102. ALDIZKARIA - 2023ko maiatzaren 16a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñerriko Zerbitzuak SAren arteko harremanen araudia aldatzea

Iruñerriko Mankomunitateko Batzar Nagusiak, 2022ko abenduaren 23an egin zuen saioan, hasiera batean onetsi zuen Iruñerriko Mankomunitatearen eta Iruñerriko Zerbitzuak SAren arteko harremanen araudia aldatzea.

Onespenaren akordioa 6. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2023ko urtarrilaren 10ean, eta jendaurreko epean aurkeztu diren alegazioak ebatzi dira. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsita gelditu da araudi hori eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2023ko apirilaren 28an. Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEAREN/IRUÑERRIKO ZERBITZUAK SA-REN HARREMANEN ARAUDIA

ZIOEN AZALPENA

Iruñerriko Mankomunitatearen Estatutuetako 5. eta 6. artikuluetan zerrendatuta dauden gaietan, legez ezarrita daudenetan, eskuduntzak gauzatzea da Iruñerriko Mankomunitatearen helburua. Gai horiek, era berean, bat datoz zerbitzu publikoen multzo batekin.

Egun, eta bere garaian eta zerbitzuak emateko kudeaketa zuzeneko modua hartzearen ondorioz -Tokiko Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen 85.3.c artikuluan ezarrita duen kudeaketa zuzena-, Mankomunitatea Iruñerriko Zerbitzuak SAren kapitalaren jabea da. Hain zuzen ere, sozietate horrek, bere bitarteko material eta pertsonalen bidez, zerbitzu hauek ematen dizkie herritarrei: edateko urez hornitzea, estolderia eta hondakin-uren saneamendua eta arazketa, eta hiri-hondakinak bildu, tratatu eta aprobetxatzea. Halaber, zerbitzuak emateko, zaintzeko eta ikuskatzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoko jarduera material hauek egitea du aginduta: gainbegiratzea eta kontrolatzea Eskualdeko Hiri Garraioaren gaian eta taxiaren zerbitzuarenean, zerbitzuak ikuskatzea eta zaintzea, aholkularitza, zerbitzuen antolaketa eta aldaketak proposatzea, eta garraioko zerbitzuak zuzen emateko beharrezkoak diren gainerako guztiak.

Batzar Nagusiak Iruñerriko Mankomunitatearen erakunde instrumental moduan deklaratu du Iruñerriko Zerbitzuak SA, Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 8. artikuluan xedatuta dagoenaren eraginetarako.

Sektore publikoko sozietatea denez, Iruñerriko Zerbitzuak SAri Segurtasuneko Eskema Nazionaleko, datuen babeseko, artxiboetako, gardentasuneko eta abarretako araudia aplikatu behar zaio, Mankomunitateari bezala. Horrenbestez, eraginkorragoa denez, bi erakundeak IKT azpiegiturak partekatzen aritu dira, eta, une honetan, ez da egokia haien kudeaketa bereizia. Eta beste alde batetik, Iruñerriko Zerbitzuak SAk Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren eta Interneteko atarien mantentze-lanetako jarduera teknikoak eta materialak egiten ditu, artxiboa partekatzen du eta bai Herritarren Arretarako Zerbitzua ere eta Mankomunitateari laguntza emateko beste lan batzuk. Hori dela-eta, egokia da Iruñerriko Zerbitzuak SAri agintzea, bitarteko tekniko moduan, Mankomunitatearen funtzionamendu zuzenerako beharrezkoak diren lan material guztiak.

Esparru objektiboa eta Iruñerriko Zerbitzuak SAk emandako egintzen aurka Mankomunitateko lehendakariaren aurrean errekurtsoa aurkezteko prozedura eguneratu da, ekonomia prozesalarengatik, sozietatearen aurrean aurretiazko erreklamazioa berrezartzea kontuan hartuta, hartara, lehen batean, aurkeztutako erreklamazioari erantzun ahal izateko eta, erreklamazioa aurkezten duenaren uziari erantzunez gero, Mankomunitateko lehendakariaren aurrean errekurtsoaren izapidea ekiditeko, eta bai errekurtsoa aurkezterik ez dagoen kasuak zehaztuta ere, duela gutxi eman diren ebazpenen eta epaien arabera.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Zerbitzuak.

