Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2023ko apirilaren 27ko txostena, eta bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen Testu Bateginarekin (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta erabiliz urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuaren bidez eman zaizkidan ahalmenak (foru dekretu horren bidez ezarri zen Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa),
EBAZTEN DUT:
1. Behin betiko onestea aldaketa bat "Sarrigurengo Ekohiria" Berrikuntzaren Hiriko Udalez gaindiko Plan Sektorialeko 10.2 lurzatiaren xehetasun-azterketan, Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatua, betiere ebazpen honetan ezarritakoaren arabera.
2. Sustatzaileak bete beharko du espedientea tramitatzean emandako txosten sektorialetan xedatutakoa.
3. Obren eragina jasan dezaketen beste azpiegitura eta zortasun batzuei dagokienez edo obrak egitea baldintzatzen ahal duten azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak behar diren baimen guztiak lortuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.
4. Ebazpen hau argitaratzea, onetsitako agiriarekin batera (eranskin gisa jaso da), Nafarroako Aldizkari Ofizialean, orok jakin dezan.
Onetsitako dokumentua eskuragarri egonen da Nafarroako hirigintzari buruzko Informazio Sistemaren webgunean.
5. Ebazpen hau jakinaraztea Eguesibarko Udalari, Ingurumen Eraginaren Atalari, Babes Zibileko Zerbitzuari, Iruñerriko Mankomunitateari, Abiazio Zibileko Zuzendaritza Nagusiari eta espedientearen sustatzaileari, behar diren ondorioak izan ditzan.
6. Adieraztea ebazpen honek bukaera ematen diola administrazio bideari eta honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, zuzenduko zaiona Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, jarraikiz uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluei (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa), urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez (lege horrek hizpide du administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea).
Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean (lege horrek arautzen du administrazioarekiko auzien jurisdikzioa).
Iruñean, 2023ko maiatzaren 2an.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.
Onetsitako araudia (PDFa).
Iragarkiaren kodea: F2306973