1. Mankomunitateak herritarrei zerbitzuak ematea du helburu, eta Mankomunitateak berak du zerbitzu horien titulartasuna, Mankomunitatearen Estatutuetako 5. eta 6. artikuluen arabera.

2. Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietateak emango ditu aurreko paragrafoak aipatzen dituen zerbitzuak, Batzar Nagusiaren akordioen arabera.

2. artikulua. Eskuduntzak.

1. Mankomunitateari Iruñerriko Zerbitzuak SAren jardunaren goi-zuzendaritzaren, ikuskaritzaren eta kontrolaren eginkizunak dagozkio, araudi honetan kasu bakoitzerako ezarritako baldintzen arabera.

2. Mankomunitateak bere egiten du espresuki berariazko eskuduntza hauek gauzatzea:

a) Hainbat urtetarako inbertsio-programa bat onartzea.

b) Aurrekontu-ekitaldi bakoitzeko aurrekontu orokorra izapidetzean, erabiltzaileei zerbitzuak emateari dagozkion tarifak onartzea.

c) Beharrezkotzat jotzen dituen ondasunak eskuratzea eta besterentzea.

d) Bere helburuak betetzeko Iruñerriko Zerbitzuak SAk eskatzen dituen ondasunak eta eskubideak atxikitzea.

Eskubideak eta ondasunak ez direnean beharrezkoak atxikitzean jasotako helburu zehatzerako, Iruñerriko Zerbitzuak SA behartuta egongo da Mankomunitateari jakinaraztera, eta Mankomunitateak atxikitzea amaitzea eta, egokia bada, desafektazioa gauzatuko ditu.

e) Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Araudiaren IV. kapituluak ondasunen titularrei ematen dizkien eskubide eta betebehar guztiak betetzea, eta haien artean defentsa, kontserbazioa, berreskurapena, ikerketa, mugaketa, ofiziozko berreskurapena, utzarazpena eta zehapenak ezartzekoa.

Aurreko paragrafoan aipatutako ekintzak Mankomunitateko ondasun guztiei dagozkie, atxikita egon edo ez, alde batera utzirik Iruñerriko Zerbitzuak SAk haien gainean dituen eskubideak defendatzea.

f) Hitzarmenak egitea beste Administrazio Publiko batzuekin, ororen intereseko obrak eta zerbitzu-emateak elkarrekin gauzatzeko.

g) Bere eskuduntzakoak diren zerbitzuak arautu, aldatu edo kentzeko erabateko ahalmena, ordenamendu juridikoan ezarrita dagoenaren arabera.

Besteak beste, zerbitzuen erabiltzaileen eta Iruñerriko Zerbitzuak SA sozietatearen arteko harreman juridikoak eta ekonomikoak arautzeko xedearekin, Mankomunitateak dagozkion ordenantzak onartuko ditu. Ahalmen ekonomiko txikiagoko taldeen edo babes berezia behar duten taldeen aldeko xedapenak eduki ahal izango dituzte ordenantza horiek.

h) Zehapen-ahalmena gauzatzea.

i) Egokia bada, Iruñerriko Zerbitzuak SAren kontratuak baimentzea kasuetan, eta, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean xedatuta dagoenaren arabera, Mankomunitatearen Gobernuko Batzorde Iraunkorrak erabakiko duenetan.

3. Iruñerriko Zerbitzuak SAri dagokio enpresa-jardueraren gauzatze materiala, bere osotasunean. Helburu horretarako, jarraian zehazten diren eginkizunak eta eskuduntzak egokituko zaizkio Iruñerriko Zerbitzuak SAri:

a) Kudeatzea agindu zaizkion zerbitzuen erabiltzaileekin izan beharreko harreman juridikoaren titulartasuna.

b) Zerbitzua emateagatik erabiltzaileen aldetik jasotako kontraprestazioak biltzea.

c) Zerbitzua finantzatzeko, legez bereak izan daitezkeen diru-sarrera osagarriak eskuratzea, eta, haien artean, edozein Administrazio Publikotatik edo beste entitate batzuetatik, aldez aurretik eskatu ondoren, jaso dezakeen edozein dirulaguntza. Halaber, sozietateak kudeatzen dituen zerbitzuak finantzatzeko Mankomunitateak lortu dituen dirulaguntzak jasoko ditu Iruñerriko Zerbitzuak SAk.

d) Zerbitzuaren funtzionamendu zuzena bermatzeko beharrezkoak diren ikuskaritza- eta zuzendaritza-ahalmenak betetzea.

e) Beharrezkoak izan litezkeen ondasun higigarriak eta higiezinak atxikitzea eta besterentzea.

f) Mankomunitateak, egokia bada, atxikitzen dizkion ondasunak erabiltzea bere helburuak betetzeko.

g) Zerbitzua garatzeko beharrezkoak diren obrak gauzatzea, araudi honetan ageri diren printzipioen eta arauen arabera.

h) Zerbitzuak ahalik eta hobekien ustiatzeko komenigarri jotzen dituen jarduerak ezartzea, egoki jotzen dituen jarduketak gauzatuta eta aginduta dituen zerbitzu publikoen oinarria, garapena edo ondorioa direnak.

II. KAPITULUA

Iruñerriko zerbitzuak sa-ren erregimen juridikoa

3. artikulua. Iruñerriko Zerbitzuak SAri aplika dakiokeen erregimen juridikoa.

1. Iruñerriko Zerbitzuak SA, zuzenbide pribatuko erakundea den aldetik, ordenamendu honetako xedapenei lotuta egongo da, oro har, hargatik eragotzi gabe kasu bakoitzean aplikatzekoa zaion administrazio-araudia.

2. Aurreko atalean ezarritakoa hala bada ere, kasu hauetan, jarraian jasotzen diren arauak dira aplikatzekoak:

a) Indarrean dagoen kontratazio publikorako araudia, aplikatzekoa dena.

b) Aurretik aipatutako araudiaz gain, Iruñerriko Zerbitzuak SAren kontratu-jardunari aplikatzekoa zaiona, Administrazio Kontseiluak onartutako eta prozedura-alderdiak arautu eta kontratatzeko eskuduntza ematen duten kontratu-arauen mende egongo da sozietatea.

c) Langileen hautaketa deialdi publikoaren bidez egingo da, eta berdintasun-, merezimendu- eta gaitasun-printzipioetan oinarrituko da.

d) Iruñerriko Zerbitzuak SAren jabetzakoak diren ondasun higiezinak besterentzea enkante publikoaren bidez egin beharko da, ondasun horiek truke baten xede badira izan ezik.

e) Aurretik zioa ezagututa, Iruñerriko Zerbitzuak SAk hitzartu ahal izango du erabiltzen ez diren ondasunak dohainik uztea, erabilera publikoko edo interes sozialeko xedeetarako.

4. artikulua. Iruñerriko Zerbitzuak SAren betebeharrak, Mankomunitatearen bitarteko tekniko gisa.

1. Iruñerriko Zerbitzuak SAk, Mankomunitatearen bitarteko teknikoa den aldetik, jarduketa hauek gauzatuko ditu:

a) IKT zerbitzu eta azpiegitura guztien kudeaketa egitea, Segurtasuneko Eskema Nazionalean ezarrita dagoen araudiari lotuta. Halaber, Mankomunitatearen datuen babeserako politika inplementatu eta kudeatuko du.

b) Mankomunitatearen egoitza elektronikoaren eta Interneteko atarien mantentze-jarduera materialak eta teknikoak egitea.

c) Mankomunitatearen artxiboa kudeatzea eta artxiboa kudeatzeko eta kontserbatzeko jarduera materialak egitea, Nafarroako Kultura Ondarearen 14/2005 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian jasota dagoenaren arabera.

d) Herritarren Arretako eta Erregistro Orokorreko eta espedienteen kudeatzaileko izaera materialeko jarduerak eta laguntzakoak egitea.

e) Mankomunitateko langileen kudeaketa egitea, soldaten, Gizarte Segurantzaren, kontrol presentzialaren, Laneko Arriskuen Prebentzioaren eta lan-osasunaren gaietan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura aritzen diren langileei aplikatzekoa zaien legeriaren arabera.

f) Tokiko azpiegituretako planetan aurreikusita dauden inbertsioak egitea, edo beste edozein motatakoak, Nafarroako Foru Komunitatekoak, Estatukoak edo Europar Batasunekoak, plan horiek oro har barne har ditzaketen obra- eta inbertsio-proiektuak idatzi, onartu eta gauzatzea, onartzen dituen araudiari zorrotz men eginez.

g) Zerbitzuak emateko, zaintzeko eta ikuskatzeko beharrezkoak diren laguntza teknikoko jarduera material hauek egitea: gainbegiratzea eta kontrolatzea Eskualdeko Hiri Garraioaren gaian eta taxiaren zerbitzuarenean, zerbitzuak ikuskatzea eta zaintzea, aholkularitza, zerbitzuen antolaketa eta aldaketak proposatzea, eta garraioko zerbitzuak zuzen emateko beharrezkoak diren gainerako guztiak.

h) Iruñerriko Mankomunitatearen Kutxari eta Altxortegiari laguntza-eginkizunak gauzatzea.

i) Iruñerriko Zerbitzuak SAri dagokio aginduta dituen Zerbitzuak emateagatiko tributu-izaera ez duten ondare-prestazio publikoak onartu eta eguneratzeko proposamena aurkeztea. Proposamen hori indarrean dagoen legerian jasotako epeetan eta edukiarekin egin beharko da.

j) Mankomunitateari egokituko zaio Iruñerriko Zerbitzuak SAren finantza-kontrola eta kontabilitatearen kontrola eta gainbegiratzea egitea.

2. Egokia denean, Mankomunitateak zehaztu eta erabakitzen dituen ildoen eta jarraibideen arabera gauzatuko dira jarduketa horiek guztiak.

5. artikulua. Iruñerriko Zerbitzuak SAren egintzei aurka egitea.

1. Iruñerriko Zerbitzuak SAren egintzei -administrazio-araudiaren mende daudenak edo zerbitzu publikoa ematean edo hartan jardutean buru izan behar duten printzipioak aplikatzekoak zaizkienak- aurka egin ahal izango zaie Mankomunitateko lehendakariaren aurrean, Iruñerriko Zerbitzuak SAren erantzuna jakinarazi eta hilabeteko epean, baldintza hauen arabera:

a) Iruñerriko Zerbitzuak SAren ebazpen-egintza guztien aurka jarri ahal izango da errekurtsoa, bai eta izapidekoen aurka ere, gaiaren muina zuzenean edo zeharka erabakitzen badute, baldin eta prozedura bati jarraipena ematea galarazten badute, defentsarik eza sortzen badute edo konpondu ezinezko kaltea bidezko eskubideei eta interesei, eta interesdun izaera duten pertsonak dira horretarako zilegitasuna dutenak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen arabera.

b) Interesdunak aurretik Iruñerriko Zerbitzuak SAren aurrean jarri beharko du erreklamazioa.

Kanpoko langileak hautatzeko deialdien aurka Iruñerriko Zerbitzuak SAren aurrean aurkeztuko den aurretiko erreklamazioa erreklamazioaren xede den deialdia iragarri eta hamabost eguneko epean egin beharko da.

Kanpoko langileak hautatzeko epaimahaien egintzen eta akordioen aurka Iruñerriko Zerbitzuak SAren aurren aurkeztuko den aurretiko erreklamazioa erreklamazioaren xede den egintza edo akordioa jakinarazi edo argitaratu eta sei eguneko epean egin beharko da.

Iruñerriko Zerbitzuak SAk erreklamazioari erantzun badio interesdunaren helburuak edo uzia bete gabe, interesdunak erantzun horren kopia gehituko du.

Interesdunak Iruñerriko Zerbitzuak SAren aurrean erreklamazioa aurkeztu eta hilabete 1 igarotzen bada inolako erantzunik jakinarazi gabe, ulertuko da erantzuna negatiboa dela interesdunaren helburu edo uzirako eta Iruñerriko Mankomunitateko lehendakariaren aurrean errekurtsoa aurkeztu ahal izango du, Iruñerriko Zerbitzuak SAren aurrean aurkeztutako erreklamazioaren kopiarekin batera. Bertan, Erregistro Orokorrean sartu zeneko data agertuko da.

c) Ebazpena eman eta jakinarazteko gehieneko epea hiru hilabetekoa izango da.

d) Epean ebazpena ez emateagatik administrazioaren isiltasuna gertatzen bada, gaitzetsitzat joko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean jasotako eraginekin.

2. Ez da egokia izango errekurtsoa aurkeztea kasu hauetan:

a) Iruñerriko Zerbitzuak SAren kontratu publikoak gauzatzearekin eta iraungitzearekin lotuta egiten zaienean aurka egintzei, Kontratu Publikoei buruzko Foru Legean jasota dauden salbuespenetan izan ezik.

b) Iruñerriko Zerbitzuak SAren barne-igoerako edo barneko lekualdaketa-lehiaketetako deialdiei aurka egiten zaienean edo haien ondorioz emandako egintzei eta akordioei aurka egiten zaienean.

c) Iruñerriko Zerbitzuak SAren egintzei edo akordioei aurka egiten dietenean bertako langileek eta/edo ordezkariek, lan-kontratu baten, hitzarmen kolektiboaren edo aplikatzekoa zaien beste lan-araudi baten ondorioz.

3. Errekurtsoa izapidetuko da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen Legean eta aplikagarria den gainerako araudian ezarrita dagoenaren arabera.

6. artikulua. Erantzukizuna.

Iruñerriko Zerbitzuak SAk kudeaketa egiten duen bere ardurapeko zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz herritarren ondasunetan eta eskubideetan eragin daitezkeen kalte eta galerengatik erantzukizuna hartuko du, eta Administrazio Publikoen ondare-erantzukizuna eratzen duten irizpideak aplikagarriak izango zaizkio.

7. artikulua. Ondasunak atxikitzea.

Mankomunitateak Iruñerriko Zerbitzuak SAri atxiki ahal izango dio sozietateak kudeatu behar dituen zerbitzuei atxiki edo lotutako ondare guztia, eta Iruñerriko Zerbitzuak SAri eskubide eta betebehar hauek egokituko zaizkio:

a) Atxikita dituen ondasunak haien izaeraren arabera erabiltzea.

b) Ondasun horiek amortizatzea.

c) Atxiki edo lotutako ondasunen kontserbatze- eta mantentze-lanak egitea.

d) Arrazoi teknikoak edo ekonomikoak direla-eta komenigarriak diren inbertsio berriak edo berriz jartzekoak egitea, hartara, Iruñerriko Zerbitzuak SAren ondareak gutxienez egungo eraginkortasun- eta kalitate-mailei eusteko zerbitzuetan.

e) Eskubideak eta ondasunak ez direnean beharrezkoak atxikitzean jasotako helburu zehatzerako, Iruñerriko Zerbitzuak SA behartuta egongo da Mankomunitateari jakinaraztera, eta atxikitzea amaituko da.

8. artikulua. Gardentasuna.

1. Iruñerriko Zerbitzuak SAren artxiboetan dauden dokumentuak eta erregistroak eskuratzeko eskubidea dute herritarrek, gardentasuneko araudian xedatuta dagoenaren arabera.

2. Iruñerriko Zerbitzuak SAk informazio-buletin bat egingo du komenigarri jotzen duenean, edozein motatako datuak edo neurriak dibulgatzeko, merezi dutela uste badu.

3. Iruñerriko Zerbitzuak SAren jardunbideak, edonola ere, aplikagarria den datuen babeserako araudia errespetatu beharko du.

III. KAPITULUA

Iruñerriko zerbitzuak sa-ren erregimen ekonomikoa

9. artikulua. Aurrekontuak.

Iruñerriko Zerbitzuak SAk dokumentu hauek egin eta helaraziko dizkio Mankomunitateari urtero, irailaren 15a baino lehen:

a) Gastuen eta diru-sarreren aurreikuspenen egoera-orriak. Era berean, egoera-orri horiek hauek hartuko dituzte barne:

1.–Ustiapen-kontuak.

2.–Beste emaitza batzuen kontuak.

3.–Galeren eta irabazien kontuak.

4.–Kapital-aurrekontua.

b) Urteko jardute-, inbertsio- eta finantzaketa-programa, hauek hartuko dituena barne:

1.–Ekitaldian zehar egiteko inbertsio errealen eta finantza-inbertsioen egoera-orria.

2.–Inbertsioen finantzaketa-iturrien egoera-orria, aipamen berezia eginez Mankomunitatetik jasotzea aurreikusten den ekarpenei.

3.–Lortu nahi diren helburuen zerrenda eta sortzea espero den errentena.

4.–Ekitaldian egingo diren jardueren memoria.

Urteko programa honek Mankomunitateak onartu dituen hainbat urtetarako inbertsio-planei erantzungo die, halakorik bada.

10. artikulua. Kontabilitatea.

1. Aurreikuspenen egoera-orriak, ustiapen-kontuak, beste emaitza batzuenak, eta galera eta irabazienak Espainiako enpresetarako indarreko Kontabilitate Plan Orokorraren arabera aurkeztuko dira edo sektore-egokitzapenak aintzat hartuta.

2. Era berean, Iruñerriko Zerbitzuak SA, bere jardunean, aurreko atalak aipatzen duen kontabilitate-erregimenaren mende egongo da, hargatik eragotzi gabe bere eragiketen kontuak Kontuen Ganberari emateko betebeharra, eragiketa horien izaera edozein izanda ere.

11. artikulua. Tarifak.

1. Iruñerriko Zerbitzuak SAk ekonomia- eta eraginkortasun-printzipioei lotuko die bere jarduna, eta diru-sarreren helburua izango da finantza-oreka bermatzea, tarifen zenbateko globalak erakundeak kudeatzen duen zerbitzu bakoitza emateko kostua estaltzeko moduan eginez. Kostu hori zehazteko, gutxienez, gastu zuzenak eta zeharkakoak hartuko dira aintzat, barne hartuta finantza-, amortizazio- eta ibilgetu-gastuak eta aplikatzekoak diren gastu orokorrak.

2. Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, Mankomunitateko Batzar Nagusiak onartuko ditu tarifak, aurretik Iruñerriko Zerbitzuak SAk proposatuta, eta toki-erregimeneko legerian eta tokiko ogasunen legerian jasota dagoen prozedurari jarraituta.

12. artikulua. Mankomunitatearen kontrola.

Kontu-hartzailetzaren bidez, Mankomunitateari egokituko zaio:

a) Iruñerriko Zerbitzuak SAren kontabilitatea kontrolatzea eta gainbegiratzea, Batzar Nagusiak ezartzen dituen prozeduren arabera.

b) Finantzen kontrola egitea. Kontrol horren helburua izango da Iruñerriko Zerbitzuak SAren funtzionamendua egiaztatzea, ekonomia- eta finantza-alderdian.

c) Eraginkortasuna kontrolatzea. Kontrol horren helburua izango da aldian behin egiaztatzea helburuen betetze-maila.

13. artikulua. Kanpo-kontrola.

1. Hargatik eragotzi gabe aplikagarria den eta nahitaez bete behar den araudia, Iruñerriko Zerbitzuak SAk bere kontuen fiskalizazioa kontu-ikuskaritza independente baten mende jarriko du.

2. Mankomunitateko Batzar Nagusiak aukeratuko du aurreko atalak aipatzen duen kontu-ikuskaria, aldi jakin baterako, eta, ondoren, Iruñerriko Zerbitzuak SAko Biltzar Nagusiak sozietateko ikuskari izendatu beharko du Batzar Nagusiak aukeratutako hori, eta aldi berbererako egin beharko du.

3. Iruñerriko Zerbitzuak SAk eta bai Mankomunitateak ere bere kudeaketa ekonomikoa kanpoko fiskalizazioaren mende edukiko du, Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legean eta Kontuen Ganberaren 19/1984 Foru Legean ezarrita dauden baldintzetan.

14. artikulua. Urteko kontuak.

Urte bakoitzeko martxoaren 31 baino lehen Administrazio Kontseiluak aurreko ekitaldi ekonomikoaren egoera-orrien eta kontuen proposamena egin eta bidali beharko dio Mankomunitateko lehendakariari.

Iragarkiaren kodea: L2306812